Noiz izorratu zen kontua?
Erbeste
Juan Garzia Garmendia
Erein, 2026
Hainbat interpretazio, erbeste hainbeste
Juan Garzia Garmendiaren Erbeste nobelaren interpretazioa egitear nago, eta hara, erbeste-molde hainbeste interpretazio dabilzkidan buruan. Harrigarria bada ere –nolabait harrigarria–, bigarren nobela du legazpiar-irundarrak. Lehenbizikoa, Fadoa Coimbran, 1995ekoa duzu. Horratx, 30 urteko erbestealdia eman digu eleberrigile lanetan. Anartean, lau narrazio-liburu, bi saiakera eta hamalauren bat itzulpen lan egina dugu. Itzulpen lanak, goi-mailako literatura unibertsalaren aparteko itzulpen-lanak.
Oharra: egiari zor eta gezurra ageriko, itzulpen lan horien ene kalifikazioa hutsala dukezu. Izan ere, berauek irakurri gabe –bateon bat salbu– egindako balorazioa duzu-eta.
Nobela interpretatzeko ildoak, ildo zenbait…
1. Nobelaren atarian aipu bat duzu: Arthur Henry Reginald Buller mikologo eta botanikoarena. Irakurri aipua eta arakatu amiñi bat egilearen biografian. Neska(to) bat duzu aipuaren subjektua. Erlatibitatea, ordea, objektua. Hor nonbait.
2. Erbeste suspenseko nobela da, thrillerra. Tolosa eskualdean emana. Iragan milurteko eta XX. mendeko azken bi hamarkadako erretratua. Hor nonbait. Protagonista, neska(to) delakoa, argazkilaria duzu ofizioz, ofizioz/afizioz eta lanbidez. Izen gabekoa. Bera duzu –20 urtez edo– erbestean egon dena. Jaio zeneko –18 urte bete arte bizi izan zen bertan– eskualdera itzuli dena: Antxurde-ra. Hor nonbait.
3. Nobelako hiria –probintziako hiriburua behiala–, herriak, herrixkak eta auzoak errealak dira. Protagonista pertsonaien bizitokira –sortetxekoengana barne– hurbiltzen edo berean murgiltzen denean, historia istorioa bihurtzen da. Fikzioari men eginez, bistan da.
4. Nobelaren narrazioa(k) iraganean eta orainean gauzatzen d(ir)a, narratzailea protagonista nagusia izaki. Bere oraina Singapur hirian dago. Hogeita hamar urte eman du ekialdean, atzerrian. Ideia baten egiteko: Behobia-Bilbo arteko autobidea eraiki zen garaian utzi zuen bere herri-aldea: Tolosaldea. (Euskal ) Herriaren lagin ederra. Industrialdea neurtua. Baserritarraren eta burgesaren sinbiosi suerte bat. Jendarte oparo eta neurrikoaren eredua. Euskaldun prototipoaren lekukoa. Besteak beste.
5. Milurteko eta mende berriko Tolosa eskualdearen erretratua baino, bertako eta protagonistaren familiako pertsonen erretratua da nobelaren zioa. Pertsonak bihurtutako pertsonaiak. Pertsonaien jarraibidean zertutako pertsonak. Narratzailearen hitzek baino, haren begiradak –argazkiak– eskainitako nobela duzu. Haren hitzetan, eskuarki, argazkia errealitatearen iruditzat irudikatzen da-eta.
6. Ordea, hizkuntzak berebiziko munta dauka nobelan. Protagonistaren nebaren rolean –baita aitarenean ere– ageriko duzu alderdi hori. Tolosakoa –eta Beterrikoa berebat –, euskara alegia, euskara eredu izaki. Tira, Tolosako euskara esan arren –babarrunak bezalakoxea– hiriburuko euskara baino ondoko herrien eta auzokoen euskara eredukotzat ekarria.
Oharra: nobelaren idazlearen euskararen muntaren garrantziaren aipamena geroko utzi dut. Baita euskararen jatortasuna bera ere.
7. Nobelaren tramaz ez dizut deus aurreratuko, ez kontatuko ere. Bitxia da, haatik, narratzailearen ezezkoaren erabilera –ez dakit linguistikoki molde hori adierazten–. Narratzailearen atzean edo bere baitan idazlea dago, bistan da. Juan Garzia Garmendia idazlearen jitea edo jaidura. Hor nonbait.
Oharra: badaezpada, perpausen ezezkoek ez dute nobelaren literaturaren tasuna epaitzen. Ez onerako ez txarrerako, diot.
8. (...)
Ildoak ildo, zazpi beharrean hamaika izan litezke. Hainbat introspekzio segidan
1. Erbeste nobela thriller bat da. Ordea –protagonistaren aitaren ordea gabe ere bai–, berealdiko karga politikoa darama/dakar berarekin. Tira, dena da politikoa, ezta? Haatik, Erbestearen eduki politikoa berebizikoa duzu. Izan ere, nobelaren garaia aintzat hartzera, Euskal Herria –Gipuzkoa zentralistaren erdigunean garatua–
politikoki “astindu” zuen fenomeno politikoa "ezin" sakonki azpimarratu gabe utzi –ezezkoan ere interpretatzaile hau, hara–. Erran nahi dut, nobelaren zio nagusia politikoa dela.
2. Fenomeno politiko-sozial-kultural-armatuaren izenaz –propio eta berariaz azaldu gabe– jabetu zara atoan, hots, nobela zertaz ari den. Erbeste “gure herriaren” tabuez eta enigmez ari zaigu. Bi omen dira norbanakoon enigma nagusiak: heriotza eta giza-sexualitatea. Enigma asko argitu bide dugu, erlatibitatearena barne –Albert Einsteini esker, jakina–, baina aipatu bi horien enigma, ez. Agian, horiek argitu barik, bizirik jarraituko dugu. Espezie legez, diot.
3. Politika dela eta, honatx itauna: “Noiz izorratu zen kontua?”. Galdera hori nobelan duzu. Gure herriaz ari da. Erantzunik bai? Nobelan aurki dezakezu/gu. Irakurle bakoitzak aurkituko du berea. Erbestea eta ihesa: Ihes betea zilegi balitz / nonbait balego bakea / ni ez nintzake etxe ertzeko / loredien maitalea.
4. Nobela gure herriaz ari duzu, errana dizut jada. Alabaina, bistan da, bistan denez, herritarrek osatzen dute herria. Kasuon: Goñitarrek, Ezpeleta doktoreak, Angel/Gotzon apaiza ohiak eta haren emazteak, Pili Prieto ertzainburuak, protagonistaren Izaskun izeneko lagunak –haren familiak barne–. Aitaren, Inaren eta amaren a-bizenak ez ditugu ezagutzen. Nobelagintzaren enigmak.
5. Gure herriaz ari zaigu nobela? Politikaz ari delako diozu? Bai, baina ez horregatik bakarrik. Dena politikoa bada ere. Gastronomiaz ari zaigulako, diot. Eleberrigileak badaki horretaz. Agerikoa duzu. Arkitekturaz ari zaigulako, diot. Baiki, gure euskal arkitektura xumeaz. Baserriaren arkitekturaz. Eleberrigilea kontu horietan jantzia dela begi-bistan dago –protagonista eta narratzailearen bitartez emana–. Horretaz bestera, gure herriaz ari diren beste seinale batzuk: landatar mundu –ruralismoa– enigmatikoa. Animaltasuna. Sorginkeria –arima tasuna, apika–. Hots, gure kultura. Naturaz bestekoa horixe duzu kultura, ezta?
6. Ekialdeko kulturaz ere ari duzu Erbeste nobela –mendebaldeko "gure kulturaren" kontrakarrean, hor nonbait–. Alegia, ezin erbestetik itzuli kultura hari buruzko deus kontatu gabe, kultura hark protagonistari inpregnatuaz. Singapur hiria erbestealdiaren erdigunean izaki, Kintsugi hitzaren eta izanaren adiera irakatsiko dizu (ber)herriratu berri erbesteratuak. Kintsugi, beste hitzez beste.
Erakusten arduratua, zaildua duzu neska(toa) –detektibearen rolean besteak beste–,
haatik, irakastearen inportantziaz jabetu(ko) da.
7. (...)
Introspekzioak introspekzio, sei paratu dizkizut, andana izan litezke. Literaturaz hainbat kontu edota seinale segidan
1. Juan Garzia Garmendiaren lengoaiak badu munta, badu mamia. Garziaren grazia antzematea duzu kontua. Eta ez da samurra. Edo bai? Hara, baiezkoak badu tokia nirean. Erran nahi baitut, Juan Garziaren –Jon Gartziaren grazia, barka boutadea– bagaje linguistikoa itzela duzu. Alabaina, bere Itzalen itzal hartan legez –etsenplua duzu, ez adibidea horratik– bere narrazioan itzalak eta argiak aldizkatzen dira aldi berean. Aldi batez zenbaitetan, naski.
2. Horiek horrela, ordea, argipen bat nire aldetikoa, Fadoa Coimbran delako hartatik gaur egunera –erranen nuke, ausardiaz errana bada ere– idazleak hizkuntzaren soiltasuna erdietsi duela. Itzulpengintzan sortu beharrak ematen duen astuntasunaren lastak laxatu ditu. Hitz lauaren –narratzailearen– arindura kausitu du. Hizkuntzaren (h)arieran jatortasuna antzeman du. –Nilo ibaiaren iturburuaren kasuan legez, jatorria –non den zehatz-mehatz deskubritu gabe– ote duentxo antzeman dut.
3. Erbeste nobela aipaturik, nobela barrokoa dela esatea gehiegizkoa begitantzen zait. Izan ere, barroko adjektiboak hainbat adiera ditu. Zein hartzen den, balorazio ezkor bat esleitu ahal zaio –atxiki diezaioket–, edo, aitzitik, balorazio baikorra egin. Ez da kontua. Kontua da, ordea, barrokoaren elipsiak aurkituko dituzula. Abisu doi dontsu bat duzu, besterik ez.
4. Nobelaren gakoa(k) –generoaz ari nauzu– denboratasunaren kontrolean eta menderakuntzan dautza. Erbestea-n hori duzu eginbide. Eleberrigileak lortzen ote duen? Nork bere irakurketa. Nork bere literatur tasuna, literatur taxua eta jaidura. Denboratasunean –thrillerra dentxo aldetik– gorabeherak antzemanen dituzu, atzera-aurrerakoak, jakina.
Oharra: irakurle honen gabeziak izan litezke tarteko, noski. Naski.
5. Hizkuntzaren erabil moldeaz edota prosaren tasunaz gehiago esatea ere badago. Hala nola, hizkuntzaren barrokismo horretan, eleberrigileak eskaintzen dizkigun begirada panoramikoak –narratzailearen ikusminaren kamera aktiboaren bitartez–. Besterik ere badut, ordea: nobela suspensekoa den aldetik, nola erran, txisteraz ateratako untzia-koneju-lapinaren enigma bizi izan dut amaieran. Hala berean, nobelaren trama(k) –familiak familia, sagak saga...– enigma(k) zabalik dituzu.
6. Enigmak enigma, den-dena da politikoa. Familiaren beraren jarduna politikoa duzu. Bizitza kontu –esperientzia– tragikoa da. Erbeste nobela familia-tragediek markatuta dago. Erbesteratuaren familiaren tragediak are modu esplizituagoan: "Egun horretantxe, hara”. Erbestetik itzuli den neska(to)ren hitzak dituzu. Zer dituzu hitzon atzean, hitz horien baitan? Hor duzu Erbeste. Irakurtzeko aiduru duzu. Eleberria eta eleberrigilea ere bai, naski. Baita interpretatzaile hau ere.
7. Zer gehiago espero duzu egotea? Zuri ari natzaizu, irakurle. Aurreratuko dizkizut nire aldetiko kontu zenbait. Espoiler egin gabe, ahalaz eta haatik. Aita akabatzeko seme-alabek duten jaidura eta beharra kausituko duzu. Amarekiko lotura moztu ezina; eten ezinezkoa. Alabak, naski. Nebarekiko abelera. Neba batekiko izan ez ezik, birekiko. Bizitzaren nola nobelaren zeinua –amaren seinua presente betiere– tragikoa duzu.
8. Bestelakoa ere bada baduzu, prefosta. Tolosaldea historiko hura, mundiala, egundokoa eta kolosala ez ezik, gaur mitikoa bilakatua duzu. Egungo gazteen mintzamoldearen arau betiere. Eta, nobelaren iraganaz gaurkora jauzi eginez, lizentzia harturik, erran dezadan, Tolosan gaur egun euskarak baduela ziorik. Zio eta zoria. Zio eta munta. Zio eta grazia. Hor nonbait.
9. (...)
Ildoak ildo, introspekzioak introspekzio, literatura-seinaleak tarteko, aitormen azkentxo bat.
1. Fadoa Coimbran irakurri nuen bere garaian. Liburu bati buruzko nire lehenengo iruzkinetako bat egin nuen. Irunero aldizkarian argitaratu zen. Domaia, hura ez baitzen Armiarmara heldu nonbait. Kazetaritza ofizioak harrapatuta, irakurketa eskasa egin(go) nion, hain ziur ere. Bestela ere, hasi berria nintzen literaturaren interpretazio jardueran. Zer ekar nezakeen, ezta?
2. Kontuak kontu, hauxe: nobela bukatu gabe –betaz eskas, egiari zor– iruzkindu nuen. Ausarta behar gero! Are, halaxe eman nuen aditzera testuan. Gaur egun oroiturik, galderaren batekin bukatuko nuen iruzkina, ziur aski. Lotsagabe halakoa. Amaituko nuela hitz eman nion idazleari idazkian. Kontuak kontu, nobelaren egilearekin –Juan Garziarekin– geroxeago topo egin nuela akordatzen naiz. Bukatu gabe utzi nuen nobelaren atarramentuaz galdetu zidan –hor nonbait–. Xume eta xalo galdetu ere. Juan Garziaren estiloan.
3. Ez dut gogoan eman nion arrapostua. Hauxe esan dezaket egun: Fadoa Coimbran delakoa –delako hura– amaitu gabe iruzkindu nuen. Erbeste hau, berriz, bi aldiz irakurri dut. Are, hirugarren batez irakurtzeko irrika eman dit. Literaturaren seinale bat duzu, literaturaren tasunaren adierazgarri. Hots, lehen irakurketan ase ezinean diharduzu. Bigarrena eginik ere, eskasa zaizu. Nobelaren-janariaren gustu eta aroma guztiak barneratu ezinda geratzen zara. Halaxe nauzu neroni. Hirugarren baten aiduru, beraz.
4. Beno, aski ezta? Aseko zara gero ere. Bai, halaxe espero. Anartean eta amaitu aldera, galderak ditut. Galderak betiere. Hamaika. Kasurako, batto besterik ez dut ekarriko, literaturaz kanpokoa: nire imajinarioan parte bat
–idazlearen imajinarioaren akolitoa bihurtzen naizela–, parte batez bedaio –Bedaio edo Berrobi ote den, zeinen ote nagoen?– idazlea Legazpin eta Irunen dago. Hartara, zer dela eta Tolosa?
Zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten… Nire imajinazioak, alegia.
5. (...)
Post Scriptum
Barka, boutade bat berriz ere. Legazpi eta Irun artean Tolosa dago. Hor nonbait. Behobia-Bilbo autobidearen aitzinetik –autopista edota otorruta– Norteko Ferrokarrila izan zen. Beraz...
Bai, cherchez ce que vous voulez trouver.
Bertze galdera bat, hondarrekoa: eta dolar hitzaren jatorria gure baserrietako dolare hitzetik etorria balitz. Haren jatorriko hitza izaki. Jatorrak gero euskaldunok.
Nihil novum sub sole!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: