Literatura munduaz beste egitea izaki

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601043447533 Begizolia | 2022-09-29 11:41

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1664444805617

Liztor mutanteak

Santi Leoné

Susa, 2022

Sarrerakoak

Behin eta hasteko, liburuaren egilearen gainean bi hitz. Santi Leoné Euskal Herri imajinario baten alde saioaren kariaz ezagutu nuen, 2008 aldean. Idazle gisa, alegia. Saiogile gisa, halaber, Euskal Herria XIX. mendeko bidaiarien begietan plazaratu zuen 2009an. Lehenago, 2005ean, Los fueros de Navarra como lugar de la memoria argitaratu zuen.
    Euskal Herri imajinario baten alde delakoa daukat bereziki gogoan. Liburuak kritika franko jaso zuen, eta memoriak huts egiten ez badit, baikorrak eta onuragarriak. Kritikarien eleetan, “irudia”, “asmatu” edota “asmazio askatzaileak” hitzak nabarmendu ziren. Santi Leonék Euskal Herria “herri imajinario” gisa ekarri zuen, “abertzaleok” imajinatutako herria labur zurrean erranik. Nolabait erranik ere. Kontrako erreakzioak iradoki zituen, naski. Noski. 
   Nihaurk egilea elkarrizketatu nuen liburuaren karietara, baita amiñi bat ezagutu ere.

Behin eta sarrera akitzeko: Liztor mutanteak irakurri ostean bildu ditudan aburuak aditzera eman aitzin, aitzineko horiek paratu ditut. Funtsean hau errateko: ez da berdin liburu bat irakurtzea, egilearen erreferentziarik izan gabe edo izanda. Nire esperientziatik bi aburu: erreferentzia gehiegi izatea ez da egokiena, apika. Erreferentziarik ez izateak ez dizu irakurketa bideratzen laguntzen. Bigarren hori, apika ere bai. Beharrezkoa al dira premisa horiek? Auskalo. Edonola dela ere, horiek horrela, liburua bertze gisa batez irakurtzen duzu inondik ere.

Liburuaren kanpokoak

Literatura bizitzaren paraleloa da. Literatura fikziozkoa emaria izanik ere, emaitza autobiografikoa da neurri batean edo bestean. Kasuon, orduko saiogileak eta Santi Leonék bat egiten zuten errealitatea deskribatzean. Santi Leonék Euskal Herriarekiko zuen ikuspegia aditzera eman zigun. Ikuspegi erreala. Oraingoan, narrazio sorta bat ekarri digu, fikzioak. Anartean, galdemodu bat jalgi zait: “Zergatik ez du fikzioa argitaratu orain arte?”. Tira, baliteke idatzi izana, baina argitaratu ez. Dena dela ere, hauxe –nire– kontua: nik ezagutu nuen Santi Leoné apur hura antzeman dut, imajinatu dut, irudikatu dut, hamar ipuin/narrazio hauetan. Egiari zor, kazetaritzako hainbat zeregin zirela medio, Santi Leonéren zantzu/ezaugarri gehiago erantsi ahal izan nizkion idazle/pertsona hari buruz neukan ezagutza apurrari.

Liburuan barrena jada, sarrerako bat

Liztor mutanteak. Halakoxe izenburu du liburuak. Liburu suerte hauek izenburuan berean izaten dute lehen “eragozpena”. Hau da, nola eman narrazio sorta osoari izenburu bakarra, liburuaren izana traditu barik. Bada, asmatuz, ezta? Alta bada, ematen duena baino zailagoa –izaten– da. Nola asmatu? Bada, sarritan, kasuon legez, ipuin horietako baten izenburua azalera eramatea izaten da. Liztor mutanteak hamar narrazioetarik baten izenburua duzu. Egileak –edo editoreak, edo biek– asmatu du(t)elakoan nago. Mundu imajinario batean, liztorrak gara, halakoxeak ipuinetako pertsonaiak, izakari liztorrak eta ziztagarriak, baita mutanteak ere. Idazle honen mundu imajinarioa antzeman dut lan honetan, fikziokoa izanagatik errealetik hurbil den mundua, arrunt hurbil izan ere. Hamar istorio izanagatik “mundu berekoak” direla erranen nuke, askotariko ezaugarriak biltzen dituztena.

Segidakoak, anartekoak eta akitzekoak

Hasmentatik hasi aldera, fitekara erranik, Leonéren estiloan, bereak ipuin laburrak dira. Luzeena laburra da eta motzena egunkarietako zutabeen modukoak. Zutabegilea, ipuina kasu. Idazle honen ipuinen –ez denen– metaliteratura begi-bistakoa da. Horren testigantzak ipuinetan dituzu. Ipuin horretako baten pertsonaiak gaztigatzen digunez, autobiografikoa noski/naski: “Fantasiak ez badu egunerokotasunetik ihes egiteko balio, orduan zertarako balio du?”.

Idazleak Jainko astronautak dira. Izenburu bera duen istorio horretan, jainkoak eraitsiz batera, euskal literaturaren pasarte bat irudikatu digu. Pertsonak eta pertsonaiak tartekatzen dira narrazioan. Pertsona/idazleen izenak aurkituko dituzu. Baita Gorka Goenaga edota Jon Bertatx pertsonaiak ere. Alta bada, horiek imajinarioak ez ezik, errealak izan daitezke. Ipuinaren tesia hauxe izan daiteke: Egiazko testuak literaturan. Hori baina, saiakera baten izenburua liteke.

Violeta Moliner, Viktoria Müller. Gauzarik errazena behar luke. Hau zerua ote da? Kasik ipuin denetan, ez guztietan, literatura du bidaide metaliteraturaren bidean. Literaturatik elikatzen du bere gogoa mundu imajinarioa eraikitzeko. Saiogile hark “literaturarako jaidura handia zuen” eta halaxe du ipuingintzan ere. Bere pertsonaietako ez gutxi eldarnioak jota bizi dira. Munduaren absurdua da bere ipuinen errepresentazioa, baita literatura erreferentzia nagusia ez denean ere.

Sekretuak, Erabakia, Ezagutzen duten mutil arraroena naizela esan didate ipuinen ariora, ondorio bat: istorioak asmatzea gure existentziaren fikzioa adieraztea da. Ipuin horiek metaliteraturatik urrunenak dira, naski, baina fikziozko ipuin errealenak dira. Idazle hau –utz dezadan Santi Leoné, albo batean– ezagutzen dudan apurrari esker, pertsona honen metamorfosia esperimentatu dut ipuinetako hainbat pertsonaien bitartez. Zutabegilea bera da. Izan daiteke, alegia. Literaturaz ari baikara. Metaliteratura eginez, literatura iruzkintzean, hermeneutika egiten ari naiz. Gauza errazena izan behar luke ipuinak dioen gisan, bistan da. Hots, idazteak erraza behar luke izan. Hamar ipuin hauen gaineko nire adierazpenak ematea, kasu. Alabaina, hain da antzinako zioa kontuok elkarri adieraztea. Hots, “adieraztea” zintzo izan nahi duten bi lagunen ezaugarria –ikurra– behar luke izan.

Hau zerua ote? Izenburu bereko ipuinaren harian ari nauzu. Hala ere, ene galdemodua ere bada. Arrapostua: ez. Mundu hau ez da zerua, ez euskal literaturaren mundua ere –ez fikziozko mundua ez erreala ere. Erran gabe behar luke, baina errana hobe–. Zer da zerua baina? Santi Leonéren munduan ez dago zerurik, eta hala ere, bere balizko zeruan mundu bat izan liteke. Izan ere, Ezagutzen duten mutil arraroena naizela esan didate ipuinaren protagonista izanez gero, nork bere buruaz beste egiteak –zerura igotzeko, prefosta– ez luke arraro izan behar.

Liztor mutanteak liburuko ipuinak bizitzaren inertziaren araberakoak suertatu zaizkit. Istorioak diren aldetik fikziokoak, ipuin bakoitzak bere erritmoa daukalarik. Batzuk lortuagoak dira, ipuinak alegia, hala nola horietako pertsonaien asmoak. Idazlearen asmoak bezala, horiek ez dira lortzen betiere, inoiz ere ez. Idazlea den –ez pertsonaia– pertsonaren asmoak, alegia. Alegia birritan. Alegia, “hala egia” ote, naski. Literatura munduaz beste egitea da. Literatura buruaz beste egitea bezala da. Edo antzekoa. Dena baita imajinagarria. Edo ia dena. Ez guztia, alegia. Idazleak batzuetan lortzen du egitea, ez betiere alabaina. Edonola den ere, literatura legez, bizitzea determinatzea da –Erabakia ipuina gogoan ostera ere–, idaztea determinatzea da… Eta abar eta abar.

Post scriptum: eta abar eta abar… Neguko bidaia ipuina duzu tren honen –nire bidaiaren– azken bagoia. Nik ere idazle izan nahi dut. Ez naiz baina, ez itzultzaile ez funtzionario izan ere. Izan naiteke ordea, plagio-egile. Meritu guztia –erran gabe doa, baina errana exkax ere– liburu honen egileari aitortzen diot. Nireak “aldez aurretiko plagioak” dira. Iruzkin honen irakurleek baloratu behar duzue. Meritua fitekara aitortuko diozue egileari, eta ez testu honen izkiriatzaileari.


Utzi iruzkina: