Oroimenaren kolorea hitsa da, egungo koloretsuaren aldean.
Dokumentalaren sinopsia hauxe: “1985eko azaroan 26tik, Guardia Zibilak atxilotu ondoren, Mikel desagertuta dago. Bizirik aurkitzeko esperantza ahuldu ahala, Euskal Herriko kaleetan oihu hau aditzen da gero eta ozenago: non dago Mikel?”.
Miguel Angel Llamas eta Amaia Merinoren Non dago Mikel? dokumentala ikusi dugu Hendaiako Les Variétés zinetokian. Egileek honela aurkeztu dute filma: “Euskal Herria astindu zuen estatu krimen baten historia da”. Nire balorazioa berriz: herritarrok landu behar dugun oroimen historikorako ekarpen duina eta egokia.
Zinematografiari dagokionez burutapen batzuk. Bi hitz lanaren estetikaz. Oroimen historikoaren kontaketa osatzeko, errealitatearekin –gertatu zenarekin– zintzoa izateko egin beharreko lana izugarria da –ez naiz fikziozko lan batez ari. Iciar Bollainen Maixabel filmaz, adibiderako–. Non dago Mikel? filmean begi-bistakoa da nafar zinegile hauek egin duten artxibo eta errekuperazio lana –kasuon, ironikoki errana: galdutako objektuen berreskuratzea–. Hau da, filmaren estetika, nagusiki, iraganeko irudien ondorioa eta emaitza da. Horrek, berez, film “dotore” bat gauzatzea mugatzen du.
Mikel Zabalza sasoi honetan hil zuten hain justu ere, larrazkenean. Duela 35 urteko hiriko irudiek –Donostia, Intxaurrondo auzoa eta Endarlatsakoek, besteak beste– eta gaur egungoek –egungo Orbaitzeta eta Aezkoak orobat– eskaintzen duten kontrastea azpimarratu nahi dut. 1985eko autobusak, autoak edota trenak ikustean “eta uste genuen modernoak ginela” pentsatu dut. Erran nahi baitut: “Oroimenaren kolorea hitsa da egungo irudi koloretsuaren aldean”.
Dokumentalaren historiaren kutxa Mikelen ilobek zabaltzen dute. Mikeli gertatu zitzaionaz jakin beharrean, neskatilak etxeko bazter batean aurkitutako dokumentuen peskizan ari dira, prentsa-paperak eta eskutitzak dira, besteak beste. Etxean urte luzetan sekretua izan zena deskubritu nahi dute. Mikel Zabalza kasua isiltasunean bizi izan dute haren hurrengoek, etxekoek eta, oro har, heldu diren belaunaldiek. Anartean, ez da axolagabekeriarik izan, Mikel Zabalzaren familiak eta lagunek senperrenak egin baitzuten eta egin baitute krimen honen egiletasuna argitu ahal izateko.
Filmak hainbat burutapen jalgiarazi dizkit. Hona horietako batzuk:
– Dokumentalean jasotako testigantzak berealdikoak dira, bizipen latzen ondorengo lekukotasunak: Mikelen senitartekoenak –Garbiñe Garate amarenak eta Idoia Aierbe neska lagunarenak berebizikoak dira, hala ere, Ion Arretxe Gutierrezenak ezinbestekoak. Ion Arretxek berak idatzitako Intxaurrondo. La sombra del Nogal liburuan egin bezala, “torturaren eromena” ondo baino hobeto kontatzen du dokumentalean. Euskal Herrian –kasuon, Intxaurrondon– tortura ez da jarduera sistematiko soila izan, sistemaren –estatuaren– jarduera baizik. Konstituzioaren Lege Antiterroristak babestuta jarduera “naturala” izan baita. Arretxek guardia zibilen bizitokiez –Intxaurrondoko kuartelekoak– egiten dituen deskribapenak azal pikorrak eragiten ditu. Ikaragarriak dira. “Bizitokia” eta “tortura-gunea” esparru berak dira.
– Bere testigantzak funtsezkoak dira herritar askok –milaka dira kontabilizatuak– pairatu duten “torturaren kausa ulertzeko”. Arretxek dioenez, torturatuak izan diren asko ez ziren gatazka armatuaren alde batean ez bestean paratu, horiek ez zuten “heroi gisara” anparatuak izateko xantza. Ez zuten ez sostengu politiko sendorik ez babes moralik izan. Estatu baten indarrezko okupazioak eta honen kontrakarreko indarkeriak herritarrei zabaldutako espazio inpunea edo zigor gabekoa ikaragarria izan da. Telesforo Monzonen Itziarren semearen kantari buruz Arretxek esandakoak ondo baino hobeto adierazten du, estatuaren zapalketaren aurka sortu ziren balore okerrak. Tortura jasatea gutxi bailitzan, gainera, torturatuak kalabozoetan “herriko heroia”-ren modura portatua zela frogatu behar baitzuen.
Oroimen historikoa landu aldera, zenbait iradokizun:
Mikel Zabalzaren “bahiketa”-k iraun zuen hogei egunetan, orduko barne ministro Jose Barrionuevok EAJko diputatu Marcos Vizcayari Espainiako Kongresuan adierazitakoak oso ongi erakusten du estatuaren biolentziaren monopolioaren erabilpena: “Su señoría, lo hechos hay que circunscribirlos en dos realidades: la del estado de derecho y las de los que están contra el”. (Marcos Vizcaya jaunak, egitateak bi errealitatetara mugatu behar dira: zuzenbide-estatukoaren jarduera eta honen aurkakoena).
Estatuak biolentziaren monopolioa dauka eta tortura inpunitatez erabili du, baita instrumentu politiko “ordenatua” bezala erabili ere.
Gatazka armatu-odoltsuaren konfrontazio izugarriak ez du zirrikiturik utzi herritarren oinarrizko eskubideak bermatu ahal izateko. Jakina, horrek ez du justifikatu behar, demokrazia batek ziurtatu behar dituen eskubideak ez betetzea. Alabaina, esparru –eta nor gehiago izate horretan– indarkeriaren monopolioa duena beti ateratzen da garaile. Datu bat, esanguratsua, dokumental hau gauzatzen hasten dute ETAk borroka armatua behin betiko uzten duen urtean; 2011n. Duela hamar urte. Aurreko hogeita hamar urteetan giza eskubideez hitz egitea, edo kasurako, hau bezalako dokumental baten bidez tortura kasuak edo estatu-krimenak salatzea ezinezkoa izan zen.
Jose Barrionuevo barne-ministroak iragarri zuen legez, gatazkaren bilakabideak ez zuen uzten hirugarren bide bat zabaltzea. Beste alternatibarik ezean, gatazka politikoa areago gogortu zen, baita “suerte guztietako biktimak” eragin ere. Gatazka honen historia bizi duenak ulertu dezake hori. Ulertu nahi badu, noski.
Dokumental honen bukaerako irudiek “oroimen historikoa” sozializatzen lagundu diezagukete. Mikel Zabalza lurperatzerakoan, kameralarien begietan paratu ditugu gure begiak. Irudi horiek, edo antzekoak, urterik urte eta asterik aste errepikatu ziren Euskal Herriko hilerrietan. Irudi horiek beste hildako batzuren lagunen eta senitartekoen agurrak jasotzen zituzten.
Imajinatu dezagun Mikel Zabalzaren lekuan, esate baterako, Juan Mari Jauregiren gorpua. Baita imajinatu ere, haren emazte Maixabel eta alaba Mariaren begiradak ere. Haiek ere ulertu nahi dute gertatua. Ikusleok prest al gaude alde batekoen eta bestekoen minarekin enpatizatzeko? Enpatiarik al dago molde bateko nahiz besteko biktimekiko? Ba al dugu ahalmenik enpatia izan dadin?
Ohar (I): Mikel Zabalzaren eta honen biktimen kasuan diferentzia nabarmena dago, noski. Inork ez du Mikel Zabalzaren hilketa bere gain hartu. Gutxi-asko, denok jakitun gara estatu-krimena izan dela. Noski, biktima guztiak ez dira berdin tratatuta eta ezagututa izan orain arte. Minak min, “irabazi” dutenen aldeko biktimak eta “galdu” dutenen aldeko biktimak daude. Aburu hori, haatik, balorazio politiko baten ondorioa da. Izan ere, biktimak ez dira inoiz “irabazle”. Sistemako –estatuko– botere-gune eta estamentu batzuk izaten dira garaile.
Ohar (II): Filma ikusi osteko topaketan, dokumentalaren egileek eta Mikel Zabalza zenaren arreba batek parte hartu zuten. Haien hitzak oso egokiak begitandu zitzaizkidan. Ausartak eta gardenak.
Ohar (III): 25-30 urteko gazte batek aditzera eman zuenez, gatazka lazgarri honek bizipen gaitzak eragiteaz gain, berauek ezagutzea oso zaila da. Berarentzat, iraganeko gatazkaren ondorio latz eta ilunak ez dira ulergarriak. Gatazka bizi izan dugunok gertutakoa kontatu ezean –lanketa mingarria betiere–, “galtzaileak” betiko izanen dira “galtzaile”. Biktimak galtzaileak dira, baita biolentziaren “monopoliorik gabe” jardun dutenak ere.
Itauna: biolentziaren monopolioa daukan estatuko botereek izan ezik, nork nahi du gertatua errepikatzea?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: