(Norbanakoon) boterea auzitan ipintzen duen pasadizoa
Edorta Jimenez
Aizkorak eta gutunak
Elkar, 2025
(H)istori(o)an kokatu aldera
Edorta Jimenez mundakarraren Aizkorak eta gutunak krimen baten inguruan eraikitako nobela da. Gure historiako pasadizo benetakoa duzu. Jazoera latza, latza izan zenez. Nobelako protagonisten izenak benetakoak diren edo ez, ez jakin. Bakarren bat, bai? Bat edo bertze, agian. Istorioaren arrastoan sartu naiz –hiru partetan eta epilogo batez "errenditzen" da nobela– itaun moduko horri erantzun aldera.
1828ko irailaren 20a, larunbata. Bermeo herriko Almika –Almike bertokoen berbetan– auzoan gaude; Agirretxu baserrian. Juan Ormaetxea ez da etxean azaldu azkenaldion. Hainbat urte iraunen duen kronika baten arrastoan garamatza eleberrigileak. Kronika judizial baten ariora taxutu testigantza duzu: suspensezko eleberria, thrillerra.
1833ko irailaren 26an, ostegunez, amaitzen da. Anartean, Juan Ormaetxearen Josefa Azketa emaztea garrotez hila izan da. Euren alaba, Maria Josefa Maripepatxu –bost urtez kartzelan izan ostean– hilik dago engoitik. Juan eta Manuel semeak –izanen– dira Agirretxu baserriaren jabeak. Krimen bat izan da. Krimenaren arma, berriz, aizkorak. Juan Ormaetxea desagertu eta hilik agertu bitartean, baserriaren lur eremuan egon da lurperatua. Anartean, baina, gutunak iritsi dira Almikako parrokiara. Juan Jose Barrena apaiz gazteak jaso ditu. Horietako bat Maripepatxu alabak eskura emana. Deabruaren gutunak, deritzo apaizari. Ez da giro herrian, girorik ez denez.
Gutunek diotenez, Juan Ormaetxea itsasoan desagertu zen. Nork idatzi zituen ordea, gutunak? Eskribitzea oso jende gutxiren esku dago. Gaztelaniaz eskribitzea, alegia. Euskaraz idaztea, zer esanik ez. Ama-alaba eta enparauak
–herri xehea– analfabetoak izaki. Maripepatxu eta apaiz gaztearen arteko harremanak susmagarriak dira, hartu-emanak iraganekoak izan arren. Ez da pertsona(ia) susmagarri bakarra, noski.
Diligentziak hasi dira. Jose Azeretxo aguazila. Jose Bizente Aurrekoetxea alkatea. Gaspar Larrauri abokatua edota Pablo Ramon Aurrekoetxea fiskala dituzu puntako pertsonaiak. Funtsekoak izanagatik, ez dira pertsonaia bakarrak. Pertsonaiak asko dira eta jite askotarikoak. Tokikoak nahiz kanpokoak –ene irudirako, bistan da–. Juan eta Frantzisko Carnero borreroak dituzu horietako bi. Bukaera aldean, epilogoan, agertzen den Manuel Arriaga ere bai. Burgosko Cantabrana herrikoa, sortzez. Istorioa kontatua ahala, hamaika kontu ehundu ditu narratzaileak. Pertsonaia-elemeniaren –pertsonaien ofizioa tarteko– idiosinkrasiaren ariora.
Behin kokatuta, nobelaren gainekoak
Aizkorak eta gutunak duela bi gizaldiko jendartearen testigantza itzela da. Laborria sorrarazten duen istorioa. Gizarte patriarkal baten eraketa-ehundura fina, ederto harilkatua. Gizonaren eta emakumearen eskubide desorekatuen salaketa. Hilketa batek gizonkeriaren supremazia moztu egiten du, hartara. Hilketa burutzeko erabilitako lanabesaren muntaz gogoetatzera gonbidatzen gaitu gertatutakoak. Euskal historiako –jendartearen ilunaren– argi-izpi bat da, norbanakoon izaeraren erakusgarri. Aizkorak eta gutunak, biak ala biak, sinbologia sano adierazgarri baten lanabesak dituzu. Gutunak dira jauntxoen baliabideak, aizkorak, ostera, herritar xumeenak. Kasuon, emakumezko xeheenak.
Josefa Azketa eta Josefa Ormaetxea Maripepatxu dira nobelako protagonistak. Edorta Jimenezek ez ditu berauek ausaz edo aliritzira hautatu. Familian, hildako aitaz gainera, Juan eta Manuel anaiak daude, Maripepatxuren nebak. Gizonezkoak ez dira inolaz ere jendarte horren eredu, ostera, gizarteak babestuta daude. Nobelan ez dira ongi paratuta, haatik.
Jendartekoaren klaseak agerikoak dira. Idazleak ederto deskribatuta. Pertsonaia bakoitzaren gibelean mundu-pizar bat dago. Nobela bat pertsonaia anitzen ahotsez osatua denean, zaila da pertsonaien izaera modu ekitatiboan zertzea. Ordea, nobela honetan partaide guztiek berezko arrasto bat laga egiten dute.
Juan eta Frantzisko Carnero borreroen aiurria sano azpimarragarria duzu. Adibide bat da. Anitz dira. Tomasa Renteria, Pedro Ibinarriaga Pedrobaltza edota Kapeleder krimen historiko honetan nahasten edo katramilatzen diren pertsonaiak dituzu, euren izaerak doi-doiak txertatuta daude. Alabaina, harribitxiak dira, herri baten nortasun-mosaikoa osatzen dute.
Duela bi mendeko euskal gizartearen –ideia baten egiteko– aztarnak erakusten dizkigu. Besteak beste, euskaldunon elebitasun eta diglosiaren nolakotasuna. Erdara gailen da boteretsuen arteko komunikazioan. Bizkaian gaude, eta ezin izan dut saihestu, 1833an lehertu zen Lehen Gerra Karlista. Hala berean, Almikako krimena gertatu zenetik 30 urtera jaio zela Sabin Arana Gori politikaria. Euskal nazionalismoaren inspiratzaile eta bultzatzailea. Erran nahi baitut, suspensezko nobela izanagatik, historia-nobela –egokia– begitandu zait. Euskal Herriaren
garai batera –herri honen parte batena, bistan da– hurbiltzera deitu egiten duena.
Narrazioa esaldi laburrez egina da, tramak behar duen tentsioa atxikiz. Historiaren eta istorioaren beraren protagonisten gogo-aldarteak egokiro ehunduta daude. Berbarako, eleberri thrillerra den aldetik, suspensezkoa den arren, hiltzailea edo hiltzaileak laster batean ezagutu ditugun arren, nobelak hilketa baten istorio bat kontatzen duen arren, eleberria hori baino gehiago denez ohartzen gara. Gure herriaren historia da. Euskaldunen historia lazgarria. Klasez osatutako jendartearen agerikoa. Genero eta sexuen arteko lehiaren agergarria. Elitekoen eta jendartekoen botere harremanen historia –norbanakoen botereen lehia– biluzten duen istorioa. Aizkorak eta gutunak fikzio bidez gauzatua bada ere, berean kontatzen denak lur-arrasean batzen ditu fikzioa eta errealitatea.
Idazmoldearen gainekoak
Paregabea begitandu zait ere, idazmoldea. Eliteko klaseen –jurisprudentzia, kasu– jarduna euskarara ekartzeko idazlearen iaiotasuna eta doitasuna, kasu. Zeruko justizia –eliza dela medio euskaraz hein batean– gauzatzen zen bitartean–, lurreko justizia –epailetzarena– erdaraz gauzatzen baitzen osotoro. Alabaina, horiek horrela izanagatik, euskaldunek bizi eta pairatu izan duten bizimoldea “ederto” batean deskribatzen dizkigu eleberrigileak. Pertsonaien arteko elkarrizketak bizkorrak dira. Hots, bizitzaren ederra "nekez eta penaz" bizitzera "ekandu" den euskaldunaren mintzoa duzu bertan. Tira, halakoxe juzgua jalgi zait gogora.
Edorta Jimenezen euskara batuak duin jasotzen du bizkaiera. Bizkaiera molde bat hain ziur ere. Alabaina, bizkaieraren jiteak bere-berezko nortasuna ematen dio nobelari eta euskarari berari. Batuari –euskara estandar delakoari– gatz eta biper eskas izatea egotzi izan zaio –egotzi diogu, naski–. Zein da baina, euskara batua? Euskara batua garatzeko eta idazteke dago oraindik ere. Idazteko dago beti ere, beraren aurretiko euskalkiak ez zirelako taxuz idatzi, ezta behar bezala garatu ere euskalduna euskaldun-osoa izatera heltzeko. Areago, eta harago joanez, nobelako euskara batu horren bidez –Bermeo eta Mundaka arteko bizkaiera doitua– mendebaldeko idazle hau begirada zoliz atxikitzen zaio ekialdeko euskarari.
Post Scriptum 1
Eleberrigilearen lizentziaz, nobelako bukaera aldatuko dut hona. Nobelaren nire interpretazioari zentzu apurrik gehiago eman aldera:
– Hobe etxeko apurrak, Juan.
Hamazortzi urte ditu Manuelek, hogeita hiru Juanek.
Iluntzean Agirretxura inguratu dira Gizon Armatuak deritzanak.
– A, Agirretxukoak!
Atartera agertu da Manuel.
Lehengoetan ikaratu egin da. Gero, ostera, denen buru nor datorren ikusi du: Gaspar Larrauri, amaren eta arrebaren abokatua.
Irakurriak ditu Manuelek horren alegatuak:
– Kaixo, Manuel.
– Zer dugu, Jauna?
– Gerraz zetorrek, badakik, ezta?
Goizean [Juan Jose apaiza] Barrenak esandakoa etorri zaio.
– Bai.
– Ba, bahator gurekin, Manuel Ormaetxea?
Post Scriptum 2
Juan eta Frantzisko Carnero borreroak kanpokotzat jo ditut –Burgosen jaiotako Manuel Arriaga ere bai, euskara apur bat ikasia bada ere–.
Potentzialki denok hiltzaileak gara. Errealki halaxe izan da Josefa Azketa.
Itaun bat daukat: euskaldun borrerorik izan al da historian?
Erran nahi baitut, herri xehean ba al zen –historian izan al da?– borrero lanetan jarduten ausartzen menturatzen zen euskaldunik.
Ezezkoan nago.
Azkenik
Josu Marotori: nobelaren igarle den azalak aipatua izatea merezi du.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: