Koronabirusa “infantilizazioa”-ren aurkako txertoa izanen ote?
Koronabirusa edo COVID-19 pandemia 2020ko urtarrilean zabaldu zen munduan eta otsailean iritsi zen Euskal Herrira. Martxoan mundu osoa konfinatuta izan zen, munduko herritar oro esp-etxeratuta izan ginen. Harrezkero, bizitza molde ezezagunak eta denetariko esperientziak bizi izan ditugu, krudelak eta latzak. Latzak ez ezik, etsigarriak uneon.
Esperientzia zailetik ikasi omen du gizakiak historian. Abururen bat edo beste idatzi izan dut ene blogean. Halaz ere, izurritearen hasieratik birus horrek ez du nire bizitzaren ardatza izan behar” esan nion nire buruari. Ez da nire lehen gaia, alegia.
Zergatik? Gure bizitzako gaiak eta arazoak mundua manejatzen dutenek ezarrita baitaude neurri handi batean. Hori bereziki, komunikabideen bitartez egiten dute. Beraz, hedabideetako informazioek ez nindutela “tontotu” behar erabaki nuen. “Horra paradoxa eta kontraesana”, pentsatu duzu. Ni halaxe egiten ari naiz eta! Halaxe da –guk eraiki dugun– mundu hau: absurdu eta kontraesankorra.
Gaur da eguna, gaiari buruz “tontotu” ez naizen honek –bai ote?!– zerbait adierazteko gura duela. Europako Banku Zentraleko Christine Lagarde entzun dut berriki, eta beharbada, horrek “animatu” nau idaztera, agian “tonto”-tzera.
Koronabirusa bi aldagairen artean mugitzen da: ekonomia eta osasuna.
– 2008ko krisi ekonomikoa errepikatu dela diogu, deus ez dakigunok, eta baliteke, baina krisi hura sistema liberal kapitalistak bere interesen –aberatsen– egokipenerako “sortutako” krisia izan zen. Nork sortua? Sistemak berak. Aldez edo moldez. Ederto baliatu zuen ekonomia “egokitzeko”.
– Oraingoa, Lagarde andereak erranik, oraingoa ez da “krisi ekonomikoa”. Oinezko herritarrok, osasun eta ekonomia krisiak bizitzen ari gara, berak, aldiz, honela adierazi du: “Ekonomia berri baterako trantsizioan gaude”.
Aldagai nagusiak:
Etorkizuneko osasuna. Osasun pribatua gailenduko da, osasun publikoaren kaltetan, astiro eta apurka ezarri ere. Osasungintzaren “egokitzapena” ari da taxutzen sistema. Koronabirusak 1.200.000 herritar eraman ditu eta milioiak eramanen... Osasun sistema kapitalista liberal ankerrak “ongizatearen sistema” hankaz gora jarri du (zuen) azken bi hamarkadatan, eta pandemia honen bidez –Europaz ari naiz– jendarteak –edo parte batek bederen– lortu zituen eskubideak deuseztatu(ko) ditu.
Etorkizuneko ekonomia. Antza denez, Txinaren, AEBen eta Europaren arteko bataila ekonomikoa ari da jokatzen uneon. Pandemiak “sortutako beharren” arabera egokituko dira egungo ekonomiaren kudeatzen dutenen asmoak eta nahiak.
Sobriedad, sobriété, sobriety. Behin-behinekotasun egoera da bizi duguna, estutasuna ari da ezartzen, bereziki adineko eta haurren artean, estutasunaz beste, urritasuna gero eta handiago da gazte eta helduen artean. Egoera horretan, munduaren ekonomia eta gure osasuna bideratzen dituztenek erabiltzen duten hitza neurritasuna da.
Urritasuna eta neurritasuna. Urritasuna eta neurritasuna. Hori da gobernatzen gaituztenek jartzen duten “erremedioa”. Nola jarri ordea, urritasunari neurritasuna? Boteretsuek ez diote jarriko, haiek ez baitute urritasuna pairatzen. Eta gobernatzen gaituztenek –demokratikoki hautatuta– ez dute preseski, neurritasuna aplikatzeko dohainik ez ahalmenik.
Bi urte barru. Aditu batzuren esanetan –nik aditzen ditudanek diotenez–, pandemiak bi urte iraunen du; gorabeherak gorabehera eta txertoak txerto tarteko. Baliteke, hor nonbait. Ororen buru, egoera ez da katastrofikoa izanen. Katastrofeek boteretsuak ere hondoratzen baitituzte. Sistema ari da purgatzen, baina sistemak bere buruaz beste egin gabe.
20 urte barru. Batzuen iritziz, hogei urte barru hobeto izanen gara. Noski, munduak hartu duen jaidura kontuan hartuta, zer besterik itxaron daiteke? Bizi-esperientzia honetako “ikaspena” ez dela alferrikakoa pentsatu nahi dut. Batez ere, bizpahiru urteotan eskolan hasi diren neska-mutikoentzat “baliagarria” izan dela pentsu dut.
Determinatzaileak gu gara, oinezko herritarrok. Egoera dena dela ere, “partida” jokoan dago. Aldez aurretik ez dago ezer ebatzita. “Arbitro-epaileek” arauak ezagutzen dituzte, baina berauek aplikatzea ez da erabat beren esku. Inork ez du guztiz partidaren jokoa kontrolatzen, ez ekonomialariek, ez politikariek, ez epaileek. Gu, oinezko herritarrek, are gutxiago, baina gu gara “jokalariak”, gu gara determinatzaileak –batzuk “aberatsagoak” bestetzuk “pobreagoak”, batzuk “abilagoak” bestetzuk “traketsagoak”…–. Neurri txiki batean badarik ere, gu gara gure ekintzen determinatzaileak.
Infantilizazioa edota heldutasunik eza. Hein batean itxaropentsu nago, “baikorra” naiz. Gure jendartearen infantilizazioa (heldutasunik eza) gero eta agerikoago da, gure gizartea infantila da. Horregatik edo, koronabirusa pairatu behar izatea ikusten dut infantilizazioaren aurkako txerto bakarra.
Azkenik. Umeak, artean infantilak, txertatuta daude. Koronabirusa pairatu behar izateak etorkizun helduago bat eskainiko die. Zer bestela?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: