Literatura iruntzietara emana
Silueta
Harkaitz Cano
Susa, 2025
Nobela ez den nobela baten iruzkin baterako aitzin-solasa
2025eko Durangoko Azoka zetorrela eta Harkaitz Cano idazlearen nobela berria igurikatu zen literatur-mintzategietan. Kronologiaren logikari erreparatuz gero –Twist (2011) eta Fakirraren ahotsa (2018)–, 2025ean espero zen eleberri berria. Hori nire ustea, noski.
Aurreko bien ildoan, hirugarren honetan Gure gauza-z ariko ote jakin-mina neukan. Nire nahikeria, naski. Naski eta noski. Nobelaren inguruan prentsan zabalduaren peskizan eleberri berria zinez roman berria zenez jabetu nintzen. Hots, nonbait, Nouveau Roman delakoaren ildoaren ildoan, ildo berriak ildokatzera zetorren Harkaitz Cano.
Argitaletxearen webgunean sartu eta honako hau: “Denek espero zuten nobela mardularen ordez, Silueta lan esperimentalarekin itzuli da Ibarbia. Bahiketa baten istorioa kontatu digu bertan. Ez du inor epel utzi; alde edo kontra, sotil edo suhar, denek nahi izan dute zerbait esan —“bazen garaia”, “aukera galdua”, “antidotorik gabeko maisulan pozoitsua” —, eta, hain justu, nobelaz idatzi diren 31 iruzkinek osatzen dute liburu hau, Siluetaren silueta”.
Arraioa! Hori elementua! Hori azeria! Hara, izan ez den nobela batez ari zaigu Cano artetsua. Existitzen ez den artefaktu batez, beraz. Eta nolaz ari, eta 31 iruzkinen bitartez eginez ere. Iruzkintzaileok barregarri laga nahi ote gaitu lasarte-oriatarrak?, pentsatu nuen. Ur gorriak al datoz? Ur horiak ote? Literaturaren kolore anitzetan edonola ere.
31 iruzkinak irakurri eta idatzitako nobelaz hausnartu ahala idatzi gabeko nobela buruan dabilkit. Hau buruhaustea. Nori egotzi malura, ordea? Ibarbiari? Canori? Harkaitz Cano bozeto zale da arras. Arte plastikoaren bozeto adiera ekarri ohi du literaturara. Liburuaren eremura etorriz, Canok zirriborroak eta zirriborroak idatzi ohi omen ei ditu taxuzko eta ganorazko literatura gauzatu bidean.
Canori jokoa gustatzen zaio, jokoa eta jolasa. Eta solasa, noski. Ez dago taxuzko solasik jolasik gabe. Baina batez ere, jokoa du laket. Jokalari artetsua da, azeri-artetsua. Jokoaren kartak berak banatzen ditu. Ontsalaz, 31 eskutik duela aritzen da. Handira jokatu ohi du. Txikira ez dio muzin egiten, halere. Pareak ere aintzat hartzen ditu. Jokoaren jokaldi guztiak aintzat hartzen ditu, baita ongi kontrolatu ere. Jokoa ez da errenta erranairua delakoa Literatura ez da errenta bihurtu zuen aspaldian. Literatura bere egiten du haatik, bere jokoa egiten du, hots. Jokoaren aitzinean zoli eta adi paratzen da eta literatura iruntzietara ipintzen du.
31 bozeto nobela baten eraikuntzarako
Zur eta lur nago. Roman Garcia Briñas enpresariaren bahitura gauzatzeko etakideek atondu duten zuraren eta lurraren usainez inpregnatua, nonbait. Nobela baten nondik norakoez jabetzeko, gutxi-gutxienez bi bider irakurri behar omen da. Nobela hau, berriz, 31 bider, bider 2: 62 aldiz irakurri ahal izan dugu. 62 aldiz, gutxienez. Lehenbizi idatzitako Silueta nobela, eta aldi berean, idatzi gabe dagoena. Ondorioz hauxe: Ibarbiak eleberrigileak iradokitzen digun nobelarako posibilitateak hamaika direnez gero –aukerak infinituak dituzu–, bada, 11 X 31: 331 irakurketa egin dezakegu. Hau mordoiloa!
Azaletik beretik hasita
Nobelak Silueta izena du. Silueta delako honek balizko nobelaren Silueta ematen digu ikustera, aditzera alegia. Gure irudimenak bete behar du balizko nobelaren siluetaren barnean dagoen zuloa. Usteak uste, nire uste zuloan betiere, Xabier Gantzarainek zertu duen azalak bi nobeletarako balio du. Idazleak ez digu halaxe denik erraten, baina iradokizun gisa hartu dezakegu.
Labur zurrean: Gantzarainek Canok proposatutakoaren harian gauzatu du liburuaren azala. Estetika bat eman dio liburuari.
Azala baina, nola interpretatu? Irakurle bakoitzak bere ikusmoldearen arabera ikus dezake berau. Demagun honela: azala oteitzar estilokoa duzu. Ez da hutsaren hurrengoa. Edo bai. Nork bere interpretazioa. Silueta elearen hizkiek berek konformatu dute bahitzaileek enpresarioa gordea izateko apailatu duten zuloa. Gela hotsa da gero. Baditu izkina zenbait. Izkin beroak ote. Izan daitezke. Labirinto suerte bat da, inondik inora ere.
Izenburuan erreparatua
Silueta hitza euskaldunon izateari atxikia zela jakin nuenean, aspaldixkoan, literaturaren ildoan jakin ere (Etienne de Silhouette / Eztebe Zilhoeta), euskarak bazuela bere tokitxoa munduan pentsatu nuen, eta ondorioz literaturan ere bai. Hura poza! Ez zen abizen batek euskalduna munduan jartzen zuen lehena ez bakarra. Dagerrotipoa ere –argazkigintzaren lehenetariko prozedura– Louis Daguerre asmatzaileari zegokiola jakin nuen eta. Euskal jatorrikoa. Agerre, hots.
Behinola, hurbileko –fisikoki hurbila, espirituz urruna– euskaldun eszeptiko bati “nire” aurkikuntzaren berri eman nion, eta zera zerako zera honekin ihardetsi zidan: “Quieres decir que antes de utilizar Silueta, no existía la manera de nombrarla? (Esan nahi didazu, Silueta hitza erabili aurretik ez zegoela izendatzeko bertze modurik?). Belarrimotza zen, noski. Barka desbideratze dialektiko hori. Alta bada, lagungarria izan dakizuke Silueta nobelaren irakurketan. Silueta izena daukan nobela honetatik balizko Silueta delakora iristeko lagungarria.
Estetika eta etika
Ibarbiak idatzi nobela arteari eginiko erreferentziaz beteta dago –hartu dezagun biak bakarra bailitzan, idatzitakoa eta idatzi gabea–. Alegia, nobela batek berezko estetika batez inpregnatuta izan behar duela ematen digu aditzera idazleak. Poesia suerte hori, irakurlearen norberaren adimenaren arabera loratu egiten da. Edo ez. Nola gerta hori ere. Izan ere, nobelak poesiaz eskasa bada ere, bide egin dezake. Ordea, nobela bat ezin gauzatu daiteke berezko estetikarik gabe. Nobelak –generoaz ari naiz– bere estetika badauka berez. Estetika, haatik, irakurlearen gustukoa edo ez-gustukoa izan daiteke.
Nobelaren ezaugarrietako bat akzioa da –ez beti, ez osotoro–. Akzioa nobela honetan ekintza da. Kasuon, ekintza pertsona baten bahiketa duzue. Iragan historia berrian –ETA erakundearen ekintzari ari gatzaizkio, horretaz ari da nobela– bahiketak gatazkaren adierazle esanguratsuak izan ziren. Horiek horrela, estetikaz ez ezik, etikaz ari zaigu idazlea. Aurreko bi nobeletan bezala, idazlea norbanakoon espiritua jendartearen galbahe moraletik iragazten saiatu da. Demagun, norbanakoon etika proban jartzen duela.
Literatura –adi, irakurle lagun horrek–, literatura onak bizitza ordezkatzea du helburu, edo horrela izan behar luke. Horregatik edo, Ibarbiak dioenez –Silueta nobelaren idazleak–, idazleak beti idazten du bi bider, beti idazten du bigarren aldiz. Kasu eman: ohartu zaitez, idazleak –Ibarbiak kasuon– esana eta narratzaileak esana ez datoz beti bat, ez dira bat bera betiere. Ibarbia bahitzaileen mintzoan ari da, baina beraiek diotena ez da Ibarbiaren asmoarekin zertan bat etorri behar. Ezta bahituaren esanarekin. Esana hitzaren ordez, ipini morala.
Morala jendartearen jarduerari atxikita dago. Gaizkiaren eta ongiaren artean zabukatzen da. Etika, berriz, norbanakoon jarduerari eta geure baloreei atxikita dago. Ez da samurra gizartearen moralaren eta norbanakoon etikaren egokitasuna doitzea. Literatura onaren egokitasuna doitzea ez den legez, bistan da.
Harkaitz Cano literatoaren nahia –nahikaria, nahikeria, nahikundea…– Silueta nobela idatzi gabea gauzatzea al da? Bai. Zierto! Silueta delako hau zalantzan jartzen duenari –konbentzio guztien gainetik– idatzi gabeko Silueta nobela proposatzen ari natzaio. Literaturaren konbentzio guztien gainetik –tira, neronek ez dakit konbentzioak non dauden idatzita edota idatzita dauden ere– literatura berez gailentzen da, eta batez ere, literatura loratzen da berau originala denean. Hots, originaltasunari atxikia denean. Nire iritziz, Silueta delako nobela honi, zerbait atxiki eta esleitu ahal bazaio, orijinala izatea da. Bere orijinaltasuna, hots.
Orijinala ote? Non dago orijinaltasun horretan egia? Egia al da Roman zelatatuak eta bahituak kontatzen duena? Nobelaren narratzailea Roman bahitua izaki? Edo historia etakideek (Mikel eta Josu. Ane bestalde) kontatzen dutenean euskal gatazkaren kontakizunak egia aditzera ematen al dute? Euren egia, benetako egia al da? Euren egia al da errealitatean jazo dena? Gertatu zena? Egia ez da inorena. Horrexek egiten du helezina den egiaren inguruan jardutea, baita egia xerkatzea ere. Literatura da duzu dugu egia bilatzeko bidea argitzen laguntzen diezagukeen artefaktua. Artefaktu deritzogun horren faktore nagusia fikzioa delarik, jakina.
Berbarako, Silueta nobelak ETA erakundearen lehendabiziko bahiketa ezagutzera ematen digu. Honela diosku: “Lorenzo Zabala Suinaga izan zen ETAk bahitutako lehen enpresaria”. Lehen enpresaria bai. Ez ordea, ETAk lehenengo bahitua. Lehenbizikoa Eugene Beilh kontsul alemaniarra izan zen (1970). Ibarbia –Silueta nobelaren idazlea– enpresari bahituen gainean ari da oroz gain. Haatik, gustura jakinen nuke Eugene Beilh-en bahitzaileek –berbarako hau ere– ETAk erreskatea ez ordaintzegatik akabatu zituen Angel Berazadi (1976) edota Javier Ibarra y Berger (1977) bahituak akabatu izanaz zer pentsatu zuten. Morala eta etika jokoan, berriz ere. Nobelaren iruzkin honen egileak –Literatura iruntzietara ipinia izenburu ipini diona– bitasun horretan mugitu nahi izaten du. Saiatzen da mugitzen, behintzat.
31 iruzkinez osatuta dago Silueta. Iruzkingile bakoitzeko nobela bat irudikatu dezakegu. Alabaina, batbederak, bakoitzak ez du idatzi gabeko Silueta nobela irudikatuko, ezin du irudikatu. Iruzkingile bakoitzeko irakurle bat dago. Irakurle bakoitzak Silueta nobela bat eraiki du bere buruan. Irudimenak irudimen, kasurako, bakoitzak euskal gatazka delakoaren ikuspegia dauka. Irakurle bakoitzak –Ibarbiaren Siluetaz bestera– gatazkari buruzko dauzkan bizipenen eta eskarmentuaren araberako Silueta irakurriko du. Irakurtzen ari da.
Aletu ditzagun nobelaren iruzkingileen ildoan –iruzkingile honen harian– idatzi gabe dagoen Silueta nobela. Finean, euskal gatazka delakoaren erradiografiarako lagin bat izan daiteke. Izan daiteke, baina funtsean euskal gatazka nobelatzeko saiakera berezia izan daiteke. Saio literarioa. Ados. Eta horregatik beragatik, euskal gatazka modu objektiboan deskribatu lezake. Albait eta modu objektiboenean, bederen. Edonola den ere, euskal gatazkaren errealitatea moldatu eta irudikatu dezakegu, baina ez bere osotasunean inolaz ere agertu.
Nobela –literatura liburu hau, hots–, idazleak kontatzen duena eta kontatzen lortzen iristen ez duenaz osatua da. Gu geu, norbanakook, idazleak nahiz irakurleak kasurako, gabeziek osatuta gaude. Bizitza xake taula batean jokatzen da. Bahituaren beraren bizia zuloan jokatzen den legetxe. Bazen garaia, to. To eta no! Mikel, Josu eta Ane etakideen errelatoa tarteko, euskal gatazkaren kontakizunak merezi eta behar zuen nobela gauzatu du Ibarbiak. Areago, Roman biktimak ere bere ikuspegia aditzera ematen baitu.
Badago dioena, halaz ere, Silueta nobela angelu itsuan galtzen dela, irakurlearen begi-bistatik desagertzen dela alegia. Ibarbiak pertsonaien siluetak besterik ez digu eskaini. Mina ezin da horren modu azalekoan kontatu. Horren arin, horren sotil, hitz batez, horren modu friboloan: “Gatxa da ulertutea bere burua herri zanpatu baten ordezkaritzat dauan talde terrorista batek zelan zanpatu leien hola pertsonea”. Baten batek, Silueta nobela euskal gatazkaren kontakizunaren antidoto bezala hartu badu, gureak egin du. Hori kritikarietako batek dio, noski. Bere ustez, pultsurik gabe ez dago nobelarik. Nobela hau normaltasun estilistiko berria bada, apaga y vamonos. Zenbait buru hainbat aburu.
Badago, Silueta mamuen generoko nobelatzat ekarri duena. Pertsonaien arteko harremana espektrala ei da. Funtsean eta finean, pertsona bat diru truk eta kausa baten alde bahitzea absurdua da. Etakideen paranoiek ez dute izaririk. Presentziaren eta absentziaren arteko gatazka azaltzen du Silueta eleberriak. Baina, Ibarbia partidakoa al da?
–Harkaitz Cano bera ere nobelaren parte al da?–. Literaturak, finean eta funtsean, idazlearen ariketaren poderioz, irakurle suerte guztientzat irakurgarria bihurtu behar du istorioa. Ordea, irakurle ororentzat den nobela bat irakurgaitz bihurtu daiteke, alafede.
“Behar genuen” nobela hau? Euskal gatazka kontatzeko beharrekoa den aizkoraren sendotasuna eta sugearen maltzurtasuna ba al du Ibarbiak? Iraganera egindako bidaia guztiek porrot egiten omen dute. Oroia eta etoia sinonimoak dira. Gero, jakina, aldian aldiko zinemagilea azalduko da –literatura egileek profitatzen ez duten diru subentzioaz ongi horniturik– eta gatazkaren “errelato puta” egokitu du zeluloidera. Gainera, zinemagileak mitoaren erabilera erantsiko dio bere filmari.
“Horixe behar genuela” dio bertze batek. Honen aurretiko iruzkingileak ez bezala, Prokustorenak kontuan hartuta, ergonomiaren aurkakotasuna adierazi izan du. Bere ustez, gizakiak garaian garaiko tresnetara egokitu behar dira, eta ez alderantziz. Tira, lerro hauek konplexuak dira arrunt. Ez dizut horietatik ikaspen zehatzik emango –irakurle lagun horri zuri ari natzaizu–.
Irakurle lagunok, literatura kritikarienaz gain, zuen aburua da kontatzen duena. Balio duena. Badago dioena, halarik ere, mila urte igaro eta ura bere bidean segituko duela. Ibarbiaren nobela hau behiala barra-barra erabilitako gaietara garamatzala. Besterik ez. Kito. Jorge Oteizaren hutsari huts gehiago gehitu arren, hutsa beti huts. Silueta nobelak konpasaren orratzaren hotsa besterik ez du aditzera ematen. Hotsa eta hutsa hoskideak izaki, nonbait. Bestera ere, Ibarbiak Il metodo erabili nahi izan badu, Siluetak pixka bat de soslai eta al vuelo irakurtzeko baino ez du balio. Ez omen du gehiago merezi.
Badira diotenak, eta halaxe eman diote aditzera Ibarbiari, ezin dela nobela bat idatzi “marmar arituz eta lezioa eman nahian”. Fikzioak nahi duena adieraziko digu gertatuaz, baina errealitatean, batzuek “a Dios rogando y con el mazo dando” jardun zuten. Fikzioak ez luke errealitatea kukutu behar. Lasai, kontrakarrean edo, Siluetak kritikaren laudorioak ere jaso ditu. Alabaina, badago laudorioaren kritika ere egiten duena. Horren arabera, idazle nahiz kritikaria iparra galduta dabiltza, gabiltza. Izan ere, kritikaren lana –interpretatzailearena, kasuon– galderak egitea da, galdera berriak alajaina. Erran nahi baita: “Kritika ezkorrak ez dira suntsiketa edota zentzura ariketatzat hartu behar...”.
Silueta nobelak, engoitik erran bezala, euskal gatazkaren kontakizuna egiten du, zinez egiten duenez, zinez saiatzen denez. Eta horrek hainbat galdera egitera gonbidatzen gaitu: nor da benetan bahituta dagoena? Ane, komandoko kidea, damatxo konpainiakoa ote? Bigarren galdera, noiz hasi zen gatazkan inbolukratutako emakumearen presentziaz hausnartzen? Hirugarren bat, nahasmendurik eragin nahi barik: iraultzarako armak entregatu ziren. Diruarekin zer egin zen, ordea?
Terrorismoaren historia ekonomiko bat, dio iruzkin baten lerroburuak. Kurtsiba autorearena duzue. Ez nirea. Honela dio hastapenean: “Ez da asko hitz egiten diruaz gure artean, baina norbaitek kontatu beharko du noizbait ETAren historia ekonomikoa”. Horratx! Pika, jauzi eta ebatz! Galderak itaunka datoz: “Nola kudeatu zen diru hura guztia? Zertan gastatu zen? Tira, beste nobela baterako gaia eta langaia. Alta bada, Ibarbiaren nobelan ez bada sartzen, agian, Harkaitz Canok proposatzen digun nobelan sar liteke. Ezta?
Feminismoaren itsasargirik gabe ezinezkoa zatekeen Silueta bezalako liburu bat. Nork dio hori, ordea? Ibarbiak dio? Canok dio? Nik neuk diot? Roman bahituak eta pertsonaiak eta narratzaileak diote? Izan ere, honela dio Romanek: “Erauzi izan zait askatasuna, jabe egin naiz, nire gorputzaren”. Anek berak Romanen erran berretsi lezake. “Anek arraro begiratu dit goizean”. Romanen hitzak dituzu. Kontestualizatu behar dira hitz horiek, jakina. Eros eta Tanatos. Euskal gatazkaren sinbiosia egin dutenak, biak ala biak. Tira, giza gatazka ororen sinbiosia. Bazen behin gizon bat izena du 15. iruzkinak.
Zuloa eta silueta. Aitzin-solasean jardun dut binomio horretaz –azaletik baino ez bada ere–. Silhouette eta Zilhoeta. Zilueta eta Zulueta. Nola demontre iristen da Ettenne de Silhouetteren abizena –Frantziako finantzatan aritutako familia bateko semea– Espainiako RAE delakoan sartzea? Baita Zulo hitzaren jatorria izatera ere? Hara, nire iruzkin-zulo beltz honek irents gaitzan baino lehen, hobe nor bere soslaia marrazten saiatu dadin. Horra arau aparta, idatzi gabeko Silueta nobela marrazten hasteko.
Kontuz, ordea. Saia gaitezen, longaina zaia(kera) ez bihurtzen. Zuloa eta Silueta erro beretik datozela erran dugu arestian. Ibarbiaren Roman delako honek interpretatu dutenen artean, filologoak ere badaude. Tartean badago Barthes. Ez Roman. Roland Barthes. Teoria anitz omen daude literatura kritika egiteko, baita teoriko asko ere. Barthes dugu horietako bat. Premonizio bat: “Tartean bada Barthes, mesfida zaitez”. Jatorrikoari behako bat ematea komeni zaigu, haatik: “Con Barhes, ni te cases ni te embarques”. Ez enbarkatu ez enbargatu ere.
Ikaspena: “Mesfida zaitez! Ez zaitzala inork bahitu, ezta literaturak bahitu ere”.
Asperduraren sinesgaitza. Literaturak bahitzen bazaitu, ez izan duda-mudarik, bahituak senti bide dezakeen asperdura senti zenezake zuk ere. Bahituak zein bahitzaileek senti ei dezaketen asperdura sentitu ere. Harrigarria al da bahituak Stockholmgo sindromea delakoa jasatea. Noiz hitz egin edota idatziko da bahitzaileek pairatzen duten sindromeaz? Harian hari, Josu martiri bat da. Mikel oportunista zeken bat, Ane haizeak nondik jotzen dion ez dakien izaki unineuronal beldurtia. Harrigarri ote, Roman bahituarekiko zelanbaiteko sintonia armonia eta solidaritatea sentitzea?
Harkaitz Canok proposatzen diguna irudikatu bitartean, Ibarbiak idatzitako nobelak iradokitzen digun nobela irudikatzen ari naiz, alta, Ibarbiaren nobelak pausatzen dizkidan galderatan zilipurdikatu naiz atoan. Non kokatu liburu hau? Zientzia fikzioaren apalean? Literaturaren fantastikoarenean? Zein literatura mota edota genero ote da idatzi gabe dagoen balizko nobela hori. Izan ez arren, izan daitekeena, alafede. Alafede, berriz ere.
Take no Prisioners. Bahiturik ez! Horra eslogana. Tema eta dema. Ibarbia nobelista ona ote da? Zuk ikus, zuk ebatzi, zuk erranen irakurle lagun horrek. Nik zera erran nezake, zera edo hauxe: Ibarbiak alimaleko gaitasuna dauka kritikarien irrika sustatzen. Bai horixe. Ibarbiak Silueta delakoa iradokitzen asmatu al du? Bai? Ez? Baietz diot nik, Harkaitz Cano eleberrigile jarduera aparta dela erran ere. Idazle hau objektibitatearen gainetik eta subjektibitatearen azpitik kulunkatzen da. Nobela honen etikak estetika oro salbuesten du. Kritikariok –interpretatzaileok, kasuon– ez dute akaso poetikotasun aparta Ibarbiaren nobelan kausitu. Baliteke. Nik ere ez, beharbada. Noiz eta non, eta nola gerta hori ere.
Etika kontu edo izate objektiboa da. Estetika berriz subjektiboa. Nire burutapena duzu. Ez penatu horregatik. Nork bere herrena zaindu behar du. Interpretatzaile honek herren egiten du. Herrena izan ez ezik, makia eta maingua duzu. Kontua da –herren edo maki izan–, ez izatea beti-beti idazlearen ezpal berekoa, edo ildo berean joan. Bestera erranda, honatx kritikari on baten aburua: “Norbere herrena zaintzea da kritikariaren lanik behinena, bere izate arrazoia”. Alajinkoa! Kautera. Berrogei urtez ikasten egona eta ez ono ikasia! Jo pitxoujo! Ametsek ez dute. Ametsek ez dute gehiago gure bidea gidatzen.
Ametsek ez dute gehiago mundua kanbiatzen. Ez amets partikularrek begirada pizten, ez kolektiboek urratsik aitzinatzen. Amets idatzi tokian, ipini hauxe: euskal gatazka armatua sustatu zutenek ez dute gehiago gure bidea gidatzen, ez dute… Emak bakia! koitadu horiek. Zer amets eta amets ondo. Amets-egi! Gehiegi eta larregi. Aski eta sobera-ski!
Kasu. Kasu, kasu metaliteraturarekin. Ibarbiak –kritikaren arabera betiere– bere burua askatu behar luke, ez amiñi bat. Ez ez ez… neurri handitan bere burua salbuetsi beharko luke metaliteratura egiteaz. Aski eta sobera baitugu horretaz. Demasia metaliterarioa. Erran dezadan behingoz, Ibarbia Harkaitz Canoren heteronimoa da. Kontxo, Asurmendi jauna. Azkarra zara gero! Zer espero daiteke literaturari buruzko zure interpretazioez? Zer espero idatzitakoaz baita idatzi gabe dagoen nobelaz zure iritzia eman ez gero. Idatzitakoaz eta idatzi gabeaz. Bai, busti zaitez behingoagatik!
Beno bueno bon. Behin eta hasteko, ez dut Harkaitz Cano “idazle burges” edo “saloiko idazletzat” joko, Ibarbia bera jo ez dudan legez. Silueta ondo baino hobeto abiatzen da. Ahots klasiko baten itxuran, eta bahiketaren harira Josu eta Aneren harreman itogarria zapuzten hasi bada ere, Anek Mikelekin daukan konplizitatea ez da guztiz bidegabea. Ibarbiak azpikoz gora jartzen du trama. Gutxi iruditzen edo? Bai, bai, bai. Harkaitz Cano azeri artetsua duzue. Erran dizuet hori jadaneko.
Amaitu beharrean, bahiketa-iruzkin aspertu honekin amaitu beharrez
Amaitu aldera, ez dut Bernardo Atxagaren Etiopia liburuko Piolin poeta bezala bukatu nahi –uste dut Piolin izena zuela. Hara, ez dut apalategira altxatu gura–. Eta bukatu nahi ez dudanez gero, honatx Silueta nobelaren ildoan ildokatzeko beste lerroburu zenbait: Hizkuntzaren bahiketa. Forma gaude? Trauma ardatz denean. Zulotik atera arte. Elektroien dantza askea. Nobela ez den nobela. Bahiketa kaleidoskopikoa. Berrogeita hamar urte eguraldiaz hizketan. Xake nobela.
Lerroburu horiek daramatzaten kritikak irakurri itzazue. Ongi atondu eta apailatu. Ondo zertu. Eta galdera honi erantzun: zertarako idatzia izan da Silueta? Erantzunik bai Asurmendi jauna? Bon, herri gatibua gara, berben, maneren, eta erranen gatibu alajaina. Hara, formalismo hutsean erori zara Asurmendi jauna. Beno, nirea formalismoari aurre egiteko malformalismo gisako bat izan liteke –barka nire nartzisismo suerte hau, irakurle hori!–.
Zer nahi duzue erratea? Zer da literatura, egiaren silueta ez bada? Denok dugu fedea zorian, edo apur bat bederen. Beraz, literaturan ere fedea izatea normala da, ezta? Egia da ere, hauxe: norbanakoon nortasuna gertaera traumatiko bakar bati lotuta dagoela ustea, ikuspegi determinista-egia dela. Apika. Akaso. Asurmendi iruzkingile hori, “gizakiok determinatuta gaudela” zure maxima hori ez da absolutuki hartu behar. Ez duzu uste?
Hara, "zulotik atera arte" ez dugu inolako zilegitasunik askatasunaz horren lorioski kalaka emateko. Aski. Aski askatasunaren paladinekin! Ikas dezagun behingoz elektroien dantza askearen erritmora bizitzen, zakil halakoak! Gure bizitza, funtsean eta finean, nobela ez den nobela bat bailitzan bizi dugu. Antzerkian aritzeko bortxatu jaio ginen, baina, aluak, bota dezagun tarteka-marteka, pareta bat edo beste. Noiz botako dugu laugarren horma delakoa? Zulo puta honetatik atera eta bahitura ordaintzeko, arraio!
Asurmendi jauna, zalaparta gutxiago eta harira
Ados. Busti nadin. Horra erdarakada. Busti zaitez, baina horditu barik. Ados? Akort. Nire uste zuloan, Harkaitz Cano idazleak zerbait berri ekarri d(ig)u berriz ere. Horren froga? Bada, ni neu aztoratuta egotea. Siluetak aztoratu nau zeharo. Eta artean behin baino ez dut irakurri. Pentsa, bitan irakurriz gero, paroxismora irits naiteke. Hirutan eginez gero, bahituaren barne monologoa neure egin nezake. Are, Josu, Mikel eta Aneren barne existentziala entelegatzen has ninteke. Gutxi iruditzen?
Berrogeita hamar urtez iraultzan jardun ostean, Harkaitz Canok iraultzaile ilustratu gabeak ilustratzeko eginiko saioak apartekoak dira. Lasa eta Zabala bikoa dela –Soto eta Zeberio– Imanol Larzabal Fakirra dela, horien ondoren Silueta nobela hau ondu izana! Hori meritua! Berriz eta ostera ere, finitzeko honako hauxe: “Literatura onak bizitza ordezkatzea du xede. Edo halaxe behar luke. Bederen bederik eta bedaio. Sinplista irudi diezazkizueke, baina hara nire enbidoa: euskal literaturan hamaika Cano baleude, euskal literaturaren soinua bestelako kuku batek joa litzateke. Euskal literaturaren palazioa Jauregi litzateke.
P. S. (P. S. madarikatu hori!):
A. Barka nazala Ibarbiak, baita Canok ere, azken boutade olgeta txantxa broma suerte horrengatik. Horrengatik ere bai.
B. Zuzendariari gutuna: iruzkin honek ez du eranskinik onartzen.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: