Ondo (h)ondoan

Ondo (h)ondoan Begizolia | 2026-09-20 10:11

Ondo (h)ondoan

Hondoaz galde - Biderako Sintesiak I

Jon Sarasua / Mikel Artola

Elkar, 2026

Abian

“Abian jarri… Abian izan... Abian gara…”. Une hauxe adierazteko hainbat berba-molde. Adiera bera funtsean. Metafora suerte bat. Hor nonbait. “Berba haragi egin zen eta gure artean jarri zen bizitzen”. Metafora hori ere. Metafora guztizkoa. Omen eta ei.

Berbak* gara. Mundua unibertsoan dago eta gu pertsonok –(g)izakiak– “gure” munduan gaude. Norbanakoak gara, nor bere munduan dago. Izanik ere, berbak ez dira aski ez dira nahiko, "berbak ez dira gauza" unibertsoa adierazteko, ez eta berez mundua bera adierazteko ere.
   * Berbak gara, ez soilik berbak haatikan. 

Abian gara

Hondoaz galde liburuaren azalaz galdez abiatu gara: Genesiaz jakinguraz. Gure sorreraz eta jatorriaz... Gure iturriaz, gure izateaz. Hasieran gaude. Liburuaren hasieraz galdez. Zein generokoa ote Jon Sarasuaren eta Mikel Artolaren liburu hau? Arrapostu zaila. Nahasia. Konplexua. Haatik, konplexuari konplexurik gabe aitzi egin behar diogu. Psikologiara jauzi egin dugu, naski.

Hondoaz galde liburuaren emariaz jardun aitzin, xehatu dezagun amiñi bat azala. Imajinazioari leku emanen diogu: irudikatu dezagun unibertsoa intxaur bat bailitzan: oskol berde bat da. Oskol beltza ere bai. Guria eta gogorra aldi berean. Gogorra eta guria hala berean. Azal zikin distiratsua. Mami garbia ezezaguna. Ezezaguna, edonola dela ere. Egiazkoa? Gezurrezkoa? Generoaz galdez hasi gara. Genero zalantzagarria betiere.

Generoaz galdez segitzen dugu

Hondoaz galde "saioa"-ren solasaldiak biderako sintesiak dira. "Saio-oso" baten lehen partea nonbait. Bide oso baten parte bat. Bide egingarri baten partea. Bide ezezagun baten partea. Urratu eta ezagutu nahi dugun biderako solasak. Biderako Sintesiak I. Bidean-bide hutsuneak aurkituko ditugun jakitun gara, beraz. Hainbat alditan eta hainbat aldetan apur bat herbal* ibiliko gara hartara. 
    * Solaskideek unibertsoren partea den gure mundua bigarren parte batean osatuko –argiagotuko– dutelakoan goaz aitzina. Aurrera ari gara. Alta bada, aiduru betiere. Esperoan. Esperantzaz.

Ez dago “nor” izaterik “aurkaririk" gabe. Ez dago argirik, ilunik gabe. Ez dago onik, gaizkirik gabe. Ez dago bizitzerik heriotzarik gabe. Bizitzak heriotza zor. Pertsona kontzientzia da –norbanakoa edota gizabanakoa izaki–. Ordea, noiz nola eta zergatik –bihurtzen– da gizakia izaki inkontziente, inkonsistente edo herbal?  
    * Herbal, erran nahi baita, inkontziente eta inkonsistente. Gogo sendorik gabekoa. Psikologiara jauzi egin dugu, ostera ere. Inkontzientean kontzientziaren eskura ez dauden pentsamenduak bide daude. Omen eta ei. Omen eta ei, hori ere. Oroitzapenak, nahikariak eta emozioak gordetzen dituen gogoaren zatia da inkontzientea. Gogo ahula, gogo herbala, nonbait. Hor nonbait. Ondo hondoan ari gara. Hondoaren sakon-sakonean. Hondoaz galdezka. Hondoaz galde-z ari garaz.

Generoa ebatzi dugu: Solasaldia. Jardun naturala. Jardun informala. Ez dago nor izaterik hurkorik izan ezean. Pertsonak gara, erlazioak gara. Harremanean gara pertsona, hartu-emanetan. Hondoaz galdez ari dira solaskideak. Biak ala biak, alegia. Hondora iristeko zailtasunez dihardute baina. Ari dira alabaina. Hondoa Iturria ere bada. Alta bada, Iturriaren jatorria kausitzea ez da aise ez erraz ez samurra. Pertsonok hitzetan herren eletan maingu berbetan maki baikara; halabeharrean* ibili gabiltzalako; halabeharrez ari garelako.

    * Halabehar: gure izateaz –gure hondoaz eta jatorriaz– galdezka hasten garenean fatalistak –bihurtzen– baikara, gure existentzia fatalismoak* gidatua baita. Hor nonbait. 
    * Fatalismoa: patuak –edo indar garaiago batek– bizitzako gertaera guztiak aurrez determinatzen dituen jarduera. Norbanakook, izatez eta jatorriz izaki fatalistak garelakoan jardun izaten dugu funtsean. Fatalismoa, hartara, gure hondoaz galdez aritzea errefusatzen duen ustea da. Ustea dugu, alegia. 

Existentziaz, espiritualitateaz, materialismoaz; mitoez, erlijioez… 

Sarasua eta Artola solaskideen bidean garenaren hondora heltzeko parada idoro dezakegu. Bidean bide goaz, ari gara Hondoa eta Iturria sinonimoak direlakoan. Iturri-ra –sormenera– iritsiz gero Hondo-ra heldu gaitezkeelakoan. Hondo-ra helduz gero Iturria kausituko dugulakoan. Hor nonbait. Jakin-minak bizi gara. Mundua dena jakingura dugu. Dena nahi dugu jakin, hots: guztia. Alta bada, honatx dilema: ba al dugu dena ezagutzerik izatea dena ezagutu barik?

Dena ezagutzeko “gure” izatea dena ezagutu behar dugu. Mundua abiatu zenez geroztik gure izateaz –gure existentziaz– galde egi(te)n dugu. Gure izate espiritualaz edo izate posibleaz galdezka bizi gara. Erlijioek landutako kontzeptuak ditugu horiek. Hor nonbait. Oinarrizko kontzeptuak biak ala biak: espiritualtasuna eta existentzia. Ez dira, haatik, kontzeptu zehaztuak. Unibertsoaren sorreraz geroztikan eta munduaren beraren bilakabidean nahastutako kontzeptuak dira-eta. Gaur egun anabasan bizi ditugunak.

Materialismoa versus espiritualtasuna

Hondoaz galde saioa –bere hondoan– ulertzera Antzinako Erregimena eta Aro Modernoa aintzat hartu behar ditugu. XVI. mendetik XVIII. mendera bitarterako aldia, lehenengoa. Europan nagusitu zen sistema politiko, sozial eta ekonomikoa. Monarkia absolutua eta estamentu-gizartea ezaugarritu zituena. Erlijioa izaki zutabe funtsezkoa.

Aro Modernoa berriz, humanismo eta pentsamendu berriarena dugu: Erdi Aroko teozentrismoa alde batera utzi –Jainkoa izaki erdigune duena– eta gizakia unibertsoaren erdigunetzat –antropozentrismoa– hartzen hasi zen. Arrazoia eta zientzia nagusitu ziren orduan. Nagusitu edo. Hor nonbait hori ere.

Espiritualtasuna: norbera baino handiagoa den zerbaitekin lotu –zentzuz jardunez– nahi duen barneko dimentsio sakona da.

Materialismoa: materia existitzen den guztiaren jatorria izaki, pentsamendua edo kontzientzia horren emaitza baino ez direla sostengatzen duena.

Espiritualismoa hainbat erlijioren ildoan ulertua edo konformatua izan da. Solasaldi-saio honetan, kristautasunaren ildoko espiritualtasuna hausnar-gai nagusia izan arren, ekialdeko edota beste puntu kardinaletako espiritualtasunen ildoen gaineko  –judaismoa, islamismoa, hinduismoa, budismoa, taoismoa… – hausnarketak aurkitu ditugu. Baita itsasoz haragoko antzinako mito herri eta kultura primitiboen espiritualtasunaren inguruko gogoetak ere.

Hitzen semantikari izan (h)adi

Errealitatea*, modu zehatz eta eraginkorrean existitzen den guztiaren batura da, izatea denaren batura. Errealitatea irudizko-ilusiozko edota fikziozkoari kontrajartzen zaizkio. Haatik, errealitatea modu objektiboaz interpretatu ez ezik,  modu subjektiboaz interpretatzen dugu, baita mitoetatik, erlijioetatik, filosofietatik, zientzietatik edota ideologietatik interpretatu ere.
    * Errealitatea: mundu presentea.

Bidez bide, dena hitzean bi adiera kausitu* ditugu –hondoaz galdez, betiere–: guztia eta izatea dena. Urratzen ari garen bideari zentzurik emanen diogulakoan. Aiduru betiere. Esperoan. Esperantzaz. Zentzuak alabaina bi adiera ditu: norabidea eta esanahia.
    * Kausitu: bidea urratzeari dei diezaiogun errealitatea kausitu-bilatzeari. Urratzea eta kausitzea sinonimoak direlakoan.

Post scriptum ad infinitum

Jon Sarasua eta Mikel Artolaren solasaldietan barna segitzen dut –solas bat baino gehiago baitira euren solasaldiak. Infinitura bidean segitzen dut. Unibertsoak finitzerik ez duen legez, fini izaterik ez duten euren solasaldien bidean.

Oinarriak zehaztu guraz abiatu naiz, bideko oztopoak gainditu beharrean. Oztopoak hiru izan ezik hamaika direla ohartu naiz. Alabaina, "saio" honetan zientziak eta arrazoiak gainditzen laguntzen dizkiguten oztopoak kausitu ditzakezu –iruzkin herbal honetan legetxe, alajaina–. Izan ere, bidez-bide, aldi berean eta hala berean, espiritualtasunak bidean paratzen dizkigun oztopoak kausituko dituzu-eta.

Espiritualtasunak, zientziak eta arrazoiak nola, oztopoak gainditu ahala oztopoak paratzen dizkigu-eta. Bidea oztopatzen dizkiguten oztopoak, alegia.

Existentziaguztia eta izatea dena– gure Jatorri-tik gure Hondo-ra doan bidea dukezu. Zirkuluan osatzen den bidea, nonbait. Irtenbiderik gabeko bidea. Finitzerik ez duen bidea. Ondo hondora* doan bidea. Hondoaz galde ari zaigun bidea. Hondoaz ondo galde-z ari dena. Hor nonbait horiek guztiak ere. 

* Ondo (h)ondoan gaude. Hor nonbait egon ere.


Utzi iruzkina: