Nor izango bada, itzalak argia behar du
ITZALA. Gaixotasun baten kronika
Maixa Zugasti
Hasmentan
Maixa Zugasti idazlearen liburua duzu ITZALA. Gaixotasun baten kronika. Itzala hizki larriz idatzia, nire baitan zabaldu didan itzala izarigabea baita; laiotz-gune horretan irekitako “ebaki” orbaindu ezina.
Gorputzaren gune laiotzak pil-pilean dantzut. Bihotza une laiotz hori sentitzeagatik, nire gogoa kartsua duzu. Gure arbasoen baserri laiotzak nola, halaxe antzeman dut Maixa Zugasti: norbanako bizia, adikorra, zentzuduna, goxoa.
Amiñi bat etsituta nago, liburu hau baita irakurtzen dudan Maixa Zugasti idazle tolosarraren lehendabizikoa. “Ez omen duk sekula berant”, aditu dut airean. Nork bere burua kontsolatzeko manera dukezu. Alta bada...
Hiru atal nagusitan zertua duzu ITZALA. Horietako bakoitzak zazpi zatitan emana. Zati bakoitza bi hitz kontrajarrien ildoan gauzatua, kontrakarreko bitasunean. Atal bakoitzean, eguneko sargia-kronologikoek idazlearen norakoan jartzen gaitu: I. Goiztiria-Egunsentia. II. Eguerdia-Arratsaldea). III. Arratsa-Ilunabarra.
Hiru irakurraldietan errenditu naiz, atal bakoitzeko ekinaldi bat. Ekinaldi bakoitzeko oldarraldiak suspertze aldiak izan dira niretzat. Nahitaez oldarkorrak, burua tente atxikitzekotan, burua argitu aldera. ITZALA ez baituzu literatura soila: “Itxurazko hitz engainagarriez osatua”. Liburu hau Maixa Zugastiren bizitza da. Zentzuz eta gardenki kontatua.
Segidako ele durduzatuak
Sargiako hitz horiek eginik ere, etsituta segitzen dut. Ez dakit nola jarraitu, ez dakit nola eraman Maixa Zugastiren ITZALA balizko irakurleengana, zuen itzaletara. Argia eman nahi nioke Itzalari. Ez zait samurra, ordea.
Halaxe duzu Zugasti Muñoa andere hori. Halaxe andere-gizonak, gazte eta helduak.
Idazleak berak bidaide eta gogaide dituen lagunen aipuak kontuan hartu ditut: idazle, musikari, margolari eta molde guztietako sortzaileen eleak. Alta bada, bere hitzak, etxekoenak eta auzokideenak hartu ditut batik bat aintzakotzat. Hitzak eta ekintzak.
Leihoan paraturik
Hegazti errariak pausatu dira leihoan argia eta itzala bereizten diren lekuan.
( J. S.). Poetaren berbak hartu ditut maileguz, Maixa Zugastiren hitzen peskizan.
I
Joana zarela uste eta / itzalpetzen nauzun itzal beltza / nitaz barrezka atzera zatoz / nire buruaren oinetara. (R. de C. / I. M. I.).
1. Argia / Itzala. Mekanika kuantikoa ulertzeko gai ez garenontzat, argia partikula eta uhin misteriotsua da. Horregatik edo, nekeza da, ezinezkoa, errealitatea den bezala ikustea. Margoek –koloreek– begien beharra dute, izaterik izango badute. Sukaldeko argi leunak sortzen ditu Maixaren eguneko lehen margoak, baita abaro den itzala sortu ere.
2. Osasuna / Gaixotasuna. Gizatasuna da gaixotasunaren eta sufrimenduaren eskola sakonena. Elkarrekiko kideak. Elkarren arduraduna dugu gizatasuna. Azken hogeita hiru urtetan, minez bizitzen ikasi du Maixa Zugastik. Oinazea onartzen bizi da. Ordea, bere gaixotasunak badu mina baino okerragoa dena: ezina. Ondorio guztiekin hautatua.
3. Baietza / Ezetza. Ezintasuna gailentzen denean, ezetza da nagusi: ukazioa. Herio begietara begira duela, baietz egiten dio buru-mugimenduz, lau urte zituenetik ezagutzen du itzal leial hori.
4. Hitza / Isiltasuna. Apaletik hartu du liburua, nekez hartu ere. Badaki gaur ezin izanen duela idatzi. Isiltasunean babestu du bere burua, maite du isilik egotea. Gaixotasunak erakutsi dio isiltasunaren ifrentzua, alderik ilunena.
5. Lana / Atsedena. Bere aita langile fina zen. Saiatu, egin, desegin eta berriz ere saiatzen zen emaitzarik ederrena lortu arte, maitasunez, egindako lana saiakera huts izan arren. Literaturak –Zugasti idazleak dioenez–, asko du artisautzatik, eskulanetik. Deskantsua hartzen jakin behar da, ordea. Berak aitortzen duenez, ez du jakin neurrian hartzen. Oinazeak ebatsi zion atsedena hartzeko gogoa.
6. Irakurketa / Idazketa. Lotsati, bakarti eta isila zen txikitan. Irakurketaren eta idazkeraren edertasunak harritu eta sorgindu zuen erabat. Hitzaren etimologia du maite, lur bat lantzen den moduan hitza lantzea. Hitzaren barnea lantzean eta sakontzean kausitu dezakegu idaztearen zoria. Poza. Alaitasuna.
7. Barrea / Negarra. Begiak itsasargi bihurtzen dituen olatua da alaitasuna. Begi-zuloak putzurik sakonenak bihurtzen dituen gaua da tristura.
II
Alde egina zarela uste eta / eguzkian ageri zatzaizkit / eta izarra zara ñirñirka / eta haizea zara ufaka. (R. de C. / I. M. I.).
Kanturik bada, zu kantari / negarrik bada, zu negarrez / Eta errekaren marmarra zu / eta gaua zu eta goiza. (R. de C. / I. M. I.).
1. Egina / Ezina. Lana gure gizartean muga da. Maixa Zugastik ere igaro du muga. Bere gaixotasunak aurpegi asko du, eta ustez, ikasi du guztiak izendatzen. Bi aurpegi gailendu zaizkio: oinazearena eta ezin-minarena. Oinazearen begirada krudela da. Ezinaren begirada, aldiz, isila. Laguntza onartzen ikasi du. Errukia onartzen ikasi ere bai.
2. Istorioak / Isiltasuna. Gure aitona-amonek ere argia behar zuten iluna nagusitzen zenean. Eta pozarren jasotzen zituzten sukaldean irratiaren ahotsak. Gero telebista heldu zen. Ongi etorriak biak ala biak. Berak, oroz gainetik, liburua aukeratu zuen. Isiltasunean, bakardadean hitzez betetako aterpea.
3. Barnea / Kanpoa. Leihoak goizero biltzen dio zerua. Gutxi irteten da. Leihoa beretzat kanpoan egotea da. Gela du habia, habian du gela. Habia husten ari zaiola erran diote etxekoek. Badago bere barnean denborarik ez duen tarte bat. Denborarik ez den lekuan ez dago oroiminik, diotse berak. Leihoa barnean duela bizi da. Etxea du aterpe.
4. Ziurtasuna / Beldurra. Beldurti da. Ikaratia. Irakurketan aurkitu zuen aterpea. Liburuen lurraldean ez dago izurik. Horixe diosku behin eta berriz. Itzal babesleen eskua du gidari. Gelako itzalek lana eta arnasa ematen dizkiote, irakurtzeak eta idazteak gelako itzaletan argia piztea.
Irakaspen: beldurra zirrikitu bat besterik ez da gure gogoan –oroitzapenen lurraldeetan, ahanzturetan–, tximeleta baten hegaldi ahulek eragindako lurrikara.
5. Haurra / Erraldoia. Literaturaren lurraldea amaiezina eta emankorra da. Haurraren etorria eta naturaltasuna nola. Erraldoia.
6. Liburuak / Hutsunea. Zugasti-Muñoa gurasoak ez ziren aberatsak, baina ez zioten liburu bat ukatu inoiz alabari. Ez da egundo damutu senak aginduta erosi dituen liburuekin. Liburutegietara joan ohi da aurkikuntza bila. Ondoren, itzal bihurtutakoak erosten ditu.
7. Edertasuna / Zatarkeria. Xoxo bat dabilkio gaur teilatuan. Iluntzeko isiltasunak, giroak eta haize baretu berriak lagundu diote kantua argi bihurtzen eta zabaltzen. Alta bada, txoriek ez dute edertasunik sortu nahi, beste helburu batzuk dituzte. Gaixotasunak ziurgabetasuna dakar berarekin, ordea. Berak ez luke edertasunak sortzen dion hunkidura sakona galdu nahi.
III
Orotan zaude eta oro zara / nigan eta niretzat zara bizi / eta ez nauzu inoiz utziko / beti itzalpetzen nauzun itzala. (R de C ./ I. M. I.).
1. Musika / Isiltasuna. Maixa Zugastiren etxean ez da hustasunik, airea bera doinua baita. A-rentzat (senarra, naski) eta semeentzat musika airea da, ukendua, zoriona eta bizia. Berak, maiz isiltasuna behar duen arren, ohitu da musikaz inguratuta bizitzen. Gaixotasunak baina zarata ekarri zion. Tarteka-marteka, tristurak isiltasuna ekartzen dio bere baitara. Egunaren soinu-banda sortzen ahalegintzen da. Ez du ekintza samurra, jakina.
2. Leuntasuna / Laztasuna. Leuntasuna gozotasunarekin lotu izan du beti, hots, samurtasunarekin. Amaren izebaren begietara begira ikasi zuen laztasuna leuntzen. Haren zimurrek lagun zioten haurren inguruan alai bizitzen. Adinak sorrarazitako kezkek eta inguruko heriotzek eragindako tristurekin akomeatzen.
3. Zu / Ni. Atzo erosketen eguna izan zuen. Makal jaiki zen, oso makal. Isiltasuna behar du halako egunetan. Isiltasuna aterpea du. Alta bada, atzo Juan Mari harakinaren itzala izan zuen lagun. Langile fina, adinekoei lehentasuna ematen die, baita gaixoei ere. Egun, berriz ere, isiltasuna zaio pentsamenduaren ataria. Etxeko itzalek ez dute hitz askoren beharrik. Irakurtzea maitatzea da, baita idaztea ere. Isiltasuna. Aterpea. Zu. Ni. Itzalak.
4. Sendagilea / Gaixoa. “Sendagile” hitzak zaintzen eta sendatzen duena izendatzen du. Begi-bistako da, gizarte gaixo batean bizi gara. Bizipen eta sentimendu ezatseginak patologia bihurtu ditugu, eta sendagaiez eta era guztietako terapiez arindu beharra dugu horren adierazle.
Irakaspen: irakurle lagun horrek, ez ahantzi, arteak –literaturak, kasurako– onura eta zoriona eskaintzen ditu.
5. Eguna / Gaua. Gaua heldu da, ilun-iluna. Egonezinak hartu du idazlearen gorputza. Gauak atseden gozoaren aterpea izan behar luke; ipuinen tenorea. Alta bada, oinazearen gauean ez dago abaro den ostaturik: izarpean dago gaixoa. Gogoko du itzal amultsuak sortzen duen ilunantza. Gau iluna argitzen duen poema. Poemen aterpea bilatu du hartara. Baga: Lectores ( L. G. M.) Biga: Sustraiak (C. M. / M. Z.). Hirugarren poema zuri bilatzea dagokizu irakurle.
6. Oraina / Geroa. Hondartza ez da mortua, zeruaren hareazko zorua baizik. Itsasoa ez da mortua, zeruaren urezko zorua baizik. Lerro amaigabea da zeru-ertzaren itxaropena.
Etorkizuna. Isiltasuna. Ezereza. Horratx hiru hitz. Hitz bitxienak Maixa Zugastirentzat.
7. Bizitza / Heriotza. Urte luzez, oso luzez, Zugastiren etxekoak ez dira zinemara itzuli. Maixak oinaze jasanezinez ikusi zuen azken filma. Luzearen luzaz, ahaztezina. Atzo, Wim Wendersen Perfet Day ikusi zuten. Film zoragarria bere ustez. Betileak minez dardarka izan zituen. Herio oso gertu. Berarentzat, ordea, bizitzan hilik bizitzea –saminean murgiltzea– argiari aitzi egitea da.
Post Scriptum
Rosalía de Castrok ongitxo zekienez: Gaixotasuna bizitza osoaz jabetzen saiatzen den itzala da.
Maixa Zugasti idazleak, berriz, hauxe gehitu du: Nor izango bada, itzalak argia behar du.
Nire aldetik, hauxe: Maixa, zuri, eskerrik anitz! Zure itzal guztiak izan ditut lagun, baita bihotz-bihotzez aritu ere, maitasunez. Edo saiatu bederen.
Iruzkin honen balizko irakurleei, berriz: zuen itzalei argi eman nahian jardun dut: Osasuna eta ekin!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: