Gizonek egina da emakumeen historia guztia (III. PARTEA)

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-05-28 06:24

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1748407454228

Bigarren Sexua I eta II

Egitateak eta mitoak / Bizi izandako esperientzia

Simone de Beauvoir

Irene Arrarats Lizeaga (Itzultzailea)

Giza historiaren gaineko materialismo historikoaren ikuspegia

Hainbat filosoforen –gizonezkoren– ikuspegien ildoan jarraitzen dugu: gizadia errealitate historiko bat da, ez animalia-espezie bat. Gizartea jabetu da Naturaz. Haatik, emakumea ezin da hartu organismo sexual huts gisara. Gizakien historian, datuek esanahi desberdina adierazten dute egoera ekonomikoen eta sozialen arabera. Datuak datu, honatx batto: gorputz biluzi batek –emakumearenak– ez du sekula erabakitzen nola helduko dion bizitzari. Aldiz, gizona beti agertzen da armatua. Teknikak ezabatu egiten du gizona, eta emakumea bereizten.
   Modernitatearen hastapenean, makina moderno asko erabiltzeko ez zen gizonen ahalmen indartsu apartekorik behar izan. Gutxieneko ahalmen behar izan zenez gero, emakumea gizonaren pareko bihurtu zen lanerako. Gizonaren gaitasuna ez zen emakumearen gaitasuna baino gehiago hartara.
   Ostera, emakumearen porrot historiko itzela izan zen. Emakumea areago zapaldua izan zen, gizona are erregego eta burujabeago bilakatuz. Beraz, emakumea sufritzen duen zapalkuntza soziala, zapalkuntza ekonomikoaren ondorioa da. Berdintasuna berrezartzeko ezinbestekoa da bi sexuek juridikoki eskubide berak izatea. Emakumeak emantzipatzeko industria publikoan sartu behar izan dute, sartu dira, neurri sozial hain batean parte hartzeko.
   Besteak beste, hauxe kontua, beste kontu bat: emakumearen zoria eta sozialismoarena estu loturik al daude? Bai ote? Praxian erran nahi dugu. Emakumea eta proletarioa, biak ala biak, dira zapalduak. Alta bada, Engelsek berak –Karl Marxen kide hark– hauxe adierazi zuen: “Oraingoz, ez dakigu ezer”.
   Alegia, materialismo historikoak datu batzuk eman ezik, ez zituen emakumearen zapalkuntzaz edo mendekotasunaz deus apartekorik ekarri, ez bada hauxe adierazi izana: interesak lotzen dituela gizonak eta jabetzak. Azalpena axalekoa izan zen, eta argitara emandako egiak: kontingenteak.
   Materialismo historikoak ezin zion emakumeek zuten arazoei irtenbiderik eman, arazo horiek gizakiari bere osoan zagozkiolako, eta ez homo aeconimicus deritzan abstrakzio horri. Lanaren ikasbidea ez dagokio subjektu pasibo bati. Subjektuak bere burua landu eta konkistatu behar du, bere tresnak landuz eta lurra konkistatuz.
   Ulertzekoa da nolako interesa duen gizonak bere jabetzaren aldean paratzeko. Jabetza pribatutik ezin deduzitua da emakumearen zapalkuntza. Gihar-ahultasunak ez zuen ekarri gutxiagotasun konkretu bat, harik eta brontzezko eta burdinazko aroan lanabesak eta tresnak erabiltzen hasi ziren arte. Emakumearen proiektuan ez da aski azaldu zergatik izan den zapaldua: sexuen araberako lan-banaketa izan zitekeen adiskidantzazko elkarte bat. Ez zen izan, ordea.
    Harri Aroan, lurra klaneko kide guztiena zenean, gizona ehizan eta arrantzan aritzen zen, emakumea, berriz, sutondoan geratzen zen. Etxeko eginkizunak lan produktiboak ere baziren, ordea. Gizona beste gizon batzuen zerbitzuez baliatzen hasi zen, haiek esklabo bihurturik. Esklaboen eta lurren jabe bihurturik, emakumearen jabe ere bihurtu zen. Jabetza pribatua sortuz.
    Kontzientzian ez balego Bestearen kategoria jatorrizkoa, ez litzateke Bestea menderatzeko nahikari jatorrizkoa: brontzeko tresnak sortu izanak ez zukeen ekarriko emakumearen zapalkuntza.
    Engelsen arabera, klase-gatazka hutsa da sexuen oposizioa. Hala idatzi zuen. Beauvoirrek baina ez zituen haren hitzetan ziurtasun handirik ikusi. Filosofo haren erranak ez zuen nondik heldu, ez zuen heldulekurik. Fede txarra izan ezean, emakumea ezin da hartu langile soiltzat. Haren produkzio-gaitasuna bezain garrantzikoa da haren ugaltze-funtzioa, bai gizarte-ekonomian bai norbanakoaren bizitzan.
    Hala berean, familia ezeztatzea ez da ezinbestean emakumea askatzea. Alemaniaren naziek hauxe erakutsi zuten: estatuari lotua egoteak ez du esan nahi gizonek gutxiago zapaltzen dutela emakumea. Soldadu baten eta emakume baten zerbitzua ezin dira parekatu. Haurrak ekartzeak haustura handiagoa eragiten baitu haren bizitzan.
    Praxiak erakutsi duenez, materialismo arrazionalista alfer-alferrik saiatu da ez ikusiarena egiten. Emakumea "zuzenean" ezin behartu denez erditzera, irtenbide bakarra, amatasun garaian, giltzapetzea da. Legeek edota ohiturek ezkontzera behartzen dute, kontrazepziorako neurriak eta abortuak debekatuak. Dibortzioa galarazia.
    Emakumea, ohaidea eta ugaltzailea da, objektu erotikoa: Bestea. Gizona haren bitartez dabil bere buruaren bila. Badira klaseak, bai, baina banakoak
–norbanakoak– ezeztatzen ez dituen sozialismo demokratiko batentzat, bere garrantzi guztia atxikiko du banakoaren patuaren auziak, sexu-diferentziazioak bere garrantzi guztia atxikiko du.
    Berriro ere, praxiak erakutsia aintzat hartu behar dugu –Beauvoirren ildoan ari gara, noski–: ezinbestekoa da materialismo historikotik harago joatea. Freuden monismo sexuala eta Engelsen monismo ekonomikoa arbuiatu beharra daude. Gogora dezagun, Freuden hitzetan, izateduna gorputz bat da. Horrek ematen dio balioa freudismoari.
    Sexualitatea eta teknika ez dira aski ezer azaltzeko, ez bada guztiz txertatzen errealitatean. Superegoak jarritako debekuak kontingenteak dira, baita egoaren pultsioak legetxe agertuta ere. Gorputza dela bizitza sexuala dela, teknikak ez dira konkretuki existitzen gizonarentzat, bere existentziaren ikuspegi osoan ulertzen dituen neurrian baino.

Historiaren ildo batzuetan barrena

Munduaren biribiltasuna aintzat hartzera, laranja baten antzera hartzera, giza-historia atalez osatuta dago. Hizkuntz-atala funtsezkoa da gizakiarenean. Hizkuntzak, euskarak kasu, ondo baino hobeto erakusten digu hori: mundua beti izan da gizasemeena: giza, gizakia, gizasemea, gizona... –horixe nire aburua–.
   Historiaren barrena goaz, Beauvoirren eskutik joan ere. Eskutik edo ildotik joateak ez du harenarekin zertan bat egin beharrik, ez beti, ez ez guztiz behintzat. Haatik, ikaspenok sano dira lagungarriak.
   Sexuen hierarkia nola ezarri zen ulertzeko, historiaurreko eta etnografiako datuak filosofia existentzialistaren argitan aztertzea baitezpadakoa da; edo komenigarria, behinik behin: gizonak emakumea menderatu nahi izatea “ulergarria” da, baina “zer pribilegiok eman dio nahi hori betetzeko bidea?” galdetzea ezinbestekoa da.
   Zenbat eta informazio gehiago eta sistematikotasun gutxiago, orduan eta kontraesan gehiago. Historiak erakutsi duenez, emakume asko nahiko indartsuak eta gogorrak izan arren, hala izanik ere, gizonek indar fisikoaren abantaila izan zuten. Anartean, jakina hori ere, ugaltzearen morrontza oztopo izugarria izan zitzaion emakumeari. Behin eta berriz haurrak izateak kendu zizkion indarrik handienak eta denbora gehiena. Zaila izan zitzaion munduratzen zituen haurren bizialdia ziurtatzea.
    Pentsa dezagun zein latzak izan ziren giza-espeziaren hastapenak: herri biltzaile, ehiztari eta arrantzalea. Emakumeari "ugalmen absurdoa" traba egin zitzaion, modu aktiboan baliabide gehiago lortzen parte hartu ahal izateko. Ezinbestekoa izan zen espezia iraunarazteko, alabaina, bere amatasuna oparoegia izan zen, larriki oparoa. Gizonak, anartean, ugalketaren eta produkzioaren arteko oreka bermatu zuen.
   Ororen buru eta azken buruan, produkzioaren eta ugalketaren arteko oreka lortu zirenez gero, emakumearen rola halaxe finkatu zen. Emakumearen sakrifizioak ez dira aintzat hartu horregatik. Emakumea ez da maila gorago batean jarri horregatik, gizona bai ordea. Edo maila berean. Zergatia? Galdera ere hauxe: zergatik ez du lortu?
   Erantzun borobilik ezean, honatx aburu zenbait: gizadia ez da natur-espezie soil bat, haren xedea ez da espezieak irautea, ez da bertan goxo egitea; bere burua gainditzera jotzen du. Horda primitiboei ez zitzaizkien axola izan ondorengoak.
   Konstatazioa edota ondorioa: gaur egungo hordei ere ez.
   Emakumearentzat seme-alabak zama ziren, ez aberastasuna. Gizonarentzat ere ez. Infantizidioak zeregin arruntak ziren. Milurtekoak behar izan ziren haurrari balio handiagoa emateko. Sortzearen harrotasuna geroago zabalduz joan zen, mendetik mendera.
   Gizonaren kasua guztiz da bestelakoa, erle langileez bestera –espezie hori salbu–, gizonak ez du elikatzen taldea bizi-prozesu huts baten bitartez, beraren aberetasuna gainditzen duten ekintza batzuen bitartez baizik. Adibide baterako: Homo faber delakoa, asmatzailea da.
    Gizonaren jardueren beste alderdi bat, duintasun gailena ematen diona, arriskua da. Historian frankotan ageri izan da: odolak, janaria besterik ez balitz, ez luke balioko esneak baino gehiago. Gizona ez zen izan, ez da harakin bat, ordea. Arriskuan ibiltzen zen, ibili da, basapiztien kontrako borrokan.
    Biologian –ikusi izan dugu arestian–, berritik sortuz baino ez du irauten espezieak, baina sortze hori Biziaren beraren errepikapen hutsa da, forma ezberdinetan mamitua. Existentziari esker Bizia transzenditzen bermatzen du gizonak Biziaren errepikapena. Emakumeak gizonarekin bat egiten du arrakasta eta garaipenak ospatzeko festan. Festa hori emakumearen zorigaitza da, ordea; Bizia errepikatzera kondenatua baitago biologikoki, nahiz eta haren begietan, Biziak bere baitan ez ditu izateko arrazoiak, eta arrazoi horiek garrantzizkoagoak diren Bizia bera baino.
    Hegelen ildoan hauxe diosku Beauvoirrek: nagusien eta esklaboen artekoa –biko horren harremana ulertzera– ondo egokitzen zaio gizonaren eta emakumearen harremanari. Nagusiaren pribilegioaren iturburua bere bizia arriskatzea da. Espiritua berresten du Biziaren kontra. Egiaz, esklabo garaituak ere beste hainbeste arriskatu du. Emakumeak, berriz, Bizia ematen du baina bere Bizia arriskatzen ez duen izateduna da. Gizasemearen eta emakumearen artean ez da borrokarik sekula izan.
    Hegelen aburua ongi egokitzen bide zaio emakumeari: BesteaKontzientzia hain zuzen ere– kontzientzia mendekoa da, zeinarentzat errealitate esentziala abere-bizia baita, entitate arrotz batek emaniko izatea. Horra, Beauvoirren feminismo existentzialistaren funtsa: izate esentziala eta izate existentzialaren arteko dileme edo disyuntiva.
    Dilema, aukera edo alternatiben artean, gizonek bereizkuntza hori hautatu edo asmatu dute. Beren pribilegio maskulinoei eutsi nahian, esparru femenino bat asmatu nahi izan dute, biziaren, immanentziaren erreinua, emakumea hartan giltzapetu ahal izateko. Sexu-espezifikazio guztiez harago, izatedunak transzendentziaren mugimenduan aurkitu nahi du bere justifikazioa.
    Emakumeen sumisioa bera da horren froga. Emea, espeziaren gatibu da, arra baino gehiago. Gizadia beti saiatu izan da bere destino espezifikoari ihes egiten. Gizadiak bere izatea auzitan jarri duenean, hau da, bizitzeko arrazoiak nahiago dituenez Bizia bera baino, gizona nagusi gisa gailendu zaio emakumeari. Gizonaren proiektua ez da denboran errepikatzea, baizik eta instantaren erregea izanik geroa lantzea.
    Jarduera maskulinoak Natura eta Emakumea mendean hartu ditu. Zer toki ematen dio gizadiak Bestetzat jo duen bere parte horri? Zer eskubide onartu dizkio? Nola definitu dute gizonek emakumea?

Historia, mitologia eta erlijioa

Emakumeen patua latza izan da Horda primitiboetatik. Hala ere, gizonen nagusitasuna orduan izan omen zen arinena. Erregimen paternalista tarteko iritsi bide zen umiliazioa. Emakumeak itzal handia izan zuen nekazaritza-komunitatean, lurra lantzea ardatz zuen zibilizazioan; haurrek bestelako garrantzia hartu baitzuten. Emakumeak funtsezko eginkizuna haurrak ekartzea izan zen, seme-alabak amaren klanekoak izaki.
    Komunitate nomadetan haurrak izatea akzidentea zen, antza. Lurraren aberastasunik ez izatearen ez ezagutzearen eraginez. Nekazariak, halaz ere, amaren sabelaren emankortasunaren misterioa miretsi egin izan du. Miretsi egiten al du gaur egun? Gizabanakoaren eboluzioa ikusirik zaila miresmen hori baieztatzea.
    Klana iraunarazteko bitartekoa izaki, soroen emankortasunak iraunarazi zituen gizonak. Hartara, gizona, gutxi-asko, ohartzen da baliagarri zaizkiola koitoa eta lurra bezatzeko teknikak. Amatasunak existentzia sedentarioa ekartzen dio emakumeari, naturala da etxean egotea. Gizonarentzat, berriz, naturala da ehizan, arrantzan, gerran ibiltzea.

Gizonak, bere burua pentsatzeko, ezinbestekoa du Bestea pentsatzea. Dualtasun moduan antzeman du mundua. Dualtasun horrek hasieran ez zeukan sexu-kutsurik. Emakumea, halaz ere, Bestea kategorian ezarria da. Bere burua Norbera gisa agertzen duen gizonaren desberdina denez gero.
    Emakumea Bestetasunean bildua da hasieran. Emakumea ez zen Bestea berak bakarrik hezurmamitzeko bezain garrantzitsua. Baina azpizatiketa bat egin zen Bestearen bihotzean. Emakumearen rola areagotu zenean, ia erabat hartu zuen Bestearen eremua.
    Mitologian emakumea zeruko erregina da, uso batek irudikatua. Jainkosa handia. Ama handia. Antzina-antzinako garai haiek ez digute inolako literaturarik laga. Medea eta Niobe pertsonaiak salbuespenak dira.
    Datuak datu, mitologian betiere, emakumeen erreinua egiazkoa izan zela dirudi. Lurra, Ama, Jainkosa… Ez da parekorik izan gizonarentzat. Honatx maxima bat: “Matriarkatutik patriarkaturako pausoa emakumezkoen porrot historiko itzela izan zen”. Tira, har dezagun hipotesitzat.
    Emakumea Bestea absolututzat hartzen denean –haren magia dela tarteko–, ezinezkoa da hari beste subjektu bati bezala begiratzea. Alegia, emakumeak ez dira izan bere buruarentzat agerturiko talde bereizi bat. Emakumea, izatekotan, bere leinuaren sinboloa da. Eskubideen bitartekari, ez eskubideduna.
    Sexu-askatasun handia duten gizataldeetan ere, komeni da haurra mundura ekartzen duen emakumea ezkondua izatea. Ez du lortzen bere haurrarekin talde autonomo bat osatzea. Horregatik gizarte guztiek molde patriarkal batera jo izan dute: gizonak sekula ez dio uko egin bere botereari, ez eta naturaren eta emakumearen misterioak ikusita bere burua nahasirik sentitzen duenean ere.
    Emakumearen magia-arriskutsuaren beldurrez emakumea esentzialtzat jotzen duenean ere, gizonak belauniko jartzen dira Bestearen aurrean, Jainkosa Ama gurtzen dute, baina Jainkosa Amaren ahaltsu-irudia gorabehera, gizonen kontzientziak sorturiko bitartekoa da subjektu hura, beno, ez da Subjektua: Bestea da. Emakumea da, hautemana da.
   Idoloak idolo, gizonak asmatuak, haren mende daude egiatan, horregatik deuseztatu hala sortu izan dira. Gizona transzendentzia gisa mamitzen da, proiektu gisa, baita emana zaion zerbaiten moduan hautematen baldin badu ere bere burua; espiritua eta borondatea berresten dira gizonarengan pasibo moduan.
    Anartean, gizonak ez du baliabide-praktikorik Emakumea-Lurra guztiz menderatzeko, ez da ausartzen haren aurka altxatzeko. Ezkontzaren bitartez eskuratzen du helduaren duintasuna, eta haren bitartez jasotzen du munduaren zati bat, herentzia gisa. Amaren aldetik, klanarekin lotua dago.
   Gizonak bera ez den hori eduki nahi du. Emazteak ez du zertan senarraren mana-n partaide izan. Poliki-poliki, gizonak bere esperientzia mediatizatu egin du, eta printzipio maskulinoa nagusitzen da; bai haren errepresentazioetan eta bai haren existentzia praktikoan.
   Emakumearen debaluazioa gizadiaren historian aro ezinbesteko bat da: prestigioa ez zetorkion bere balio positibotik, baizik gizonaren ahuleziatik. Emakumeak hezurmamitzen zituen naturaren misterio arte-garriak. Naturatik askatzen denean ekiten dio gizonak emakumearen eraginpean egoteari.
    Gizonak desafioa egiten die kideei, eta bere garaipenez harrotu, eta nahi ez duen errekituetarako tarteren bat uzten du; azkoz ere garrantzizkoagoak iruditzen zaizkio teknika zehatzak. Zenbat dezakeen ikasten du gizonak.
    Emakumearen erlijioa lotuta zegoen nekazaritzaren erreinuarekin, iraupen erreduziezinaren, kontingentearen, zoriaren, itxaronaldiaren, misterioaren erreinuarekin.
    Homo faberena, berriz, espazioa bezala mendera daitekeen denboraren erreinua da: beharrenarena, proiektuarena, ekintzarena, arrazoiarena. Patriarkatuaren garaipena ez zen izan, ez zoriaren ondorioa ez iraultza bortitz baten emaitza. Gizadiaren hastapenetik gizonek modua izan dute, bere abantaila biologikoari esker, subjektu subirano bakar gisa berresteko beren burua. Ez diote pribilegio horri uko egin sekula.
    Gizonak Naturan eta Emakumerengan alienatu du beren existentzia, baina gero, ostera, Emakumea Bestearen rola jokatzera kondenatu du. Emakumeak ez ditu inoiz aukeratu ez “bere” zortea ez “bere” zoria.
    Gizonek sortu dituzte jainkoak, eta emakumeek, berriz, gurtu. Emakumea bere ugalkortasunagatik gurtua, izaki beldurgarria izanik, gizonaz Bestea izanik, Bestearen jite aztoragarriz betea –emakumeak mendean bazuen gizona nolabait ere–, emakumeak gizonaren mendean bide egin zuen aldi berean. Emakumearentzat, de facto, bazegoen nagusiaren eta esklaboaren erreprozitate-harremana, eta halaxe egin zion ihes esklabotasunari.
    Esklaboa ez du ezein tabuk babesten, gizaki menderatu bat besterik ez da; ez da ezberdina, azpikoa baizik. Gizona gero eta boteretsuagoa bihurturik gero eta beherago erortzen da emakumea. Hala, lurraren jabea bilakatzen denean, gizonak emakumearen jabetza aldarrikatzen du. Lehen manak hartua zegoen gizona, Lurrak hartua, orain, arima bat du, lur batzuk.
     Bestalde, gizonek sorturiko irudietan, borroka bortitz baten ondorioa da konkista hori. Gizakia bere mitologia eta legeak idazteraino goratu zen garaian, patriarkatua ezarria zen behin betiko. Kodeak landu zituzten. Naturala da gizonak bere azpian jartzea emakumea. Gizonarentzat naturala, bistan da.
    Emakumearen zapalkuntza organizatzen dutenean, haren beldur dira legegileak. Haren bertute anbibalenteetan, alderdi makurra ikusten dute batez ere. Emakumea, sakratua izateari utziz, lohi bihurtzen da.
    Pitagorasek errana gogora dezagun berriz ere: printzipio on batek argia eta gizona sortu zituen. Txar batek, berriz, kaosa, ilunpea eta emakumea.
     Horra!
     Gizakiaren beharra du Ongiak, materiaren beharra Ideiak, eta gauaren beharra Argiak. Gizonak badaki bere desirak betetzeko, bere existentzia iraunarazteko, ezinbestekoa duela emakumea. Natura utzi eta Gizartean sartu beharra dauka.
     Bestearen, Emakumearen anbibalentzia hori argiro ikusten da haren historian, eta haren bilakabidean. Emakumea, orain arte, esanekoa izan zaio gizonen borondateari. Borondate anbiguoa izaki, noski. Gizonen jarrera eboluzionatuz joango da mendez mende, eta horrek eboluzioa ekarri dio emakumearen destinoari ere.

Atalaz atal, matazarik mataza

Emakumearen kondizioaren eboluzioa ez da etenik gabekoa izan. Zuzenbide erromatarraren ostean, kristautasuna eta gero, barbaroen legea tarteko, egoera ekonomiko sozial politikoa hankaz gora jarri zenean, emakumea beti petxero izan da. Senarraren menekoa izaki, ideologia kristauak emakumea zapaltzen “lagundu” zuen; jakina dugu hori ere. San Paulo tarteko, tradizio judua berretsi zen bortizki izate feministaren aurka. San Anbrosiok halaxe adierazi zuen: “Evak eraman zuen Adam bekatura”.
    Gizona da emakumearen burua, Kristo gizonen burua denez gero. Enperadoreek ez zuten Elizako aiten eraginaren erdia izan. Halaz ere, Senatus consultum velleianuma aldatu egin zen. Emakumeak modua izan zuen bitartekari izateko besteen alde, baina kontraturik gabe, senarraren izenean betiere.
   
Emakumea guztiz ahalgabea da, bakean nahiz gerran. Emakumea bat dator senarraren destinoarekin, harekin bizi harekin hil. Erdi Arora arte iraun zuen. Klovis I.aren garaian, (Klovis edo Klodoviko I.a –Tournai, 465–Paris, 511–; frankoen erregea 481-511 bitartean) mundiuma bizi guztirako esleitu zitzaion emakumeari. Iraina zen emakume bati frogarik gabe “prostituta” deitzea. Legeak babesa eman zion emakumeari, alabaina, gizonaren jabetza eta haren haurren ama zen heinean.
   Emakumeak ez zuen inolako eskubiderik, alta bada, estatua indartu zenerako hasi zen Erroman ikusi genuen bilakaera: ezgaien, haurren eta emakumeen tutoretza ardura publiko bihurtu zen, familia-eskubide bat izateri utzirik.   
    Mundium: Mundu bat (mundium-ean edo mundeburdium-ean latinez) Antzinako eta Goi Erdi Aroko herri germaniarren zuzenbidean.

Goi Erdi Aroko garai nahasien hondarrean, feudalismoa antolatu zenean, emakumearen kondizioa ziur gabea zen arrunt. Legelariek halaxe errana: “Feudo bat zerbitzu militarra egitearen truke edukitzen zen lurra da”. Emakumeak ezin zuen lur feudalik eduki, ez baitzen gai hura defendatzeko.
   Jabetza eskualdatzeko tresna bihurtu zen emakumea, hala ere. Ez haren edukitzailea, ordea. Lurrak ez ziren, gens erromatarren garaian ziren bezala. Emakume oinordeko bat, lur bat eta gaztelu bat zen. Harekin ezkondu nahi zutenak harrapakin horren bila lehiatzen ziren. Neska gazterik izaki, eta ez ezkondurik.
    Emakume alargunak beste nagusi bat onartu behar zuen berehala: “Aurkitu nire senar ahaltsua zeren eta nire lurra defendatu behar baitut”, ziokeen.

XII. mendera joanez, Mediterraneoa eta Nafarroa aipatzen ditu Simone de Beauvoirrek: Lantzelot eta Ginebraren erromantzea. Amodioa, zentzu modernoan agertu zen. Maitasuna antzinaroan ez zen ematen gizarte ofizialetik kanpo baino. Gortetasunak ez zuen askorik aldatu emakumearen patua. Garai feudalaren amaieran, bestelako kasu batzuen ondorioz, emakumeak aurrera egin zuen pixkatxo bat. Anartean, antza, ez zegoen arrazoirik bi sexuak berdin tratatzeko.
   Frantziak onartu zuen “neska batek gizon batek adina” balio zuela. Emakumea ez zen ezgaitzat joa izango harrezkero. Joana Arkekoaren aurretik ere baziren emakume soldaduak, halere. Dontzeilak harritu egiten zuen, ez eskandalizatu horregatik.
   Haatik, hainbat faktoreek egin zuten emakumearen independentziaren kontra. Mendekotasun femeninoa baliagarria zitzaion gizarteari emakumea ezkondua bazen. Ezkontza egina baldin bada –Beauvoirrek dioenez– bataren eta bestearen ondasunak komunak dira ezkontzaren kariaz, eta emakumea haren tutoretzapekoa.
   Feudalismoaren garaitik hona, emakume ezkondua jabetza pribatuari sakrifikatu zaio, berariaz. Honatx bere destinoaren seinalea: senarraren ondasunak are handiagoak izan eta emakumearen mendekotasuna areago zorrotza.
   Erdi Aroko fartsa eta alegietan, eskulangilez, merkatari txikiz, nekazariaz osaturiko gizarte bat ageri da: senarra emaztearen aldeko Ez beste pribilegiotzat jotzen du. Emakumea aberatsak, aldiz, mendeko izatea du lanik ez egitearen ordaina. Emakumeak bazituen oraindik pribilegio batzuk, beraz.
   Hala eta guztiz ere, emakumeen kondizio makurretan aurkitu ditugu egoera zuzenbidezkoak deituak direnak. Emakumeei debekatu zitzaizkien “gizon-lanbide” guztiak. Ondasunak aitarenak kontsideratzen ziren, eta ez amarenak. Emakumeak “eman” egiten zizkion senarrari, haren autoritatea txit handia baitzen. Emakumearen estatusak hala segitu zuen Antzinako Erregimenera arte.
    Beauvoirrek historiako filosofoen hariak aintzat hartu ditugu –erlijiosoak nahi laikoak– eta hauxek ehundu:
    – Herrialde haietan guztietan, “emakume zintzoa” familiaren zerbitzari izatearen ondorioetako bat zen. “Prostituta” moduko bat.
    – Alabaina, eta hala berean, “kendu prostitutak eta libertainkeriaz lohituko duzue gizartea” zioten autoritateek.
    – Monogamiaren aldarean eginiko sakrifizioak dira prostitutak. “Biziorik okerrena izanik, beraiek dira bertutearen zaintzailerik onenak”.

Horra “emakume zintzoa-"ren askatasun bidea. Prostituta asko libreak ziren. Aukera hobeak eman zizkion indibidualismo femeninoari: “Emakume zintzoa"-ren bizimodu baino hobeago zuten. Emakumearen askapena negatiboa den heinean, negatibotasuna da haien patua. Erdi Aroko gizonen iritzia ez zen, inolaz ez, emakumearen aldekoa.
    Bestalde, hainbat hariren ariora honatx hauexek ere: zergatik sortu du Jainkoak emakumea, ezin uztartukoak badira ezkontza eta apaiztasuna? Eliza anbiguoa zen ezkontzaren inguruan eta Luterok konpondu zuen auzia. Apaizen zelibatua arbuiatuz. Dena den, disputa hura bigarren mailako fenomeno bat izan bide zen, gizartearen jarrera eta harrera islatu zituen, baina ez aldatu.
    Labur-zurrean: emakumearen lege-egoera apenas aldatu zen XV. mendearen hasieratik XIX. mendera bitartean. Klase pribilegiatuetan, ordea, moldatuz joan zen haren kondizio konkretua.
    Literatoen harian bi pasarte:
    – Dante eta Shakespeareren garaian, emakumeen elite batek soilik izan du kultura, masak ez.
    – Virginia Woolferen garaian, Gela bat norberarena delakoan, Simon de Beauvoirren arrebaren destinoa ageri da.   
    Italiatik iritsi doktrina platonikoek espiritualizatu zituzten maitasuna eta emakumea.

    Dramak eta antzerkiak:
    Antzerki-dramak argiki eta azkarki zabaldu ziren. Zuzenbide ororen aurka agertu izan ziren. Berdintasun naturala nahieran bortxatua zenez, gizonaren tiraniak jaiotzetik libertatea kendu ziola emakumeari agertu zuten.
    Ez zuten sexuen berdintasuna eskatzen, baina emakumea errespetuz tratatzea nahi zuten.
    Ikaspena: emakumearena gai agorrezina da.

Frantziar Iraultzaren harian eta ariora

Honatx Descartesen eragin ezkorra: “Emakumeek ez dute sekulan aukerarik izan, ez askatasunik, ez heziketarik. Ezerk ez du adierazten gizona baino gutxiago direnik”.
    Itxura batez, esaldia, Beauvoirren pentsamenduarekin bat datorrela pentsatu behar genuke. Feminista existentzialistaren ustez, ordea, Descartesek ez du emakumearen izatea aintzat hartzen edo den modukotzat jotzen.  
    Rousseauk errana: “Emakumearen heziketa guztiak gizonen ingurukoa izan behar du. Gizonari amore emateko sortua da emakumea, eta haren bidegabekeriak eramateko”.
    Montesquieuk, berriz: “Arrazoiaren eta naturaren kontra da emakumeak ugazabandreak izatea etxean. Ez da arrazoiaren eta naturaren kontrakoa inperio bat goberna dezaten. Alabaina, zenbat eta legeek azpiratuago izan, orduan eta arriskutsuagoa emakumeen boterea”.
    Balzacek, burgesiaren bozeramaleak: “Emakume ezkondua esklaboa da, bere tronuan jartzen jakin behar du”. Antifeminismoa indarberritu zuen Honoré de Balzacek.
    Horra!
    Honatx garaiko filosofiaren perla bat emakumearen arima deskribatzean: “Emakumea, espresuki gizonarentzat sortua izanik, ez da gizona baino gehiago izanen mundua bururatzean, emakumeak ez baitu sortzetiko xedea bete-betean, haren arima ez baita baitezpada hilezkorra”.

Iraultzaren Berrezarkuntzak dibortzioa abolitu zuen 1848an. Familia zen, zelula sozial banaezin hori, gizartearen mikrokosmosa. Emakumea haurrarentzat zer den, horixe da gizona emakumearentzat. Ministroa agindupekoarentzat zer den, horixe da boterea ministroarentzat. Hots, sistema positibistaren arabera, emakumea berdin-berdin geratzen da familian giltzapeturik. Dibortzia debekatu zaio, eta desiragarri ere izango litzateke haren alarguntasuna betiko izatea.
    Sozialismo orok emakumearen askapena lagundu du, familiatik erauzi duen heinean.
    Iraultzak emakumearen patua aldatu zezakeen, edo hala espero, baina ez zuen
–emakumearen destinoren ildoan– hori lortu. Iraultza burgesa izan zen. Independentziarik handiena emakumeetan, langile-klaseetan, Antzinako Erregimenean eman zen. Arlo ekonomikoan jasan zuten zapalkuntza, ez sexualean, edo ez hainbeste. Emakumea errespetatua zen.
    Laburbilduz: Iraultzaren hondarrean, emakumeak askatasun anarkiko bat izan zuen. Emakume ezkongabeak ahalmen zibil guztiak zituen. Ezkontzak, baina, mundiumari eusten zion, hots, senarrari obedientzia zor zion. 
    Beauvoirrek honela akitzen du. “Noiz utzi zaie emakumeei beren sexuari uko egiten?"
    Ikaspena: naturak emakumeari esan dio "izan zaitez emakume!" betidanik.

Frantziar Iraultzaren ostean

Atzera begiratu bat eginez gero, Antzinako Greziatik abiaturik –Platon, Aristoteles...– emakumearen destinoa berdin samar ageri da, orduan eta modernitatean ere bai.
    Proudhonek –nekazari jatorrikoa– bortitz erantzun zuen mistizismo sain-simondarraren kontra, baina jabetza txikiaren alde segitu zuen: “Emakumea, etxekoandrea edo kortesana da”.
    Eztabaida horiek guztiek ez zuten eragin handirik izan gertaeretan: haien erakusgarri zalantzatiak baino ez iziren izan. Hots, Iraultza garaian eta gero ere bai, iraultza industrialaren garaian, langileek eta emakumeek badute zerbait elkarrekin: biak ala biak daude zapalduta.
    Engelsen iritzian, emakumearen patua estuki lotua dago jabetza pribatuaren historiarekin. Halaz ere, XIX. mendean, emakumea lotsagarrikoago zapalduta dago beste sexuaren langileak baino.
    Ugazaben nahia eta egina: “Lan hobea egin eta gutxiago kobratu”.
    Horra patua. Luxuzko zama aberea da. Emakumeek soldatak onartu behar izan zituzten inertziaz. Apalagoak, noski. Zuribide bat: premia gutxiago dute. Gainera, zoritxarreko zorigaiztozago: emakumeek ez zuten beren burua defendatzen jakin elkarrekin, konkurrentzia egin zioten elkarri.
    XX. mendeko bi mundu gerra artean: soldata apalagoak onartzen zituztenez, enpresariek gogo onez hartu zituzten eta, maluruski, gizon langileek kontra egin zieten.

Honatx galdera eta gakoa: nola uztartu ugaltze-eginkizuna eta produkzio-lana? Sortze funtzioaren esklabo izateak kondenatu zuen emakumea, munduaren eraikuntzatik kanpo utziz.
    Antzinarotik bazetozen kontrazepzio-praktikak. Haurdunaldi-kate etengabe zen bizitza garai hartan, askorentzat, bizimolde guria zuten, asko izanez ordaintzen zuten maite-laxotasuna. Klase dirudunek –eta gainerakoek gero– arrazoizkotzat jo zuten haur-kopurua mugatzea: gurasoen baliabideen arabera eta kontrazepzio moduak zabalduz. 
    Emakumearen kondizioaren bilakaeran, produkzioan izandako parte-hartzeak ugaltzeko esklabotasunetik askatu izan zuen nolabait. Emakume ezkonduek ahalmen juridiko osoa lortu zuten. Ezkontza-kontratuek eta legeek ez zuten mugatzen ahalmen hori. Ezkontideen arteko berdintasunik ez zen izan, halarik ere.
   1879an, Biltzar Sozialistak sexuen berdintasuna aldarrikatu zuen, eta hartara, ez zen gehiago salatu feminismoaren eta sozialismoaren arteko aliantza. Emakumearen kausa, ordea, bigarren mailan geratu zen, sozialista haiek ez zitzaizkion lotu emakumearen beraren kausari.
    Emakume langileen emantzipazio orokorraren bitartez askatasuna lortuko zutela pentsatu zen. Emakume burgesek, berriz, eskubide gehiago nahi zuten, baina gizartea bere hartantxe utzita. Bigarren horiek ez ziren iraultzaileak izan, erreforma bertutetsuak sartu nahi zituzten usadioetan. Edonola ere, mugimendu feministak garrantzi handiagoa hartu zuen.
   1909n Emakumeen Sufragioaren aldeko Frantses Batasuna sortu zen. Frantzian, katolikoek emakumeak "indar kontserbadoreak eta erlijiosoak zirela" iritzi zuten. Batasun Errepublikarren taldeak, besteak beste, sufragio unibertsalaren proposamenari ekin zion, baina gorabehera eta tirabira asko egon zen.
    1932an, Proudhonen gisara, “egiazko emakumea” goresten dute. “Kortesana edo etxekoandrea” onartzen duen emakume izate hori. Zenbait gizonek feminismoaren kontrako neurririk hartzea aintzat hartu zuten, neurri neurritsuak halarik ere. Izan ere, antifeministen kontrakoak izan ez arren, halaxe zioten: “Emakumeak gizonaren aldean ezberdinak dira. Konparazioenera, ez dute zerbitzu militarrik egiten”.
    Gizon batzuek beren nagusitasun maskulinoa berretsi zuten, harro: “Boto ematea zama da, ez eskubidea. Emakumeak ez dira horretarako duin. Prostitutek ere botoa emanen al dute?”.
    Horiek dilemak. Edo, tira, galde dezakegu guk, emakumeak al dira aitzakia?
    Garai haietan, XIX. mendean, emakume estatubatuarra emantzipatuago egon zen europarra baino. Tradizio zaharrak ez ziren denak txarrak. Europan, berriz, Suedian kasurako, bazen mugimendu feminista nahiko garrantzitsua: “Ikasteko lan egiteko libre izateko” eskubidea aldarrikatu zuen. Louise Otto feministak herrialdea eraldatzeko eskubidea bultzatu zuen. Haren feminismoa nazionalista zen, funtsean.
     Datu bat: 1914an emakumeek huts egin zuten armada militarra osatzean. Sobiet Batasunean hedatu zen gehien mugimendu feminista. Arazo soil bat ekarri zuen emakumeak bizitza publikoan horrela parte-hartzeak: familiaren bizimoduan emakumeak zuen rolak. Halere, etxeko lanetik askatzeko ahalegina egin zen bolada batez.

Historian barreneko emakumearen borrokaren ondorioak

Gizonek egina da emakumeen historia guztia. Emakumeen arazoa gizonen arazo bat izan da beti. Indar fisiko ez ezik, prestigio morala. Gizonek sortu zituzten baloreak, balioak, usadioak, erlijioak. Emakumeak ez ziren sekula lehiatu nagusitasun hori kentzeko.
   Gizonek eduki dute beren esku emakumearen patua, ez dute erabaki emakumeen interesen arabera: beren egitasmoak beldurrak premiak hartu dituzte aintzat. Jainkosa ama gurtu zuten Naturaren beldur zirelako.
   Erdi Aroan honako hauxe: “Emakumeen auzia” deitu hura erlijiosoen eta laikoen arteko disputa izan zen. Feminismoa ez da sekula mugimendu autonomo bat izan. Klase zapalduetako emakumeek izan dute nolabaiteko autonomia ekonomikoa, produkzioan parte hartu zutelako. Monarkian berriz, adulterioa, prostituzioa eta delitua tarteko, emakumearen feminitatea ez zen gutxiagotasun bat izan, gizartean abolituta zegoenez gero. Erreginen aroan, emakumearen feminitatearen proportzioa puska handiago izan zen erregen aroan baino. Joana Arkekoaren ildoan, mundua aldatu ahal izateko, mundu hartan sendo errotu beharra zegoen.
   Gizartean gizona sendo da, emakumeak, ordea, gizarteari esaneko zaizkion horiexek dira. Jainkoak izendaturikoak.
   Iraultzako Komuna garaian, emakumeek gizonen aldean borrokatu zuten ordena ezarriaz. Emakumeari, eskubiderik ez botererik gabeko libertate bat denez, onartu zitzaion ukazioan eta errefusean gotortzea. Omen, gizonek puztu egin dute orduko emakumearen eragina. Erraza izan zaio emakumea konbentzitzen, hots, Iraultzaren lorpenak harentzat oso lorpen handiak izan zirela “sinestarazi” zaio.
   XIX. mendera etorriaz, hona zenbait aburu, feministen kontrakoen perlak. Baga: emakumeek inoiz ez dute deus apartekorik sortu. Biga: emakumearen egoerak ez du inoiz eragotzi emakumezko pertsonalitate handiak garatzea.
   Galderak: emakumearen egungo kondizioan zerk agintzen du? Zerk agintzen du abiatzen ari den XXI. mendeko zibilizazio berrian? Hots, milurteko honetako zibilizazio berrian?
   Konstatazio zenbait: zein temati dirauten tradizio zaharrek. Emakumea munstro bitxia da, emakume asmotsua. Heroia.


Utzi iruzkina: