Ni laiko ere bai, ordea, sinesmenean hezi ninduten
Ni, laiko
Markos Zapiain
Alberdania (Patrika)
Sarrera
Markos Zapiain irundar-bermeotarraren Ni, laiko saiakera irakurri dut amen batean. Zalu batean leitu izana ez da nire dohain, idazlearena baizik. Erlijioak, filosofiak, ideologiak –eta politika gaiak–, bertzeak bertze, landu, jorratu eta larrutu ditu saiogileak, ederto batean egin ere. Zuzen eta artez! Artez edo moldez! Ez duzue koipe, ez nauzue balaka ari, irakurle lagun horiek. Zapiainek idatzia ulertzen ez duena badago, arazoa ez da idazlearena, ez –bere– euskararena. Ez horixe. Baikorki erranik, baita politikoki zuhurki ere: 40 urte luze joan dira eta gero hau! Ederto eta Chapeau!
Ordea, arazo bat badaukat neronek. Ontsalaz, irakurri ahala, pasarte batzuk azpimarratu izan ohi ditut, baita zenbait apunte hartu ere. Oraingoan baina, liburuaren ia herena "irentsi" dut, eta, ez dut azpimarrarik egin ez oharrik hartu. Abantzu bat ere ez. Hartara, marra eta notatxo bakar batzuk eginik, ekin behar behar izan diot iruzkin honi. Hastapenera itzuli naiz abiatzeko.
Behin eta hasteko, hauxe: Ni, laiko eskuetan hartuta, saiogileak hizpide hartu duen "zerria" heldu zait gogora. Animalia edo aberea, alegia. Liburuaren atal guztiak –zerriarenak nola–, paragrafoak, lerroak eta hitz-berba guztiak den-denak izan ditut aprobetxagarriak. Tira, baliagarriak. Horrela justifikatu –behar– izan dut arkatza batere lanputs ez izana.
Ni, laiko saiakera, saio literarioa ere badela erran dezaket: pentsa, idazlearen biografiaren abarora idatzita dago, beraz, auto-biografia duzue; neurri batean hori ere. Horregatik saio-sufritua ere bai. Eskertzekoa duzue saiogilearen ausardia, ozarkeria –zenbaitetan– eta zintzotasuna. Horregatik beragatik soilik ez da lan literarioa, noski, alabaina, nik nobela bat bailitzan irakurri dut, ipuinak ere tartean dituela. Bon, beno, exageratu barik. Ez dizuet poesia aurkituko duzuela erranen. Baina, tira, estetikarik estetika, saio-poetikoa ere izendatzeko motibatua nauzue.
Sarrera (I. atala)
Ni, laiko irakurri eta doktrina berri baten eraginpean jausi izanaren sentsazioa sentitu dut ene baitan, ez da trufa: Ni, laiko ere bai, erran diot nire buruari. Egiari men eta gezurrari zor, liburua irakurri arte ere, ildo horretan ibilitakoa naizela aitortu behar dizuet. Alabaina, eta haatik, zazpigarren atala irakurri ondoren –zazpi zenbakia magikoa ote euskaldunontzat?–, Militante izenekoak areago konbentzitu nau: alajainkoa hala deabrüa!
Kasu! erran diot nire buruari. Ez bainaiz konbentzio zalea. Hara, nork erran dezake jainkoa hila denik? Edo norbanakoak –areago taldean ari delarik– federik ez duenik. Izan ere, Zapiainen eta haren lankideen akzioak –parrasta dituzue liburuan– txapela kentzeko modukoak dira, alafede.
Akzioak eta erreakzioak direla tarteko, hona saiogilearen lehen premisa: erreakzionarioa da laikotasuna. Kasu eta kontu, beraz. Hala izanagatik ere, jakin ezazue iruzkin hau gauzatzeko bidea aurkitu dudala laikotasunaren eraginpean. Katixima honi heldu eta egiarik mingarriena onartzeko prest nago; nauzue. Izan ere, inor ez da fedeak eta sinesmenak xarmatua izatetik libre. Monoteismoan jausi barik, hala ere. Nola? Bada, laikotasun zentrifugoari amen erranez eta adimen artifizialari iskin eginez. Gainera, “euskal laikotasuna”-ren kluba osatzera pasako naiz, hartara.
Mutiko (II. atala)
Sarreraren harian heldu naiz bigarren atalera, liburuaren literaturaren ariora beraz. Kontua hauxe: Zapiainek ez bezala –ez legetxe–, nik ez dut izeba moja bat izan –Klutta zuen grazia bereak–, hartaz, ez naiz egundo seroren begikoa izan, ez begizkoa ere. Hizkuntzarekin arazoak izan ditut betidanik, euskararekin barne: begikoa eta begizkoa bereizteko arazoak –izan– ditut, alegia. Bestera erranik, berbarako: ongia eta gaizkia bereiztea ez da horren zaila, hau da, biak ikusi batez bereiztea. Zaila biak separatzea duzue. Euskara jatorrean erranik: biak ala biak banantzea. Gaizkia eta Ongia, alegia.
Edonola den ere, ez zaitezte kokildu irakurle dohaindu horiek. Ni ez naiz inor zuek nire etxean –iruzkin honetan– sartzeko. Baina ziur bazaretela nor Ni, laiko delako honetan barrena bide egiteko. Bistan da, bistan denez, kasu eman beharra daukazue. Parabolak talentudunen entendimentura –gogora– baino ez ei dira heltzen eta.
Saiogileak dioenez, nork bere bizitza interpretatzen du, hau da, erlijioaren bitartez –Biblia dela, Korana dela, Athleticen azken partida dela eta– eta ondoren, halaber, hainbat filosofiaren bitartez egin ere bai. Ei eta omen, horiek ere. Izanez ere, handi-handika, zazpi omen eta ei dira filosofiaren ildo nagusiak.
Markos Zapiain mutiko zeneko atala benetan esanguratsua duzue. Ordurako jada, jabetu zen hilerriko karrika berean zeudela lurperatuta erregimeneko torturatzaile-katolikoa –zer patologia suerte ote den hori?– eta bere amaren ahizpa –beste izeba bat, Kontxi izenekoa–. Frantziara gaztetan joana eta Irunera bisitaz zetorrenean “short” jantzita zeramala, Kolon pasealekutik promenatzen zena. Otoitzari ez dio guztiz muzin egiten Zapiainek, ez horixe. Ora eta labora delako lema aintzat hartzen du. Kafe on batez lagundurik betiere. Kafetxo bat harturik, bederen.
Nerabe (III. atala)
Haurtzaroan… Tira, nerabezaroan jadaneko, nork ez du Jesu Kristo imitatzeko tentaziorik izan? Izan ere, nork ez ditu jasan erlijioaren su-lamak eta so-flamak txiki-txikitatik –Zapiainen eta bion belaunaldiaren kasuan, behinik behin–. Lotsaturik eta ahalketurik nozitu ere bai. Nork ez zuen inoiz edo behin sentitu hitzaldi sutsu haien emaileen begiluze morbosoa nerabezaroan? Nerabe haiek –guk geuk– erlijio berri baten fundazioaren aldian jaio izanaren grazia sentitu ez izana? Kontuak kontu, komeriak orduan hasten dira; hasi ziren. Erlijioaren bideak askotarikoak direnez jabetzen gara eta aldi berean –paraleloki edo– erlijioaren kontrako zazpi ildo filosofikoak tira ahala karraskan ari zaizkigu gure gogoan. Galdera gailentzen da orduan: zein da eredu-bidea?
Gazte (IV. atala)
Egiari men eta gezurrari zor, ostera ere, filosofiaren ildo horiek gaztetasunean ernaltzen dira batik bat. Bueno, ernaltzen diren kasuetan. Ernalketa suerte hori ez baita gaitz orokorra. Alegia, doktrina erlijiosotik aldendu guran, doktrina filosofikoetan jaustea badago, baduzue. Baina ez da denon gaitza. Kontuz horregatik. Kasu! Izan ere, edabe erlijioso magiko pozoitsu batek ez bazaituzte akabatu, edabe-filosofiko batek –ustezko edabe-ereduak– akaba zaitzakete, alafede. Erran nahi baitut: urte asko iragan behar izan dira, norberaren gorputza edota arimarentzat
–arimarik ote dugu, baina?– zein den kafe egokiena aurkitu bitartean, edota zein infusio mota behar dugun ezagutu arte.
Arima dela eta: batzuok gogoa deitzen diogu. Omen eta ei, euskaldunok gogoa berban hainbat adiera hauteman ditugu: hala nola adimena, gogamena, pentsaera, espiritua eta arima. Alegia, deus ez.
Gaztetasunean hasten –bide– dira asmakariak eta paradoxak.
Izan ere, konparazioenera, jainkoarengan sinesten baduzue –demagun– eta jainkoa bera asto baten gainean datorrela ikusten baduzue, badago zer pentsa ezta? Parabola bat besterik ez duzue. Aluzinazioak libreak dira. Baiki, zaila duzue onartzen eszena hori. Alegia, jainko bat asto baten gainean... Guau! Au-Au! Hala berean, edo bide batez, erlijiosoak ez direnen ildoan sartzen bazarete –demagun– Schopenhauerrek barre satanikoa orgasmoarekin berdindu zuela ikasten baduzue… Puf! Schopen zer? Joan dadila antzarak ferratzera ergel hori! Ufa! Gaztetasuna ez da aro samurra, ez horixe! Tira, zortedunak gu geu –irakurleok– ez garela Markos Zapiain izan! Jainko maitea.
Izenak izana dauka –ez betiere. Ez duzue dena sinetsi behar–, beraz, Markosen izana Markos Ebanjelariarena begitandu zait. Ez pentsa horregatik bere arima arrotza egin zaidanik, ezta pentsatu ere: gure patroi handiaren ildoan ibilki duzue –ibili zaigula erratea, soberazkoa, agian–, aingeru ia guztien turutak entzun ditu, baita berak jo ere. Markos Zapiain zinez euskaldun-fededun izan zen. Bueno, eta nor ez? Hein batean edo bertzean, diot.
Exageratzen ari naizela? Ados, adin batera iritsita denok exageratzen dugu apur bat. Beno gaztetan ere asko exageratzen genuen, ezta? Edo ez! Premisa bat: maitasuna saihestu beharra dago. Ez dakit Markos Ebanjelistaren premisa den edo erabateko maxima laizista ote den. Dena dela ere, izugarriak dituzue Zapiainek ibilitakoak eta ibilera berauek ezagutzera eman dizkigun bideak. Jainko suerte-molde batenak dituzue: ezin asmatuzkoak, ezin jakinezkoak... Edo ez. Edo bai.
Oharra: hizkuntza hizpide berriz ere, asmatu hitzarekin arazoak ditut. Batzuetan inbentatu egiten dut eta bestetan azertatu. Itua jo idatzi behar nuke, euskara jatorrean.
Hazi eta ugaldu zaitezte. Berpiztutako gorputzen itxura. Nekrofoloekin eskuzabal. Lizaso, 1985. Vipassana. Hazia eta isurtzeari esker. Estasi mistikoa. Trantzerik trantze. Horratx, Zapiainen gaztaroa ezagutzeko azpiatalak. Zaila zait laburbiltzen, hala ere, bi berbetan hauxe: berauek ongi irakurriz gero, hark –Markos Zapiainek– bere kaka psikologikoak bere burutik nolatan erauzi zituen ezagutuko duzu. Eta, bidenabar, lagungarri izan dakizue –izan dakigun– gureak deuseztatzeko. Amen.
Oharra: euskara jatorrean erranik, jainkoaren bideak nabarrak dira oso. Baita haren kontrakarreko filosofo ateoenak ere.
Irakasle (V. atala)
“Gaur egun irakasle fatxaren alde nago duda izpirik gabe”. Aipua Zapiainena duzue. Hogei urte joan dira adierazpen hori egin zuenetik. Irakasle izenburuko atal honetan aurkituko duzue horren arrazoia. Irakurtzen laguntzeko paratu dizuet. Ni, laiko eleberritzat ekarri dizut arestian. Dudarik edo? Hona hemen froga: V. atala nobela bat duzue. Arras. Pentsa, guardia zibilen erakarmenaz ari zaigu Zapian. Marije duzue protagonistetako bat. Ataleko pertsonaiak ezagututa, zertarako Marx, Freud edota Sartreren fikzioetan sinetsi?
Haraindian zein honaindian ibiliko zarete. Euskal trantzetan ibili ere. Sufrea eta exorzismoa, ludopatia... ezagutuko dituzue. Hala berean, ildo horretan, euskaldunok "gure burua" zulo batean esperimentatu dezakegula, baita "askatasuna" hartara ulertu ere.
Harago joan zaitezkete: jainkoaren abokatua bihurtu eta basurdearen lerdenaren arrastoan ibil zaitezkete. Irakaskuntzan egosten dena –irakats-gaiak, alegia– lapiko ikaragarri-beldurgarri batean egosten direla ikasiko duzue. Irakaskuntzan gaizkia azaltzeko mugak mugagabeak direla. Beraz, iruzkin hau irakurtzen ari zaretenak, irakasleak izanez gero, begiratu mesedez ea Satanas zuetaz jabetu ote den.
Eta irakasleak ez bazarete, berdin. Ohartu gabe ere, Satanas maitatu baitezakezue. Hala nola Netanyahou, Trump edota Putin –baita Obama edo Zelensky ere–. Satanas askotxo baitabil munduan. Tira, urrutiko Satanas ditugu horiek. Hori xantza! Urrutikoak gorrotatzen ditugu, etxekoak maitatzen ditugula ohartu gabe. Beno, jabetu gura barik.
Oharra: Netanyahouren hurbileko etsairik ez dut ezagutzen, denak akabatu ditu nonbait.
Biblioterapia on bat, segidan. Selatseren eta Helassaren alde paratu zaitezkete –horiek ezagutzeko irakurri liburua, hara–. Dron bilakaturiko aingeruak kontrolatzen ikasi ezazue. Primerako zauriak miazkatzen ikasi ere bai. Zeru susmagarri oro aienatu… Horiek guztiak aintzat hartu itzazue. Kasu, ordea. Honatx saiogilearen oharra: gehiegi irakurtzeak ere hondamendia dakar. Zentzu horretan, pantaila bezain arriskutsua dukezue liburua. Biblioterapia beraz, tamainan.
Heldu (VI. atala)
San Agustin, Spinoza edota Hume tarteko, badugu zer ikasia. Beste batzuren artean horiek ere, bistan da. San Agustin baina, mendebaldeko idazlerik perbertsoena izan –omen eta ei– zen. Omen, ez. Tomás Pollánek erran eta idatzi zuen haren jite horretaz. Pollánek dioenez, Agustin delakoa inkontzientean –oroimen deitu zion San Agustinek– barneratu zen. Marx, Nietzsche eta Freuden aitzindari izan bide zen. Agustin delakoa idatzi dut, izan ere, nola dakite/dakigu santua izan zela –froga zientifikoak ez dira sekula ageri–. Beno, nik dakidala.
Ohar (1): edozein teleberri edo teletabarra entzun –laikoak omen eta ei den "gure" jendarteari zuzenduta– eta esatariek Aste Santua izaten dute aipagai eta hizpide. Ez al lukete Aste Santua delakoa aditzera –izendatu– eman behar? Errenazimendua heldu zen, eta harrez gero ere, mendez mende, sainduek saindu izaten jarraitzen dute.
Ohar (2): inkontzientearen gaineko nire aburua geroxeago emanen dizuet.
Kontuak kontu, ipuinak ipuin –Zapiainenak diotsuet–, Markos Zapiain irakaslea Bermeoko Institutuko zuzendaria –hor nonbait– izatera heldu zen. Heldutasunera iritsi nonbait eta zuzendari izatera heldu ere. Ez da sekula berant. Edota ez da sekula hagitz egokia hori ere. Amigo. Laikotasuna Espainiako Konstituzioan egon izan arren, Konkordatua konkorrean ongi txertatua daramagu nonbait. Tira, orokortu barik, instituzioak –edozein direla ere erakunde horiek– ez dira laikoak, edota ez dira laikoak izanen inoiz ere. Instituzioen kudeatzaileak, alegia.
Baikorra zen hura –nihaur alegia– ezkorra bilakatu da, hara. Eboluzioa baitezpadakoa duzue gizakiongan. Norabide anitzetan eman daiteke. Izan ere, Ebanjelioaren eragina itzela duzue. Baita sasi-laikotasunaren eragina ere. VI. atalaren azpiatalen lerroburuak aditzera eman gabe ere, irakaskuntzaren bideak asmatu ezinezkoak direla jabetuko zarete, dudarik gabe. Axularren lengoaian errana: doike!
Militante (VII. atala)
Missio Canonica. Horratx militantzia izendatzeko terminoa. Egokia, pentsu dut. Erlijioaren fedea galdurik, lankideekiko konfiantzan funtsatzen den bestelako fede suerte-klase bat. Konfiantza berbaren erroa fedea hitz delakoan duzue. Beha ezazue ongi, tentuz so egin ere. Ez zaitezte larregi konfiatu, ez sobera ere. Amigo! Ez despistatu, ez ildotik atera, ez desbideratu ere, lagunak baitituzue –lankideak, kasuan– traiziona zaitzaketen bakarrak. Laguna ez denak ezin zaitu traizionatu. Konplikatua da giza-generoa, gero. Generoa emakumezko izan, gizonezko izanik ere.
Galdera eta itauna: Ba al dago konfiantzarik edota federik gabe bizitzerik, sinesmenean hezia izan ondoren?
"Herriari kendu, elizari eman". Zergatik gailentzen da "ekuazio" hori Lurrean? Beldurraren eraginaz beste –pentsu dut– paradisu baten aiduru bizi garelako, naski. Jainko madarikatuak! Zerukoak zein Lurrekoak! Paradisu zerutiarra izan baitago batzuentzat, eta paradisu lurtarra besteentzat. Karl Marx madarikatua! Lurrean paradisua eraiki dezakegula sinestarazi nahi ere. Paradisua kausitzea ez, paradisua eraikitzea, gainera. To! Toma ya! Sinistu edo sinetsi, diotsuet. Izan ere, honatx paradoxa: doktrina marxistan sinesten dutenek asko pentsatzen omen dute eta gutxi ei sinesten, nonbait. Bai zera!
Oharra: sinesmen kontuak eztabaidarako laga ditzakegu, noski. Denok daramagu pertsona(ia) malgu bat gure baitan.
Sabin Etxean Jesu Kristoren izenean ari dira gaur egun ere –Jainkoa eta Lege zaharra lemapean–. Nahiz eta jeltzale askok lema horretan ez dutela sinesten aditzera ematen duten, nago, sinestunak direla, alafede. Alegia, haien etxera bisitan joan, eta ez dizute kafe bat emanen, ez kafetxo bat ere. Ez infusiorik ere. Ura emanen dizuete. Ura, arimaren garbitzailea betiere. Ezkerreko alderdiak ere, ez bide dira emankorragoak antza, ezta Bildu bera ere
–eztabaida irekia uzten dut, betiere–. Zapianek erranak dituzue. Porsiacaso zehaztua hori ere.
Oharra: fedeaz eta konfiantzaz ari naizela, ezagutzen al duzue politikariren bat konbentzituta ez denik ari. Den-denak horrela hasi ohi dira euren jarduna edota predikua: Estoy completamente convencido... Elebakarrean adierazita oraingoan.
Sozialisten inmobilismoa enigmatikoa da. Zapiainen berbak desitxuratzen ari ote naizen.... Ez. Alegia, ez naiz PSOEz ez PSE-EEz zehazki ari. Ezta Podemosen sozialismoaz edo antzeko sigladunak dituzten alderdiez ere. Komunzki, sozializatzea –komunismoaren praxia lantzea, alegia– kontu enigmatikoa duzue norbanakoontzat. Enigmatikoa izan ezik, paradigmatikoa ere bai. Jakina, euskaldun laikoa den inork, egiazki laikoa bada, hots, laiko praxian, liskarrik durunditsuenak Bildurekin izatera kondenatuta dago. Ez da harritzekoa, ezta? Errana dizuet: laguna da traizionatu zaitzakeen bakarra.
Ez aztoratu horregatik. Ni, laiko saiakera edabe aparta duzue. Ez da
magikoa –edo batek daki–, baina pragmatismoaren bidean hasteko lagungarria izan dezakezue oso. Meza laiko berrien distira ongi bereizten ikasi besterik ez duzue. Egin kasu, ordea, egin kontu haatik, kasu kokaina arrosarekin. Kasu ebanjelistekin ere bai. Dena dela ere, nik Zapiainen ildoari segituko diot. Ni laiko ere bai. Baina, laiko betiko? Hori gaitza, ezta! Atx! Izan ere, sinesmenean hezi ninduten. Kontu San Markosekin, horregatik. Kasu On Markos Zapianekin. Amen.
Atalaz atal jardun ostean, lau eranskin eta fini
1. Erlijioak, hala filosofiak nola ideologiak –“euren politikak”– doktrinak dituzue. Markos Zapiainek horiek aintzat hartu –bere bizitzaren ardatzak– eta laikotasunari eutsi dio Ni, laiko saio honen bitartez. Laiko izateari irmoki atxiki zaiola erranen nuke. Alta bada, ez nuke bere berbetan osoro sinetsiko –ez guztizko hein batean behintzat– bere hitzak eta gogoetak irriarazi egin ez balidate horrenbeste, hainbeste barregura sorrarazi ez balidate.
Beraz, sinesmenak sinesmen, non dago Markos Zapiainengan sinesteko –konfiantza– arrazoia? Behin eta hasteko, saiogileak barre egiteko nork bere buruaz barre egin behar duela aditzera ematen digulako ederto batean, baita zeharka-meharka ere, barre egiten ikasi behar dugula irakatsi ez ezik, erakutsi egiten digulako.
Non dago sekretua? Ez dago sekreturik. Ez dago enigmarik! Markos Zapian klun aparta dugu. Elearen adiera zintzoenean.
2. Inkontzienteaz idatziko nuela agindu dizuet arestian. Honatx: inkontzientea eta kontzientea hitzekin arazoak ditut. Sigmund Freudek inkontzientearen ildoan lerrotu gintuen, baita doktrinatu ere –tira, ez den-denok ere–. Alegia, hura ere saiatu zen, gogotik saiatu ere. Funtsean, filosofia-psikologia lantzean fikzioa egin zuen. Funtsean ere, liburu honetan ageri diren beste pentsalari ustez laikoek ere halaxe edo halatsu egin dute –hara horiek ere egin nahi izan dute–. Hots, erlijiosoek nola laizistek existentzia bera fikzionatu egiten dute. Erran nahi baitut, Freud gogoan eta hizpide: nik badakit gibela non daukadan –gutxi-asko ikasirik–, inkontzientea non dudan ez dakit, ordea. Ez dut artean kausitu, alajaina.
3. Norbanakok kontzientzia dugu nonbait. Halaz ere, gure kontzientzia eta inkontzientea –baldin badago diot, badaezpada– biak bereizten ikasi behar ditugulakoan nago. Kontzientzia eta consciencia, adimena, ezaguera eta konortea nahasten ditugunean, apika, inkontzientearen ildoan sartzen gara –Freuden fikzioaren ildoan, alegia–, baita gure nortasuna eta burua galdu ere. Gutxi-asko denok gara kontzientzia baten jabe. Alabaina, ez gara beti horretaz kontziente.
4. Erlijioak eta filosofiak ipuinetan sostengatzen dira –hara, errana duzu hori ere engoitik–. Nork bere predikua. Harira: Biblia, fikzioa izan arren, sakratua izanagatik –zerutiarra– sinetsi beharrekoa dugu nonbait. Hala moduzkoak izaten dira filosofiak ere, fikziozko saioak izaten baitira gehienak: konfiantza-laikoan oinarrituta. Euren alde lurtarra dute jakina; grosso modo erranik. Alabaina, finean, teismoaren aurkako ateismoak dira: ismoak eta doktrinak funtsean. Horregatik berarengatik edo, erlijio eta filosofia fikzionatuen bitartez jardun beharrean, apika, beharbada, nago literaturaren bidez erdietsi ote dezakegun munduaren izate erreala geureganatzea –gure existentzia edota gure izana kausitzea–, baita hartara justizia apur moduko bat egitea ere. Amen!
Tira, hor nonbait horiek ere!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: