Lao Tse / TAO TE KING
Ohar modura:
Lao Tse-ren TAO TE KING liburua euskarara ekarri nuen aspaldi. Arrazoiak arrazoi, garaiak garai, gogoak gogo… BEGIZOLIA blogean paratuko dut liburu osoa atalka!
Aurkezpena
Oso datu gutxik adierazten dute txinatar pentsalari baten existentzia erreala, Kristo aurreko VI. gizaldikoa. Lao Tse deitua. Tao Te King liburuaren ustezko egilea da –Goiko Bertutearen Liburua, gutxi gorabeherako bere esanahia–. Legenda eta metafora Lao Tse bertutedunaren gainean mintzo dira, zeinaren, funtsean, komunki adostutako data baino are filosofia zaharrago baten pertsonifikazioa baita.
Laurogeitabat kapituluk edo atalek osatua, inolako araurik barik bere egituran, ezpurutasun eskasiarik gabea oro har, idazlanak filosofia taoistaren oinarrizko pentsaera adierazten du.
Taoismoak hiru indarren existentzia bereizten ditu: bat positiboa, beste bat negatiboa, eta hirugarrena, bateratzailea.
Lehenbiziko biak elkarren aurkakoak dira eta elkar osatzen dute: Yang –positiboa, maskulinoa, lehorra, beroa...– eta Yin –negatiboa, femeninoa, hezea, hotza...–. Hirugarren indarra Tao da, edo Printzipio Gorena, Yin-Yang beheko printzipioak biltzen eta bateratzen dituena, baita indar-joko honetatik jalgitzen diren gainerako aurkakotasun guztiak ere: eguna-gaua, mugimendua-ezmugimendua, egia-errakuntza, edertasuna-itsutasuna, bizia-herioa, eta abar. Bi indar kosmiko horien etengabeko oldarrean sortuak dira izaki guztiak –literalki “hamar mila izakiak”–.
Kontzepzio hau irudiztatzen duen diagrama ezaguna da. Bi zati berdin-berdinek osatzen duten zirkulua da, bata beltza eta zuria bestea, elkar uztartzen dutenak; Tao irudiztatzen duen kanpoaldeko beste zirkulu batek inguratua. Zati beltzak (Yin) puntu zuria darama eta zati zuriak (Yang) puntu beltza. Era horretara munduan ezein elementu ez dela erabat positiboa ez negatiboa irudiztatzen da.
Unibertsoaren sorkuntza denboran garatzen da, alabaina, erabakitzen duten indarrei dagokienean, prozesua ez-denborala da. Beheko printzipioak ez dira euren jokoen menpe azaltzen, ez dira ere denborazkoak kontsideratu behar; bitarteko gisa kokatzen dira hauek: Printzipio Gorenaren eta sortutako unibertsoaren artean, printzipio honen agerpidea dena hain justu ere. Sorkuntzazko prozesu honi ez zaio hastapenik ez amaierarik egokitzen ahal, hitz hauek ez baitute zentzurik denboraren mugetatik harago.
Mundu materiala etengabe sortzen duen hiruko ez-denboralean agerikoa da beheko bi printzipioen berdintasun perfektua. Honen kolaborazioa ezinbestekoa da fenomenoen osotasuna agertuko bada. Halako fenomeno horretan Yang-en nagusitasuna ikusten dugu, beste hartan Yin-ena. Haatik, biak ala biak unibertsoaren osotasun espazialean eta denboralean orekatzen dira zehatz-mehatz.
Indar hauen berdintasunak beren agerpideen beharrezko berdintasuna darama bere baitan, agerpideok betiere abstraktuan aintzat hartu behar dira. Horregatik, taoistak ez du bizia herioa baino goragotzat jotzen, ez du inolako gorentasunik onesten egitearen eta desegitearen artean, baiezpen eta ezespenaren artean, plazerraren eta oinazearen artean, eta abar. Horregatik berarengatik, taoismoa ez da morala.
Eskuarki, gizakiak ez du elkarren aurka eta oinarrian dauden bi indarren kolaborazioa ikusten, euren lehia besterik ez dakusa, ez dakusa ere euren osagarritasuna, ezta berauek kontziliatzen dituen Tao ere. Eta lehia horretan, “ongia-gaizkia” funtsezko bitasun horretan, “ongia” hautatzen du eta “gaizkia” arbuiatzen, morala egin egiten du.
Aztertzen ari garen pentsamendu filosofikoak ikuspuntu arras ezberdin batetik egiten dio aurre arazo honi. “Ongia” eta “gaizkia”rekiko bere inpartzialtasun intelektuala erakusten duen aldian, badaki onartzen gizakiak baikorra eta onuragarria den ororengatik duen lehentasun afektiboa. Taoistak beheko printzipioen jokoaren bitartez azaltzen du jatorrizko lehentasun hori, baita fenomeno konkretu hauek nola agertzen diren azaldu ere. Printzipio positiboa ez da negatiboa baino gehiago, ez kualitatiboki ez kuantitatiboki; eta hau ez dago haren menpe eta ez dio bere izatea zor. Alta, bada, fenomeno guztietan nabaria denez, indar aktiboaren jokoa indar pasiboaren kausa da, hau da, printzipio negatiboak printzipio positiboaren ekimenari zor dio bere agerpidea. Laburbilduz, “kontraekintzak” “ekintzari” erantzuten dio eta ez alderantziz. Printzipio positiboak ez du negatiboarekiko lehentasun kronologikorik mantentzen –bata eta bestea aldiune berean manifestatzen dira-eta–, lehentasun kausala baizik.
Horrela, Taoren gizakiaren “ongia” izakiaren osotasunean integratutako ulermen askatzaile baten ondorio soila da, beheko printzipio positiboaren lehentasun irudikorraren sinesmen osoa indargabetzen duena. Gizaki honek, gizaki askatuak, ongia egiten du, hain zuzen ere, ez duelako berau idolatratzen, ezta gaizkiari baino kasu gehiagorik egiten ere.
Lao Tseren jatorrizko kontzepzioan, gizakiak Yin-Yang bitasunean antzematen du bere burua, Tao dauka xede. Taoren jarraitzaileak diziplina partikular oro errefusatzen du; diziplina orokorrari atxikitzen zaio, norberaren kasako diziplina ororengatik aldendurik. Taoistaren ez-egitearen doktrina alderdi honi atxikirik ulertu behar da, funtsean, ekintza partikularrak gaitzestea eta errealitatearen dinamismoa osotasun bezala laguntzera zuzendua dena.
Taoismoa askabide bailitzan barneratzen da buruaren jardun puruan, gizakiaren benazko izatearekin topaketa gisan. Taoren gizakiarentzat ez dago ideia-ekintza dilemarik, ekintza ez da ideiaren eginkizuna , “egin” hitza egokitzen da, besterik ez. Puntu honen ulermenera ezin daiteke iritsi Taoren eskutik ez bada, hots, errealitate-kontzientzia-ekintza kontzeptu arruntetatik zeharo desberdintzen diren doktrinaren eta printzipio esoterikoen barrena bide eginez.
Taoismoaren oinarriei buruzko laburpentxo honi gehitzeko asko dago oraindik ere, beraz, aditu handien obretara zuzendu beharrean gaude. Bien bitartean, egoki deritzogu txinatar pentsaera honen inguruan sorrarazi diren beste zio batzuk aipatzea.
Taoismoari askotan egotzi zaio hegeliar dialektikaren espiritu aitzindari izatea. Elkarketa hau ez da funts gabea, ezta gutxiesgarria ere jakitea Hegel izan zela testu hauek arreta handiz behatu zuen mendebaldeko lehen filosofoetariko bat. Baliteke Hegel Lao Tseren aforismoetan iradoki izana, bikain burutu zuen kontrarioen arteko lehiaren teoria emankorra osatu ahal izateko.
Haatik, beraien irakurketa bizkorrak –antzekotasun hauez bestera– bi filosofiak elkarrengandik aldentzen dituzten desberdintasun handiak erakusten dizkigu. Desberdintasun hauek ez dira soilik gertatzen Mendebalde eta Ekialdeko izaera antagonista errazari esker, errealitatean, taoismo eta dialektika –ez materialista hutsarena, baizik eta alemaniar idealismo klasikoarena ere– bi gauza desberdinez mintzo dira. Taoistak burutu behar dituen “praktikei” buruz Tao Te King liburuan egiten diren etengabeko aipuetan nabarmen ageri zaigu egitate hau. Zen budismoarekin senidetasun estuak gordez, zenbait kontzeptutan (hustasuna, ez-ekintza, baretasunetik mugimendura, arnasketaren kontrola, eta abar...) yoga eskoletatik hurbil dago taoismoa.
Taoismoaren paradigmen irakurketan ez ditugu inoiz metodoa, sistema logikoa edota mintzaldi erakusgarririk kausituko, mendebaldeko sistemaren berezko ezaupideak. Filosofia honen gainean gure azalpenok ahalbide bakarrak dira berau ulertzeko, baina berau benetan ezagutzea galarazten diguten oztopoak dira, halaber.
Ez Lao Tse, ez filosofo txinatar inor ez dira mendebaldar jakintsuen azterketak bezain argiak. Ez dezagun ahantz ezen taoistek erabilitako mitoak eta sinboloak beraien baitan edukitzen ez duten egia batera zeharka bideratzeko bitartekoak direla.
Onar dezagun, bada, Tao Te Kingaren jite ilun eta kontraesalea, hortxe dago-eta obra osoaren giltzarria.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: