Nor naizen “nazi” baneki

Nor naizen “nazi” baneki Begizolia | 2026-07-18 08:48

Nor naizen “nazi” baneki

MIRANDE, herriminez, ezin-minez

Mikel Soto / (Jon Mirande)

Elkar, 2025

Sar hitza

MIRANDE herriminez, ezin-minez (Mikel Soto) alimaleko saiakera duzue. Ontsalaz, hiru ataletan jardunen dut haren gainean: Liburuaz, Jon Mirandez eta Euskaldunaz. Jarduera horrek balio dezake saiakera komentatzeko, berau interpretatzeko edota kritikatzeko. Haatik, nire jardun horiek eskasak izan daitezke. Nolako aldia, halako gertaldia. Honatx, abiaburuan, hiru jarduera horien hiru lagin tipiak.

Baga: liburu honi buruzko kritika egiteko, honen tamainako saiakera bat egin behar(ko)nuke. Ez naiz gauza. "Tamainarena", errateko manera bat da.

Biga: taxuzko interpretazio bat egiteko liburu osoa irakurrita izan behar nuke, osoa eta zehatz-mehatz. Eta ez dut egin. Arrazoiak? Ez, lan erraldoi honen baliogabetasuna dela kausa, prefosta. Baizik eta nire ahalbideen/ahalmenaren eskaskeria dela eta. Zehaztu aldera: erdiraino oso-osorik irakurri dut, bigarren erdiko letra-txikiko pasarte anitz albora laga –behar izan– ditut. Arrazoia: denboraren eza. Hor nonbait edo.

Higa: komentario-saiatze gisako bat eginen dut. Okurrentziez osatutako iruzkin bat izanen da, hain ziur ere. Alegia, ateraldiz, buru-kolpez, burutazioz eta ezustez osatutako idazki bat. Funtsean eta finean, nahitara edo nahi barik, halakoxea edo halakotsua izanen da.

Liburuaz

Liburua hizpide dudala –ez baitezpada saiakera bera– Mikel Soto Nolasco egilea ere hizpide daukat, noski. Baita, behin eta hasteko, lan mardul hau posible egin dutenak. Behin eta nabarmentzeko: Debako Udala eta Elkar argitaletxea. Tene Mujika Beka ahalbidetzea eta lana argitaratzea posible egin dituztelako. Izan ere, argitaletxearen “izaera” mastodontikoa kritikatzen dugun legez, tamaina honetako lanak ahalbidetzea eskertu behar zaio, alafede. Bakoitzari berea, naturaren legea.

Aburu bat segidan: herri honetan sortzaileak –literatura egileak, kasu– ukabilka akabatzen dira. Ukabilka kalitzen ditugu. Ukabilka eta muturka “hil” ere. Alegia, pertsonak akabatzen diren legez halaxe akabatzen dira/ditugu ere literaturaren edota hitzen sortzaileak –joan deneko mende erdia dut buruan bereziki, urte horietan horrelakoak bizi izan ditudalako–.
    Berriz diotsuet: sortzaileak, modu banal edo molde hutsal batean
akabatu egiten dira/ditugu herri honetan –metafora gisa ulertu ezazue, arren–.

Herri honetan –omen eta ei, beregain izan nahi duen herri honetan– literaturaz edo historiaz jakin-mina dituen Mikel Soto Nolasco idazleak –institutu bateko irakasleak– izari erraldoiko saiakera hau idatzi du, bere ogibideari ekinez batera idatzi ere. Eguneroko jardun profesionalari eutsiz, alegia.
    Betiere eta porsiacaso: lanaren izaria goraipatzeaz bertzera, lanaren izaera “kritikatua” izan daitekeela aditzera eman nahi dizuet. Prefosta.
    Erran nahi baitut: balizko herri hau –balizko nazio hau– lau erromantikoren rollo bat besterik ez da. Behinola, Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak euskararen gainean adierazia heldu zait akordura –gutxi goiti-beheiti–: “Euskararena, euskararen ‘auzia’, lau txororen rollo bat da”. Neroni, ados egon izan arren, saiatzen naiz etsipen-zulo hori uxatzen.   
     Anartean, euskarari diodan maitasun erromantikoari muzin egin ezinik nonbait.

Horiek horrela, ezin burutik kendu hauxe: “Euskal literaturarena, euskarazko literaturaren auzia –tira, literaturarena oro har eta orobat–, lau zororen rollo bat baino ez da”. Literaturarenak egin du, aspaldian egin ere. Euskal idazle batek –izenik eman gabe, hobe– aspaldi erran zuenez: “Literatura beilan dago”. Alegia, beilan badago, hilik dago. Beraz, lau txoro erromantikok segitzen dute/dugu literaturaren beila egiten, noizbait berpiztuko delakoan. Berpiztu edo. Izan bazen edo ez bazen, izanen delakoan. Edo.

Izena duenak izana du. Mikel Soto Nolasco sentimentala, eskuzabala eta ameslaria da. Hots, erromantikoa. Erromantikoek ez dute bizitzerik maitatu gabe, bistan da hori ere. Mikel Soto Nolascok Jon Mirande Aiphasorho maite du. Idazle xiberotarra maiatzen ikasi du bere obra ikertu ahalean –azterketa lan izarigabea–. Espero dut Mirande ez bezala, Mikel ez gaixotu izana, ez gaixotzea.
    Kontua edo auzia, harantzago doa ordea: Mikel Soto Nolasco nazi batekin maitemindu zen, eta maiteminduta bizi da. Bai ote? Nola ote?

Zorionez, antza edota ageri denez, Mikel Soto ez da bakarrik bizi, alegia, ez du “bakarka” pentsatzen. Irati Jimenez bikotearekin batera pentsatzen du. Eskerrak. Areago, Joxe Azurmendiri esker pentsatzen ikasi zuela diosku. Hori horrela bada, Joxe Azurmendi –berriki zendua– nazi izan al zen? Alegia, irakasle zegamarrak lagundu bazion pentsatzen ikasten iruinxemeari, hartaz, Azurmendi nazi izan(go) zen, ezta? Eta? Bada, ondorioz edo, Soto Miranderekin maiteminduta badago, idazle xiberotarra lagun izanen du, ezta? Hilik izanagatik ere, lagun. Lagun nazi, haatik. Hara, nazi bat lagun. Mirande nazia lagun, erran nahi dizuet.

Mirande eta Azurmendi, biak ala biak, hilak daude. Irati Jimenez, ez. Zorionez. Ez da iseka –zehaztu beharra daukat, herri honetan ezin duzu deusetaz segur izan–. Mirande eta Azurmendi hilak daude. Galdera: eta beila egiten jarraitu behar diegu, jarraitu behar zaie? Demagun, artean, Azurmendirekiko beilak emanen duena ezagutu gabe, Miranderi beila egiteak eman duena ezaguturik, merezi al du Azurmendiri beila egitea? Mirandek ema(te)n duen pena merezi al du Azurmendik? Loriarik ematen al du Mirandek? Bai. Ez.

Bai: “Izan ginelako gara”. “Izanen gara, garelako”. Nor, ordea? Lau zoro horiek hor ari direlako/garelako, izanen al da herri bat? Nazio bat? Nazioarena azpimarratzea funtsezko da idazki honetan. Nire iruzkinean, hots.

Ez: “Izanen gara, gure izateaz bertze eginen dugulako”. Alegia, lau zoro horiek literaturaren beila egin ostean, beren buruaren beila eginen dutelako. Alegia, literatura bera hila dela onartuz gero, baliteke –beno, batek daki– balizko herri/nazio hau berpiztea.

“Hara, Asurmendi, hilen berpiztean sinetsi ere?”. Beno, nork bere pathos bizi du. Bere sufrikarioa, alegia. Dena dela ere, berpiztean sinesteko, behin eta hasteko, hilik zaudenez jabetu behar duzu, ezta? Literaturaren heriotzaz
ari naiz –badaezpadako oharra–. Alegia, metafora gisara hartu horiek guztiak. Zer gerta ere, diotsuet. Herrikideen taxuaz ez bainaiz fio inolaz ere.

Mirandez

Mirande nazi al zen? Bai. Bernardo Atxagak liburuan dioenez: “Nazi enteroa zen”. Alegia, nazi erabatekoa. Totala eta absolutua. Ikuspegi bat da, noski. Mikel Sotok dioenez, Atxagarena Miranderen Haur besoetakoa ipuin-nobelaren irakurketatik eginiko “interpretazio” bat da. Bat, askoren artean. Sotok ez dauka ikuspegi bera, bistan da. Ezta hurrik eman ere. Ez eta Atxagaren aburu bera izan ere. Erran nahi baitut: interpretazio oro oso interesatuak dira. Dudarik ala? Nork bere rola jokatzen du. Atxagak bere rola jokatu du –jokatzen du– euskal literaturan. Eta Sotok ere berea, jakina.

Berbarako eta Atxagari dagokionez: Bernardo Atxaga, literaturaren autonomiaren defendatzailea, politikagintza eta honen jarduera ororekiko idazle autonomoaren aldekoa agertu zen bere idazletzaren ibilbidean. Halarik ere, geroago, politikan “engaiatu” izan zen. Ezker Anitzeko (Ezker Batua Berdeak) kide izan zen. Izan ere, idazle zaren aldetik, munduan ibiltzeko pasaporte arruntaz bertze, pasaporte ideologiko bat behar duzu. Haizu al da hori? Prefosta.
    Oharra: tira, nire ikuspegia duzue.

Izanez ere, demagun –demagun, betiere–, ETA fenomeno sozial-politiko armatua –Aljerreko Mahaiaren ostean; Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketak gogoan– 1990 urte aldean amaitu izan balitz, Bernardo Atxaga idazlea Ezker Batuaren ordezkari gisa agertu izango zen Espainiako Estatuan? Bai zera!

Ostera edo: Bernardo Atxaga Herri Batasunaren enbaxadorea izango zen munduan. “Ei, Asurmendi, horiek hire hipotesiak dituk”. Bistan da. Hipotesi gisa har itzazue, beraz. Dena dela ere, kontu bat: literaturaz ari gara eta politikaz ere bai. Eta politikaz ari bagara, literaturaz ere bai. Hots, Atxagaren gaineko nire maxima hori, posible edo ezinezko den zerbaiten suposizioa da. Horiek horrela, nire aburu horietatik irakurle norberak atera ditzala ondorioak. Gura badu, noski.

Harira eta mamira: demagun –demagun betiere–, Atxaga Herri Batasuneko (HB) kide bilakatu izan balitz nazi bat izango zen. Nazi bat bihurtuko zen, edo bilakatu zitekeen. Nazi enteroa? Erdi nazi? Nazi ligth? Naziren izaria edo tamaina dena dela ere, ba al dago herri honetan nazi ez den inor? Nazi tipia edo nazi handia, hots. Edota euskal nazi izan ezean, espainiar nazi edo frantziar nazi. Areago, posibilitateak anitz dira: Euskal nazi. Euskal-espainiar nazi. Euskal-frantziar nazi. Euskal-espainiar-frantziar nazi…

Euskaldunok lotsatu behar al dugu Sabin Aranaren nazismoaz? 
Nazionalismoaz idatzi behar al dut? Bada, nahi duena lotsa dadila. Hara, norberak libre izan behar du nahi duenaz lotsatzeko. Arana nazionalista zen, beraz, nazi suerte bat. Nazi enteroa? Nazi osoa? Nazi erdipurdikoa? Arana nazi izan zen eta arrazista, gainera. Bere garaian hura horrelakoa izaki, bada, gaur egun halakoak izan badira/bagara ere. Nazi izaeraren tamaina neurtzea da/dugu kontua. Horixe kontua.

Hots: Sabin Arana pila dabil euskal karriketan. Naziak eta arrazistak, alegia. Sabin Arana hil zen, baita Adolfo Hitler ere. Haien segida dugu Donald Trump nazi-arrazista. Erran nahi baitut, Trump pila ikusten dudala kaleetan. Bai. Bai. Bai.
    Dena erratera eta egiari zor: presbizia daukat, alta, betaurrekoak ez ezik, antiojuak edota lunetak darabiltzat. Nork bereak, noski.

Demokrazia edota faxismoa. Demokrazia totalitarista ez al da faxismo moduko bat? Erantzuna: sistema politikoak direnak direla ere, munduan ez da lortu egundaino erregimen demokratikoa(k) ala erregimen faxista(k) guztiz gauzatzea. Alta bada, egungo erregimenak demokrazia totalitaristak edo erregimen autoritarioak
–faxistak– dira. Mendebaldeko erregimenez ari naiz.
    Oharra: edo delako hori ez da ala delakoa. Alegia, demokrazia delakoak erregimen totalitaristak dira, eta beraz, erregimen faxistak. Nolabait esanda hori ere. Nolabait edo.

La otredad edo bestetasuna

La otredad edo bestetasuna. Hitz kideko gisara paratu ditut. Ez naiz ziur horrelakoak izatea. Euskarazko hiztegiak ez dit dilema hori argitu. Halaz ere, demagun, bestetasunak “besteekiko aitortza eta besteekin harremanak izatea eskatzen du, estigmarik eta bazterketarik gabe”. Ba al dago inor izaterik, bestetasuna landu gabe. Ba al dago, demokrazia deitzen dugun hori norbanakoak bestetasuna bere egin gabe?

Dilema bat gailentzen da, jakina: denok gara nazi, gutxi-asko, enteroa edo erdipurdikoa. Alegia, denok daramagu nazi bat gure baitan. Haatik, nazi supremazistak daude edota nazi gailenduak/zanpatuak. Alegia, bizitzaren zirkunstantziek nazi suerte bat handiarazten dute eta beste nazi suerte bat akabatzen. Deuseztatzen edota ezereztatzen, erran nahi dut. Kasurako, alemaniarrak nazionalismoaren gailurra ukitzear egon ziren –euren nazio- eredu-arrazista gauzatzear– eta bretoiak eta euskaldunak, konparazioenera, nazio bezala desagertu bidean daude. Gaude. Gure nazioa gauzatu ezinean, hots.

Galdera gailentzen da: nazismoa haizu al da? Bai. Nik hala uste. Aipatu bi nazismo horiek biak zilegiak al dira? Baita ere. “Asurmendi, kasu, kasu, kasu emak!”. Beno, bon… Lasaitu zaitezte. Nazi izatea, berez, ez da “deitoragarria”. Ez du zertan izan behar. Edo ez luke hala izan behar. Ez da deitoragarria, ez gaixotasun mentala, ezta laidogarria ere. Beno, egiari zor, "gaixotasun mentala" bihurtu daiteke. Alemaniar naziak lekuko.

1936ko Olinpiar Jokoen Historia Politikoa gogoan, Adolfo Hitlerrek arraza ariako atleta alemanak baino ez zituen nahi. Printzipioz, norberak nahi duena proposatzea dauka, noski, baita nahi duena egitea ere. Haizu da. Haizu da, ezta? Demokrazian bizi garen seinalea duzue hori. Ordea, kontua edo auzia hauxe dugu: besteek ere –arerioek edota etsaiek– nahi dutena proposatu dezatela, baita egin nahi dutena egin dezatela ere.
    Oharra: arerioak edota etsaiak aintzat hartu behar dira betiere, kontuan hartu behar dira, baita libreki hartu ere.

Etsaien artean aldeak badaude, ordea. Baiki, supremazistek beren nahia indarrez eta bortizki inposatzen dute. Alemaniar naziek 6.000.000 judutar akabatu zuten. Eta segidan, etsaiek euren aurka egin izan ez balute, bestelako izaerako beste hainbeste pertsona garbituko zuten euren nazio-nazi-eredua ezarri arte, indarrez ezarri arte. Osterantzean, mundua nazio ariar bat litzateke gaur egun. Litzateke edo. Izan ere, nazionalismo alemaniar arrazista naturaren aurka eraiki nahi izan zutenek nazio-eredu-molde zehatz bat gauzatu nahi izan zuten. Ez zuten lortu. Alabaina, eredu berau, antzekoa edo bestelako eredu-molde bat gauza liteke gaur egun ere.

Izan ere… Gatozen gaur egunera: horra hor Donald Trumpek ezarri nahi duen nazio-eredu supremazista. Aintzat hartu ezazue jite hau: ereduak eredu, Trumpen sistema demokratikoak ez du aurrera egiterik izan –berau kontsolidatzerik–, Bush, Clinton, Obama edota Bidenen sistema demokratikoaren eredua edota sistema kapitalista liberalaren ereduaren egonkortasuna bermatu izan gabe. Mendebaldean barrena joaki ere, den-denak sistema demokratiko totalitaristak izaki.

Kontuak kontu, eta argi apur bat gehiago eman aldera, hauxe: ez ditut
Berlingo Joko Olinpikoak aliritzira ekarri hizpidera. Omen eta ei, Jesse Owens atleta iparramerikar beltz bikainak salatu zuenez –baita bere kide beltz guztiek salatu ere, hau da, Adolfo Hitlerren nahikeriak zapuztu zituzten beraiek–,
Berlingo hoteletan –protokolokoaren aginduz, ziur aski ere– hobeto tratatu zituzten Estatu Batuetako hoteletan tratatu izaten zituzten baino. Euren herrialdeko hoteletan baino, alegia. Izan ere, artean, orduan, atleta haiek beraiek,
bere herrialdeko metting delakoetan –atleta beltzak soilik, noski–, hoteletara atzeko ateetatik sartzeko obligatuta zeuden. Horra, erregimen demokratiko baten argazkia –iparramerikar demokrazia totalitaristarena, hots.
Atxik gogoan argazki hori–.
   Oharra: Alemania naziren gaineko argazkia gardenagoa zen iparamerikar-estatubatuarrena baino.

Bide batez errateko: New Yorkeko Askatasunaren estatua Frantziak estatubatuarrei oparitutakoa da, AEBetako independentzia aldarrikapenaren mendeurrena ospatzeko eta bi nazioen arteko adiskidetasuna munduko herritarrei ikur gisa azaltzeko.
    Horrax frantziarrak! Nazismoaren aurkako borrokalariak. Frantziar guztiak nazien aurkakoak? Bai zera! Hori sarkasmoa! Vichyko Gobernua eta Pétain mariskala gogoan ditudala, diotsuet.
    Pablo Neruda poetak zioenez –omen eta ei, hau ere– “Ameriketako Estatu Batuetan askatasuna estatua bat da”. Bai, bai, bai… lasai. Badut hauxe ere kontuan: Pablo Neruda Iosif Stalinen korda berekoa zen. Kontua hauxe ere bai: kordari lotuta zegoen edo kordak bera lotuta ote? Omen eta ei, hori ere. Neruda morroi infeliz bat zen. Despota izan ere. Omen eta ei, berriz ere. Stalin adina despota zen Neruda? Badakizue, poeta eta bere obra. Bereizi behar dira nonbait. Bereizi behar ote? Bai? Ez? Jon Mirande gogoan, diotsuet.    

“Urrun joan haiz Mikel, biziki urrun”. Baiki, urrun joan naiz Mikel –Sotori ari natzaio–, arrunt urruti joaki ere. Alabaina edota horregatik, Jon Mirande idazle nazi ulertu alderako ariketa bat proposatu nahi dizuet. Bestetasun ariketa suerte bat.

Demagun, demagun betiere: Espainiako Kongresuan gaude. VOX-ekoak alemaniar naziren edota italiar faxistaren ondorengoak dira/ditugu. Haien ordezkoak gaur egun. Ados. Oraindik boterean “guztiz instalatu” gabe, baina anartean, nazi enteroak direlako oso agerikoak. Eta buruan buru nor dagoen egon, eta Santiago Abascal euskal herritarra. Arabarra edo alaves?

Halako batean, Santiago Abascalek adorezko hitzak izan ditu PPko Borja Semperrentzat hemizikloan. Semper irundar diputatua minbiziak jota baitago. Iragan berrian ETAko terroristen aurka libratu zituzten batailak ekarri ditu gogora Abascalek. Patxi Lopez lehendakariak ere –lehendakari ohia, omen edo ei– Borja Semper aintzat hartu du, baita haren ondoan –edota harekin batera– libratutako batailak aipatu ere. Abascal euren artean izaki, noski. Ondoren, Gabriel Rufian katalandarra mintzatu da: “Borja Semperri onena desio diot, arerio politikoak izanagatik ere”. Aldi berean, Patxi Lopez lehendakariaren Jesus Egiguren alderdikidea ere aintzat hartu du. Egigurenen jarduera aipatu du, Euskadira bakea ekartzeko egin zuen lan gaitza aipatu ere. Eta, eta, eta…

Mertxe Aizpurua diputatua tribunara igo da, eta hauxe erran du –hipotesiak dira, baina izan daitezke errealak ezta?–: “Ez dezagun ahaztu Arnaldo Otegik egungo egoerara iritsi ahal izateko egindako lana”. Tira, Aizpuruak erran gabe, Arnaldo Otegi Jesus Egigurenen laguna dela badakigu. Arerio politikoak izan arren lagunak dira. Arerioak? Etsaiak ote? Lagunak direla pentsu dut. Hala pentsatu nahi dut. Lagunak? Adiskideak? Alegia, elkar aditzen dute? Bai, ezta? Denetarik apur bat dira eta apur bat egiten dute denetarik.
    Horixe dena hauxe errateko: Jon Mirande idazle xiberotarra ere denekin mintzatzen omen zen, ideologia bereko lagunekin, baita bestelako ideologiako pertsonekin ere.
    Bref: Mirandek denekin partekatzen zituen bere bizipenak eta esperientziak.

Bi kontu, lehenbizikoa: den-denak, aipatu norbanako horiek guztiek ideiak dituzte, bakoitzak bereak. Idealistak dira. Alabaina, ideal-ismo batek inpregnatuta bizi dira. Ideiak berez ez dira txarrak, ez dute zertan txarrak izan behar. Ideiak doktrinak bihurtzen direnean, ismoak alegia, orduan hasten bide da norbanakoaren gainbehera, deuseztapena.
   Portzierto eta gogoratu aldera: "Deus" berbak latinean ditu erroak, eta "jainko" erran nahi du. Nire jakituria motzaren adierazpen-adibide bat duzue.

Bigarren kontua, banal edota hutsal, agian: Jon Mirande zena Jean-Marie Lepen nazirekin hizketan ageri da liburuko argazki batean. 1969. urteko Prix du Rassemblement Breton delakoaren karietara. Argazkiak argazki, Mirande nazi totala “bihurtuta” ageri da. Ahalegin bat eskatzen dizuet, bertze bat: Espainiako Kongresuaren gainean egin dudan “argazkia” aintzat hartu ezazue, otoi eta arren. Argazki horretan ez al duzu idealista banda bat ikusten? Idealista banda bat izateaz bertze, ez al da nazi pandilla bat ageri? 

Horiek guztiak, argazkikoak, gure pentsamenduan daude noski. Izan daitezke. Pentsamenduan eta gure imajinazioan izan ere. Gure pentsamenduan? Gure imajinazioan? Bai. Nahi eta gura duzuen bezala hartu ezazue metafora, alabaina, imajinatu ezazue apur bat Miranderen bizitza. Aldi berean hauxe errateko: 1968ko Parisko lemetako batez oroitu naiz, hotsandiko lema: “Irudimena boterera!”. Ergela halakoak! Suabeago erranen dut: inozo halakoak! Zein? Nor? “Nortaz ari zara, Asurmendi?”. Bada, haiez eta gutaz. Zuetaz eta beraiez.
    Gomendioa: ahalaz, aintzat hartu ezazue bestetasuna! Otoi eta arren. Amen!

Euskaldunaz

Jon Miranderen kezka eta ardura artean, euskalduna dago. Euskaldun izatea izan zen haren arrangura. Zergatik eta zertarako izan euskaldun, alegia. Miranderentzat “euskaldun izatea” zer den hagitz ongi kontatua duzue saiakera honetan. Saiogileak ondo baino hobeto azaldu du Miranderen nahikaria. Euskaldun izatearen nahikaria. Nahikaria eta nahimena. Neronek azaldu beharrean, euskaldun “izatea ala ez izatea” zer den ederki idatzia duzue saiakera honetan. Hots, euskaldun izateak agerrarazten dituen betiko kezkak eta ardurak. “Egiazko” euskaldun izatearen kezkek eta ardurek “zoro” bihurtu zuten Mirande euskalduna. Jon Mirandek munduaz beste egin zuen, garai batetik aitzina “zoratu” izan zelako. “Erotu” zen, hots.

“Zoratu?” “Erotu?”. Eiki. Baina, berez zoratu al zen? Bai zera! Nork zoratu zuen, orduan? Ingurumariak berak, bistan da. Bere inguruko eta munduko euskaldunek “zoratu” zuten. Marjinatu lehenik eta zokoratu ondoren, eta ondorioz, “zoratuta” amaitu zen. “Zoratuta?”. “Erotuta?”. Zehaztu aldera: Mirandek euskaldun izateaz bertze egin zuen lehenik, eta bere buruaz bertze ondoren. (Bere) euskaldun munduaz bertze egin zuen. Euskaldun izateari zentzu eman ezinean, ondoezak kalitu zuen. Bertzera erranik: azken bultan ez zion bizitzari zentzurik antzematen eta bizitzari zentzu eman ezinean, bere bizitzari akabera eman zion. Azken beltzean eman ere.

Erabateko nazi izateak kondenatu zuen Mirande. Nazi entereoa izateak, alegia. Nire jardun motza eta mugatua segi beharrean, nire bizi esperientziatik euskalduna izatea zer den azalduko dizuet. Bizipen hori hamalau urte neukan garaikoa da. Mirandek munduaz beste egin zuen garaikoa, gutxi goiti-beheiti. Zumarraga-Urretxuko euskal nazionalisten seme-alabak erdara hutsean mintzo (gaztelaniaz/espainieraz) eta bizi ziren. Euskaraz tutik ez, ez zipitzik erran ere –exageratzen ari naiz. Beno, errealista izateko nire manera duzue–.

Zumarragako populazioaren datuak hauxek: herriak 1.950ean 3.490 biztanle zituen eta 1970ean 11.850. Euskal Herriko barne migrazioaren etorkinak –ni horien artean– etorritakoen ehuneko hamarra (%10) izango ginen. Bizilagunen %70 migraria zen, beraz. Etorkin batzuk –Euskal Herrikoak– bertakoak ginen, penintsulako migrariak, berriz, manchurrianos, coreanos edota maketos ziren. Halakoxeak edo halakotsuak deituak berebat.

Euskaldunak % 1-2a izango ziren; baserritarrak noski. Jon Mirandek erran izan zukeen gisara: egiazko euskaldunak.

Errealitateak ordea, bestelako argazki bat ere agertzen zuen:
espainiarren artean libratutako gerra zibila galdu zuten euskal nazionalisten seme-alabak ziren egiazko euskaldunak. Haatik, euskaldun horiek are espainiarragoak bihurtu ziren gerra garaian edota gerra zela eta. Historiako noriaren norabidean/bilakaeran bertze itzuli bat –1914-1918ko I. Mundu Gerran, frantsesen aldean gerra egin zuten eskualdunen antzekoak. Antzekoak edo–.    

Erran bezala, euskal nazionalisten seme-alabak areago espainiar bilakatu ziren. Ohartu gabe, nonbait. Antza edo.

Espainiarrek eta frantziarrek ez dute beren burua
nazionalistatzat jo beharrik, prefosta. Gure belaunaldikook La nacional 1. errepidean ibiltzen ginen edota Radio Nacional de España entzuten genuen, espainiar naziaren ariora bizi ginela ohartu gabe. Ohartu gabe, edo. Ipar Euskal Herrian ere, gerora ikusi eta ikasi (ge)nuen legez: euskaldunak RN-10 (Route nationale 10) delakoan ibili ohi ziren eta Assemblée Nationalerako boza ematen zuten, bertan naziorik ez balego legez.

Anartean –euskaldunaren izaeraren bilakaeran koska/itzuli estuago bat emanez–, euskal nazioa aldarrikatzen zutenek euskaldun nazi izatearen marka edo seinalea eramaten zuten. Judutarrek euren ikurra nola, halatsu ere euskaldunek. Euskal nazioaren zantzu nimiñoenak agertuz gero, zantzu haiek susmo argiak bihurtu ziren euskalduna kondenatzeko. Elizan kondenatzeko eta Estatuko tribunaletan zigortzeko. Euskaldun izatea kondena edota zigorra izan da, eta da gaur egun ere.

Erran nahi baitut: euskaldunak ezin du euskaldun izan nazi izan gabe. Bestela planteaturik: euskaldunak ezin du euskaldun izan nazi izan gabe? Nazionalismoa aldarrikatu gabe? Izan gaitezke euskaldun euskararik gabe? De facto ez. De jure bai. Alta bada, izate hori hala izatea ez dute espainiar eta frantziar nazionalistek bermatu soilik, euskal nazionalistek ere bermatu dute, alafede. Euskal nazionalista guztiek? Nork bere ehuneko (%) para dezan. Zuei ari natzaizue, irakurle balizko horiei.

Zertara datoz aurreko disertazio horiek guztiak? Sinpleki erranik: horiek guztiak Mirande, herriminez, ezin minez saiakerak iradoki dizkit. Mirande ez da euskaldun izatearen tipologiaren baitan (psikologiari dagokion hitza) pertsona bitxi bat, bestelako norbanako bat, gizaki diferente bat. Izan ere, potentzialki, denok daramagu Mirande bat gure baitan, denok daramagu nazi bat gure izatean. Baita hiltzaile, bortxatzaile eta pederasta bat ere. Edozein klaseko edo nazioko kide izanagatik ere.
    Oharra: potentzialki diotsuet, badaezpada errana berriz ere.

Zer egin Miranderekin

Zer egin Miranderekin? itaunak Zer egin euskaldunarekin? galdetzera narama. Denok daramagu Mirande bat gure baitan. Denok daramagu nazi bat gure baitan. Potentzialki… potentzialki, diotsuet ostera ere. Horixe edo halatsu iradokitzen dit Jon Miranderen euskalduntasunak. “Asurmendi jauna, zu ‘gaixorik’ zaude!”. Bai, bai, bai… Eta? Eta nor ez dago "mundu honetan" ‘gaixorik’?
    Oharra: ei, ei, ei… Badaezpada diotsuet berriz ere: potentzialki nazi gaixoak izan gaitezke. Hipotesiak dituzue, berriz diotsuet.

Giza-historiaren bilakaera apur bat ezaguturik, giza-historiaren gerra odoltsuak ezagututa –hara, inozo halakorik, ba al dago odola isuri gabeko gerrarik?–, zera erranen nuke: gerra horiek gizakiaren erabateko nazi izaerak eragin dituztela. Baita ostera erranez ere: gerra berauek eragin dutela gizakiaren nazi izaera erabatekoa. Psikologoek diotenez –aldian aldiko apaiza-mojak, filosofoak edota politikariak– nazi izateak baino gizakiaren egoak sustatu eta elikatu izan ditu norbanakoon aiurriak, baita ondorioz, gerrak. Gerra odoltsuak, jakina.

Nor naizen “nazi” baneki

Nor naizen baneki teatro-pieza baten izenburua duzue, Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzia. Jon Miranderi buruzko saiakera honetan aipatuak diren idazleak elemenia duzue –bestelako jiteren pertsonak ere aipatuak dira, noski–. Harkaitz Cano idazlea duzue horietako bat. Merezi du, pena eta loria merezi ere, pertsona horiek guztiek Jon Miranderi buruz dituzten ikuspegiak edota aburuak ezagutzea.

Zer dugu Miranderen alde? Zer dugu Miranderen kontra? Horrelakoak dituzue dilemak. Mikel Sotok asko –eta anitz– dauka Miranderen alde. Baita Miranderen kontra asko izan ere. Bere aldekotasuna kontrakotasuna baino aise gehiago da, ordea. Ezbairik gabe. Zerk behartu du balantza aldekotasunaren aldera egitera? Irakurri saiakera. Nola nahi den ere, aldekotasuna bertze hitz batez adierazi behar izanez gero, honatx: maitasuna. Sotok Miranderi dion maitasuna. Miranderekiko agertzen duen maitasuna. Tira, halaxe ari naiz ni ere, maitasunez. Zertan datza, ordea, maitasun gisako hori? Bada, “nire gardiz” Mirande xiberotar idazleak euskarari eta literaturari izan zien maitasunean datza –baita orobat, hizkuntza orori izan zion maitasunean ere–.
   Oharra: "nire gardiz" delakoa idazle xiberotarrak hegoaldetarrei –gipuzkoarrei bereberki– hartutako mailegua duzue. Miranderen maitasun keinu hori hartu dut aintzat. Haren mailegu eta keinu batto aipatu aldera.

Ibiñagabeitia eta Peillen. Bi abizen. Miranderen bizitza ezin dugu entelegatu –bizitza literarioa barne– xiberotar-paristarrak Andima Ibiñagabeitiari eta Txomin Peilleni izan zien maitasuna ezagutu gabe. Ez dira lagun bakarrak, prefosta. Eta barka nazaten gainerakoek. Alta bada, horixerekiko hartu-emanak dira ni gehien gatibatu nautenak. Aipatu gabeko horien guztien artean, Miranderen aldekoak eta kontrakoak daude/dituzue. Kontrakoak nagusitzen dira, ordea. Mirande piztia nazi pederasta bihurtu zutenek eta ondorioz edo, kalitu –behar izan– zutenak.
    Gaur egunera etorrita, galdera jalgi zait berriz ere: nori axola zaio gaur egun Mirande? Erantzun dut jada: lau txorori!

Saiakera-liburu honetan elemenia dira –oixtian errana– Miranderen bizialdiaren inguruan “jardun” ziren lagunak –baita etsaiak ere, noski–. Euskaldunez ari naiz. Euskaldun ez ziren anitz baziren halaber. Horietako baten izen-abizen bat aipatu nahi dut, euskaldunen artekoa: Joxe Azurmendi. Haren Zer dugu Orixeren kontra? eta Zer dugu Orixeren alde? saiakerak heldu zaizkit gogora. Hartara, Zer dugu Azurmendiren alde eta Zer dugu Azurmendiren kontra izeneko saioak (bi saioak liburu batean nahi baduzue) idaztea proposatzen dizuet. Hara, euskal letretan badaude hori zertzeko idazle iaioak.

Esate baterako, Gorka Bereziartuak idatz lezake saio hori. Zer egin Miranderekin? saioaren egileetako bat izateaz beste, Ez gara neutralak liburuaren egilea da. Proposamen honetan ez dago trufarik ez laidorik ere. Ez eta probokaziorik ere. Hori proposatzen dizuet. Hala berean eta aldi batez, Joxe Azurmendiren inguruan eta haren gainean –niri ere pentsatzen lagundu didan saiogilea da Azurmendi– harritu zurtu eta nahasten nauten aspektu batzuk daudela adierazi nahi dizuet.

Berbarako, Jakin aldizkariaren 269-270. aleak Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi izenburukoa eskaini digu. Liburuki hori hogeitaka lagunek zertuta eta ilustratuta dago. Den-denak, Azurmendiren pentsamenduaren ildoan edota haren aldean paratzen dira. Tira, nolabait erranik. Hor nonbait hori ere.
    Galdera: Joxe Azurmendiren pentsamendua enteroa zen? Pentsamendu totala? Erabateko pentsamendua? Badago halakorik izatea? Hala izatekotan, “jainko” izan behar luke, ezta? Ez dago herri honetan –euskal nazionalisten eta abertzaleen artean, noski– haren pentsamenduari aitzi egiten edo eginen dion inor. Edo, aitzi egin gabe, haren pentsamendua amiñi bat ezpalduko duen inor?

Hara, “ezagutzen” ditut haren pentsamendu-enborrari ezpalak erauzten dizkiotenak –kontuz ezpalekin, ordea–. Izan ere, tamalez, ezpal horiek etxeko sukaldeko zoruan geratzen dira. Sutondoan, behar izanez gero, erretzeko pronto betiere. Ez bat, ez bi ez hiru izan ere. Sukaldari horiek, alegia –nolabait esanda hori ere–.

Begira ezazue zenbat diren zenbaki horretan idatzi ez duten euskal intelligentsiako kideak, eta ondorioztatu dezakezue erran nahi dudana. Hara, gordinki erranen dut: euskaldunok espainiarrek eta frantziarrek asimilatutako gaixoak gara. Baita anglofonoek –eta alemaniarrek ere" gero eta gehiago asimilatuta bizi ere.

    – Nork bere pathos bizi du herriminez, ezin-minez bizi ere. Nik neurea, prefosta.
    – “Hara, Asurmendi, zorrotzegi jardun duzu, eta ezpal zorrotzak ihes egin dizute eskuetatik bertze behin ere”.
    – Barka ahal nazazue lagunak! Lagunak izan gabe, adiskideak zaretenak behinik behin.
    – Zer litzateke euskalduna barkamena eskatu gabe, ezta?
    – Ordea, zer da, bada, anartean, oraindik ere, Jon Mirande barkatu ez duen –ezin duen– euskalduna

Post Scriptum

Sar hitza delakoan ez zegoen post scriptum hau iragarririk. Post scriptumak iragarri ezinak dira eta. Hauxek heldu zaizkidan osteko hitzak.

– Mikel Soto Nolascok bezala, nik ez dut sintesirako ahalmenik. Bistan da, bistan denez.
– Mikel Soto Nolasco saiogileak korrekzio politiko moduko bat ez ezik, korrekzio poetiko bat egitera gonbidatzen gaitu bere lanaren bitartez.
– Mikel Soto Nolascok ez daki lagunak egiten. Ez daki edo ez du nahi. Edo ezin du. Ez duela bestelakoa izateko ahalmenik, erran nahi dut. Edo.
Bidenabar, hauxe ere dut errateko: izenak izana dauka. Eta izan horretan, Soto izenkide daukat. Tokayo, alegia.
– Azkenik, Bernardo Atxagaren inguruan idatzi dudana –Joxe Azurmendiri buruz idatzia legez– ez da bere izatearen aurkako inolako afronturik. Zer gerta ere, hori ere erranik.


Utzi iruzkina: