Nork bere fathoma, nork bere adimena

Nork bere fathoma, nork bere adimena Begizolia | 2026-04-09 12:04

Nork bere fathoma, nork bere adimena

Akabo

Laura Mintegi

Txalaparta

Sarrerakoak

Akabo! Hasi eta buka! Bukatu dut Laura Mintegi idazlearen Akabo nobela. Suspenserik gabeko thrillerra. Ez da nobela beltza, haatik. Ez dit ez argirik ez ilunik eskaini, edo neronek ez dizkiot halakoak kausitu. Ez egunik ez gaurik. 65 ataletan gauzatua, atal bakoitzeko somnifero bana hartu izana sumatu-nabaritu-sentitu dut. Nozitu dut.

Garbiketa delako 1. atalean igarria kontsumatu da 65.garrenean, Izozkailua delakoan. Azkenekoan, hots. Sheenak Manu sartu du hozkailuan. Ez hotz ez bero. Nobelako protagonistak dituzu biak: Manu eta Sheena. Maitasunak batu zituen biak ala biak. Orain, finean, azken bultan, Sheenaren balizko –edo ustezko– maitasunaren akaberak bukarazi du Manu bikotekidea.

Bi paragrafotan idatzi dudanak iruzkin honen irakurlearen odola izoztu dezake, eta zer esanik ez, idazlearena berarena. Horiek horrela, hozkirria nabari dut bizkarrean behera. Emozio gisako bat. Nire etsipena justifikatu beharrean nago horregatik. Arrazoi dezadan berau. Saiatu nadin, behinik behin. 

Nobelaren formaz

Forma. Modua. Moldea. Estetika… Nola erran? Nola adierazi horiek? Ez naiz gai zuzen eta artez adierazteko. Behin eta hasteko, hauxe: narratzaileari ez diot antzik hartu. Ez naiz tankerarik hartzeko gauza izan. Gatzgabekoa egin zait. Aspergarria. Nekagarria. Eta hara, erran dezadan, eta aitortu ere bai: narratzaileak daraman bagajea itzela da. Alta bada, bagaje hori ez zait iradokitzailea izan.
    Beno, bueno, bon, well... absolutista izan barik, hau da, gutxitan iradoki dit deus. Deus berririk, behintzat.

Behin eta aitzina segitzeko, hainbat premisa edo itaun. Handiusteko morroi-interpretatzaile honenak. Non dago  narratzailearen ahalmen lirikoa? Zein da bere estetika? Zein da irakurlea liluratzeko gaitasuna? Zein da bere funtzioa? Zein da bere diskurtsoa? Diskurtso berririk bai? Estetika berririk ote? Barka diezadala itaunketa molde hori Laura Mintegi idazleak. Horrelako itaun sortarik ez nioke hasi berri den eleberrigile bati egingo. Hala uste, bederen. 

Literatura ez da jakintza. Literatura ez da hizkuntza. Jakintza eta hizkuntza dela medio egin daiteke literatura, gauzatu daiteke nobela bat, noski. Protagonistak izan daitezke ingeniariak eta hizkuntzalariak. Nobelan sar ditzakezu
–protagonistez gainera– pertsonaiek gustuko dituzten jakien bizitasuna, usaina eta samurtasuna. Hamaika otordu sartu ere –atal bakoitzean bat aurkituko duzue, apairu bat gutxienez–. Alabaina, bizitzaren gatza ez datza horretan. Literaturaren funtsa ez dago soziologian, ez psikologian, ez psikiatrian, ez hermeneutikan. Bizitzaren bizitasuna eta gatza ez dautza horietan, literaturaren gatza ez datza horretan.

“Bertze plan batzuk egiten ari zaren bitartean gertatzen zaizuna da bizitza”. John Lennonen Beautiful Boy (Darling Boy) kantako hitzak dituzu. Esaldi hori filosoforen batek erran zuela antzina pentsu dut, bi mila urte lehenago errana dela, alegia. Akabo nobelan halaxe geratzen delakoan nago –hala gertatu zait niri, zehatz dezadan–: zenbat plan. Zenbat lagun. Zenbat familia edota lagunarterik. Zenbat hiri. Zenbat herrialde. Nobela korala duzu. Nobela globala ere bai. Alta bada, ez dut bizitzaren bizitasuna inon aurkitu. Tira, bizitasun apurra dagoela ukatzerik larregi dukezue. Ez da bidezkoa ez justua hori erraterik ere.

Bizitzaren gatza gure egunerokoan izan daiteke. Izan daiteke, diot. Berau kausitzea ez da samurra, alajaina. Bizipoza. Bizipena. Bizinahia. Bizibidea… Literaturak bizitzaren bizia eta bizibidea eskaini diezaguke. Hain zuzen ere, norabide horretan –idazlearekin batera– irakurleak literatura egiten du. Baina, eta berriz diot, idazlearen bagajea ikaragarria izanagatik, bagaje horrek ez du bermatzen irakurleak xerkatzen duena kristalizatzerik. Irakurlearen gura eta nahia, hots. Prefosta, naizen irakurle honen nahikariaz ari natzaizue.

Nobelaren funtsaz

Zehaztugabeko sentimenduez ari(tu) naiz, bistan da. Zalantzazkoak diren ideiez mintzatzen ari naiz. Ordea, objektua den Akabo nobelan zehatz-mehatz erreparatu behar dut. Modu zehatz batean adierazi behar dut –formaz haratago eta honatago– nobelaren irakurketari egozten diodan funtsik eza, gatzik eza, baita arrazoiz adierazi ere. 

Oxforden edota Leioan ikasi izanak ez digu “bermatzen” bizitza modu bizkorrean esperimentatzerik. Ez zuzenbidea ikasteak ez ekonomia ikasi izanak ere, are gutxiago ikasi dutenek dioskutenek. Ez psikologoek ez psikiatrek dioskutenek ere. Ez Jacques Lacanek ez hamaika lacandarrek –edo lekaiok– ere. Ezta Sigmund Freuden akolitoek ere.

Ei, ei, ei, lasaitu, ez mikaztu. Bai, lasaitu dezadan nire jarduna. Kontzientzia lasai daukat horregatik. Alegia, ez dago literatura gauzatzerik, ezta literatura egile parrastadaren burutazioak nobelan barneratuta ere. Ez eta euren hamaika maxima nobelan aipatuagatik ere.

Hizkuntza kontu intimoa ote den? Bai? Ez? Hizlariak bai, omen. Omen eta ei. Ez dakit. Ez dut hizlarien intimo tasunik antzeman nobelan. Ez dut Sheena eta Manu lagun intimoen arteko maitasunik eriden ere. Are gutxiago parrizidio bat izan dadin. Enkaxka eta porsiacaso: nobela narratua –edo kontatua– den bezala parrizidio beharrean feminizidio suertatu izan balitz, modu beretsuan antzeman izango nukeen bikotekideen intimotasuna. Eskasa.

Akabo nobelak gure mendebaldea besarkatzen du: Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Frantzia eta Bretainia Handia, baita bere barneko beste herrialde batzuk ere. Kultura anglosaxoia oro har eta berebat. Espazio zibernetikoaren jaun eta jabe den –andere eta nagusi den– kultura anglosaxoien hizkuntz gailena barne. Barne eta oroz gain.

Sobera hartzen duenak, ez du ganoraz heltzen. Bestera erranik ere: gai askori helduz gero, gutxiri erantzuten zaio taxuz. Bizitza nola literatura hala. Alderantziz ere bai. Literatura nola bizitza hala. Nork bere zoriona, nork bere zoritxarra. Nork bere beharra. Nork bere xedea. Nork bere patua. Patua hala nola betebeharra. Nork bere fathoma. Nork bere adimena.

Post Scriptum

Orain arte idatzi dudanak aski eta sobera izan behar luke. Ordea, nork bere patua. Hauxe nirea. Literaturaz haratago edo honatago, pare bat burutapen extraliterario; literaturaz kanpokoak, alegia. Honatx diodanaren arrastotxo bat. Akabo nobela irakurtzen hasi orduko, bost “kritika” aurkitu ditut Armiarman. Irakurri ditut berauek.

Ondorio bat: ez dut bost kritikari horiek literatura interpretatzen duten moldean bizi. Ezta behar ere. Ez eta haiek nire moldean bizi behar ere, bistan da, bistan denez. Juzguk juzgu, honatx pare bat. Okerrak hain ziur. Bihoazkizue, halaz ere.

– Laura Mintegiren Akabo nobelak bost literatura zaleren –kritikariren– arreta jaso du. Kritikariak idazlearen lana osatzen du, eta, hartara, literatura egin ere. Horregatik jotzen dut kritikaria literatur egiletzat. Eta? Galde dezake baten batek. Tira, bost izan direla azpimarratu nahi dut. Besterik ez.

– Segidan, hondarreko parezera iritzi edota aburu hauxe –uste ustela izan liteke–. Badihoakizue, halaz ere: nago, kritikari horiek –bostek ez, bederen– ez dutela nobela oso-osoa irakurri. Ez arras. Ez irakurri ez leitu ere.


Utzi iruzkina: