Montreal hiriaren singulartasuna ezagutzeko nobela
L' Été de 1939 / Avant l’orage
Sar hitza
“Gustatu al zaizu liburua?” galdetu dit Googlek. Euskaraz, to! Adimen artifizialaren dohaina izan daiteke. Hor nonbait. Résumé dio ondoan –hau frantsesez–: “1939ko uda beroa da. Montrealek bero-bolada bat izan du. Atlantikoaren beste aldean ekaitza sortu da: Europan gerra saihestezina da, antza denez”.
Euskarara ekarri dizut laburpena. Liburua irakurtzera, ordea, frantsesez egin beharko duzu.
Nondik norakoak: literaturarekikoak
L' Été de 1939 / Avant l’orage Jean-Pierre Charland quebectarraren nobela bat duzu. Thrillerra. Historia liburua. Historiarekin txirikordatzen den istorio beltza aurkituko duzu berean. Iragan mendeko Montreal (Quebec) hiriaren izaera eta singulartasuna ezagutaraztera ematen dizkizu. Alta bada, Quebec eta Kanadaz harantzago doazen bideak urratu ditzakezu: Europari begira jarriko zaitu, bereziki.
II. Mundu Gerraren atarian paratzen gaitu. Erran nahi baita: ekaitza aitzin. Hitler Europa inbaditzear dago, baina naziak ez daude Alemanian soilik. Italian ere badaude, bistan da. Eta Frantzian ere bai, konparaziora. Baita Kanadan ere: naziak bereziki Montrealen daude. Quebecen judutarrak ugaltzen doazen heinean, naziak jazarpenean ari dira. Judutarren sarraskitzea ez da Europan soilik ernatzen ari, alegia. Gorrota eta erra hedatzen hasia dira munduan gaindi.
Garai hartako Montrealen jalgi ziren joera sozialak ederto azalduta dituzu liburuan. Intolerantzia eta arrazismoa dira gailen. Besteak beste.
Emakume judutar baten hilketa izan da. Ruth Davidowicz izena du. Renaud Daigle abokatuak argia eman behar dio gertatuari. Abokatuaren susmoen arabera senarra inplikatua egon daiteke hilketan. Maitalearen alibiak hilketa-egilea izanaren susmoak ezeztatu ditu, ordea. Abokatuak detektibe baten beharra dauka: Farah-Lajoie. Pertsonaia hauetako bakoitzaren inguruan mundua dago, munduak daude: senitartekoak, politikariak, erlijiosoak, artistak… Pertsonak izan ezik, erakundeak. Instituzio erlijiosoak eta politikoak; alderdiak eta elizak… Nork berea.
Nondik norakoak: literaturatik kanpokoak
Nobelaren nondik norako laburra eman dizut aditzera. Berariaz. Orain, nobela honetara iritsi izanaren arrazoia emanen dizut, arrazoi hagitz singlea. Patuak Montreal ezagutzera eraman ninduen duela lau urte. Oihenart bilobak eraman nau berriz ere. Haren amak L' Été de 1939 / Avant l’orage oparitu zidan. “Tori, Montreal hiriaren singulartasuna ezagutzeko nobela bat”, erran zidan.
Honatx nire eskaintza: “Montrealen eta Quebecen bizi diren euskaldunei”. Gonbidapena harago doa eta dator, noski, Europako euskaldunei egina ere bada eta. Literatura zale direnentzako eleberria da. Frantsesa menperatzen dutenentzat aise irakurtzekoa. Frantsesez idatzitako literaturarekin ezkondu nahi dutenei ahalegin gehiago eskatuko die, prefosta.
Literaturarekin bizitzea, "mundu" berrietan bizitzen saiatzea da. Munduko literaturak bilatzea, bizitza anitzago bat topatzeko mentura.
Bref: mendebaldearen iragan mendeko lehen erdia ezagutzeko parada duzu(e). Neurri batean, nolanahi den ere. Izan ere, oraina ezagutzeko iragana ezagutzea ezinbestekoa den aldetik, Jean-Pierre Charland quebectarren L' Été de 1939 / Avant l’orage nobela artefaktu egokia duzu(e) "gure" historiaren barrenean bide egiteko.
Behingoz ez dizu(e)t irakaspenik emanen. Hots, ez dut moralerik egingo, ez moralejarik ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: