Kronika sotila: duina, sendoa, zintzoa, arina eta artetsua
Sar hitza
Pilo dira bazterrean geratzen zaizkidanak –euskarazko liburuez ari naiz–. Ezin denei merezi duten arreta eskaini. Gure liburugintzan –txikia izanagatik– egileak irakurleak adina dira –apur bat exageratuz, diot–. Literatura-liburuez
ari naiz handi-handika, edota euren ingurumarikoez. Asko dira horiek gure txikian. Horien artean daude gure historia garaikideko gerren edo gatazken kontakizuna hizpide dutenak. Aitor dut horiei heltzeak laborria eragiten didala –amiñi bat exageratuz hori ere–. Kasurako, Alberto Barandiaran Amillanoren Gurea falangista zen.
"Amari, maitasunez" idatzi du egileak abiaburuan. Bost atal irakurri –eta leitu– ditugu jarraian. Iturriak delakoak osatzen du kronika-liburu hau. Kronika-liburua izan arren, testigantza saioa ere badena. Saiakera osatu bidean geratu den lekukotasun-kronika. 1936ko Gerra Zibilean –itxaropen eta terrore artean, Nafarroako bide bazterretan geratu zen gorpu andana haien gisara.
Saiakera osatugabea izendatu dut. Ez berau gutxiesteko, inolaz ere. Edonola den ere, oro har, historiaren kontakizuna saio osagaitza begitantzen zait. Oroimenik oroimen gorpuzten den saioa. Ekimenik ekimen osatzen den historia-saiakera. Haatik, Gurea falangista zen izeneko hau, kronika izateaz batera, norbanakoari modu berezian aipu egiten dion lekukotasuna dugu. Horregatik edo, saiakera-idazleaz harago joan den liburua dugu.
Atalez atal
1. Atala. “Luis Fernandez Arregi Bizkaiko frontean hil da”. Altsasuarra. 18 urtetan Lemoizko Lemoaitz mendian eroria. Frankisten bandokoa. Falangista bilakatutako jeltzalea. Pertsona ikasia izaki. Altsasuar kronista honek erabilitako hildakoaren gerra-egunerokoa duzue haren izanaren adierazlea –baita bere nortasunaren adierazgarria ere–.
Lehen paragrafoan ageri den hildakoaren biografiak anitz galdera iradoki dizkigu dagoeneko. Gerra baten atarian jendartean jalgitzen diren galde asko arraposturik gabe geratu izaten dira. Espainiako Gerra Zibileko eta Euskal Herriko lubakien arteko tiro hotsek, kanoikaden burrunbek eta hegazkinen bonbardaketek are adigaitzagoak bihurtu zituzten orduko itaunak nahiz erantzun posibleak.
Gerra garaian, tokian tokiko mendi-mazalen artean zabaldutako oihartzunek are elkorragoak bihurtu zituzten herrietako jendeak. Hamarkadatik hamarkadara zabaldutako aieneak aieruak bihurtuz joan ziren. Gerra garaiko belaunaldia munduaz beste egiten hasi zenean, zabaldu ziren iragana ezagutzeko zirrikituak. Horiek, tamalez, usaian eta komunzki, berant zabaldu izaten dira-eta.
2. Atala. Luis Fernandez Arregiri zor diogu –baita bere arrebari ere, bistan da– gure historiaren kontakizun hau. Ordea, hura hila izan zenez –hil zutenez–, beste batzuen kronikek ahalbidetu zuten kronista honen lana. Jesus Artetxe idazlea dugu horietako bat. Lerro bakar batek ilustratzen dizkigu gerraren arrazoi aldrebesak: “EAJkoa zen eta bere alderdikideen aurka tiroka aritu zen baldarki”.
Liburu honen idazlearen testigantzek ilea laztu digute. Ezagutzen genituen Sebastian Salaberria oiartzuarraren gerra-oihartzunak, alabaina, kronika-saio honek iradoki digunez, Luis Fernandez Arregik eta Jesus Artetxek elkar ikusi barik, elkar ezagutu gabe, elkarren ondoan jardun bide ziren gerran. Datu hutsala irudi diezaguke, alabaina, gerra garaiko komunikazio ezaren erakusgarri izan daiteke.
Artetxe eta Salaberria gerra ostean etxeratu ziren. Luis Fernandez ez. Edonola izan zela ere, gerra ostean jakin zutenez –Salaberriak Neronek tirako nizkin liburuan kontatu zuen legez–, anaiak jaso zituen tiroak Sebastianek berak eginak izan ote ziren. Gerraren paradoxak: familia berekoak izan arren, aurkako bandotan borrokatuak. Salaberria batek libratu zuen bertze Salaberria, halaz ere. Zauritu egin izanak frontetik urrunarazi baitzuen.
3. Atala. “Luis Fernandezen egunerokoa ez ezik, apunteak, gogoetak eta poemak biltzen dituzten libretak” iritsi ziren Lemoaitzetik Altsasura. Miraria dirudi. Mirariak, ordea, ulertu-ezinezkoak bihurtu izaten dira denboraren joan-etorrian. Halaxe bihurtu ere gerrak eta gerrateak. Ulertu ezinezko desastre-aldiak. Are ulergaitzago, kasuon, anaia-neba-arreben arteko gerra bada. Gerra zibila denean, alegia.
Luis Fernandezen idazkiek urteak eta urteak eman zituzten kutxa batean, aintzat hartu gabe: demokraziaren haizeek ez zuten aski indarrik izan aurreko sistema diktatoriala arras eraitsi eta gerrako krimenak harrotu ahal izateko. Bizkitartean, frankismoaren oihartzun-isilak hamarkadak iraun zituen jendartean.
Historiak, haatik, Maria Antonia Fernandez “de Garaialde” Arregiren aiurria behar zuen. Zoriak Luis Fernandez izan zenaren arreba eta kronista honen emaztekiaren amaren jaidura izan zuen. Gerrak ez baitira soilik frontean ebazten. Komunzki, borroka militarra "jokatzen" den lekutik urrun ebazten da gerra. Historiarekiko leiala izateko, “gerraren alde zibila, neutroa, ohikoa eta egunerokoa kontatuko duen errelatoa” behar da.
Maria Antonia Fernandez fusila eskuetan hartu zuen Luis Fernandez "nebaren zain geratu zen" horietako bat dugu. Askoren artean zain geratu eta luzaro mutu bizi izan zirenetako bat. Munduaz beste egin aitzin ordea, Maria Antoniak adorea izan zuen bere suhiari nebaren libreta emateko: “Egin nahi duzuna” esan omen zion. Jestu ausart batek historiaren "arrakalak" zabaldu ditzake. Edo amiñi edota apur bat argitzen lagundu bederen.
4. Atala. “Luis Fernandezen ametsa udal idazkaria izatea zen”.
Amets hura gerrak zapuztu zion, ordea. Luisek matxinatuen alde egin zuen. Bertze batzuek, aldiz, altxamendu militarrak eraitsi zuen gobernu demokratikoaren alde. Horietako bat –artean hamar urteko nerabe zena– Jose Maria Jimeno Jurio izan zen. Atal hau, haren lanari esker osatuta dago, baita, bistan da, kronista honen lan estimagarriari esker ere.
Izan ere, osterantzean ez genuke Martin Somocurcioren eta Alfonso Chicharro altsasuarren historia ezagutuko. Kronistak historiaren pasarte-piezak puzzle baten moldean ordenatu dizkigu. Bere estiloari atxikia, testigantza andana aletu digu, hitzen kontzertu bat eman gabe euren notak entzun ditugu doi-doi. Altsasuar anitzen lekukotasunek ilea laztu ez ezik, bihotz-ikara eragin digute.
Lekuko horiek “itxurazko normaltasun bat bizi behar izan zuten”. Erran nahi baita: lana, jana eta bakea gailendu ziren haien etxeetan. Horrela izanagatik, gerraren ostean bizi ohi dira paradoxa larrienak. Kontrakoa demostratzen ez den bitartean denak baitira etsai. Hots, herrikide guztiak ditugu etsai. Halaxe izan zen Altsasun, halatsu Sakanan izan ere.
5. Atala. Zergatik bilakatu zen falangista Luis Fernandez jeltzalea? Ibilbide profesionalaren bidean katramilatu ote zen? Agian ez. Ez horregatik soilik, behinik behin. Hainbat ideologiaren –sozialista, komunista, anarkista edota ezkerreko ideologien, oro har– aurkako herra hazi ote zitzaion? Baliteke. Baina zergatik? Jeltzalea zen aldetik, bere elizkoitasunaren aurkako herra antzeman ote zuen ildo ideologiko horietako herrikide zenbaiten aldetik? Agian.
Agian, diot. Beharbada. Batek daki. Alegia, Luis Fernandez –bere kautan joan zen gerra-frontera– Lemoaitzen hil izan ez bazen –gerra-ostean bizirik izan balitz–, agian, haren arreba Maria Antoniak ez zuen Pablo Amillano Baztanen ibilerak ezagutzea ahalbidetu izango. Hau da, kronista honen aitonaren nondik norakoak.
Bostgarren atal hau, gerra zibilaren eta haren osteko kronika bat izatetik harago joan da. Giza historia, aldian aldiko abaguneez osatuta dago. Kronistaren amak liburuak gustuko izan ez balitu –Irunen liburu-denda bat izan zuen–, haren semeak ez zituen beharbada liburuak beharrezko izango. Beharbada, diot. Batek daki. Liburua objektu kuttuntzat izatea, erran nahi dut.
Baliteke giza-historia anekdota-bilduma suerte batez osatuta egotea, baita gure bizitza hala osatuta egon ere. Agian. Beharbada. Baliteke. Izan ere, bizitza izugarria baita, baita lazgarria izan ere. Apika, falangista bat izan genuen familian, baita faxista bat izan ere. Halarik ere, euren arrastoren berri izan gabe bizi izan ginen. Areago –neurri apalean bada ere–, kronika-biografiko bihurtutako saio honetan ageri denez –ideologiaz harago joanez edota honatago etorriaz–, pertsonon buruetan ezin deskribatutako hazi edota ernamuin bat badagoke. Bai ote? Izan liteke. Nire burutapena duzue, inolako ideia-arrastorik gabe.
Seigarren kapitulua
Baga: kapitulu hau "gure" iruzkinari dagokio. “Nire” iruzkina beharrean “gure” idatzi –nahi izan– dut. Guka jardun baitut: Ama gogoan, alegia. Testu hau idaztean bera izan dut ondoan ezinbestean. Amillanotarrak legetxe, Sakanakoa zen bera ere. Ergoienako Lizarragakoa. Bederatzi urte zituen 1936an. Euskalduna. Gorria.
Biga: aitormen bat egin beharrean nago. Frankismoak gerra-ostean ezarri zuen “lotsaizuna”-k ez dizkit demokrazia garaian arrakalatutako “lotsaizuna”-ren zauriak sendatu orainokoan. Areago, tamalez, gerrako zauriak are zauri zornatsuagoak bihurtu izaten dira-eta, “bakealdia” deituan.
Higa: ez naiz nafar jatorrikoa izatearen lotsa, ezta Nafarroan “lotsaizuna” ezarri zutenen aldekoa ere, jakina. Badago ordea, gogoa zornatu ez ezik, nire baitakoa iluntzen duen germen adierazezin bat. Historian etengabe birsortzen –eta errepikatzen– den germen bat, norbanakoon gogoa pozoitzen duen hazi suerte bat. Izanez ere, edozein aldetako izaki euren frontea eta lubakia –berariaz edo gogoz kontra aukeratuak– galtzaileak beti dira berberak: ondradu inozoak.
Laga: Alberto Barandiaran Amillano kronistarentzat azken hitzak. Haren antzera jardun nahi aldera, hitz sotilak. Hitz sotilak ditugu historiaren kontakizun-saioak Saiakera bihurtzen dutenak. Sotil hitza bere adiera guztietan ulertuta: duina, sendoa, zintzoa, arina, ederra eta artetsua.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: