Muskildiarraren pentsamendu-printzak
Egun oroz pentsamentukatzeko
Une pensée pour chaque jour
Pier Paul Berzaitzen Egun oroz pentsamentukatzeko liburua heldu zait, lagun on baten eskutik heldu ere. Urteko hilabete kopurua nola, hamabi ekinaldietan irakurri ditut muskildiarraren pentsamendu printzak.
Eleren bat “zor” diot naski. Alabaina, zer erran jujatu gabe. Pier Paul Berzaitzen perlen arteko batto aldatuko dut hona:
Azaroaren 13koa: “Ez baduk ixiltarzuna beno handiago den erraiteko: hobe dukek ixilik egonik!”.
Hartara, liburuaren gaineko isiltasuna gorde nahi dut enekilan.
Alta bada, deusik ekarri gabe ezin ene baitan kabiturik, hots, ezin egon ene ego hegaldatu barik. Bada, hilabete bakoitzeko ene pentsamendu bat paratzea proposatu diot ene buruari.
Esker onez Pier Paul Berzaitzi eskainiak.
Urtarrila
Jainkoak errana: “Zure kopetako izerdiz lortuko duzu ogia”. Nik berriz: “Ene gurarira eskuratuko dut ogia, eta ez, inola ere, nehoren aginduz”.
Barantaila
Absoluturik ez dago. Absolutu bakarra Jainkoa da, eta bera ez da existitzen.
Martxoa
Munduko pobretasun gaitzesgarriena ignorantzia dela aldarrikatu nahi dut.
Apirila
Arrazoia subjektiboa denez gero, zentzugabekoa zu, arrazoia duzulakoan –bizi baza–.
Maiatza
Maisu bat izan nuen oso-osoan faxista zena. Ziur naiz, uneon, demokrata agertu ohi duela –bere burua–. Madarikagarria.
Ekaina
“Jainkoaren erresuman, azkenak lehenengoak izanen dira”. (Jesukristoren errana).
Hauxe nirea: Ez dira ez azkenak ez lehenak. Ez gaiztoak ez onak (soilik) mundu honetakoak. Azkarrak eta ergelak, zapalduak eta zapaltzaileak, inperioak (estatuak) eta herri zapalduak baizik.
Uztaila
Egiaren bila doanak umiltasunez ase behar du.
Agorrila
Munduan justizia balitz, mundu hau –duguna, gaituena– debekaturik legoke.
Iraila
Adierazten saiatzen naizena, –saiatzen naizenez– ez da/dut laket, paradisuan bizi ez garenez.
Urrieta
Ziurtasunik ez dut. Ene aurpegia nire sentimenduen isla dela dut ziurtasun bakarra.
Azaroa
Ez da/dugu beste paradisurik izanen, jendeok eginen dugun hori baino. Tamalez, munduan/gurean, infernua gori-gorian dago.
Abendua
Poesia mailu bat dela, dio Arestik. Arintze gisako bat dela, diot nik. Diola diot, Gabriel bizirik dagoelako bere liburuen orrialdeetan.
Mikel Asurmendi (2021eko barantailan)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: