Norbanakoaren lotsa olgetan nola, jendartearen beldurra hala

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-01-02 11:53

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1672658010053

Solteroen dantzalekuak

Joxean Agirre

Elkar, 2022

Literaturaz kanpoko azalpena

“Joxeanen literatura aurrera bidean doalakoan nago”. Hori idatzi nuen 2003an, Joxean Agirreren Roman zen bere izena nobelaren karietara. Harrezkero, Agirrek erruz idatzi du. Hamalaugarren nobela duzu honako hau. Artean, des/arrazoiak des/arrazoi, zirkunstantziak zirkunstantzia, ez diot nobelagile honi aparteko atentziorik eskaini. Edo, haren nobela bat irakurrita ere, ez naiz gauza izan taxuzko zerbait adierazteko.
    Solteroen dantzalekuak aspaldi neukan irakur zain. Nobela baino, gure garaiko –60 urte gainditu dugunon– dantzalekuen fenomenoaren saio/narrazio moduko bat izango ote zen egon nintzen. Sinopsia irakurri izan banu bederen!
     Kontuak kontu, nobela irakurtzen hasi eta, beste behin ere, funtsik gabeko usteak deuseztatzen joan zaizkit eta hainbat burutapen osatzen joan naiz. Nobelak iradoki didan gogoeta-sorta daukazu segidan. Nobelaren jiteari muzin egin gabe, noski.
     Oharra: nobelaren sinopsia nahi duenak, argitaletxearen webgunera jo dezala eta nobelaren fitxan klikatu.

Soziologiaz

Solteroen dantzalekuak 70-80ko hamarraldietako euskal jendartearen toki zinez esanguratsuak izan ziren. Honatx, lagin modura, haien izen sorta: Itziarko Txitxarro, Urretxuko Golden, Azpirotzeko Malloak, Doneztebeko Bordatxo edota Urdiñarbeko Coucou des Bois. Euskal Herriko jendartearen eta gizabanakoen ibilmoldeak ondo baino hobeto azaleratu ziren haietan mendebaldetik ekialdera, iparraldearen eta hegoaldearen barrena. Aldian-aldian, dantza leku batzuen sona isiltzen joan zen eta berrien burrunba entzutetsuak zabaldu ziren. Edonola ere, soziologia lantzeko baitezpadako lekuak izan ziren.
    Bitxikeria gisa: liburuaren azalean, Seat seicientos bat ageri da Zuberoako Coucou des Bois diskoteka aitzinean. Bilboko matrikuladuna. Gaurdanik ikusita, irudia sinesgarria zait. Frankismoaren garaian berriz, ustekabeko argazki txit bitxia izango zelakoan nago. Irudi horrek iragana eta oraina bateratzen ditu. Halaxe egin ere nobela honen egileak. Nobela iragan belaunaldi batekoen jarrera sozialen lagin modukotzat har dezakegu.

Solteroen dantzalekuak eleberriaren egilea, ez alferrik, kazetaria –izan– da. Bere ikasketen oinarria soziologia izaki. Kazetaria soziologiaren ikerlari moduko bat dela erranen nuke, hau da, gizartearen gertakariak bertatik bertara aztertzen dituena. Halatsu izan ere, nobela honen kontalaria eta protagonista. Datu bat: protagonistak ez du izenik. Izenik ez du ere, ikaslea kitzikatzen duen Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Irakasleak “dantzalekuetan penak asaskatzen dituzten solteroen izatearen arrazoiak” ezagutu nahi ditu. Horretarako badago betiere, ikasle ausart adoretsua eta bipila. Ez alferrik, irakasleak nola-halako lotura dauka Erakundearekin. Kontalariak idatzi gabe ere, Erakundea ETA da.
    Oharra: Alderdia izan bazen garai hartan, jakina –kontalariak adierazi gabe, EAJ-PNV alderdia– baina “izan” ez balitz legez “bizi” zen. Alderdia eta Erakundea. Horratx herri honetako historiara Maiuskulaz pasa(ko) diren entelekiak. Kasuon, entelekiaren definizioa hau izaki: “Haien helburua euren izatea”.

Deustuko irakaslea –irakasle hura– Pierre Bordieuren jarraitzaile fina zen. Joxean Agirre nobelagileak formazioz soziologoa izan zen Regine Robin idazlearen La mémoire saturée nobelaren “funtsa” aintzat hartzen du berea gauzatzeko. Hala berean, nobela Bordieu soziologoaren pentsamenduaren ildoan funtsatuta dago. Pertsonaien bizimoldeetan ageri denez, nobela “gure” memoria berritzeko saioa dukezu. Saio hagitz interesgarria.

Nobela bi garaitan funtsatzen da: trantsizioan eta gaur egungoan; garai biak zabalki harturik. Nobelaren izenburuari erreparatuz gero, garai hartako soltero haien izaera aztertzen duen ikerlana irudi du. Ordea, nobela hori baino askoz gehiago da niretzat. Ongi baino hobeto erretratatzen du –partzialki bada ere– joan deneko mende erdiko herri honen jite politikoa. Euskal nazionalismoaren bi zutabe –izan– diren Alderdiaren eta Erakundearen izaeren erradiografia moduko bat ikusi dut. Ideologiaz harago eta honatago, euskal kausaren aldeko militanteen izaera eta bilakaera ikusi dut nobelan.

Soziologiaz harago, neurri batean bada ere, nobela psikologikoa dela erranen nuke. Alegia, pertsonen ideologien gainetik, pertsonen pasioek, emozioek eta afektuek aktibatzen dute herri edo jendarte baten borroka. Iraultzen motorra –gizartearen eraldatzailea– funtsean maitasuna da, sexua maitasunaren espresioa izaki. Areago, maitasun erromantikoa delarik, pertsonek mendiak eta ibaiak “gainditzen dituzte” helburu ezinezkoen atzetik. Alabaina, funtsean eta finean, “gailentze” horiek ilusioak edo kimerak besterik ez dira.

Gizartea eraldatzeak balentria eta heroitasuna eskatzen ditu. Balentria eta heroitasuna, norbanakoa artean umotu gabe delarik manifestatzen dira. Umotu gabeko pertsonen “jitea”-k egiten du posible jendartearen eraldaketa. Norbanakoaren “umorea” jite horren adierazle izaki. Nerabezarotik helduarora doan aldian –gaztetasun aroa deitu garaian– utopien bulkada esperimentatu izaten dugu –gizartea eraldatzeko asmoz jarduten badugu betiere–. Halabeharrez, bizibeharrez. umorea umotuz doan ahala helduaroa sumatzen hasten gara. Behin “helduaroa” gaindituta, heldutasuna erdietsita, helburu batzuen menturan burutu genituen ekimen ustez duin haiek justifikatzerakoan, izan ginenaren alde zitalak zuritzen ditugu. Izan garena gure memoriatik –gure gogotik– ezabatzen saiatzen gara, gogotik saiatu ere. Izan ginena eta egin genuena edertu egiten ditugu.

Historia fenomeno soziologikoek osatuta dago. Soziologia berriz pertsonen bizialdiek osatzen eta karakterizatzen dute. Fenomeno sozialak ezin deskribatu daitezke objetibotasunez, manifestatzen ari diren aldian. Egunez egun bizi duguna azaltzea ezinezkoa da. Denbora igaro ahala "azaleratzen" dira jendeon jiteak, gure azalean agertu baino ez. Esate baterako: frankistak/faxistak demokratak bihurtu ziren. Bidenabar, sistema berriak haien aurka jardun zuten “gaiztoak” barkatu zituen. “Gaizto” horietako batzuk, Alderdikoak, kasu, aiseki bihurtu ziren onak. Erakundekoek “gaiztoak” izaten jarraitu zuten. Gaur egun, azken “gaizto” horiek ere onbidean daude. Alegia, inork ez du “benetan” izan zena gogoratzen, ez du gogoratu nahi alafede. Ez du gogoratu nahi, kontzientzia lasai duela bizibeharrez. Lotsa da pertsonen izaera, lotsa da hobekien adierazten gaituena. Lotsak baditu hainbat adiera, hala ahalkea nola beldurra. Lotsak eta beldurrak karakterizatuta gara. Bien ala bien –lotsaren eta beldurraren– karikaturak gara. “Umorea” da hartaz, pertsona umotu gabekoa hobekien azalarazten duena. Horra hor garenaren karikatura.

Lotsak gara eta beldurrak izan ere. Bizipen larri-larriak bizi izanak, arazo zinez handiak esperimentatu izanak, pertsonak aldarazten ditu, eraldatzen ditu, transformatzen ditu. Gazte umotu gabeko inkonformista haien jarrerek eraldatu dute –neurri batean behintzat– egungo jendartea. Alabaina, nobela honetako protagonista bipil horren kasuan legez, lotsa gabeko gazte haren izana, “beldurrik gabeko ospe hura” ez da “aintzakotzat” hartzen gaur egungo gizarte koldarrean. Edozein dela sistema ere, hala sistema autoritarioenean nola balizko demokrazian, jendartearen gehiengoa koldarra baita.

Azalpen modura

Nobela saioa bailitzan ekarri dut. Solteroen dantzalekuak ordea, saio izan ezik, nobela duina begitandu zait. Nire ikuspuntutik –ikuspegi irreberente edota lotsagabea–, nobelak ongi baino hobeto adierazten ditu pertsonon lotsaizunak. Hots, euskal jendartearen eboluzioa erakusten digu –berau osatzen duten espresio sozial guztiez ari naiz–. Pertsonen ospe txarra izen onekoa bihurtu daitekeela erraten digu, baita erakutsi ere, nobelako protagonistaren kasuan legez, Erakundeko kide izan zenak bere iragana ezabatuz gero, aiseki bihurtu daitekeela gaur egungo Alderdiaren kide. Hots, iragan txarreko/okerreko pertsonaren izana “balekoa” bihurtu daiteke, izan zena “ezabatu” ondoren.

Azkenik: iruzkin honetan ageri ez bada ere, nobela hau istorio bizia da: badu tramarik, badu intrigarik, badu erudiziorik, badu umorerik.


Utzi iruzkina: