Norbanakoaren eta jendartearen bilakatze etsigarria
Sinopsi moduko bat
“Amatu ama izateari buruzko saiakera duzu. Berean ez dago literaturarik stricto sensu. Obra honen tesia –galdera– honetan oinarritzen da: zer da ama izatea? Zer da amatzea? Maite López La Herasek bere amatzearen bilakabidea kontatu digu Amatu saioan. Amatzearen zentzuaren ulerkuntzari buruzko galderak iradoki dizkigu: zer gertatzen zaio emakumeari ama bihurtzen denean? Zer bihurtzen du emakumeak ama? Saioan –errealitatean funtsatua, noski– galderak gailentzen dira. Egungo jendarteak –sozietate kontsumistak– ama izan edo amatu nahi duen emakumearengan nola eragiten duen ezagutarazi digu.
Bizitza bi zatitan banatzen da: ama –edo aita– izan Aurretik eta Ondoren. Halaxe liburua ere bai –guraso izatea erabaki dutenentzat, jakina–. Galderak galdera, hona beste bat: ez al dago bizitzarik amatu edo aitatu gabe? Galdera hori eta beste asko erantzuten saiatzen da saiogilea. Amatu ahal izateko, ama bilakatzeko izaki/ume bat erditu behar duzu. Gizonak/aitak ez du esperientzia hori bizitzerik. Ama izatearen esperientzia besterenezina da, intransferiblea.
Izaki/ume bat erditzea/munduratzea emakumearen esperientzia da. Naturak gizonok esperientzia horretatik salbuetsi gaitu. Esperientzia horrek elkarrezinak/bateraezinak bihurtu ditu emakumezkoa eta gizonezkoa. Ama bihurtzearen esperientziak bizimina areagotu izan du emakumearen nortasun/aiurrian, haren izatearen bilakaeran. Horregatik edo, izatearen berekoitasuna eta sena bi era diferentetan biziagotu dira gizonezkoengan eta emakumezkoengan.
Munduratu eta jendartera heldu(ko) den subjektu berriaren –umearen– eragilea da ama. Alabaina, ama ez da eginaren/obratuaren izaki garrantzikoena. Izaki/humano berri hori da obraren subjektu nagusia. Emakumea bizitzako eginkizun –funtzioa, hots– ezezagun batean sartzen da amatu ostean. Ohiz kanpoko bizialdia da berea. Apartekoa. Jendez inguratuta dago, baina bakardadean.
(Gaur egun) Ama izatearen esperientzia jendartearen begiradaren –gizarte honen kultura modernoaren eragin– pean gauzatzen da. Nolakoa da emakume izatetik ama izatera bizitzen duen aldia? Zer da izaki/ume batez –seme-abala batez– erditzea? Erditzea izaki/ume bat munduaren argira ekartzea da. Izaki/ume hori gorputz bakarrean zegoena izaki bakuna da erditu ostean. Erditzea ere gorputza zatitzea da. Bihotz bikoitza zena, bihotz bakanduak dira amatu ostean. Amatu berri den emakumeari galderak biderkatzen zaizkio: ama ona al naiz? Norbanakoari, amari kasu honetan, ama ona eta ama gaiztoaren dilema handitzen zaio. Nola eragiten du emakumearen mundualdian amatzeak? Nola eragiten du sabelaldiak/umealdiak amarengan? Amatu izanaren sufrikarioak –ez dago erditzerik, minik barik– maitasuna areagotzen al du? Edo, aitzitik, maitasuna amatatzen ote du amatzeak? Emakumearen maitasuna eraldatzen al da amaren esperientzia bizi ostean? Nola eragiten du maitasunaren esperientzia berri horrek aitarengan? Zer da aitatasuna amatasunaren aldean?”.
Sinopsi horren ostean, beste burutapen bat
Amatu saioak amaren izateaz –ama izateaz harago– itauntzen gaitu. Ama bilakatzearen esperientziaz gogoetatu eta geure bizitzaz hausnartzeko ez ohiko saioa duzu. Gizona naiz, aita ere bai. Itaun horietako bat –handienetako bat, apika– hauxe duzu: zergatik ekartzen dugu izaki/ume bat –seme-alaba– mundura? Aitona izatera heldu naiz, eta ez daukat arrazoizko eta zentzuzko erantzunik galdera horrentzat.
Sinopsiaz harago doan tesiren/eskemaren gaineko bi plano: A eta B
A plan(o)a
Maite López La Herasen Amatu saioa irakurri dut. Bigarrenez irakurtzen ari nauzu. Ohitura bihurtu zait, deus idatzi aurretik, segurtasun eskasez, berriz ere ekitea. Bigarrenez ari naizen honetan, aldian behin, adierazi beharrak galarazten dit irakurtzen segitzea. Burutapenak borborka ari zaizkit buru-lapikoan. Esan beharrekoak taxuz adierazteak kordokatzen nau, ordea. Neurriz eta egokiro aritzea ez da zeregin samurra. Ez horixe! Ez jauna! Halarik ere, buru-lapiko honetako borborra isuriko dut segidan.
Amatu eta aitatu
Liburugilearen eskaintzak honela dio: “Aita guztiei, baten batek irakurriko duelakoan”. Horixe bere desioa. Honatx lehen zipriztina: Maite López Las Herasen desioa etsigarria egin zait, baita liburuaren irakurraldia ere. Bigarrenez ari nauzu eta bigarrenez erranen dut: etsiak hartuta jarraitzen dut. Ama honek norbanakoaren eta gure jendartearen bilakatze etsigarria azaldu digu Amatu saioan.
Amatu ama bilakatzea da, ama egitea. Ama ez da jaiotzen, ama egin egiten da. Gure ipar-ekialdean, amatzea biziaraztea da. Amatu eta maitatu hitz kidekoak omen dituzu: amatzea maitatzea da. Antigoaleko euskararen ondarea duzu nonbait: ama dagoen tokian maitasuna dago. Ama duzu maitasunaren adierazle gorena. Bai ote? Ama badago umea ere bai. Gurean, gure hizkuntzak salatzen digu: ama emakumea da. Andrea edota emaztea emakumeak dira. Amatzea ama bilakatzea bada, aitatzea aita bilakatzea da. Alta, aita ez da ama amatzen den bezala. Amatu saioan ez da apenas aita aitatzen.
A planoaren gaineko hainbat irudikapen/begirada
A.1. Maite López La Herasen Amatu saioan horixe begitandu zait. Maite amatu da, baina bere umearen aita ez da abantzu aitatzen. Aita ia ez da aipatzen. Aitaren izena hala ere, ezagutzen dugu: Josu. Yadel da umearena. Liburu hau bi gizonezkok irakurri dute berau argitaratu izan –argia ikusi– aurretik. Jorge Giménez eta Aritz Galarraga editoreek.
A.2. Euskaldunok amari buruzko adiera franko erabiltzen dugu. Arestian aipatu emakume adiera, kasu. Amatzea emakumetzea da. Amatzea umea erditzea da. Adierak adiera, euskaldunok kultura greko-kristauaren kultura kolektiboaren ondorio gara. Euskaldunok mendebaldeko kultura unibertsalaren arabera gauzatu dugu gure kontzientea.
A.3. Honatx kultura horren adiera adierazgarri zenbait: Hijo/hija de puta (Putakumea), Hijo/hija de perra. Tu puta madre. Está de putamadre. Gurean puta emagaldua –izan– da. Elizak izan du horretan bere impronta. Adierazpen horiek bakan entzunen dituzu emakumearen ahotik. Iragan mendearen amaiera aldera arte, sekula ere ez. Ama hainbeste laudatzen dugun pertsona den aldetik, nola interpretatu mintzamolde horiek? Amatzea maitatzea bada, zer direla eta adiera horiek guztiak gizonezkoen mintzoan?
A.4. Bibliak dioenez, unibertsoaren sorkuntza Jainkoaren aginduz egin zen. “Egin bedi argia” esan ei zuen eta halaxe mundua sortu ere. Jainkoak –gizonezkoak, noski– mundua egin zuen eta emakumea haren nahien antzera egin ere. Ama amatzen denean, amak ha dado a luz/umeaz erditu da diogu. Gaur egungo jendartearen kultura bi milurtekoren tradizioen bilakaera da.
A.5. Bilakabide horretan, XV. eta XVI. garren gizaldiaz geroztik, berebiziko eraldatzea ematen hasi zen jendartean, baita norbanakoarengan ere. Mendebaldeko egungo norbanakoa, Antigoaleko tradizioaren eta Errenazimendu –birsortzearen– aroaren ondorioa da. Errenazimendua Pizkundea bezala ezagutua da ere bai. Garai harrez geroztik hasi zen mundua eraldatzen. Aro modernoa –egungo modernotasuna– aldaketa haren emaitza/ondorioa da.
A.6. Espiritualtasuna ezaugarri berealdikoa –izan– da pertsonengan. Aro modernoan esperimentatuaren ondorioz, materialismoak koska handia kendu dio espiritualtasunari. Berbarako, izate humanoa –berau izendatzean gizaki adiera nagusitu da gurean– norbanakoa bilakatzen joan d(o)a. Antigoalean, tradizioan, izate humanoa hazi egiten zen. Izate humanoak hazten ziren landareak hazten ziren legetxe. Humanoa naturan hazi egiten zen. Modernotasunean, antigoalekotik heldu den humanoa/gizakia norbanakoa bilakatzen joan d(o)a. Norbanakoa hezi egiten da. Gizakiok –gizonaren konnotazioa nagusia da izendapen horretan– haztetik hezitzera iragan gara nagusiki. Nagusiki diot, aro modernoaren aurretik ere pertsonon heziketa arautua izan baitzen, prefosta.
A. 7. Norbanakoa, antigoalekotik abiatuta, aro modernora heldu da. Mendez mende hazitako –emakumea menpeko sujektua izaki– kultura baten emaria/ondorioa gara egungo pertsonok. Azken mendetan garatu dugun zientziak eraldatu du izaki hori. Norbanako berri bat gauzatu/burutu da, eta burutzen ari da.
A.8. Gure tradizioen araberako jendartean, emakumea izendapen/epiteto suerte batez ezagutua izan zen, baita aro modernoaren ari eran berriak zertu ere: femme fatale, femme de chambre, femme de ménage… Izate humanoaren adiera humanoak dituzu. Gizonak beti gizon. Bibliak dioenez –Unibertsoaren Genesiaren Liburuak– emakumea gizonaren saihets batetik sortu zen. Jainkoaren nahieraz eta aginduz hori ere. Dena dela ere, antigoaleko tradizioen aginduek ziotena ziotela ere, aro modernoaz geroztik norbanakoa –emakumea barne– eraldatze prozesu erabatekoan sartu zen.
A. 9. Gizakiaren bilakabidean hainbat eraldatze eman dira. Horietako asko aro modernoan. Gizarte/giza iraultzak legez ezagututa. Klaseen arteko eraldaketak/moldaketak ekarri dituzten hainbat iraultza eman dira historian. Gaur egungo munduan berriz –XX. mendeaz geroztik bereziki–, emakumearen eraldatzea/transformazioa da jendarte honetako iraultza nagusia. Norbanakoa eraldatzen ari den iraultza bakarra gaur egun. Historiako iraultzak onuragarriak izan dira giza-bilakabidean, haatik, eraldaketaren ordainak lazgarriak izan dira ere bai. Ez dago minik gabeko jendartearen eraldaketarik, minik gabeko erditzerik ez dagoen legez.
A.10. Norbanakoa eraldatzen ari da, norbanako berria eratzen ari da, eta horren eragile nagusia emakumea da. Aro berri batean sartu izanaren konstatazioa bat: emakumea amatu daiteke gizona aitatu gabe. Berealdiko da –mendebaldeko emakumeaz ari nauzu– emakumearen transformazioa. Halarik ere, azken hiru mendeetan emakumezkoaren erabateko transformazioa gauzatzen ari den bitartean, gizonezkoa ez da abantzu aldatu, hots, gizona ez da modu praktikoan eraldatu. Emakumea da norbanakoaren eraldatzearen eragile nagusia. Emakumea subjektu pasibo izatetik subjektu aktibo izatera pasa da.
Generoak genero, planoak plan…
B plan(o)a
B. 1. Euskal literaturan gogoan ditut Arantxa Iturberen Ai ama. Katixa Agirreren Amek ez dute. Berriki Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek M ama* eme* ume* plazaratu dute… Antzerkira ere ekarria izan da ama, sujeta gisa hain zuzen ere. Emakumearen amatzea kontatzea berriz, bakan izaten da. Alta bada, literatura generoetan ez da kontu berria ama sujeta izatea. Sujeta gurean, Zuberoako pastoraletako pertsonaia duzu. Sujeta ere, gure iparraldean, tema da. Hots, gaia. Sujetaren esanahia iraganean, gure kulturan, honako hauxe izan zen: jopua, manupekoa eta zerbitzaria. Gaur egun, ordea, emakumea subjektu aktiboa eta eraginkorrena da norbanakoaren bilakaeran.
B. 2. Amatu saioa jendarte modernoaren erretratu etsigarria egin zait. Eta berriz diot. Mendez mende hazitako eta egindako norbanakoa –gizonezkoen eta emakumezkoen hartu-emanen egin-moldea– ahitu da, amatatu bidean doa. Gure mendebalean, amatatzea itzaltzea da, hiltzea ere bai. Hala berean, munduko mendebaldearen kultura nagusitu/zahartu joan doan ahala amatatzen ari da pertsona hori. Milurteko berri honen abiaburuan ama ez da iragan milurtekoetan amatu zen legez amatzen. Emakumea molde berritan amatzeko gaitzen ari da eta –iraganeko– gizona berriz, amatatuz doa. Humanitatearen apokalipsia heldu al da? Sortuko ahal da elkar amatzeko eta maitatzeko norbanako berri bat. Agian.
B.3. Mendez mende, ugalketak eman dio norbanakoari izatearen zentzua. Bere hezieraren –hazi egitearen– oinarrian izan da. Modernotasunaren garaian, zientziak zabaldutako garai berriaz geroztik –Argien mendeen garaiaz geroztik– arrazionalismoak sustatutako materialismoak iragan milurteko izate humanoaren (giza ugalketaren) nahimena amatatu du. Giza espiritualtasunaren gaineko arrazionalismoak izaki berriaren sena amatatu egin du. Norbanakoak antigoaleko sena galdu du. Norbanakoak tradizioari aitzi/uko egin izan dio, baita modernotasunaren/zientziaren onurak profitatu ere. Alta bada, egungo giza kondizioak edota giza gaitasunak ekar al dezake dohain berriak dituen gizonik?
B.4. “Jainkoa hil da”. Ezagutzen dugu esaldia edota bere egilea. Ez da orijinala espresio hori erabiltzea. Neurriz kanpo ari naiz, kontzientea naiz. Amatu saioak horretara ekarri nau. Baita hauxe adieraztera ekarri ere: amatzea bizitzaren alde egitea da. Alabaina, egungo sozietate honetako baloreek ez dute errazten/samurtzen norbanakook/pertsonok elkar amatzea. Sozietate modernoaren materialtasunak espiritualtasuna –ulertu sena edo inteligiblea– amatatu du. Espiriturik gabeko arrazionalismoak –eta ideologien porrotak– norbanakoaren balore zaharrak amatatu ditu. Tradizioaren baloreen zergatia osotoro ulertu/aditu gabe geratu da, baita erantzunik izan gabe. Jendarte honetan inork ez du (inor gutxik) zergatiez deus jakin nahi, ezta zergatien zentzuaz. Balorea nolakoa da. Nolakoak balio du: ze klase, ze estilo, ze itxura, zer irudi, ze kalitatea, ze kantitatea? Norbanakoari/pertsonari bost axola zaio gauzen/izakarien zergatia eta zentzua. Tira, nagusiki esan nahi dut. Tradizioaren baloreak amatatu dira eta ez dira balore berriak sortu. Norbanako berriak baditu bere baloreak, bistan da. Gaur egungo sozietatearen eredu nagusia norbanakoaren plazerak eta nahikeria berekoienak betetzeko/lortzeko baloretan datza. Sozietate hitza darabilt, sozietate ekonomikoa baita gaur egun norbanakoaren izaeraren eragile nagusia. Jendarte edota gizarte adieren zentzua galtzen ari da/ari gara milurteko berrian, egungo gizakia/jendea merkatuaren menpeko objektu gara.
B.5. Tradizioaren ondoriozko norbanakoa, hau da, jainkoaren aginduzko, manamenduzko edota haren agintearen ondoriozko norbanakoa hil da. Hura hil eta ez da berririk sortu. Tradizioaren baloreak amatatu dira eta egungo munduan –mendebaldeko jendarte modernoaren ostean– ari den norbanakoa ez da gai/gauza balore berrien kategoriak eratzeko.
Post scriptum: hitz andana bi gehiago
a) Amatu saioaren idazleari. Ai ama! Hau alamena! Sentitzen dut Maite. Ez dugu elkar ezagutzen, ezta bistaz ere, eta izen tipiaz tratatzen zaitut. Barkatu beraz eta benaz. Negua heldu da, eta berarekin argia murriztu ere bai. Halakoxea ere nire argitasuna. Ama umea erditzen den bezala, horixe iruzkin astun hauxe. Edonola den ere, Amatu saioak etsitu nauen arren, aitatzea zer den aspaldi esperimentatu banuen ere, amatzea zer den amiñi bat gehiago esperimentatu dut zuri esker. Hara, amiñi asko da. Nola ulertzen den, ezta?
b) Iruzkin honen balizko irakurleari: bigarrenez ari naiz saio honekin. Ez hartu aintzat nik esperimentatua eta adierazia. Azkoz samurragoa duzu Amatu saioa, neurriz kanpoko nire iruzkin (xelebre eta berriz ere estranbotiko) hau baino. Saio gordina den arren, saio samurbera duzu inolaz ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: