Mitoek eta ideologiek eragindako desastreen isla
Liburuaz jardun aurretik
“Ez gea geure baitakoak”, Jose Migel Barandiaranen maxima bat duzu. Ez gara geure baitakoak, hala berean, Joseba Sarrionandiaren saiakera liburu bat. Adagio horrek hauxe ematen digu aditzera, nonbait: “Gizakiok ez gara geure buruen egile bakar; besteez osatuak ere bagara: gurasoez, anaia-arrebez, seme-alabez, lagunez...”.
Gogoeta zenbait literaturaren gainean
Polis-ean egokitu ginenez geroztik dena da politikoa. Alabaina, gaur egun, tamalez, arrazoiak gero eta presentzia urriago dauka politikan. Horiek horrela, "politika molde hori" jendartea zuzentzen-kontrolatzen-menperatzen duten eliteen faboretan gauzatzen da, elite ekonomikoak sistema-politikoaren buruak izaki. Definizioz, politika boterearen organizazioa da, eta ondorioz, askatasuna bermatzeko jarduna. Tira, praktikan hala izan behar luke. Izan ere, aro postmodernoan, milurteko hasi berrian, giza-arrazoia gero eta ahulagoa da. Gaur egun, batik bat, politika jendearen emozioen arabera gauzatzen da.
Jendartea nolako bere espresioak halako –arte espresioak barne–. Literaturaz ari gara, beraz, nolako politika halako literatura. Edo alderantziz: nolako literatura halako politika. Literatura baina, arrazoibidez landu ezean nekez egiten dio ekarpenik jendarteari. Areago, arrazoia izatea ez da aski. Literaturak jendartean eragiteko arrazoi praktikoak behar ditu. Literatura funtsean praktikan garatzen da. Liburua berez, ez da literatura. Literatura, idazleak, liburuak –obra literarioak– eta honen irakurleek eta interpreteek gauzatzen dute. Interpretea, kritikaria edo iruzkingilea izaki. Liburuen kritika sendoa denean literatura osasuntsua da. Alta, ez dugu egoera hori bizi.
Literaturaren beraren interpretazioa ezinbestekoa da. Ordea, obra literario baten gaineko interpretazioa iruzkin soila bada, ez da aski literatura bizi dadin. Iruzkin hau, kasu. Urria da berez. Ekarpen murritza. Aldiz, liburu bat “kritika” sendo-sakon-luze batez “jantzia” izaten denean, are ahaltsuagoa da literatura. Ordea, literatura deuseztatzen ari da, literaturaren beraren gainean beste orduz izan ziren printzipioak edo oinarriak deuseztatzen ari diren neurrian –baiezpen horrek, noski, saiakera literario bat behar luke–.
Euskal literaturari gagozkiola, nik paratu maxima horiek modu are dramatikoagoan jartzen dute "gure" literaturaren egoera. Hasteko, “euskaldunok arrazoirik ez dugulako”. Alegia, euskaldunok egungo polisean apopiloak gara. Hots, ez dugu arrazoi-politiko-sendorik, ez dugu indar nahikorik euskal jendarteak behar duen literatura ezartzeko. Euskal literatura espainiar literaturaren akolitoa da. Frantses literaturaren arrimuan berriz, ez dauka ez eta akolito izaterik.
Zerk definitzen du kritika literarioa? Literaturari buruzko teoriarik ba al dago gurean? Literaturaz ari garenean, ba al dakigu zertaz ari garen? Ni ez naiz jakiteaz ziur. Ezjakina naiz. Apreziazio bat: gaur gaurkoz politika eta arrazoia dibortziatuta daude. Literatura jendartearekin ezkonduta al dago? Printzipioz, unibertsitateak
–irakaskuntzak– izan behar luke jendartea eta literatura “ezkonarazteko” instituzioa. Hala al da? Nik dakidala, engoitik orain, unibertsitatean ez da filosofiarik ez literaturarik erakusten. Literatura ikaspen landua izatetik at dago. Tokian tokiko literatura eta irakurle taldeen, edo hainbat elkarteren jarduerak dira salbuespen.
Hetero liburuari buruz
Uxue Alberdi idazlearen Hetero liburua hizpide. Uxue Alberdi Estibaritz pertsona heterosexualaren obra literarioa dugu. Zortzi istoriok osatzen dute berau. Istorioak dira, zinez. Ez dira ipuinak, edo tira, ipuinak ere izan litezke. Ipuin fantastikoak, alegia. Ez dira narrazioak, narrazioak izan arren. Ez da poesia, nahiz eta poesiaren zantzuak antzeman daitezkeen. Ez da nobela bat. Bueno, idazleak, bere lanketa eta trebezia medio, eleberria bihur lezake aldez edo moldez. Stricto sensuz ari naiz.
Politikaren lehen instituzioa familia da. Goi-mailako instituzioa, berriz, estatua. Instituzio anitz tartean izaki. Uxue Alberdik sortu dituen zortzi istorioak familia egituraren gainean eraikita daude. Kasu batzuetan zeharka-meharka badira ere. Hetero politikoa da. Bere istorioak patriarkatuaren eta matriarkatuaren markoan gertatzen dira. Nazio izaera eta klase sozialak ere presente daude. Bertakoak eta kanpotarrak. Hainbatetan modu sibilino edota anbiguoan izanagatik ere.
Adierazgarria da oso, liburua kaleratu eta berehala, “kritika”-ren aldetik izan zuen harrera. Itzela. Nasaia. Literaturarekiko tirria gosea edota morboa ez da urria "euskal letren" solastokietan. Edo, aitzitik, eskasa al da? Honatx “kritikari” zenbaiten adierazpenak: liburu bikaina. Zergatik ez ditu euskal patriarkatuak liburu honetan kontatzen dena lehenago kontatu? Hots, literatoek, musikariek, kazetariek, besteak beste. Formaz, liburu diferentea da. Zure islaren parez pare jartzen zaitu
–irakurleari ari zaio kritikaria–.
Beraz, Hetero delakoa zarenaren/garenaren isla duzu/dugu. Heteroren istoriook nonbait –ironia apur batez diot– zapaltzaileak eta zapalduak ongi bereizten bide ditu. Alegia, susmoa dut –literatura susmoz eta lausoz ere osatzen da–, Heterok berresten digunez, hetero-patriarkatuak pertsonon izaera eta jarrera “naturalizatu” dituela berriki. Hori bagenekin aspaldi, ezta? Eta abar eta abar –ostera ere, ironiaz ez ezik sarkasmoz ari nauzue–.
Eta abar eta abar. Eta bai eta bai. Eta? Baina? Hor dugu beti baina delakoa. Baina madarikatua. Madarikatua, bai. Onerako edo txarrerako. Literaturak ezagutzen baitu, ongi ezagutu ere, gure izaera madarikatua. Hots, badaki malditismoaz. Literaturak eta literatura zaleek badaukate poeta madarikatuen berri –ez ditut hemen izendatuko–. Hau da, bizitza bohemioa eraman izan duten poetez ari naiz. Gehiegikeriak makaldutako eta zurbildutako poetaz ari naiz. Idazleez, alegia.
Horiek guztiak hauxek errateko: XXI. mendeko literatura degeneratuta dago. Uf eta puf! Hori bokantza! Unibertsoa bera degeneratuta dagoela errateko moduko olgeta duzu nirea. Boutade gisako horrek tesi bat behar luke. Tesia ere broma izan liteke. Dena dela ere, tesiaren izenburua hauxe: Aro modernoaren ostean, ideologiak literatura zabortegi bat bihurtu du.
Aro modernoaz geroztiko literaturaz ari gara, haatik. Egungo poetak idazleak itxuratiak dira. Idazleak plantak egin ditu. Literatura engainua da. Hori jakin badakigu. Edo jakin beharko genuke. Fernando Pessoak aspaldi gaztigatu zigun. O poeta é um fingidor gomutan. Poeta edo idazlea? Berdin dio. Jendartea eta politika degeneratuta dagoen nola, halatsu literatura ere. Areago, “gurea”. Ahula baita. Ahula azkarkiago degeneratzen da. Tira, nondik begiratzen den, ezta? Azkarrak degeneratzeko proportzio handiagoa baitu. Dena dela ere, literaturaren gain-behera gelditu al da? Ez dakit. Egon al da inoiz goian?
Literaturak, fikzioa medio, egitate errealak erakusten dizkigu. Fikzioa bitarteko ezinbestekoa dugu, literatura izanen bada. Literaturak errealitaterako bideak/moldeak erakusten dizkigu. Molde horiek ez dira egiazkoak ez gezurrezkoak. Fikziozko egitateak dira. Literaturak lantzen dituen kausak/objektuak fikziozkoak dira. Alta bada, literaturak bere arriskuak errekreatzen ditu berez, esaterako, objektuak subjektuak legez tratatzen dituenean.
Subjektuak objektuak bailiran tratatzea zilegia den edo ez, beste kontu bat da. Alegia, auzi horrek luze jo lezake. Eztabaidagarria bada, halaz ere.
Heteroko zortzi "ipuinetako" subjektuak –gehienak– ez dira Uxue Alberdi idazlearen imajinazioaren eta irudipenen arau sortuak izan. Hala pentsu dut. Bistan da, ezetz. “Kritikari”-ek zalu zoli eta gogotsu ikusi dituzte istorioetako hainbat subjektuak "gorpuzten" dituzten pertsonak. Literaturak pertsonak pertsonaiak bihurtzen baititu. Liburuaren egileak lehenbiziko kontakizunaren aurretik (Landareek hazteko behar dutena) paratutako aipuak honela dio: “Gure alde segurutik kontatzen dugu. Gure alde itsutik”. Eta bai. Horixe egin du Uxue Alberdik. Idazle honek seguru eta angelu itsutik behatu du jendartea.
Idazleak hasieratik abisatu digu alde itsutik ari dela. Erranen nuke, baita alde itsusitik ere kontatzen ari dela. Alegia, generoak genero, berea errealismo zikina da. Ez magikoa. Alabaina, horren seguru al da, bere istorioetan larrutzen dituen subjektuen izaera ezagutzeaz? Zein ontologia molde landu du ipuinok eraikitzeko? Pertsonaiak bihurtutako pertsona horien nortasunean liburuaren azaleko begi horretatik behatu al du soilik? Flânuer ote da bera ere? XXI. mendeko Baudelaire? Edo Amandine Aurore Lucile Dupin ote? Ez. Ez, zorionez. Gaur egun, zorionez, emakumeek ez dute gizonen itxura hartu behar.
Literaturak errealera eraman behar gaitu. Horixe da behin-behineko beharrizana. Lehenbizikoa erran nezake. Beste ezaugarri zenbait ere berebizikoak izanez. Besteak beste, literaturak poetikotasun edota estetika baten adierazle izan behar du. Lengoaiaren doitasuna taxutu behar du. Funtsean eta finean, irakurleok bere funtzionaltasunean “eskolatu” gaitezen. Edo ostera ere, “deseskolatu” gaitezen. Badaezpada, diot.
Hetero liburuak dohaintasunak izan baditu. Prefosta. Literatura baina engainua da. Literatura tranpa da. Idazlea bera ero(r)tzen da zenbaitetan bere engainuan. Inpresioa daukat, Alberdi idazleak ez ote duen bere burua tronpatu, baita hainbat literatura zale –arituak eta adituak– tronparazi.
Liburu batean narratzailea funtsezkoa da. Kontalaririk gabe ez dago kontakizunik. Barka, kaikukeria. Hauxe duzu kontua: Hetero liburuan nor da kontalaria? Zortzi kontu eta zortzi kontulari? Uxue Alberdi bera ote kontalaria/narratzailea ipuin denetan? Edo ez al da bera inoiz? Literaturak desengainatu behar gaitu. Ados. Uxue Alberdi baina, tronperiaz ari zaigu. Nire uste zuloa da! Uste baitut uste, ostruka bezala bere burua lurrean sartu duela. Alegia, artean ez ote da jabetu besteak ere bera direla.
Hain ziur ere, exageratua duzu nik idatzia. Panpoxoa. Lar panpoxoa. Alabaina, aintzat hartu nire zeregina edota funtzioa: interpretatzaileak fikzioaz “elikatzen” du bere burua, baita bere baitakoa ere.
Heteron azaltzen zaigun jendartea (Uxue Alberdi 1984. Elgoibar) idazlearen berarena da. Istorioetako ezaugarri politikoak begi-bistakoak dira. ETA delako fenomenoak –labur zurrean adierazita– zeharkatzen du jendarte horren tasuna. Tasuna edota keria. Nola gerta. ETA fenomeno kultural-politiko-sozial-armatuaren aiurria ageri duzu liburuan. Besteak beste, jakina. Jendarte horretako gurasoen izaera eta jatorrien –jatortasunaren– nolakoak halatsu haien ondorengoenak. Baiki, halako haien ideologien eraginez osatu baitziren belaunaldi berrien izaerak. Euren nortasunak. Badaezpada errana hau ere: baita gurasoen beren kontrakarrean nortasuna osatu ere, noski.
Hetero iragan berriko “gure” mitoek eta ideologiek eragindako desastreen adierazle “bikaina” da. Kritikariren batek adierazi legez: bikaina. Heterok (Uxue Alberdik?) “gure” jendarteak –honen parte batek, noski– goian paratutakoak deblauki erauzi ditu. Gure jite kristauaren arau: aldarera igoaraziak berak botatzen ditu. Subjektuak gizonezkoak izaki, noski. Nola ez! Bai horixe. Itzel. Arras agerikoa hauxe –niretzat noski: idazlearen belaunaldikoek txortan nasaiki egin zuten, baita suerte guztietako aluzinogenoak sartu ere beren barruan –gurean alkohola, berau haizu eta zilegi baita–. Belaunaldi horiek –zein belaunaldirik ez, ezta?– idealek eta utopiak neurrigabeki blaitutako mundu irreal batean bizi izan dira urteetan.
Lasai, irakurle. Trankil literaturaren maitale hori. Belaunaldi horretako enfant terrible delakoa hainbat kulturatako ipuin eta mitoetan agertzen den pertsonaia mota bat da. Gurea ez da (h)istori(o)a esklusiboa. Kasuon, Uxue Alberdi.
Euskal jendarteak bizi duen gatazka armatuaren osteko aroa latza da gero. Heteron islatzen da. Ea, ez da gutxi –ez gutxiesgarria ere– berau islatzen badu. Horixe baita literaturaren funtzioa. Ez da edonolakoa jendarte patriarkalen eraginez oraindik ere pairatzen dugun egoera. Ageri denez, artean, feminismoaren lan eta borroka gaitza ez da nahikoa izan gizonon izate androgenoa eta emakumearena orekatzeko.
Bilboko poeta bezala ni ere “beti paratuko naiz gizonaren alde, Antton eta Gillen”. Haatik, ez da alferrik gizaldi erdi bat iragan. Ni ere “beti paratuko naiz emakumearen alde, Uxue eta Gillermina”. Baina, behin eta hasteko, idazleak –edo Heteroren kontalariak– konta diezagula ea bera ere libratu ote den patriarkatuaz. Edo zein neurrian libratu den, bederen. Edota zein neurrian bera ere ez ote den klasista. Edo ez den xenofoboa.
Galdera zorrotza, segituan: idazle honek akabatu al du bere aita? –ez dut Sigmund Freud aipatuko, ez baitut bere lana ezagutzen–.
Haizu al da literaturaren anparoan edo arrimuan idazleak bere ingurumariko pertsonen karakteristiken karikatura egitea? Zeren emari da hori? Zer fruitu-emari? Idazlea prest al dago bere burua erridikuluan ipintzeko? Idazlea gertu al da bere guraso, bikote edota seme-alaben gabeziak nabarmen uzteko?
Ikaspena: ez gara geure baitakoak, eta horregatik berarengatik ez gara gure buruen egile bakar. Ikasiko ahal dugu besteenaz osatuta ere bagarela.
Hetero “gure” jendarte suerte honen isla izan daiteke. Pertsonaz pertsona, literatura hainbat pertsonaiaren bitartez gauzatua baita. Halarik ere, Hetero errealista ote? Erreala al da?
Bon, idazleak liburua ekarri du. Tartean, balizko kritikariek berea eman dute. Iruzkingile-interprete honek hementxe adierazi du berea. Irakurleak du hitza.
Post scriptum
Idatzi ostekoak gero eta astunagoak zaizkit. Baleko zer edo zer ekartzen dutelakoan, honatx:
Heteroko hiru istorioetako testuinguruak ezagutzen ditut: Irla. Literatura lezioak. Alargunak. Euretako pertsonaia batzuk ere bai, gutxi-asko. Sano ohargarria egin zait Irla delakoak eragin duen erakarpena. Kritikarien artean erran nahi dut. Nago, Irla kontakizuna gabe, liburuak ez zukeela izan duen arreta izekiko. Antza, batzuen iritziz, Irla zedarria da “gure” literaturan. Ni, ostera, beti mar-mar: Mitoak ez gaitzala ito!
Ipuin horri harrera berezia egin diotenak –niretzat, noski–, belaunaldi arras ideologizatu baten subjektuak dira. Neurrigabeko utopiak jota daude. Ustezko askatasuna eta askapenaren ezintasunak frustratuta. Eta abar eta abar eta abar.
Hetero irakurri. Irla bereberki. Irakurle lagun hori, erranen didazu zer pentsatzen duzun errealitateko Martin goitizenez bizi izandako pertsonaren gaineko Fermin pertsonaia erretratu digun literatura-molde honetaz.
Hautsi da Anphora. Aspaldi hautsi ere. Etiopia utopia zen, aspaldi izan ere. Euskal literato berriak jabetu ote?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: