Literaturak paradisuaren desengainua eskaini behar digulakoan

Paradisuaren kanpoko aldeak / Idatzi komikoak eta tristeak
Denbora eta espazioan barrena
Ez da lekuz kanpo, ez denboraz at, ez da sekula Bernardo Atxagaren "liburu bat" leitzeko berant. Bi urte joan zaizkit izenburu luzeko Paradisuaren kanpoko aldeak/Idatzi komikoak eta tristeak delakoari ekiteko. “Edozein liburu bat” idazteko zorian egon naiz. Ez da “edozein liburu”, ordea. Bere bibliografian edozein, alegia. Izan ere, neurri edo molde batean, Atxaga idazlearen taxua barne-biltzen baita artefaktu literario honetan.
Argitaratzera eman, jaso, gainbegiradatxo arin bat eman ostean, apalategian
–irakurri zain– zuri beha dagoen liburu horietako bat duzu. Asun Garikanoren edizioa. Txukun-txukuna. Pamielak egin ohi duen legetxe. Jose Ramón Amondarainen ilustrazioek liburu-egileen –Asun Garikano egilea barne, noski– txukuntasuna ez ezik euren begirunea erakusten dute.
Liburu guztiek editore-lana behar dute. Zuzendu-ukitu-txukundu suerte bat behar dute ezinbestean. Horren guztiaren ardura agerikoa da liburu honen beraren antolaketan. Bizitza-puskaz osatua baita. Idazlearen ibilera literarioak direla eta, batetik. Han-hemenka “laga” zituen kontakizunak, bestetik. Idazlearen beraren poemen berreskuratzea eta apailatzea. Poema kantatuak. Jendaurrekoetan kantari-musikari-aktoreak alboan dituela. Bere(n) lezioak.
Literatura –literatura-eskaintza– ez da soilik liburuan-paperean gauzatzen. Izanen bada, literaturak idazlea behar du, liburua behar du, irakurlea behar du
–kasuon, hainbatetan entzule gisara dauka–, baita iruzkin-egilea, kritikaria edo interpretatzailea ere. Horiek dituzu literaturan baitezpadakoak. Liburu honetan –oso agerian–, aipatu editorearen eta ilustratzailearen lanak opariak izaki.
Eskaintza eta gomendioa
Ez dakit, bada, liburu-iruzkin-egile batek liburu-eskaintza egitea zilegi ote den? Haizu al da! Ez du horrela ematen. Baina, honatx: liburu hau literatura zale nerabe gazteei eskaini eta gomendutako nieke. Erran nahi baitut, gaztetxo horiengana iristeko tokian tokiko institutuko irakasleei zuzentzen natzaiela, baita literatura taldeetako arizale helduei ere. Irakasle-literatura-zaleen jarduna eta ardura lagungarri litzaizkieke gazteei. Hala berean, irakurle hasi berrientzat berebizikoa litzateke literatura-taldeek ondutako testu laburren bilduma-egokitua.
Egilea, nire aburu-bilduman
Irakasle izan gabe, urte luzez Hendaiako literatura taldean jardunda izanik, honatx nire aburua edota parezera. Aburua ipar-ekialdean, Gipuzkoa aldean parezera. Bernardo Atxagaren literaturan –ez alferrik, sortzez, Asteasukoa baita–, euskaldunon iragana konstante bat da. Ageriko konstante bat haren istorioetan. Parezera sano agerikoa da bere ama hizkuntzan; euskaran, alegia.
Atxagaren literaturari ezin zaio trazarik hartu, Antonio Zavalaren Auspoa bilduma aintzat hartu gabe. Ezin zaio antzik eman liburu-sailetako testuen egileak aintzat hartu barik, baita egileen euren ingurumarian erreparatu gabe. Ezin da bere literatura “ulertu”, behialako euskaldun haien jite-kristaua “entenditu” gabe. Euskaldun-fededunaren aiurria “geuregana” ekarri gabe. Tira, horiek, bere literaturaren alde bateko ezaugarri batzuk baino ez dira. Atxagaren literatura hainbat eta hainbat aldez osatuta baitago.
Atxagaren literatura zuzen antzean interpretatzeko, Biblia-ra hurbiltze moduko bat egin behar dugu. Bere ibilbide literarioaren hasmentara. Etiopia poesia-liburua esentziala da bere obran. Ez guztiz ere, jakina, baina bai manera berezian. Klasikoen poesian arreta ipini barik, ezin ditugu bere literaturaren arrastoak antzeman. Virgilio poeta buruan buru delarik; Jesukristo izeneko haren aurretik bizi izandako bera. Dante Alighieri izaki ere baitezpadakoa. Izenik izen, izen komun batez adierazia: klasikoak. Ez dira bakarrak, geroko errenazentistak, ilustraziokoak, garai modernokoak eta haien segidako hainbat sortzailek leku hartzen dute –eragina dute– bere obran. Gure jitera –eta garaira– etorririk, bakarra aipatzearren, poeta zen aldetik eta Atxagaren aita ponteko literarioa, idazle hauxe: Gabriel Aresti Segurola bilbotarra.
Bilbo eta Asteasu. Hiria eta herria. Herria eta harria. Ideologiak eta ideologia. Ez dago literatura-obrarik egilearen ideologiaren eraginaren arrastoak berean antzeman gabe. Gabriel Arestiaren obran ez den bezalaxe, konparazioenera. Ideologiaren arrastoak berez ez dira kalterakoak. Aitzitik, funtsezkoak eta ekidin ezinak dira idazle baten obran. Arrastoak zarrastadak bihurtzen direnean, orduan hasten dira komeriak. Arrastoak hagitz sakonak direnean, zarrastadak eta tristurak azaleratzen dira ezinbestez. Literaturaren izaera joko-soila ez eze, literaturaz kanpoko joko-politikoa literaturaren izanari gailentzen zaionean, malo.
Sortzailea ez da ezein ideologiaren salbu, ezta literatura bera ere. Nire kontu hauek "ongiaz eta gaizkiaz haragoko kontuak" gisara har itzazu irakurle. Haatik, ezin uka ideologiak berak ere baldintzatzen dituela idazlearen obra eta ibilbidea. Ezein pertsona/idazle ezin da sistema –sistema politikoaren nahiz sistema literarioaren– hatzaparretatik zaurik gabe jalgi. Ezin du bere mundutik –denok osatzen dugun– mundura jauzirik egin, bere jardunari ekin, zarrasta-urratu-tristurak nozitu barik.
Oharra: luzetsi naiz atal honetan. Luzeago jo nezake. Entsegu bat osatu beharko nuke, hain ziur. Etsi eginen dut, hobe beharrean.
Liburua, nire buruan eta aburuan
Literatura-liburu bati ekitean, ezein kultura-espresio bati aurre egitean –zinema begitantzen zait modu nabarian uneon– arte-espresio horren gainean –aldez aurretik– adierazitakoek eragin berezia izaten dute sorkuntza horrekiko hartu-emanean. Bestela erranik, espresio-arte-lan horri buruz zuk zerorrek pentsatutakoek, zure imajinazioak eraikitako pentsamenduek modu berezian eragiten dute lan hori ulertu eta interpretatu orduan. Alegia, lan-obraren egileak prentsa-hedabideetan izaniko elkarrizketek eragin-arrasto gisako bat utz dezakete zure parezeran.
Literaturan, parecer eta padecer hitzak munta handikoak iruditzen zaizkit; erdarazko berbak izanagatik ere. Izanez ere, ba al dago literaturarik alboko erderen eraginik gabe? Galdera(k) betiere.
Harira: ez dakit zeren eraginez, baina liburu honi ekitean irribarre franko isuriko nuelakoan nengoen. Irribarre eta algara luzeak. Behi euskaldun baten memoriak irakurtzen bizi nituen une eta pasarte irribarretsuak berritzea espero nuen nonbait. Eiki, egin dut irri. Irri-murritzak baino ez dira izan, ordea. Liburu-artefaktu honek une zinez komikoak eskaintzen ditu, alta bada –adibidez hau ere– berean ez duzu komiko tasuna antzemango. Edo nik ez ditut antzeman, bedaio. Oro har, idatzi tristeak ugariagoak dira bestelako sentimenduak eragin ditzaketen idatziak baino.
Paradisuaren kanpoko aldeak bidaia-liburu bat da. Literatura, uste batez, Homeroren Ulises delakoarekin hasita, bidaia bat da. Kasuon ere, hiriz hiri, herriz herri, presondegiz presondegi, gazteluz gaztelu, kartzelaz kartzela… eginiko bidaia duzu. Espetxea, nolabait, gure baitan dago eta. Zer besterik da bizitza, paradisura bidaia gauzatze gura ez bada? Liburu-bidaia honetan, bereziki, paradisuaren kanpoko aldeak deskribatzen dira.
Paradisurik paradisu, hona ezaguna den pasarte bat, aspaldikoa jada: “Mondragon herriko eroetxe bateko harresiz kanpoko aldean paseoz dabiltza bi lagun. Hainbat imintzio eta marmarra entzun dituzte barne aldean. Bi paziente ari dira berba-jarioan: “Aizue, zelan zaudete alde horretan?”, galdetu diete kanpoan daudenek. Harresiaren beste aldekoen arrapostua heldu zaie segituan: “Gu ondo! Eta zuek barruti horretan?”.
Ez naiz ziur istorioa –historia– zehazki halakoxe ote denez! Tira, adierazi nahi dudanerako balio dezakeelakoan, hortxe!
Moraleja/ikaspena: paradisuen aldeak non dauden ez dago guztiz zehaztuta.
Literaturaren berebiziko ezaugarria fikzioa da. Artefaktu honetan, ordea, zer da fikzioa zer da erreala? Zein neurrian dira fikziozko kontuak zein errealak? Zuk ebatzi, irakurle. Literaturak ez digu egiarik ez gezurrik aditzera ematen. Ez dago egiazko konturik ez gezurrezkorik. Literatura, poetikaz eta estetikaz batera –liburu honetan bai estetika eta bai poetika ibai-isuri-emariak dira– bizitzaren desengainua eskaini behar digu. Literaturak desengainuaren paradisua eskaini behar digulakoan ari nauzu. Bestera erranik: literaturak paradisuaren desengainua eskaini behar digu.
Hara: literaturak bizitzaren engainuez ohartaraziko nauen esperantzaz irakurri egiten dut.
Luzetsi naiz, bigarren atal honetan ere bai. Liburuaren epidermisa doi-doi eta ozta-ozta baino ez dut ukitu. Hori malura, hauxe nire ezina. Entsegu-kritiko bat egin behar nuke, sakoneko eta taxuzko zerbait esan aldera. Anartean, paradisua gure gibelean lagatzera kondenatuta gaudela erranen nuke. Iruzkin-triste-komiko bat izan daiteke norberaren paradisua. Tira, nire kasuan, hori ageri duzu testu honetan.
Nerabezaro, gaztaro eta heldu aroko paradisuak gibelean utzirik, bidelagun anitz eridenen dituzu bidaia honetan. Atxagaren balizko lagunak euren artean. Edo, "lagunak" izan ezean, idazlearen sortzaile adiskideak.
Dauden guztiak, diren den-denak txukun antzean paratu ezinean, biga ekarri(ko) ditut orrialde honetara –adiskide horien guztien ordezkariak gisara–: Asun Garikano eta Vicente Ameztoy.
VICENTE AMEZTOY HIL DA poematik pare bat lerro: “…Txori hura, enperadore baten gainean hegaldatu zena ‘heriotzaren mezularia nauzu’ esanez, ‘laster itzuliko naiz’; ejamel esaten diotena”.
EGUN FINLANDIAR BAT poematik –Asun Garikanorekin hizketan poematik– azken bi lerroak: “Laster aurkituko dugu, maitea, paradisuaz kanpora bizitzeko modua”.
Post scriptum
Ezin dut –ageri denez– post scriptumik gabeko iruzkina akitu. Alegia, behinola, elkarrizketa batean nonbait, Bernardo Atxagari hauxe irakurri nion –edo hauxe duzu nire interpretazioa edo buruan gorde dudana: “Nire obra literarioan jainkoak ez du aparteko tokirik, toki gutxi dauka”.
Ez duzu hori bada, nire pertzepzioa. Atxagaren obran "jainkoa" sarritan presente baitago, bai horixe, bai jauna. Tira, jainkoa nik interpretatzen dudan moduan behintzat. Erran nahi baita, gure moralaren araberakoa, moral kristauaren ildoan handi-handika hartuta.
Funtsean, jainkoa delakoa geure morala baita. Norberaren morala –ongia eta gaizkia gainditu ezinean– horixe duzu jainkoa. Zenbat buru hainbat aburu. Nork berea, prefosta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: