Narrazioak berak lakioak izaki; eta literatura iturri agorrezina bihurtzen denean

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-10-31 16:26

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1761925221005

Lakioa

Josu Goikoetxea

Elkar, 2025

Narratzaileaz aldez aurretik

Zer luzea negu hau poesia liburu kari plazaratu zen, 2018an. Luze joan zitzaion gazte garaiko Lubakitik bakarkako lehenbiziko agerraldia zertu arte. Banda bateko partaide izateak ez zaitu –agerikoa denez– idazle bihurtzen, ezta berez eta artez literato bihurtu ere. Berbarako, banda bateko partaide izateak ematen duen irmokeriak ez zuen Josu Goikoetxea literatura sortzeko gurarekin lardaskatu. Literaturarako jaidura errespetuz hartzen eta arteziaz lantzen du. Bertsolari sena duen idazle hau bigarrenekoz jalgi da plazara, ipuinlari lanetan jalgi ere.

Bederatzi istorio, bat-bedera bere eskutik

1. Hiltzailea. Kutsu edota sen metaliterarioa daukan istorio honetako protagonistak –izenik gabeko idazleak– berbak ditu eskas enegarren nobela gauzatzerakoan. Ideiak nekez bururatzen zaizkio, baita esaldiak nekez taxutu ere. Narrazioan abiatzea ez da samurra, agerikoa denez, idazletzan irautea da zinez zaila. Literaturan irautea eta berritzea hitz sinonimoak baitira.
     Kasuon, ipuin honetan, bizitzaren paradoxikoak hiltzaile bilakaraziko du idazlea eta literatura berritzeko beharrezko den esperientziaz hornituko da: “Baso beltzean gereziondo zuri bat katakume zuriz loratzen, min bihurri bat bere ardatzetik espiralean goraka azalera etortzen, uraren zurrumurrua”. Horra lagin gisako bat.
     Idaztea hitzak paperera iraultzea da, ekintza soil eta konplikatua aldi berean. 

2. Gaua eta gero. Gau asko elkarrengandik urrun igaro ostean elkartu dira Sonia eta Alaitz. Euren bizitzaren esperientziak, nork berea, bizipen nebulosoak dira oso, drogez zipriztindutako gauak sano ilunak izaki. Soniaren bizitza, hainbat bizitzaz osatuta dago. Bizialdiz bizialdi taxututako bizitza. Bizialdi bakoitza baina, etenaldi handiek e(ra)bakita izan da. Nerabezaroko bi lagunak dituzu protagonistak. Gazte garaiko urratuak sendatzea ezinezkoak diren arren, euren zauriak miazkatu aldera elkartu bide dira.

3. Su bat muinoan. Juan Yrisarri eskultorea, haren alaba Natalia, eta Beñat kazetaria dituzu pertsonaiak. Azken biak bikote, antza. Aita eta alaba batzen dituen istorio lakarra duzu. Historiaren arteari buruzko irakaspena, sublimea hain ziur ere. Kazetaritzako kode deontologikoaren lagin bat. Maitasunak ezin du dena. Maitasunak ezin du dena bermatu, maitasunak ezin du dena justifikatu. Alabaina, arteak nola maitasunak norbanakoa gauzakia edo izakaria bihurtzen du zenbaitetan.

4. Ardo gozoa, ardo garratza. Egibar eta Txanbela bertsolariak dituzu istorio honetako protagonistak. Istorio bakar batek ez du haren egilea ipuinlari egiten, alabaina, kasuon, idazle honen bertsolari senak osaturiko ipuin gozo-garratza honetan, ipuinlariaren sena eriden dezakezu. Bertso magistralez osaturiko istorioa duzu. Halarik ere, istorio enigmatikoa izateak bihurtzen du istorioa originala.

5. Ritxi. Jonki bat protagonista. Istorio ohiko bat, zorigaitzez maizkoa giza-historian, ez genuke horregatik istorio arruntzat hartu behar. Garaien edota garaiko zirkunstantzialen arabera osatzen gara gizakiok, munduratu gaituztenen araberakoak bilakatu ere zenbaitetan. Determinatuta gaude nonbait, alabaina, norberaren izatea norberak determinatu dezake era berean, edo hein batean behintzat. Horratx Ritxiren istorioa. Arrunta ote? Halakoxea ote? Ene!

6. Mika eta belea. J. izeneko protagonistak hegazti biren ahots durunditsuak ditu kontzientziaren astintzaile. Energia konpainia bateko kudeatzaile gaztea da, etorkizuneko printze berria. Ergel galanta edonola ere. Esperientzia eta ausardia funtsekoak diren enpresa munduan, leialtasunarekin du lehia handiena J.-k. Leialtasunak Paco izena du. Osaba eskuluzea. Eskola zaharreko komertziala. Carmela eta Carolina dira ere partidakoak. Mundua ekonomiaren gainean jira-bira dabilen ziba bat da. Enpresa-buruen hala nola gobernarien eldarnioen menpeko pertsonaiak gara. Garen bezala azaldu ezinean, garenaren irudia gara izan. Bizitzaren jokoaren eta bere errepresentazioaren isla duzu seigarren ipuina.

7. Zeremonia. Izendatu gabeko Arkautin (Arcauten) eta Leioako Soziologia Politikoaren fakultatean kokatuta dago istorioa. Irakaslearen rolean ari den pertsonaiaren gogoa aipatutako bi eszenategietan ari da. Ikaslearen rolean ari denaren gogoa berriz eszenategi bakarrean. Gradu Amaierako Lana dute hizpide eta eztabaidagai: Black Lives Matter eta Euskal Herriko oreinak: herritar periferikoak poliziaren jopuntuan.
   
Bitxia bada ere, baita arraroa ere, irakaslearen alaba da istorio honetako protagonista nagusia. Ikasleak baina, ez ditu irakaslearen alabaren nondik norakoak ezagutzen. Ehunka txapel gorriek luma zuriko zikoina baten bake zuria estali dute. Irakasleak bakea behar du, bake-zuria bada ere. Ikasleak ez du, anartean, hegazti zurien bakearen ideia sumatu ere.

8. Usainak. Neguriko etxebizitza batean bizi da Miriam, Luis senarrarengandik bereizita; euren Alba alaba Kanadan dagoela. Miriamek, pertsonaia nagusiak, Ezkerraldean egiten du lan. Medikua da ontziola batean. Bere jatorrizko eskualdera bide egiten du egunero, eskuinetik ezker aldera, autoz egin ere. Hori egiteko dagoen pasabide bakarretik. Mundu bi lotzen dituen zubia duzu. Klaseen arteko lubakiak agertzen ditu istorioak. Serapio Martinez izena du, gaur, Miriami artatzea suertatu zaion behargina. Eldarnioek idokitzen dituzten usainak darizkio istorio hits honi.

9. Zeruko ate diamantezkoak. Zigor, Andoni eta Mari Luzek osatzen dute zirkulua. Busturialdea eta Bortziri artean kokatutako istorioa; joan-jinean. Bizitzaren gorabeherek aldenarazitako bi gazte elkartu(ko) dira urte asko iragan ostean. Maitasunak ezin du dena. Ezin du dena bermatu, ezin du dena justifikatu. Alabaina, nerabezaroko maitasunaren hari batek pertsonen arteko adiskidetasuna atxiki dezake, nonbait. Lagunen adiskidetasun hari mehe batek eusten dio istorioari, nolabait. Thriller psikologikoa.

Oharra: orain arte idatzitako testu horiek Lakioa osatzen duten ipuinek sorrarazitako eldarnioen menpeko sinopsiak dituzu, gogoeta sinoptikoak. Hor nonbait. Nolabait horiek ere.

Lakioa

Lakioa izenburuak, bere laburrean, ongi baino hobeto adierazten du nobela begitandu zaidan literatura lan hau. Pertsonaia guztien askatasun ezak –denak askatasun faltak lotuta izateak– bihurtzen du berau nobela. Ene irudimen eldarniodunaren ondorioz, naski. Lehen istorioan –protagonista izen gabeko idazlea– protagonista hiltzailea bihurtzen da. Istorioak berak harrapatuta dago idazlea.
    Hots, finean eta funtsean, potentzialki, zirkunstantziek hiltzaile bihurtu gaitezke, lau katuren hiltzaile izanik ere, gogoz kontra bada ere. Josu Goikoetxea idazleak, istorio horretako idazleak nola, istorio guztietako pertsonaiak legez, baditu kontagaitzak diren istorioak. Istorio horietako pertsonaiak harrapatuta daude, idazlea bera legetxe, idazlea narrazioa –bihurriarazi izaten– den lakioan harrapatuta baitago ezinbestez. Literaturak askatasun bidean paratzen gaitu, baita haren izaeraren eta izariaren arabera libreagoak izaten lagundu ere.

Lakioan bildutako istorioak hagitz modernoak dira, eta antigoalekoak aldi berean. Erran nahi baitut, ipuin tradizionalen kutsuko istorioak begitandu zaizkidala. Atxagar jiteko sena dute. Obabako Atxagaz ari naiz. Obaba nola Busturialdea hala. Txoriak eta muskerrak han, oreinak eta zikoinak hemen. Bertzeak bertze. Modernoagoa da, noski. Villamedianako erdal mundu hura Bilbo da hemen. Atzerria bertan dago.
    Sinbolismoa, naturalismoa edota errealismoa, elkarrekin edota kontrakarrean, agerikoak dira ipuinotan. Protagonistek ez dute atsedenik, euren burua askatu aldera, nekez egiten dute lo. Barne borroka batean ari dira etengabe. Ehizakiak dira, hala ehiztariengandik ihes doazen oreinak edota lakioan harrapatutako hegaztiak nola. Animaliak daude beren kontzientziaren muinean zenbaitetan. Iraganean ainguratutako pertsonaiak dira jadaneko heldu –eta presentea– den etorkizuneko munduan. Pertsonaiak fikziozkoak dira, bistan da, baina badute antzik pertsona errealekin. Kasurako edo konparazioenera, istorio horien irakurleak garenokin.

Liburuaren krono-topoak egiten du Lakioa errealista. Hiltzailea istorioaren tokizen gabekoa bada ere (tokizen edota toponimoa, sinonimoak izaki), gainontzeko istorioetako tokizenek deskribatzen eta deskubritzen dute nobela honen lurraldea: Gernika, Bilbo, Urretxu, Artxanda, Zamudio, Leioa, Arkauti –izena aipatu gabe ere–, Neguri eta Santurtzi, Busturialdea eta Bortziriak. Bertzeak bertze. Garaia, berriz, gaur-gaurkoa duzu. Egungo istorioak baitira, guzti-guztiak. Ipuinok egilearen fantasiaren ondoriozkoak izanagatik ere, istorioak diren aldetik, fikziozkoak izanik ere, sano lotuta daude errealitatearekin, errealitatearen lakioan harrapatuta daude eta.

Idazleak errealitatea narratu edota kontatu gura duLakioa delako honetako idazleak, kasu–, fikzioa du bitarteko eta baliabide. Errealitatea baina kontaezina da hitzen bitartez. Narrazioak gauzatzeko idazleak behar dituen hitzak ez baitaude hiztegian. Hiztegia lakio moduko bat da hitzentzat, hitzak ez baitira errealitatearen guztizko adierazleak. Idazleen arteziak hitzei berezko zentzua ematen dien neurrian eta moldean, bihurtzen du narrazioa adigarri eta adierraz. Istorio hauetan tentsio konstante bat dago hasieratik beretik bururaino. Idazlearen jaidurak borroka latzean dihardu pertsonaien irritsak orekatzen. Pertsonaien lehiek eta grinek egiten dituzte narrazioak istorioak bihurtzea, baita hitzak idazlearen beraren lakioen edo tranpen istorioak bihurtu ere.

Literaturaren definizio bat ematea ez duzu erraza. Irakurle norberak eman dezake berea. Alabaina, honatx Lakioak liburua literatura dela baiesteko hainbat zertzelada. Behin irakurrita, berriz eta segidan, istorioa irakurtzeko beharrak harrapatuta bazaude, lakio batek nola, istorioa grinaz irakurriko duzu ostera ere, istorioaren mataza askatu beharrez berriz irakurri ere. Bigarrenekoz irakurrita, entelegatu gabe laga dituzun pasarteak argiagoak –eta agerikoagoak– egiten zaizkizun heinean literatura irakurtzen ari zarenez jabetzen zara. Literatura denean, irakurraldiak ez dira inoiz agortzen. Literatura iturri agorrezina baita.
    Lakioa liburuko istorioen irakurrialdi bakoitzean hori berritu dut neurri handi batean. 

Liburu baten literaltasuna ez da soilik liburuaren baitan. Literatura dago ere irakurlearen jakiturian edota eskarmentuan. Berbarako, Zeruko ate diamantezkoak azken istorioa entelegatzeko, hobeto entelegatzeko, osotuago entelegatzeko, Gernikako marijesiak zer diren entelegatzeak izan ezik, berauek bizi izanak eman diezaioke istorioari bestelako izaririk. Ene ustea duzu. Adibide bat da. Ene! Tira, kasuon, baliteke marijesiak ez izatea istorioari erabat loturik ere. Izanik ere, idazleak landutako literatura –pertsonaiak eta protagonistak barne– idazleak berak askatu ezin duen literatura-artefaktu-tranpa baita. Istorioaren korapiloa desegin ezin duen idazlea nola, halatsu ari dira istoriootako pertsonaiak ere.  

Literatura fikziozko espazioan eta denboran eraikia da. Fikziozkoa den aldetik bere pertsonaiak ez dira errealitatean operatiboak ahal izan. Literaturaren dohainak ordea, egin dezake posible gure burua fikziozko pertsonaiekin identifikatzea. Ez osotoro, betiere. Baina bai, pertsonaien izaeraren parte batekin. Izanez ere, Hiltzailea istorioko protagonista legetxe, idazlea legetxe, literatura-jarduera lakioa den aldetik, tranpa den aldetik, literatura garenaren miraila izan daiteke. Mirailean agertua garenaren isla lausoa bada ere.


Utzi iruzkina: