Krono-topoaren aurkako desertzioak
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Elkar, 2025
Hasmentan
Auzokinak poema-bilduma xumea duzu. Haatik, batzuetan, konplexua egin dakizuke. Poema liburua xumea duzu baino zaila aldi berean. Zaila edo. Poema batzuk bestetzuk baino konplexuagoak dira. Tira, poesia genero literario anbiguoena da. Erran nahi baitut, irakurle bakoitzak modu diferentetan interpretatu ditzake poetaren hitzak. Literatura-generoa edozein delarik ere, jakina.
Auzoa duzu, bistan denez, Gorka Erostarbe poetaren birsortze tokia. Poetak unibertsoarekin lotzeko erabili ohi duen leihoa beharrean (Windows delakoa) etxeko leihoa lehenetsi du, tokian tokiko mundua kontatzeko. Saioa Arin Kerejetaren azal xumeak mundu horretarako leihoa zabaltzera gonbidatzen gaitu.
Auzokinak –auzokideak– delakoaren poemetako pertsonak anizkunak dira. Hori adierazita, poema-bilduma adjektibatu dut. Poemak baina, adjektiboak baino aise gehiago dira.
Aitzin-solasa eta gibel-solasa
Poemak bost ataletan bildu ditu poetak. Aitzin-solasa eta gibel-solasa izeneko poemetan bilduta daude; babestuta edota justifikatuta. Poema horiek, igogailutik
–behera-gailutik, kasuon– irten ohi dira mundura. Gabriel Aresti poeta heldu zait akordura. Poetak mailuari egiten dion erreferentzia dela eta, diot. Irakurle norberak bere moldera interpretatuko ditu poemok. Hots, iraultza gosearen arabera… Poesia gosearen arabera… Poetek galderak pausatzen ohi dituzte. Honatx, poetak honen azkena: “Gelditzen zaigu galderetarako tarterik?”.
1. Auzoaren e(r)rotika).
Erotikoa unibertsala da. Alabaina, poetak auzoaren partikulartasunean paratu ditu bere begiradak. Bere auzoaren erroetan bilatu du hitzen erotikoa. Ez zaitez loriatu ez gaitzitu ere, ez dituzu poema erotikoak. Haatik, bizitzarekiko desira, sentimena edota esperientziaren distirak antzeman ditzakezu. Poetarenak, noski.
Munduari neurria hartu dio auzoan. Estatua baten tamaina estatu baten adinekoa da auzoan. Auzokideen hitz txikiek itzal handiak zabal ditzakete. Alabaina, auzoan iraganeko denbora eta espazioa bilatzeak mina eta lotsa oroitzea dakartza. Konparazioenera, bere oroipenetan Arcelor munstro hila edota Irimoko kukua agertzen dira: iraganeko oroiak eta egungoak nahasten zaizkio Kutxaren atarian edota Piedad kalean. Poetari armiarma bat sartzen zaio gorputzean sarri. Armiarma deitzen duen nostalgia. Hala ote?
Herriminak ez ezik, kale-minak jota bizi da. Frontoi-minak jota ere. Aitaren eskuin sendoak jota. Aitak ez daki hori, ezin du jakin. Armiarma –poetak beltz gisara adjektibatu du– hilerri bidera ikusi du, ikusten ohi du sarritan maiz. Distortsio
–sorta– bat esperimentatu du. Galderak ditu. Lehen distortsioa ene begiradan, hauxe: poetaren espiritua makurra da, galdera ikurraren makurdura nola. Poema deskriptiboekin batera, bizitzaren funtsera gerturatzen gaituzten poemak daude: “Arrakasta deitzen diote urrun iristeari, gertura iristen ez dakigu ordea”. Berbarako bat.
Poetaren kronoa ez da auzora mugatzen. Poema-bildumaren krono-topoa itsasora daraman –garamatzan– bideetan dago. Lehenbiziko bideak –Urola ibaiaren meandroetan barrena– eramaten du poeta, haurtzarora. Kaioen korrokak ditu gogoan, gurasoen besoetatik askatze-unea. “Bizitzak heriotza zor du”. Lema hori poeta oso goiz esperimentatu ote zuen nago. Baliteke, heldutasuna erdietsitakoan, oroitzapen lausoen eraginez funtsatutako tema izana.
Oharra: lema eta tema, nire buruan dema.
Oroitzapenak herriaz harago doaz, baita auzoko kaleez harago joan ere. Loiola kalea, kasurako, auzotik kanpokoa duzu: amonaren esku zaintsua, argi berantiarra eta txokolate beroa... Urolaren emari umela denbora geldien pausaleku mendrea da. Urola errekaren abaroan mugitzen da, erreka duzu poemen drenajea. Iraganaren krono-topoaren aurka borrokatzen da. Denbora poema, kasuon, desertzio moduko bat da. Poeta iraganari ihes egin nahi dio. Nostalgiak harrapatuta bizi da, baina.
2. Zaurien kartografia
Poeta arestiarra agerikoa duzu atal honetan. Aurrezki Kutxako ilara ez dago egina hiru urteko haurrarentzat. Norbanakook kolpe kapitala edo kapitalaren kolpea jasotzen dugu mundura jalgi eta berehala. Kutxaren zauriaren orbaina bizitzarako mailegua da. Kutxaren eskaparate distiratsuetan kaleko arratoiak islatzen dira, alabaina.
Diosalen koreografia moduko bat bildu digu poetak. Isiltasun eria gainditzeko maneran eskaini ere. Auzokide baten birika beltzak analizatu ditu poetak. Asmo Argirik Gabeko Auzotarren Batzar Kaletarra egiten du aldarri. Zinegotziak jalgi zaizkio gogora. Bizi den kalean izan zen Eusebio taberna –garaiko batailoikoek bonbaz erasotua– eta kale batzuk harantzago ETAk hildako zinegotzia gogoratu ditu. Poetak ezin-ulertuaren oroitzapen lausoa darama bere baitan. Herio bisitan etorri ohi zaio. Barrendiola urtegira ihes egiten du anartean. Poeta bizirik dago. Bizitzea, gora eta behera dabilen igogailuan bizitzea da.
Oharra: erabiltzaileok igotzeko izendatu dugun arren, igogailu hitza ez da zehatza. Ez du bere funtzio osoa adierazten.
Modu poetikoan armiarma beltza denak badu izen fakultatibo eta kimiko bat: Pristiq. Getariarako bidean agertu dakizuke edo auzoko Zelai-Ariztiko frontoian, ustekabean. Poetak gaztigatu gaitu horretaz. Ez gaitezen harritu ordea, poesiak preskripzio fakultatiboa aurreratu diezaguke. Pristiq delakoari poema bat eskaini dio. Armiarma poetikoa.
Muñeca de Trapo. Etxeko bikien ametsetako denda. Poetaren oroi hauts ia. Inoiz aurkitu izango ez duen nia. Denboraren bigarren desertzioa: “Denboraren joanak eta denboraren eramanak adina higatzen gaitu denboraren etorriak eta denboraren ekarriak”. El desencanto dator segidan. Bizitzan desilusioa edota desengainua nola agertu ere. Auzoaren efemerideak ahaztu dituela oroitu da. Oteizaren eskultura eta arratoiak zaborretan behatzen ditu etxeko lehoitik.
3. Kaiolak eta beruna
Oroitzapenek minak eta penak agerrarazten dituzte. Lasa eta Zabala thriller bat da gure memorioan, poetarenean nola. Bideak zabalduz joan zaizkio bizitzan, bideak errepideak bihurtu zitzaizkion eta gero autobideak bilakatu. N1 delakoa arrakala bat da bere oroimenean. Eta AHT delakoa? Ezkioko plataforma logistikoa zimiterio hutsa da. “Zaintza eta auzoa darabiltzate lerde ahoan goiko tarantulek”. Amaraunean eroritako armiarma beltzak ondo baino hobeto daki hori.
1984 pop. Distopiak. Ehun metro nobela irakurri gabe, pop kulturalak eztanda egin zion haurrari. Lasa eta Zabala letaniazko fonema-kate bezala bihurtu zitzaion eta handik 24 urtera Loiola karrikan zerraldo bat utzi zuten haien gogaideek. “Susmo denboran sagar erdiak ustel”. Auto funerarioak auzoa zeharkatu du geldotasun lynchiart batez. Poetaren gustu zinematografikoaren adierazle. Poeta eta herio auzokideak ote. Ote?
Jendartearen definizio bat. Jendartea: “Bihurtu zen gizarte bat on gutxiagoz onzalez betea”. Epitafio mortala. Zirriborroa dator ondoren: “Inork ez zuen ohartarazi bizitza zirriborro bat baino ez dela”. Edo, onen onenean, simulakroa bat. Hau malura, “borroka galduetatik gatoz, baina jada ez da lubakirik”. Mortala hori ere. Edota bizigarria aldi berean. Poeta desertziora jo du hirugarrenez. Denbora: “… Ez orain ez gero ez orein ez irain…”. Epitafio ederra hori ere.
4. Biziraupen erritualak
Kundera. Dut-en At. Hilerriko festara joateko bidaide lagungarriak nonbait. Lagunen arteko beila zoroa. Poeta eta lagunen itzalak mundutik joandako lagunen hilobien gainean dantzatu bide ziren. Poema makabroa. Poetak dantzaleku irudikatu du hilerria. Beti iristen da itzultzeko ordua, kasu! Oroitzapen makabroak errealak bihurtu daitezke eta. “Adiskidetasun bat mamitu zen leku berean”, alegia.
Balkoiko mutil hura, poeta egun, begiak auzoan ditu. Laboak txori herraria nola halaxe du berak gogoa. Poemak bere insomnioaren albo-bake bihurtzen ditu. Poemak gaueko oihuak dira, garrasiak izan ere. Ez dezagun iratzar. Entzun dezagun bere poema isilen soinua.
Auzoan Labealde, Izazpi gibelean. Urdaneta aurrean, armiarma beltza poeta eriaren baitan. Auzokinak alboan. Rita Larrarte eta Esteban Leunda aiton-amonak akorduan. Haiek joan ziren, artean, beste batzuk heldu dira. Honatx poetaren argia xafla bat: leiho-sare zaharraren zirrikitutik sartu den neguko errainu herabe.
Laugarren desertzioa. “Denbora osten digute doilorki, maleruski, denbora da ahantzi betierekoa, ez dirua”. Poema labur arestiarra, kapitalismo liberalaren aro honetan. Autobidea hartu du poetak bigarrenekoz. Oria ibairaino doa, sistemak ezarritako abiaduran. Zierrea aipatu du poeman, kazetarien hiztegian hitz hagitz adierazgarria.
Iron And Wine, Berrioren simulakroa. Autoa eta popa, bitasun ona gaua girotzeko. Nina Simone edo Egañazpi, aukerakoak. Bidania eskuinera, Azpeitiako lagunak eta Bonberoko txaranga oroimenean. Alegiako gaztetxekoak eta Cheyenneko motozaleak. Ordiziako azokatik Eitza auzotarantz bidean, Aizkorri gailendu zaio poetari: “Gaur gauean uler liteke mundua biltzen duen oihartzuna zer den”.
5. Argi xafla xumeak.
Poetaren argi izpiak xafla xumeak dira. Etxetik kalera behera-gailuan jaitsi eta Iñurritzaraino joan da. Joan bide zaio gogoa. Poetaren armiarmak eta Louise Bourgeoisen armiarmak topo egin dute denboran. Burges txikia izateak zizta egin dio bizkarrean. Auzoan dago berriz ere, plazako arkupetan, goizaren usain freskoa dabilkio tripetan.
Sua. Poema erregaitza: “Erre bitza suak (…) eta boterearen jakak jan bitza sitsak”. Auzoko Lehoien Iturrian dago poeta. Harrizko lehoi-iturriaren arrakaletan joan zaio gogoa, maitearen begietan joan ere. Leiho-sare erdi itxitik so, malenkonia horixka batez bildua, haurtzaroa memorian. Irimo parean, mendi onirikoa.
Goiz batzuk ederrak izaten dira. Beste batzuk beharrezkoak. Badira zu zeu txori bilakatutako goizak, horiek dituzu ezinbestekoak. Txori esnatu poemaren gaineko nire bariazioa duzu. Barkatuko ahal nau poetak? Araiz. Boskarren desertzioa, hondarra: “Igande abuztua arratsa euria, gauza berak dira. Gauza ber eta ederrak”. Denboraz ari da, ez eguraldiaz. Hor nonbait.
Lorca eta Lete. Bi zaldi zuri trostan. Leteren arragoa crisol duzu Lorcarenean. Arcelor monstrua itzali zen, baina oraindik ere izekirik dago auzokideen bihotzetan. Ezkio auzoa trostan dabilkio poetari. N1, ilun-orduetako galbidea. Lanetik itzulerako alanbrea. Aurrerabidearen zepoa. Armiarma esnatu da, txoria esnatu legez. Frontoian entzungai pilotakaden oihartzuna. Aitaren gogoko oihartzunak, apika.
“Euriari begira jarri zaio poeta, ilusio faltsuz bada ere. Denbora begietan urtzen zaiola sentitzeko tanta iraungaitzez”. Trakestu dizut poema, poeta hori. Hunkitu naik! Barka nazak.
Alaska poema, bildumaren hondar-hondar alea. Poema ez trakesteko, lerro barik laga gura dut ene jarduna. Atx! Poemaren puskatxo hau ostu diot poetari, zuretzat irakurle: "Txori arrotzak belatzen begietara. Auzo-auzoko kale-enarak dira, alabaina”.
Epilogoa
Irakurle bidaide hori, lema hau ere zuretzat: "Hitzen esangura hiztegian duzu, hitzen adiera anitzak zuk zeuk interpretatu behar".
Galdera-arrapostu bat azkenik: zertan datza bizitza? Leman teman deman, naski. Hor nonbait hori ere.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: