Munduari bost axola zaio zu zarena, alafede!
Inportantea
Uda aldean, iraganean irakurri baina iruzkindu ez dudan libururen batera edo bestera itzuli ohi naiz. Berbarako, duela bi urte, Harkaitz Canoren Twist nobelarekin horixe egin nuen. Aurten, berriz ere, Fakirraren ahotsa nobelarekin hori bera egiteko zorian nago. Iruzkinik egin ez izanaren arrazoia hauxe: nobela amaitu eta berau interpretatzeko kemen aski ez izatea. Nekeaz beste, aldarte egokia ez izatea eta beta eskas. Bi nobelak idazle berarena izatea ez da kasualitatea.
Udaldion, asmo horrekin ari nintzela, nobela hau berriro irakurri eta komentatzen hasi aitzin, ohiko begirada bota dut Armiarman. Hara, ustekabe galanta hartu dut. Uste nuenaren kontra, Fakirraren ahotsa iruzkindu bainuen bere garaian. Zer egin ez nekiela gelditu naiz, zur eta lur.
Aitzina. Irakurraldiak emandakoa papereratzea otu zait, zirt eta zart. Hartara edo, usu aipatu izaten dudan “fenomeno literarioa” esperimentatuko dut. Hots, ez dugu liburu bera behin ere berdin irakurtzen, ez eta berau berdin interpretatzen. Erran gabe behar luke, baina enkax errana: ez dut beste orduz egin nuen iruzkina berriz ere irakurri.
Intro
Harkaitz Canok –berak adierazi bezala– hogeitaka elkarrizketa egin zituen nobela hau gauzatzeko. Donostiako Antigua auzoko dantzari, ETAko militante, iheslari, paristar eta kantari izan zenaren lagunekin solastatu zen idazle donostiarra. Larzabal izan zen Lurgain ez den Imanol pertsonaia zertu zuen. Azken
atalean –Bonus track delakoan– idazleak berezko tokia hartzen du.
Nobela ederki zertu duela pentsu dut.
Narratzailea taxuz aritzeko, nobelagileak finki ehundu behar izaten du bere zeregina. Nobela honetan jaso eta josi izan dituen ahotsak egokitzeko egindako lana “gaitza” begitandu zait. Nire begirada etakide ohien pertsonaien gainean paratu baino –Bekaintiro, Teklas, Seiko… –, Imanolek musika munduan izan zituen hiru lagunen izenak azpimarratu nahi ditut: oroz gain, Jean Pharos. Ainara ondoren, Sixto ere euren ondoan.
Pertsonaien gibelean dauden pertsonak askotxo dira, ez ditut nire nahikarien arabera bereizi nahi. Berezitasunak berezitasun, beste hauxe: Imanolen bizitzan emakumezkoek toki berezia izan zuten: Tatiana eta Koro. Ana bestalde. Ama eta arrebak, halaber. Arakis delakoa berezia da –ere bai–. Ez da nobelan pertsonaia gakoa, baina haren bizitza determinatu zuen, nolabait.
Morroi arraroa izan bide zen Imanol. Berezia bera ere, hagitz berezia erran nezake. Lurgain pertsonaia halaxe da, beraz, Larzabal ezin dut irudikatu nobelako protagonistaren arrunt diferente.
Literaturaz zehazkiago
Harkaitz Cano idazlearen baliabideak, bere trebezia literarioa hots, ederto landuak dituzu nobela honetan –ere bai–. Pertsonen gibelean dauden pertsonaiak eraikitzeko ahalmena agerikoa da. Joxean Lasa eta Josi Zabala ditut akorduan, Twisteko Soto eta Zeberio. Oraingoan baina, pertsona-pertsonaien sinbiosiak zertu ahal izateko idazlearen ahalmenak atezuan mantendu nau nobela osoan.
Ez da horretara mugatzen bere gaitasuna. Narratzailearen bitartez ageri den munduaren deskripzioa sublimea da, asmatzen eta zertzen duen mundua, alegia. Pertsonen ideologiei buruzko azalpenak apartekoak dira, hots, ideologien zentzuzko jiteak hala nola ideologien izaera makurren aditzera emateko dotorezia.
Jendartearen gainean luzatzen duen begirada itzela da. Jendeon kontraesanak ageri-agerikoak dituzu. Horrelakoak izan badirela jakitun gara, horren egile eta eragile garela, alegia. Alta bada, literatura-egileak horiek egokiro kontatzea duzu meritu-literarioa. Horiexek idazle honen berezko doitasun eta dohaina.
Nork bere idazle kuttunak ditu, nork bere gustuko literatura generoak ukan ere. Ez naiz orain lasartearraren bertuteak goraipatzen hasiko. Literatura kritikak ez du halakorik behar. Laudorioak tamainan emanak hobe, eta laidoak murritzak badira hainbat hobe –ere bai–.
Erran nahi baitut: literatura iruzkingilearentzat liburu bat interpretatzea, hitz egokiak taxutzea, berauek jostea ez da lan samurra. Hots, erran nahi duena ongi adieraztea. Ez horixe. Idazlearentzat idaztea nola halaxe ere iruzkingilearentzat –ere bai–.
Literaturak emandakoa
Literaturak emandakoa deskribatzea –guztiz deskribatzea– ezinezko zeregina da. Behin helburu horretara hurbiltzea lortuz gero, idaztea atsegingarria bihurtzen zaizu. Lortu ezinean, berriz, zapuzgarria.
Berriz ere irakurria, Fakirraren ahotsaren adieran hauxe kausitua
Behin eta hasteko, Imanolen ahotsean urraturiko hitzak, Etxahun Irurikoaren eleen ildoan: Herio latza hüllantzen ari hiz / dolürik gabe orain nitarat / othoitzen hait ixtant bat ützi nezak / ene azken adiuen egitera.
“Hori dena da denen istorioa”. Imanolena nola, halatsu guztiena. Hor nonbait. Ñabardurak ñabardura, noski. Noski, Troski!
Idealismoen ildoan bizitza urraturik, akabera latza baino ezin dugu itxaron, alajaina. Erlijioan lehenik, ideologia suerte andanan barrena abiatua gero –filosofiak eta politikak doktrinatuta–, hamaika ibilera aldaroka emanda doa giza-aberea. Doktrina-amalgamek "zuzen eta oker" eramana. Dogmatismo zurrun-zurrunek katibatuta.
Fakirraren ahotsa irakurrita, holakoak eta honako solasak jalgi zaizkit gogora:
– “Langileriaren borroka” al da historiaren motorra?
– Baliteke!
– “Nazio arazoa” ote gure izateko zioa?
– Izan liteke!
– Ordea, badira bestelako giza ezaugarriak, baita historiako motor asko izan ere.
– Dudarik ala?
Giza historiaren izaera eta berau interpretatzeko arrazoiak gure izatean daude:
– Gure ego.
– Gure bekaizkeria edota inbidia.
– Gure harrotasuna.
– Hurkoarekiko jelosiak.
– Kodizia edota diru-gosea.
– (…)
Alegia, Imanolen garaikoek ez zekiten gauza asko, gazteok ez genekizkien gauza anitz. Gaztaroa. Gaztetasun-sasoia zen, naski. Sasoiak badoaz eta berriak heldu ere. Alabaina, ez dugu soilik sasoien aldaketa kontuan hartu behar, gure izaeraren aldaketak ere aintzat hartzea komeni zaigu –ere bai–. Hitz batez, gure bilakaera. Giza eboluzioa.
Capri c’est fini!
Izan zaitezke komunista, anarkista edota libertarioa. Izan zaitezke akrata edota autokrata izan ere. Munduari zer arraio axola zaio zu zarena? Munduari bost axola zaio zu zarena, alafede!
Mundua? Baiki, "zurea" uste duzun jendarteari.
Areago, finean autokrata izan ezinean autoritarioa bilakatu(ko) bazara.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: