Neoliberalismo hiperkapitalistaren zioak albait hobekien ezagutzeko saiakera
Emognosia
Mitxelko Uranga
Erein, 2025
Abiaburuan
Emognosia deritzo Mitxelko Uranga filosofoaren saiakera honek. Behin eta hasteko, izenburuaz pare bat berba. Emognosia saiogilearen terminoa da. Ez hiztegian begiratu, ez duzu aurkituko eta. Terminoaren funtsa liburuan duzu. Ez dizut nik salatuko. Izan ere, eskuetan duzuna saiakera izan arren, literaturaren tasun zenbaitez osatu leundu edota arindu –nahi– izan du saiogileak. Filosofia munduari zentzu emateko jakintza dugu, nonbait. Gizakiok munduan obratzeko darabilgun moduari zentzua bilatzeko lantzen dugu filosofia. Hor nonbait hori ere.
Areago, filosofia dela medio, gure printzipioak finkatzen ditugu errealitatea ezagutu aldera, ahalik eta modu arrazionalean finkatzen saiatu ere. Arrazoia, hartara, munduaren zentzua ez ezik, munduaren ordenua edota oreka erdiesteko ahalmena dugu. Makulu suerte bat.
Arrazoia aipaturik, horixe bera liburu honen gakoa. Arrazoia liburuaren izenburuaren terminoaren antitesia da. Tesia emognosia bada, arrazoia haren aurkakoa. Sintesia bilatu behar dugu, ordea. Sintesia liburu-saiakera honetan duzu.
Saioa zazpi kapituluz osatuta dago. Egiari zor, zazpi kapitulu Sarrera delakoa lehen kapitulutzat hartuta. Fiordoetan nabigatzen ariko bazina legez aurkituko duzu zure burua. Nire pertzepzioaren arabera, behe-lainoa laugarren kapituluan hasten da amiñi bat saretzen. Saretu, hots, saretu hitzak daukan adiera baten zentzuan, hots, barreiatzen.
Pazientzia ei da zientziaren ama. Filosofiarekin zilipurdikatzen garenean pazientzia hartu behar dugu, egonarriz jardun. Idazleak saiakera honen funtsa zertzeko filosofo andanaren pentsamenduaz elikatu du bere burua.
Liburuko Bibliografia begiratzea bertzerik ez duzu. Ez naiz obraren balioa gutxiesten ari, inondik ere. Aitzitik, pentsamendua –kasuon, Mitxelko Urangarena– ez dela ex-nihilo-tik sortzen adierazi nahi dut. Adierazpen inozoa inondik ere.
Konturik kontu, burutapenik burutapen
Metaforarekin jarraikiz, historiaren eta liburuaren bide-ertzera hurbilduko naiz amiñi bat. Saiogileak emognosia zer den argitu aldera hamaika bidaide eraman ditu berarekin fiordoan barrena. Bidaide horiek –filosofoak gehienak– batzuk gogaideak ditu eta bestetzuk ez. Hainbat unetan ez dira erraz antzematen lantzen dituen terminoak. Normala hori ere. Filosofiaren historiaren hasita –Platon buruan buru– gaur egungo filosofiara bitartean saiogileak eginiko bidaia ez da ezelakoa. Ez da erraz digeritzen, alegia. Handi-handika, zazpi korronte filosofikoek zeharkatu edo ildokatu omen dute norbanakoon ibilia. Tira, pentsamendua landu duten norbanakoez ari naiz, norbanakoen gehiengoak ez baitu pentsatzen. Gehiengoa gutxiengo baten pentsamenduaren arabera doktrinatu izan gara.
Hara, desbideratu naiz. Liburuaren ibilbidetik aldendu naiz. Tira, desbideratze hori baliatuko dut hauxe errateko. XX. mendera arte, filosofiak –modu batez edo bestez– bere tokia eta presentzia izan du irakaskuntzan, dela beheko mailan dela unibertsitatean. XXI. mendean, pentsamendua eta arrazoibidea uxatuz doaz mundutik. Liburua, irakurriz gero bistan da, horretaz jabetuko zara.
Konturik kontu, funtsik funts
Liburu bati bere funtsa antzematea bere lerroburu soilaren bitartez ez da samurra, ez duzu erraza alegia. Are gutxiago emognosia izenburua delakoaren bidez. Azalean ageri ez den arren, liburuak badu izenburu azpiko bat: Egia-ostea, konspirazioa eta negazionismoa. Hiru termino horiek ere ez dira nahiko liburuak dakarren mamiaz jabetzeko. Hain da trinkoa. Kontzeptu eta terminoz trinkotuta dago, alegia.
Liburuaren hasierako asmoaren tamainaz jabetzeko kontu bat: saiakera benetan mamitsua da bere horretan. Alta bada, liburua Joseba Gabilondo, Eduardo Apodaka eta Mitxelko Urangak berak landutako Globalizazioaren ondorenaz: apokalipsia, egia-ostea eta subjektuaren autonomia izenburuko lan mardularen Egia-ostea deritzon lehen zatia baino ez da. Alegia deus ez.
Jarraian, lagundu aldera, liburuaren matazarekin ohitzeko hainbat zertzelada –behe-lainoa izendatzeko bertze molde bat–. Emognosia-z ari garenean, aro modernoan honatago ari gara. Aro hipermodernoan ari gara. Modernotasuna antigoalekoaren moldeak irentsi bazituen –adierazteko molde bat duzu– hipermodernoak erabat irentsi du aro modernoa. Konstatazio bat: gehiegikeria da gaur egungo norbanakoaren jaidura. Ezaugarri nagusietako bat.
Gizakiok zertu ditugun itunen ildoan eraiki dugu gure kontzientzia. Adibiderako, mitoek “lagundu” gintuzten zeregin horretan. Erlijioek ere bai, baita filosofiak ere, noski. Uranga pentsalariak Fausto izeneko pertsonaia ekarri du hizpidera. Metafora suerte bat. Deabrua tartean dela betiere. Metaforaren arabera betiere, Jainkoaren aurka edo haren predestinazioekin bat egin ezinean, deabruarekin paktatu ohi dugu. Hara, aro hipermoderno honetan ere, paktu edo itunen menpe bizi gara. Paktu batek arau bizi gara egungo norbanakook? Zeinekin egina? Bada, hiperkapitalismo liberalarekin.
Termino eta kontzeptu anitz daude paktu horretan: berbarako, errealitatea multidimentsional batean bizi behar izatea. Egungo munduan ziurgabetasuna eta egonezina areagotu dira. Nik emanikoak zertzelada zatar batzuk bertzerik ez dituzu. Honatx, fiordoan barrena jarraitzeko, behe-lainoa aldenarazteko, bertze zertzelada zenbait aurkituko duzu, brotxa lodiz emanak.
Egia-ostea
Egiarik inoiz izan bada, egiaren osteko giza-aroaren ondoren, egiarik ez dago jagoitik. Egia-ostearen aroa da egungoa. Atal honetan egia zen den ulertzen laguntzen gaitu saiogileak. Zer da egia, egiazki baina? Nork bere egia omen du. Beraz mila milioi egia al daude? Sinplifikatu aldera –egilearen ildoan– egia errealitatearekin bat egiten duena da. Errealitatea baina ez da finkoa, ezta? Baldin adierazten duguna errealitatearekin bat baldin badator, egia da dioguna. Bestela gezurra. Ufa.
Mataza gehiago korapilatu barik, termino batzuk gehiago aipatuko ditut jarraian: egia zer den ebazteko unean fedeak munta handi dauka. Atal hau duzu horren lekuko. Izendatuko ditut terminoak: Erronka. Errora jotzeko beharra. Iruzurra. Gizabanakoon zurra jiteak determinatzen du iruzurra. Gezurra. Zurra ageri da gezurra terminoan. Faltsua, nonbait. Zuhurra berriz ere: gizaki zuhurra, zurra duzu, nonbait. Errua agertu da. Atx!
Horratx errua, gure kontzientziaren astintzailea. Gizakiok errudunak gara sortzez –gu geu kultura judo-kristauaren seme-alabak izaki–. Erlatibismoa. Erlatibizatzeko beharra dugu, biziko bagara. Erreala eta ismoa. Errealatibismoa. Saiogilearen terminoa duzu. Esanguratsua
Mefistofeles
Kapitulu hau luzeena eta mardulena duzu. Mefistofeles deabruaren pertsonifikazioa da. Aurreratu dizut daborduko. Goetheren Fausto pertsonaiaren istorioan azaltzen da. Fikziozkoa, beraz. Mitxelko Urangak, filosofoa izanagatik, errealitatea behatzen du, alabaina, fikzioaren errekreazioen bitartez lagundu nahi edota behar izan du bere saioa.
Hitz termino edota kontzeptu anitz landu ditu –desmaskaratu nahi izan du, molde literarioan erranez–. Pathegnosia terminoa aletzen du Mefistofeles pertsonaiaren izatearen inguruan. Post-truth edo egia-ostearen egia alternatiboak “jalgi” dira gure mundura. Egia hauen diskurtsoak darabiltenak ez dira ironikoak, ez erlatibistak, metafisikoak baizik. Egia absolutuen aldeko diskurtsoak dituzu eurenak. Beraiek egia-osteak egia guztiak baliogabetu dituela diote. Hori diotenak, ordea, beren egiak egiatzat hartzen dituzte.
Hedonismoa da berebiziko terminoa gure garaia ulertzeko. Noski, terminoa ontsa entelegatzea funtsekoa da geure burua desmaskaratzea. Badago termino sano esanguratsua saiakera honetan guztian eta da: mihiztadura. Mihiztadura, hots, gizakiok bizi garen garaira iritsi gara akoplamendu polizefalikoa dela medio. Sigmund Freud duzu dagoeneko bidaide –bertze hainbat pentsalarirekin batera–, Mitxelko Urangaren iturri fidagarria, antza. Terminoaren bitartez, nolabait erranik, neoliberalismo hiperkapitalistaren arrastoan eramaten gaitu, irakurleok alegia.
Honatx ideia klabeetako bat: neoliberalismoak emozioetan ikusi du ekoizpena eta errendimendua handitzeko modua. Hori lortzeko norbanakoen askatasunaren ustiapenaz baliatzen ari da. Emozioak emozio, saiogileak atal honetan behe-lainoa uxatzen du apur bat gehiago. Gnoseopatetismoa-z dihardu. Gnosis eta pathetikós hitzak uztartu ditu, emognosia terminoa ia-ia desmaskaratuz.
Kapitulu mardul hau ulertu aldera, honatx termino gehiago: Zientzia(gintza). Nietzsche hizpide du Urangak. Pentsalari berebizikoa saiogilearen jardunean. Filosofo prusiarrak zientzia ulertu eta jorratzeko modua oso aintzat hartzen du pentsalari bizkaitarrak. Errate baterako, zientzia egokiro ulertu dezagun, zir(kuns)tentzia landu du Urangak. Hitz asmatuak dituzu. Hitz jokoen bitartez, liluratu edota zoratuko zaitu. Pentsamendua biziarazteko filosofiaz izan ez ezik, filologiaz baliatzen da.
Zientzia ez da ulertzerik gailenduz doan (sasi)zientzia aztertu barik. Are gutxiago Tekno(zientzia) delakoaren ezarpena aintzat hartu gabe. Adimen artifizialaren aroaren hastapenean gaude. Dualismo ontologiko berri baten aitzinean. Digitalizazioak eta algoritmoek gizakion sentiberatasuna ukitu ez ezik, gure zuntza emozionala urratu digute. Google ezagutzen duzu, ezta? Berbontzikeria terminoa ulertzea gakoa da, egia-ostearen funtsa ulertuko baduzu. Badugu. Termino berebizikoa gaur egunean.
Kontzeptu horiek hobeto ilustratu aldera, tekno(berbontzikeria) politikoa terminoa sortu du saiogileak. Miraria (m(ir)ag(arri)ia, Magia m(ae)gia), Heziketa (he(mo)ziketa eta Ilustrazioa (Ilun)strazioa berbak sano adierazgarriak dituzu emognosia zer den argitu bidean. Guri irakurleoi, ilustrazio aroaren argitasunean azaldutako ilunguneak ulertzea dagokigu.
Konspiranoia
Susmoa dut, susmoa ote den gizabanakoen jardunean gailentzen den jaidura. Susmoa –nik honela interpretatu dut– boterearen eta ikusezintasunaren artean dago. Bestera erranik, botere eta ikusezintasuna lotuta daude. Gure imajinarioan lotuta batez ere. Susmoek elikatzen gaituzte, gure izatea (kon)formatuz. Pentsalariak pentsalari, gizarte mugimenduak ere aztertu ditu saiogileak. (QA)Non mugimendua duzu horietako bat.
Susmoak susmo, Clintontarrak eta Obamatarrak tarteko celebrity-ak eta gidari izpiritualak ezagutzeko parada izan dugu. Aberatsak, prefosta. Izpiritu gidari modernoak, (post)modernoak dira. Konspiratzea eta zin egitea (jurar) elkarren ondoan paratu ditu Urangak: Kon(spi/ju)ratzea terminoa sortuz. Konspirazioa, konplota eta konjura, bat-bedera ipini ditu. Kasu, ez dira sinonimoak. Kontuan hartu hau ere: Konspirazionista eta konspiranoikoa ez da subjektu bera. Egungo gizakion jite paranoikoa begi-bistara ekarri digu saiogileak.
P(l)andemia. Izan al zen azkeneko pandemiaren zabalpen lurtarrean ezkutuko planik? Berez heldu ote zen? Edo eliteek diseinatua izan al zen? Mitxelko Urangak, konspirazioa terminoa aletuz, bere ikuspegia eman digu.
Negazionismoa. Hitz fetitxea. Mantra bat. Horrelakoa ote? Gomendioa: diskurtso erlatibistaren hedapena aintzat hartu behar dugu. Alabaina –saiogilearen ildoan betiere– negazionismoa eta erlatibismo ontologikoa ezin ditugu zaku berean sartu, edo ez dira osagarriak, ez guztiz bederen. Bere ustez, elkar baliogabetzen dute. Zirt eta zart, ebatzen du berak: negazionismoak ez dauka erlatibismoarekin zer ikusirik. Kito! Sigmund Freud azaltzen zaigu bidean berriz ere. Gogaide ote dugun? Zuk baloratu, irakurle horrek.
Freudek 1925ean publikatu zuen Verneinung testua aztertu du Urangak. Ukazioaz ari zaigu. Eremu labainkorra ez ezik, arras trinkoa dugu. Geure neurosiaz ari zaigu Mitxelko Uranga, norbanakoon neurosiaz dihardu. Nia eta bere zera-z. Psikosia. Arranopola. Antza denez, neurosiak izaera soziala hartu zuen aspaldian. Heldu iezaiozu. Den-dena arras konprenitu barik ere, beti ikasten da. Ez gutxi, alajaina.
Bidean bide, terminoz termino ari gara. Ukazioa aipatu dugu, zioa delakoa darama bere baitan: Uka(zioa). Ukazio arrazionalaz ari zaigu. Beste estutu bat ematen dio testuari, negazionismoa ulertze bidean. P(l)andemia I ez ezik, p(l)andemia II testua dakarkigu. Zaratrustaren bidean eskalearen bertsio hipermodernoa zer den azaldu digu: azken aldiko mugimendu negazionista eta konspiranoikoan omen dagoen eskale moduko hori. Eskale moduko horren jaidura ezagutu nahi? Segi bada! Aitzina!
Eszeptizismoa/perspektiba
Azken kapitulura arribatu al zara? Ez liburuarenera. Ez. Iruzkin honen azken atalera, alegia. Hizkuntza lantzean datza ahalegina. Eta lantzean, (Za)lantzean –nabigatzea– datza jarduna. Erlatibismoa eta errealismoa hizpide, saiogilearen ustez, batak besteari aitzi egiten dio. Ez da samurra gaiaren lanketa. Errealitatearen perspektiba hartzeko baina, lagungarria duzu oso.
Zein da helburua? Emognosia-rekin akabatzea. Zeregin horretan eszeptizismoa dugu ebatzi beharreko terminoa. “Ezer ez da gehiago berdin" edota “denak balio du" bezalako mantrak baliagarriak al dira? Edo nahasgarriak ote? Zuk erabaki. Mefistofeles ezagutu dugu bidean bide. Bidaidea. Gogaidea ote?
Ikasbidean azken urrats moduko hauxe eman dugu: neoliberalismo hiperkapitalista fenomeno arrunt erreala dugu. Fenomenoa desmaskaratzeko, emognosia delakoa ezagutzea komenigarria zaigu hagitz. Neoliberalismo hiperkapitalistaren zioak albait hobekien ezagutzeko saiakera da duzu dugu Emognosia. Saiakera trinkoa, haatik. Terminoz eta kontzeptuez arrunt trinkotua. Inork erran al du bizitza esperientzia trinko eta konplexu ez denik?

Iruzkinak
Utzi iruzkina: