“Memoria historikoa” delakoa oximoron baita

“Memoria historikoa” delakoa oximoron baita Begizolia | 2026-06-11 09:03

“Memoria historikoa” delakoa oximoron baita

Odola kantari

Unai Elorriaga

Pamiela (2025, Upaingo saila)

Burutapenik burutapen

1. Burutapena. Unai Elorriagaren Odola kantari saiakera hizpide hartu dut,
eta, behinik behin, hauxe: saiogileak –euskal– sarraskiak, gerrak eta bortxak aztertu ditu euskal kantagintzaren bitartez. Bego hor. Liburuari buruzko kazetaritza kronika gura duenak bilatuko du bertze testuren batean. Hor nonbait. Ez hemen.

2. Burutapena. Saiakeratzat ekarria izan arren, kronika saio mugatua eta murriztzat joko nuke, baita saio literariotzat jo ere. Joko nuke eta jotzen dut. Bat-bederak bere eskuz jotzen baitu, norberak jo ere.

3. Burutapena. Baiki, euskal kantagintzaren historiaren inguruko kronika-saioa bada ere –kazetaritza kronika mugatua eta murritza ere bai– edukia eta edukiontzia literarioak dira –edo halaxe begitandu zaizkit–.

4. Burutapena. Epilogo bat dakar, eta eskerrak hari. Bestela, saioa “iruzur” itzela litzateke. Egileak epilogo hori idatzi izan arren, badago, halarik ere, zertan dudarik egin, alafede. Beraz, ezin ukatu, Odola kantari saiakerak literatura-karga eskerga darama, berez.

5. Burutapena. Burutapenik burutapen, bostekin nahiko. Antzinako bost zenbakiaren adieraz baliatu naiz. Bestela, hamaika burutapen idatzi beharko nuke, hamaika bider idatzi ere.

Burutazioz burutazio

1. Burutazioa. Liburuari buruz erran direnen inguruan –literaturaz landako kontuez ari naiz oraindik ere– maiseatzaile gehiago antzeman dut, haren aldeko partidariorik baino. Liburua saiakera murritza eta literalki nahasgarria delako erran dira horiek. Hor nonbait horiek ere. Alabaina, hara, horregatik baino ez bada, partidarioen jarrera hartu(ko) dut. Tira, ez betiere. Une batez. Edo zenbait unez.

2. Burutazioa. Odola kantari saiakerak, besteak beste, auzitan jartzen du gure historiaren kontaketa. Kontaketa objektiboa izatea, alafede. Izan ere, gure hizkuntzaren –euskara, alajaina– ezagutza murritza da. Kantuen berbak adituentzat berentzat ulertezinak izan dira –kanta asko filologoek berek ez dute ulertu eta–. Kantuen letrak irakurtezinak izatea, horixe paradoxa.

3. Burutazioa. Kanta horien eleak, “gure” erdaratan erranik, indescifrable/indéchiffrable dira. Guerra indescifrables edota guerres indéchiffrables baitira izan, edo hala direlakoan bizi gara. Kontua hauxe: grosso modo edota handi-handika erranik, en plus eta encimaz bertze, gainera, euskaldunok gerretan galtzaileak izan gara, baita gaur egun hala izan ere. Ezaguna zaizkizue kontuok, ezta? 

4. Burutazioa. Hots, memoria historikoa delakoa oximoron da. Are, galtzaileontzat, bi bider oximoron. Izan ere, irabazleek euren gerrak kantatzen dituzte –zehazpen bat: gerra lubakian egin duen inor ez da sekula irabazle irten–, eta gerrak ankerrak izanagatik ere, irabazleak gerren gaineko memoriek laudatuak izaten dira eta hartan jarraitzen dute bizitzen. Galtzaileek, aldiz, anartean, irabazleen memoriak laidotuta, “lubakian” bizitzera kondenatuta daude betiko. Betiko edo. Galtzaileok, euskaldunok kasu, alajaina; alafede.

5. Burutazioa. Euskaldunok odola kantari izan dugu, eta, behin eta berriz ere, ostera ere, odolari atxiki gatzaizkio bizirik jarraitu ahal izateko. Gure pastoralak horregatik berarengatik dira tragediak; tragikoak nagusiki. Den-dena ez da ilunik ez dramatikorik, prefosta. Inauteriek, maskaradek eta libertimenduek bestelako berba hitz eta eleak eman dituzte. Ordea, non geratu dira jardun horien ariora sortutako kantak?

Bost gehi bost: hamar

Bost burutapen gehi bost burutazio: hamar okurrentzia ergel. Ez dira hamaika, halarik ere. Segi dezadan beraz, hamalau bat agertu izanagatik ere, zazpiki baten gisara jardun arren. Literaturaren dohainetako bat, besteak beste, irakurlea –eta interpretatzailea, kasuon– hark kutsatua –haren eraginpean– idaztea da, alafede; –alafede, ostera ere–.

Euskaldunok hamaika ikusteko jaio ginen. Haatik, eta zorigaitzez, para ver once legez bizi izan gara. Hamaika ikusteko irten ginen paradisutik eta hamaika zeuden lekuan once ikusi dugu. Badaezpada, berriz ere, erraten eta errepikatzen dizut –nire Hieronymusekin ari naiz–: gerrak galdu ditugu eta gainera, en plus, encima sustut eta endemas, analfabetoak izaki gara.
    Oharra: Hieronymus nor den? Pertsona edo pertsonaia ote den? To eta no! Tori, hor daukazu saiakera, irakurri berau beraz.

Eulia(k) eta odola(k)

Bi dituzu saiakera literario honen ardatzak, bi nagusiki: euliak eta odola. Euliak, horiek bai hamaika direla izan, bai horixe. Saiogileak eulien inguruan ekarri pasarteak –hainbat idazleren aipuak eta zitak medio– hamaika dira, alafede. Bai horixe, hori ere. Hiru gai ei dira literaturan –hala diosku idazleak–: maitasuna, heriotza eta euliak. Beno, berak hala dio, lehenago beste idazle batek halaxe erran duelako. Nork? Irakurri liburua, hara.

Maitasuna eta heriotza gaiei buruz ez dut deus erranen. Jakituriaren jabe izan gabe, analfabeto koitaduak horretaz ohartuta baitira, aspaldi ohartu baitziren, alafede; –alafede, ostera ere–. Eulienak, aldiz, badu bere zera –zera zerako zera delakoa–. Niri, horregatik beragatik, ez zait batere harrigarria eulia literatura gaia izatea.

Izan ere, euliak –maitasuna eta heriotza legetxe– nonahi daude. Hamaika izan ez ezik, parrasta dira euliak. Horren lekuko hauxe: irakurri al duzu liburu bat inoiz, oso-osorik, euli baten bisita izan gabe? Tira, ezin-ezinezkoa ere ez duzu, baina eulien presentzia arrunta da irakurtzen dugunean, alafede. Euliak elemenia bat dira literaturan, literaturaren baitan eta literaturaren –liburuaren– inguruan.  

Bestera erranen dut: euliak non kaka han. Han hor eta hemen. Euliak gure inguruan ibili badabiltza, kaka edo kraka dagoen seinale. Erran nahi baitut, literatura –liburua tarteko osagai dela eta– bizitzaren errepresentazio suerte bat den aldetik, euliak literaturan agertu izaten dira ezinbestean. Ez dago izaterik maitasunik barik. Ez dago izaterik heriotzarik barik. Ez dago literaturarik eulirik barik. Edo horrela ematen du behinik behin.

Ez dago literatura kakarik gabe, beraz eta berez. Hala berean, literaturarik ez dago idazlerik gabe. Ez dago literatura libururik gabe –obrarik gabe–. Ez dago literatura irakurlerik gabe. Ez dago literaturarik hari buruzko kritika egin gabe. Egiten duenari deitu iruzkingilea, deitu interpretatzailea, baita kritikaria deitu ere.

Beraz eta berez, ondorioa hauxe: idazlea buruan buru izaki –obraren egilea denez gero–, bera hartuko dut bereziki aintzat. Hauxe errateko: idazlea dena dela izanagatik ere, gainerako lurtarren gisara, jan egiten du, lo egiten du, maitasuna egiten du… Baita kaka egiten du ere –barka, eskatologia suerte hori–.

Barka nazala saiakera honen egileak, baita irakurleak ere, saiakera honetaz baliatzen ari bainaiz, idazleak desmitifikatzeko ez ezik, berauek lurraren mail arrasean paratzeko ere. Eulien heinean paratzeko ere. Baten bat harritu eginen da, naski. Sinpleki erranik: idazleek ez dute euliak baino goragotik hegan egiten. Ez eta kakatik urrunago bizi ere.

Erran nahi baitut: ele edo berba edota hitzen lantzailea izateak ez du norbanakoa zur-lantzailea baino hobeago egiten, ez harri-lantzailea baino hobea edo diferentea bihurtu ere. Nola erran, hiruek egiten dute kaka egunero. Zertara dator hori guztia? Literaturaren eraginpeko nire burutazio eta burutapenak dituzu(e). Okurrentziak, alafede. Alafede, horiek ere. Bai horixe!
    Oharra: irakurle bakoitzak antzemanen du hariaren nondik norakoa. Baina badaezpada erranen dut: hariak ez du Unai Elorriagarekin baitezpada eta bereziki loturarik.

Odola da saioaren beste ardatz bat –eulia da bestea–. Idatzi dut hori ere arestian. Bada… Ba horixe! Odola kantari ari zaigula, alajaina. Odolaz zipriztinduta dagoela euskaldunon historia, baita norbanakoena orobat. Ez dago odolik gabeko bizitzarik. Odolarekin batera heldu gara mundura, odolaz lohiturik. Odolaz orbandurik bizi gara bizialdi latzaren eraginez, baita laidoztatuta bizi ere.

Odola kantari bizi dugu, baita odolaren mintzoa bizi ere. Odolaren mintzoaren ari zaigu kantari, Odola kantari saiakera tipia baina kartsu honen bidez ari ere. Kantari eta salatari, halabeharrez ere.

Hamabi atal, epilogo bat eta antologia posible bat

Hora hor, labur zurrean, Odola kantari delako honetan aurkitu kausitu idoro ditzakezun atalak dozena bat da. Hamaika atal izan zitezkeen, baina dozena bat da. Neronek nahiko eta aski izan ditut horiekin. Asea naiz, odolaz bapo nauzue dozena horrekin, alafede.
    Epilogo bat ere topatuko duzue. Unai Elorriagaren hala guraz idatzi hori ere. Hala beharrez inondik ere. Ezinbestez, erranen nuke halaber. Hala berean, eulien antologia posible baterako hasiera posible bat antzemanen duzue, idazlearen beraren eskutik:

Berrogeita hamaika idazleren aipuak eta zitak paratu dizkigu saiogileak: 51 + 1 –egiari zor hori ere–. Espoiler: arestian aipatu barik laga dudan idazleak Augusto Monterroso du grazia. Gainerako idazleen izenak ez dizkizut salatuko. Luzeegi joango litzaidake inondik ere. Endemas eta sustut, eta egiari zor, ez ditut beren aipuak artean irakurri, inondik inora ere. Euliez nazkatuta bainago, baita odolaz nahikoa eta larregi zikinduta ere.
     Haatik, geroxeago eginen dut hain ziur ere, alafede. 

Epilogo bat post data, nirea

Erran ez badut ere, liburuko kantak baladak dituzue. Ez den-denak baladak horiek ere. Hartara, –usaiako– post scriptum honetan bi kanta ekarri ditut hizpidera:

1. Matalaz

“Dolü gabe hiltzen niz / bizia Ziberoarentako emaiten beitüt. / Agian, agian, egün batez, / jeikiko dira egiazko ziberotarrak, / egiazko eüskaldünak, / tirano arrotzen ohiltzeko, / eta gure aiten aitek ützi deiküen lürraren / popülüari ützültzeko.

Kontua hauxe, tristea eta hitsa: euskaldunok –gutiz gehienak– tirano arrotzen ohiltzeko kantatu beharrean, tirano arrotzen hiltzeko kantatu dugu, alafede! Kantaren atarramentua goibela eta hitsa duzue inondik inora ere.

2. Eperra

Eperrak badituzü bere bi hegalak
Bai eta bürün gainin kokarda eijer bat
Zük ere balinbazünü gaztetarsün eijer bat
Neskatilen gogatzeko bilo holli pollit bat.  

Amorosak behar lüke izan lotsa gabe
Gaiaz ebiltia ez üken herabe
Egünaz ebiltia desohore leike
Txoriak ere oro haier soz dirade. 

Ebili izan nüzü gaiaz eta beti
Eia! atzamanen nianez lili eijer hori
Azkenian atzaman düt oi! bena tristeki
Lümarik eijerrena beitzaio erori. 

Mündian ez da nihur penarik gabe bizi
Nik ere badit aski hoitan segurki
Nik desiratzen nizün ezkuntzia zurekin
Bena ene aitak eztü entzün nahi hori. 

Zure aitak zer lüke eni erraiteko
Ala enitzaio aski haren ofizioko
Ala zü soberaxe zitzaio enetako
Printzerik ez ahal da orai zuenganako. 

Honatx kontua, ostera eta berriz ere: euskaldunok –gutiz gehienak– kanta hori ere abesten dugu, alabaina berau entelegatu gabe. Izan ere, odolik izan badago kantan: Lümarik eijerrena beitzaio erori.

Zeini erori? Eperrari? Bai zera!

Izan (h)adi! Erran gabe behar luke, baina enkaxka eta porsiacaso erranik hau ere. Eperra kanta izugarria duzue. Berezko airez emana, bere letra zinez esanguratsua txit adierazgarria biziki iradokigarria izaki.    

Oharra: bi kanta horiek ez datoz liburuan.

Gaztigatu dizuet engoitik, baita zuri ere, Hieronymus nireari: memoria historikoa oximorona da izan. Gaztigatuta izan ez ezik, ederto zigortuta gaude euskaldunok. Alafede, hori ere!

 


Utzi iruzkina: