Emakumeek bezala, euskaldunek ez dute beren osotasunean konfiantzarik (SINTESIA)

Egitateak eta mitoak / Bizi izandako esperientzia
Irene Arrarats Lizeaga (Itzultzailea)
Nola aurkitu desberdintasunean berdintasuna? (I)
Giza-historian, hizkuntzaren garapenak hitzaren esanahiaren murrizketa ekarri du nolabait. Emakumearen eta gizonaren berdintasunaz hitz egiten dugunean, berdintasun hitzak “kirrinka” egiten dit.
Gizona eta emakumea berdinak al gara?
Simone de Beauvoirrek emakumearen eta gizonaren berdintasuna aldarrikatu zuen. Nik, berriz, emakumeen eta gizonen aldeko eskubideen berdintasuna lehenesten dut; hobesten dut. Estatuaren eta jendartearen araberako eskubide berberak dagozkie biei ala biei.
Beauvoirrek feminismo existentzialista proposatu zuen, baita arrazoitu ere. Ez da, ordea, proposamen bakarra historia berrian. Zertaz hitz egiten dugu feminismoz ari garenean? Zein feminismoz ari gara? Badira bertze ildo batzuk ere bai: hala libertarioa nola intersekzionala edota diferentziala.
Jean Paul Sartre idazlea baitezpadakoa izan zen Beauvoirren bizitzan eta ideologian. Sartreren existentzialismoari atxiki zitzaion. Filosofo horren arabera, existentzia esentziaren aurretikoa da. Existentzialismoa esentzialismoaren aurkia da. Determinismoaren ukatzailea.
Hauxe egin zait deigarri: Beauvoirrek Sartreren existentzialismoa besarkatu zuen eta haren ildoan landu zuen feminismo existentzialista. Alta bada, determinismo moldeko bat ageri da haren bizitzan.
Adibidez, Baruch Spinozaren determinismoaren ildoan, pertsonok kausa batzuen ondorio ere garelakoan nago, nahiz eta kausa horiek ez ezagutu. Beauvoirren kasuan, ezagutu zuen “kausa” batek determinatu zuen bere bizitza: aitonaren porrot ekonomikoak. Bigarren sexuaren idazlea goi-burgesian hezia izan balitz obra hau idatzi ahalko zuen? Feminismo existentzialistaren diziplina garatuko zukeen, Sartre bikotekide izan gabe?
Existentzialismoaren ildoan, kontu bat: Beauvoirrek jainkoarenganako gizonaren transzendentzia eta emakumearen immanentzia kontrastatzen ditu. Bitxi egin zait, ezen eta Spinozaren pentsamenduan jainko immanenteak tokia baitu ukan.
Bigarren sexua 1947 aldean publikatu zen. Aurki mende bat beteko du. Egileak “feminismoaz idatzi nahi dut, arazorik ba al dago?” itaundu zuen. Egun, galdera errepikatzen da: “Ba al dago arazorik?”. “Bai, badago”. Emakumearen eskubideez ari naiz, prefosta. Haatik, hona premisa bat: ez ditzagun emakumearen eskubideak eta emakumearen askapena nahasi. Zer dela-eta?
Bada, egun ere, baiki, emakumezkoen eskubideak ez dira gizonezkoen pare, ezta gutxiago ere. Alabaina, zorionez, borroka feministari esker asko aurreratu da eskubideen arloan. Bestelakoa da askatasunari gagozkiolarik. Emakumearen askatasuna murritzagoa da gizonarena baino, bistan da. Halarik ere, gizona ez da aske ere. Askatasuna eta berdintasuna bereizi beharreko bi balore begitantzen zaizkit.
Garaiak joan garaiak jin, argien nahiz erromantizismoko garaietan filosofiak garatu baziren ere, zientziak tarteko, giza-historiaren bilakabidearen ildoan –giza-aurreiritziak tarteko– emakumea atzeratuta heldu zen XX. mendera. Modern Woman garaia ezagutu zuen, baina emakumeak modernitatean ere sexu galdu bat izaten jarraitu zuen. Mende bat eta gero, halakoxea al da?
Emakumeak emearen funtzioaren araberakoa jarraitu du izaten. Halakoxetzat daukagu emakumea. Feminismoaren betierekotasunaren ariora, oraindik ere “zer da emakume bat?” gailentzen da. Gizona zer den ez da inoiz galdetu izan. Tira, egun, itxura batez, hasi dugu galdera planteatzen. Beauvoirrek, galdera egin aitzin, hauxe zioen: "Emakumea naiz. Kito!" Horixe errealitatea. Subjektibotasun oro albo batera laga zuen.
Gizonok eskubide guztia izan dugu betidanik, dena izateko. Emakumeak ez. Zer dela eta? Antza, antzinako pentsamenduaren ildoan heldu garelako garena izatera. Emakumeak obulutegia dauka. Gizonok, agidanez, ez dugu aintzat hartu nahi izan barrabilak ditugula. Batez ere, barrabilak. Gizonarenak avec les cuilles/con dos cojones eginak dira.
Bertze kontu bat: Beauvoirrek gizona avec les cuilles egina zegoela idatzi zuen. Guk, euskaldunok, euskaraz, bi erdararen espresioetan, honela adierazi behar “bide” ditugu: nahitaez, halabeharrez, ezinbestean, ezinbestez…
Esanguratsua da, ezta? Horra noraino iritsi den euskara. Tira, noraino iritsi garen euskaldunok. Alboko erdaraz espresatzen gara, erdaldunen hizkuntzaz adierazten dugu gure maskulinitatea.
Munduaren biribiltasuna aintzat hartzera, laranja baten antzera, giza historia atalez osatuta dago. Hizkuntzak, euskarak kasu, ondo baino hobeto erakusten digu hori: mundua beti izan da gizasemeena: gizza, gizakia, gizasemea, gizona… Historian barrena goaz, Beauvoirren eskutik joan ere, harenaz besteko feminismo ildoak tarteko. Eskutik joateak ez du harenarekin guztiarekin zertan bat egin beharrik. Haren ikaspenak sano dira lagungarriak, haatik.
Nola osa dezake gizakiak bere burua? Kondizio femeninoa nola egokitu? Emakumeak destino fisiologiko, psikologiko edo ekonomiko jakin bat al dauka? Horra aintzat hartzeko galderak. Horiexetatik abiatu behar dugu.
Eta, bide batez, emakumearen eta euskaldunon auzia kontrastatuz, hauxe nire galderak: nola aurkitu desberdintasunean berdintasuna? Nola aurkitu independentea izatea independentzian? Nola aurkitu independentzia euskaldunon kasuan?
***
Emakumeek bezala, euskaldunek ez dute
beren osotasunean konfiantzarik ( II)
Gizona subjektua da, absolutua. Emakumea, berriz, Bestea da. Beauvoirren jardunean Bestea hitz gakoa da. Dioenez, emakumea Bestearen kategoria da. Gizarte primitiboetan, Norberaren eta Bestearen kategoria-bereizketa ez zegokion sexuen banaketari. Geroago, filosofiek –gizonezko filosofoek oroz gain– bereizketa ezarri zuten. Ongiaren eta gaizkiaren artean ez bide dago bereizirik inolako elementu femenino agerikoa.
Inolako talderik ez du bere burua Norbera gisa definitzen, berehalakoan Bestea aurrean jarri gabe. Herri txiki batekoentzat, bere herrixkakoak ez diren guztiak “besteak” dira. Areago, susmagarriak dira. Atzerritarrak dira. Antisemitikoarentzat, juduak “besteak” dira. Arrazista estatubatuarrentzat besteak “beltzak” dira. Kolonentzat: indigenak.
Fenomeno horiek ezin dira ulertu, baldin eta elkartasunean eta adiskidetasunean oinarritutako Mitsein delakoan oinarrituta pentsatzen ez bada. Mitsein kontzeptua Être-avec da. Hots, izatea da Bestearekin izatea.
Halaxe izanagatik, paradoxikoki, kontzientzian oinarritutako etsaitasun bat jalgi ohi da: gaineratikoen kontzientziarekiko etsaitasuna. Subjektuak kontrakarrean bakarrik agertzen du bere burua. Esentzial gisara berretsi nahi du bere burua, bestea in-esentzial bihurtuz, objektu bihurtuz.
Ezein subjekturik ez du bere burua in-esentzialtzat hartzen, hasieran eta bere kabuz, behintzat. Bestea ez da Norbera definitzen duena, bere burua Bestea gisa definitzen duena. Hartara, emakumeek zergatik ez dute auzitan jarri gizonen subiranotasuna? Nondik etorri zaio emakumeari sumisio hori? Horra galderak.
Bestea ikuspuntu arrotza da. Norberak jotzen du bere burua Bestetzat, bere burua Norbera gisa agertzen duenean. Bestea Norbera izateko itzulbidea egin ez dadin, ezinbestekoa da Besteak men egitea.
Kategoria batek lortu du Bestea menpe jartzea. Gizonak ez dira inoiz kopuruz nagusiak izan. Emakumeak ez dira gutxiengoa izan. Ez da emakumearen kasua soilik. Komenigarria da esklaboen eta proletarioen kasua aintzat hartzea. Nagusitasuna, kopurutan ulerturik, ez da balekoa gizonaren nagusitasuna baiesteko.
Emakumeen jarduera astintze sinboliko bat besterik ez da. Emakumeek irabazi dute gizonek eman nahi izan dietena baino, ez dute inoiz ezer hartu: errezibitu egin dute. Sexu bereizketa, izan ere, funtsezko batasun bat da, zeinaren bi erdiak ekarri atxikiak baitira: ezinezkoa da gizartea sexuka zatitzea.
Nagusia eta esklaboa, horiek biak ere, elkarri lotuak daude. Elkarren premia ekonomiko batek lotuak, premia horrek ez du esklaboa askatzen uzten, ez du posibilitatzen askatzea. Emakumea beti izan da gizonaren esklaboa, edo gutxienez, haren jopua. Emakumeen lege-egoera ez da gizonaren egoera bera. Eskuarki, askoz okerragoa –izan– da.
Gizonek –izan– dute boterea eta gainera prestigioa. Gizonek subjektu gisa agertzeko duten nahikaria da –nahikari etikoa da hori, hara, arra, arranopola!–. Norbanako guztiengan badago askatasunetik ihes egin eta gauza bihurtzeko tentazioa, baina bidea ezinago okerra izaten da: gizona, kasu, pasiboa baita, alienatua, galdua. Subjektua, ondorioz, borondate-arrotzen preso geratzen da, bere transzendentziatik erauzia, balio guztiaz gabetua.
Paradoxa berriz ere: bide okerra baina erraza izan da, antza. Bide horretatik itzuri egin izan die, benaz, existentzia onartuaren larriminari eta tentsioari. Emakumea Bestea bihurtzen duen gizonak konplizitate sakonak aurkituko ditu harengan. Hala, emakumeak ez du bere burua subjektu gisa aldarrikatu, ez baitu horretarako baliabiderik ukan. Hauxe bide da emakumearen ezaugarri nagusia: Bestea da osotasun baten barrenean, eta osotasun horretan bi osagaiek elkarren beharra daukate.
Zergatik ez zen egoera aldatzeko aukera gizonen esku izan? Zergatik hasi zen iragan mendean aukera hori aldatzen? Zergatik hasi da oraintsu modu eraginkorrean aldatzen? Ona al da aldatzen hasi izana? Horrek berekin ekarriko al du jendartea berdintasunez partekatzea, gizonen eta emakumeen berdintasuna partekatzen alegia?
Neronek, terminologia zehaztu aldera, emakumeen eta gizonen eskubideen berdintasuna partekatzea idazten dut.
Emakumearen emantzipazioa edo zapalkuntza –edota sindromea– eta euskaldunona alderatzen ausartuko naiz, eta aldeak alde, baita parekatu ere: emakumeek bezala, euskaldunek ez dute beren osotasunean federik, ez dute konfiantzarik, ez dute Subjektua direnik uste. Objektua dira.
Feminismoak feminismo, ildoak ildo, feminismo existentzialistaren arabera, emakumeak determinatzen du bere esentzia. Feminismo diferentzialistak, berriz, emakumearen printzipioetatik abiaturik, natur femeninoa izan badela dio. Feminismoaren ildo horrek dioenez, badaude atributu femenino-artekoak.
Gizabanakoak ez badu esentziarik, bere esentzia askatasuna bada, zeinaren bidez bere proiektu-existentziala eraikitzen duen, orduan, galdetzen ahal dugu: zer bilakatu daiteke askatasun suerte horrek ez badu inolako oztoporik topatzen. Gure askatasunak ez badu erantzunik, hots.
Gizabanakoa bere independentzia-proiektua eta bere emantzipazioaren aldeko borrokan erreakzioan aritzen da, bizitzako egoera bati erantzuten dio, eta determinazio delakoari uko eginez, errebelatzen da.
Zer litzateke, ez bagenu bidean etsai bat aurkituko? Horra askatasunaren paradoxa. Gizabanakoak gainditzeko kontrario bat behar du beti. Zer da gizabanakoon askatasuna? Nola gauzatzen da, ez bada beste baten kontrakarrean. Zer litzateke gizabanakoen arteko lehian mugarik ez balego. Zer litzateke gizabanako librearen destinoa ez balego deus konkistatzeko? Konkista: hitz esanguratsua.
Ez dago mugarik gabeko askatasunik. Oztopoak izateak ematen dio balorea askatasunari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: