Munduaren biribila lauki batean! Mertzeria diote eta mer(tz)ezia diot!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-04-12 09:21

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1618213293561

Uxue Alberdi

Dendaostekoak

Susa, 2020

Ailegaera

Arrakastatsua liburua. Diferentea. Egin dioten kritika andana irakurri baino ez duzu. Kritikak esan duena esan ostean, zer esan? Heldu da bada, Asurmendi. Dendaostean aparkatu du azken furgoia, kotxe eskoba. Heldu naiz bada, Pitxintxu dendara, eskaparate alderat, ostetik edota aitzinetik, nire karga hustera noa.

Lehen arnasaldia

Irakurri dut liburua, baiki. Kontu asko entzun eta irakurri ditut liburuaren gainean. Eta azpian, baita ezein alboz irakurri ere. Berbarako: “Marx eta mertzeria”. Nik berriz, “Marx eta sanokeria; Groucho-arena diot”. “Estibariz ahizpak beren kamarotean”. Marx eta amer(tze)ria; ezen eta ez aberria”. Tira, “Mertzeria diotenean, mer(tz)ezia diot!”. Beraz, denetarikoak irakurri eta entzun ostean, zerbait erranen dut nik ere.

Lehenbiziko burutapena: irakurri beharreko liburua. Ezinbestekoa. Eta berehala nire buruaren itaun: “Hainbestekoa al da?”. Bada, bai. Areago, irakurri ditudan azken bosten artean, agian ezberdina delako, besterik gabe, gomendatuko nukeen lehena. Hartaz, gomendatuta Uxue Alberdiren Dendaostekoak.

Pitxintxun barrena jada

– Egun on! Nor da Marijo? Nor Izaskun? Hau galdera! Liburuak ez du beti argi laga nor den nor. Baina zer axola, ezta?
– Nor da morroi hau? Nola ez dela axola? Aizu, zer diozu?
– Bada, liburu ederra osatu duela alaba-ilobak. Merezimendua badu Uxuek. Ez da harritzekoa. Ez ustekaberik ere, berak halaxe idaztea. Baina, zureak barik, ezin horrelakorik sortu ezta?
– Hara, berbontzia eta lausengaria gero tipoa!

Beno, segituko dut nire pentsamenduetan eta gero irakur dezaten BEGIZOLIA blogean (hementxe alegia) edo armiarma.eus-en idatzitakoa. Elgoibarren dago Pitxintxu denda. Denda troteroa. 1978an sortua –zentzu osoz ulertuta, bizia alegia–; San Frantzisko kalearen eta ibaiaren artean. Adinez nagusia. Bi pertsonen bizitza laboralaren lekuko; 42 urtekoa. Denda baten bizitzaz harago, familia baten lekukotasunezko erakusleihoa. Alaia oroz gain, lantzean-lantzean triste eta krudela. Familia baten testigantzaz honantz, hamaika lagunen bizipen ilustratua. Lagunak, kolore askotarikoak (baita azalari erreparatuta ere) eta joera politiko anitzetakoak. Herri baten bizitzaren –neurri batean betiere– adierazpidea. Dendaostekoak liburuaz ari naiz engoitik. Eta motz geratzen naiz, bi ahizpa hauek –klasezkoak, klasedunak– nazioarteko esperientziaren paradigma baitira: mendizaleak –Europako Pikoak, Pirinioak, Alpeak, behin eta hasteko tokiko mendietatik abiatuta…–, korrikalariak –New York eta Londresko maratoian egonda–, biak ez, baina bat egonda biak egon izan balira legez imajinatzen ditut. Gorputzez ez bada, bien arimak, biak ala biak, batera. Biak sarritan bat baitira.

Feministak. Haiek sortu aitzin, feminismoak bidea egina zuen bistan da. Baina, praktikan aitzindariak dituzu, ezbairik gabe. Teoria tamainan, praktikan nagusi.

Auzolanaren eredua. Baserri munduaren espiritua kalera ekarria, King Kong basotik hirira nola. Etxe erraldoia baita King Kong Elgoibarren, baita taberna bat izan ere. Basorik baso horretan ere, basotik basora. Bizitzatik edan eta klik! Ahizpek maite baitute, tamainan betiere, tabernaz tabernakoa. Dendatik dendarakoa maite duten legez. Txikiteo garaia ezagututa, pintxo-pote garaira moldatuta. Horra berba gakoak: mundura moldatzea. Bizitzara egunero mudatzea. Etengabe aldatzen baita bizitza, egunerokoa. Pitxintxu, besteak beste, egunerokoaren isla duzu.

Elgoibar herriaz gain, ahizpak nondik datozen helbidean: Getaria eta Tolosa. Aita pintore –Estívariz artista– baten eta etxeko ama ozar baten alabak. Zinez eta benaz, eskertzekoa aitarekiko eta bereziki amarekiko bizitza –bizipen gordinak– hain garden azaltzea. Ama bakarra dago. Sarritan mitifikatua, idolatriak jota kontatua. Haatik, Mari Josek eta Izaskunek eskrupulurik gabe azaldu dute ama, eta maitasunez. Haren bilobaren bitartez, ezin hobe.

Emakume hauek badute meritua, mertzeria (izan) dute, liburu eta disko denda, baita inauteri andana janzteko denda aparta ukan ere, bizitza janztekoa. Kanpotik eta barrutik janzteko ere. Ordea, erran dezagun dena, izan eta badute bi gizon alboan, Andres eta Jose Inazio. Estívariz biak handiak dira eta haiek ere bai. Pentsu dut, ezagutu barik pentsu ere.

Ametsek bizi izan dituzte Estivariz-tarrak. Segi dezaten amesten jubilazioan ere. Amets gaiztoak uxatzea ez da aise –uholde(ka) heldu ohi baitira–, baina Uxuek egindako lan honek lagunduko dizue aldenarazten, hain ziur ere! Jubilazioan jubilozko ametsak izanen dituzue, nagusiki izan ere. Zuen berbak imitatuz edo, su-biloz-ko ametsak ukanen dituzue.

Pitxintxu-z kanpo alderat noa jada

– Aizu, aurkitu al duzu ezer interesgarririk?
– Bai horixe, dena duzue interesgarria.
– Interesgarriena baina, zuek biak!
– Laga laga, Izas!
– Laga zer Marijo?
– Utzi joaten morroi hau. Esku hutsik doa eta.
– Ez dakit ba! Fans horietako bat ote den susmoa daukat! Baina, ez dakit gure fans den edo Uxuerena!

Kanpoan jada

Elgoibar utzi dut eta Getarian egin dut geldialdia. Aspaldiko lagun batekin egin dut topo.

– Zelan?
– Ontsa!
– Aizu, BEGIZOLIA zure bloga segitzen dut eta literatura kritikak irakurri ohi ditut. Zein liburu gomendatuko zenidake?
– Zoaz Pitxintxu-ra, han ekarriko dizute. Zer ekarriko? Bada, Dendaostekoak liburua.
– Zer generokoa da?

Femeninoa ziur. Baina kronika gisa irakur dezakezu, baita nobelatzat hartu ere. Ipuinak ere badituzu berean. Baina funtsean hauxe duzu galdera: liburuak zer dakar? Bada, bizitza dakar. Bizitza bere osotasunean. Irriak eta negarrak. Bizi eta herio. Dendaostekoak… ostean: mundu-oste bat. Mundu ostu bat! Gorputz eta arimen hustuketa. Gehitu nezake gehiago, baina zertarako? Liburuaren kaltetan? Metonimia egiten ari naiz. Mitomania uxatu behar dut.

Pitxintxu, bai horixe! Bitxikeriak non Pitxintxu hor! Munduaren biribila lauki batean, lau metro koadroan!


Utzi iruzkina: