Mundua, apika, ez dago pitzatuta, mundutarrok akaso!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-01-29 19:56

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1738177251353

Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez

Harkaitz Cano / Isabel Herguera

Erein, 2023

Sarrerakoa

Bizitzari zentzua ematea ongi da, baldin eta geuk ematen badiogu. Gizakiok bizitza denboraren arabera antolatu genuen beste orduz: urtetan, hilabetetan, astetan, egunetan, orduetan, minutuetan eta segundoetan, eta zatiketa horien esklabo bihurtu gara. Gainera, denborak ez du bat egiten lurralde guztietan –espazio guztietan–, batzuk jaiki orduko bestetzuk etzaten baitira. Munduan, areago mundu zibernetikoaren gure bizitzan, ezer ez da hasten ezer ez da amaitzen. Jendeok batez ere kontableak bihurtu gara, kontable bitxiak. Kontalariz eskas gabiltza, alajaina.

Harkaitz Canoren eta Isabel Hergueraren liburu honek Haur eta gazte literaturako saria irabazi zuen iaz. Euskadi Literatura Saria, hots. Azken hau anekdota dukezu.
     Sarrerako oldozpen hori ez. Konparazioenerako, literatura jendeen adina arau antolatzeko jaidura hartu genuen behialako aspaldian: Haur literatura. Gazte literatura. Lehen irakurgaiak. Nerabeentzako nobelak. Helduon literatura. Bai ote?

Nork erabaki zuen literatura sailkatzeko irrits hori? Literatura zaleren batek, naski. Instituzio edo elkarteren batek ezinbestez. Horretaz gutxi dakit. Ez dut hartara hatza inoren begietan sartuko. Ez horixe!

Oldozpen luze horrek eta liburuko Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez izenburu luzeak bat egin dute denboraren norabidean. Denboraren nora non ote? Literaturaren bidean kausi liteke, agian.

Liburua irakurri eta leitu dut, bi bider alegia. Hauxe bururatu zait: Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez haur literatura al da? Gazte literatura ote? Liburuaren gainean oldozteren hitza eman nion nire buruari. Izan ere, nork dauka nire arauetan nik bezainbeste berme?

Segidakoak

Idazle bat: Harkaitz Cano. Ilustratzaile bat: Isabel Herguera. Pisuzko egileak azal gogorreko liburu sendo batean.

30 atal. Epilogo bat. Bi lagunei eskaintza. Liburua antzerkirako ideiaren ildotik heldu zaigu. Ipuina ote? Poesia akaso? Eleberritzat ere har dezakegu. Generotan sailkatzen ari ote naiz? Uxatu ditzadan maniak: zoritxar ttipi garrantzi gabeak izan litezke nireak.

Haur literatura?

Oihana protagonista duen istorioa paisaia batekin hasten da. Neskatila bat. Liburutegi bat. Baso iluna. Paperezko hegazkin bat amildegian gaindi… Orriak eta hostoak. Liburuak eta zuhaitzak. Gizadi bizia, izadi hila. Izadia bizirik, gizadia hilik. Hiria eta jendea: parkerik parke, kalerik kale, aldiriak aldiri, aldiak aldian.

Idazten hasi aurretik marraztu egiten zuen Oihanak. Dena paisaia batekin hasi ei zen, baita paisaia horren suntsipenarekin jarraitu ere. Tartean, aita Isma eta ama Ines. Bihotz handiak, gela txikiak. Etxe tipia, biblioteka handia.

Liburuzain bat. Agata izenekoa. Literaturaren apeta. Liburu meta. Metaliteratura. Metamorfosia. Frankenstein. Moby Dick. Altxor uhartea. Hiru mosketariak. Munduari bira 80 egunetan…

Phileas Foogen irudimena. D’Artagnanen balentriak, Ahab kapitainaren eromena… Julio Vernerena ote imajinazioa? Alexandre Dumasena, ausardia? Herman Melvillena ote zorotasuna?

Isabelena ote dira Oihanaren basoko hostoak? Harkaitzenak ote haren liburuetako orriak? Animaliek ez lukete maskota izateko jaio behar. Apika, mundua ez dago pitzatuta, mundutarrak akaso.

Gure ipar itsasoetan dortokak apoarmatuak dira. Dortokak motelak dira. Erasotzeko motelak. Defentsarako gerlari onak, ordea. Eboluzioaren ondorioa dukezu berena. Metamorfosia. Aldaketa. Eraldaketa.

Ipuina arau: liburutegiak eta burdindegiak bizitzaren osagarriak izan daitezke. Apalategiak nola gakoak hala. Tirafondoak nola, hala destornilladoreak. Koadroak hala nola liburuak: llabe inglesak munduaren giltza zabalgarriak bilaka litezke.

Torlojuak destornillatuko dituen bihurkaria, bihurkin on baten jabe izanen da. Bihurkari ona geure buruaren destornillatzailea.

Liburuak gure buruko torlojuak destornillatzeko aproposak izan daitezke. Txikitan gaztelaniaz bizi ginen, ez ginen beraz, barrez lehertzen. Desternillatzen ginen. Ez betiere. Batzuetan destornillatzen ginen.

Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez delako erranairua afrikar jendearena izan liteke, baina ez, bada ez, europar zuri hegemonikoona da.

Gazte literatura ote?

Alfabetoa dela eta, analfabetoak gara. Toles eta plega. Paperezko hegazkinak ez dira putz egitearen ondorioz hegaldatzen, hats egin behar zaie. Hori dute erre-gaia. Horixe irri-gaia.

Erre-gaia. Kir-atsa. Gizakiok usaia txarrak hartzearen ondorioz usain txarra hartu du munduak. Mundua garratza omen da oso. Ez betiere. Limonada hurrupa batez gozatu dezakegu mundua. Mundutarrok gure barrua gozatu ere, alafede.

Helduona ote?

Antonio Skàrmetaren Pablo Nerudaren postariak jo du Oihanaren etxean. Harkaitz Cano ez da konformatzen soilik idazle abenturazaleekin. Postari horren bizitzan bezala, maluren menturen orriak nola hegaldatzen dira hostoak bere ipuinean.

Hara, baina baina... Neruda poeta baino menturazaleagorik ba ote? Ricardo Eliécer Neftalí Reyes Basoalto poeta Iosif Vissarionovitx Dzhugaxvilirekin menturatzea ere! Ausarta gero Neruda. Norekin eta Iosif Stalinekin bihurritu ere!

Beno, bon, tira… bide horretatik segituz gero, ez naiz 30. atalera ailegatuko, ez amaiera alderat arribatuko. Uzbekinstango Taxkent hiriburutik pasa beharra dago, eta ez naiz menturazalea. Gainera, zer pintatzen du euskal herritar batek hango lur gatazkatsuetan?

Calvino tarteko Cosimo ere ipuin honen bidean aurkituko duzu. Baita Julia Butterfly Hill ekintzailea paisaian aurkituko ere. Besteak beste, horiek oro ere.

Ez duzu goserik pasako, saltxitxoi otartekoak dituzu amets-gai, edota amesgaitz izan ere. Literatura holakoxea duzu, aldian amets-gai aldian amets-gaitz! Bibliotekan basoa aurki dezakezu, baita basoan biblioteka idoro ere. Hostoak eta orriak hegazkin motelak izaki betiere.

Erran nahi baitut, bibliotekan basoa aurki dezakezu, eta basoa Oihana izan ere. Haren aitaren orriak nola amaren hostoak kausitu ere. Orriak hala hostoak, tirafondoak nola destornilladoreak. Bihurkinak Burkina Fason eriden ditzakegu ere bai.

Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez. Burkina Fasoko erranairu izan liteke, baina ez duzu hala. Burkina Fason dortokak ez ezik, bertakoak apoarmatuak izan litezke. Izan litezke, alta bada, tokiko guztiak ez dira halakoxeak.

Honatx oparia! Canoren eta Hergueraren emaria. Behin irakurria, birritan leitua... Hirutan bihurturik, lauretan itzulirik... Liburuak nola tirafondoak hala bihurkinak, jendeok bihurkin bihurkariak legez ari gara munduan, itzuli-mitzulika.

Azken karta edo letra

Jatorrian antzerkia izan zena ipuin poetiko eleberri erromantikoa bihurritu da. Metaliteraturaren metamorfosiaren bihurkina. Literaturak begi irritsuak azalarazten dizkigu bisaian, aldian gure begitarte alaia ageri, aldian irri herabe goibel minberatua.

Bizitza ergel batek kontatutako ipuin bat ei da, baina egungo Shakespeare batek kontatua ere izan daiteke, baita Sopicca batek margotua izan ere. Pitzadurarik gabeko ipuin jostaria hala nola hitsa duzu bizitza. Mundua, apika, ez dago pitzatuta, mundutarrok akaso?

Herri kanta hauxe opari ere laga digu ipuinak:

Gothameko hiru gizon jakintsu

Katilu batean joan ziren itsasora,

Katilua sendoagoa izan balitz

Ene abestia luzeagoa izango zen

Postari honen posdata:

Iruzkin literario orori falta zaio zerbait, baita sobratu ere.


Utzi iruzkina: