Karena izatearen mentura, izan eta ez izanaren malura

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-04-28 09:32

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1651131742281

Karena

Alaine Agirre

Elkar, 2021

 

Premisa gisa

Behin eta lehenengo: nobela hau ez da gauza bera emakumezkoarentzat edota gizonezkoarentzat. Hain ziur ere, emakumezkoaren jarrera eta gizonezkoarena ez baita bera edozein liburu baten aurrean. Jarrera, jaidura edo adiurrea. Kasuon, areago, lehenak karena baitarama bere gorputzean eta bigarrenak ez. Ezin biek bizitza manera berean sentitu inondik inora ere. Batek badu erditzerik, besteak inola ez. Bigarrenak ez du inoiz bere gisako gizaki bat erdituren, eta lehenak erditu gabe ere, amatasunaren sentipena bizitza osoan eramanen du bere baitan.

Behin eta bigarrenez: gizaki bakoitzak bizitzen duena besterenezina da, baita genero bera den kasuan ere. Beraz, zer esanik ez, gizonak emakumeak –gizonaren aldean– berezko duen amatasunaren ideia bat izan dezake, ama izatearen aiurria sekula ez.

Horiek horrela (I)

Karena da emakumearen organo bat. Karena izatea zoria izatea izan daiteke, erditzeko xantza, erditzeko gorputza izatearen mentura. Baina, hala berean, izan daiteke ere, izan eta ez izanaren desbentura. Karena nobelak Sara Mendizabalen esperientzia kontatzen du, ama izatearen bideko esperientzia. Ama izatearen zoriak zerua ukitzera aupa zaitzake, baita infernura jaitsarazi ere. Karena nobela gorputza da, emakumezkoaren gorputza. Gorputzak eman dezake bizia, eta gorpu bilaka daiteke lantzean-lantzean. Karena lazgarria egin zait, eta durduzagarria ere bai. nahasgarria eta ustekabekoa, zalua batzuetan motela era berean. Gizonezko batentzat istorio enpatikoa izatetik urrun, bihur daiteke jasangaitza. Emakumezko batentzat, berriz, neronek ezin erran.

Karena nobela gorputza da. Sei atalek osatuta dago. Atal bakoitzak erditze bat dauka. Ama batek ez du-eta behin bakarrik erditzen alafede. Erditzen du itzarririk erditzen du esnakor, erditzen du lozorroan. Erditzeak lokamutsak dira, erditzearen zoria nola mina bizitza osorako dira.

Karena lazgarria da. Gordina. Lazgarria baita ospitale batean erditzea. Kontrakzioak sentitzea. Farmakoak jasan behar izatea, –oxitozina farmakoa duzu adibide bat. Ernalkuntzan aditua bihurtzeko liburuak eskaintzen digun lagin bat, besterik ez–. Haurra erditzea, kanporatzea, munduratzea duzu Karena. Gordina. Eta Sarak hori eginik ere, ez duzu ziur munduratua bizirik dena. Abortatzea izan ezik, legratua zer den ikasten baitugu –nobelan– balizko amarekin batera. Horiek horrela izanagatik, erditzeak ez zaitu mina sentitzetik inola inoiz ere salbuetsiko. Ezta zoria inondik inora ere bermatuko. Eta horiek ezin dizkizut nire esperientziatik helarazi, ez bada, Alaine Agirreren Karenaren irakurralditik baino.

Sara Mendizabalen esperientziak minatik du gehiago zoritik baino. Alabaina, bere esperientzia ez da berea soilik, ezinezkoa baita munduan soilik nor izatea. Haurraren aita biologikorik izan gabe, haurra intseminazioaren bitartez sortu izanagatik, edota hala ezin gauzaturik in vitro ernalarazi denean ere, ama ez da bakarrik sekula santa ere. In vitro izan edo izan barik, Sararen esperientzia partekatua da. Bere ondoan duzu Adri bikotekidea, baita Eider laguna ere. Hala nola haren aita. Badira gehiago, nola ez! Ginekologoa eta haren albokoak ezinbestez. Eta, hala ere, erditzea –pentsu dut, gizona naizen aldetik– zeregin paradoxikoa da, bizipen paradoxala. Amak bizi duena, berak bakarrik bizi du-eta.

Horiek horrela (II)

Karena nobelak badu funtsa, badu mami. Mamia haragi kolorekoa da, haragi bizi odoltsukoa. Bere horretan espazioan eta denboran –fikzioa izanagatik erreala dena– eraikia denez gero, forma badu izan ere, Sara Mendizabalen baitatik mundura jalgi den kreatura formaduna den legez. Nobelan murgilduko zara, eta berean noragabeko itsaso batean sentitu zaitezke. Bitakora kaierak dioena ez da lineala, kontakizunaren kronologiak ez dizu zerumuga zehatzik eskaintzen. Enbataren zirimolan ez ezik, hitzen ekaitzean itotzeko arriskua hartu behar duzu. Kontua da –emakumea  edo gizona izan, molde ezberdinez, erran legez– ur goaiak eramaten lagatzea.

Kontakizun moldeak ez zaitu geldiaraziko, ez nabigatzen galaraziko ere. Ospitaletako usainek edo giza harreman petralek itoaraztear zaudenean, idazleak gorputzerako kremaz gozatzen zaitu, hondartzara eramaten gaitu. Itsasoaren kresala adituren duzu, haren izate nasaia zure eginen duzu. Eta zuk ere, Sarak legez, naski, galderak pausatuko dizkiozu itsasoari. Arrapostuak baina, ez dira zuk igurikatzen dituzkezun arrapostuak, ez dira Sarak berak jaso dituen berberak izanen. Gizona edota emakume izanagatik ere, itsasoan legez lurrean ere, pertsonok bat-bedera irla baikara. Uharte bat.

Post Scriptum: egiari zor, nobelaren diagnosi on bat egiteko, lehenik eta behin erditzearen diagnostikoa egin beharko nuke. Hori egiteko baina, emakume izan beharko nuke.


Utzi iruzkina: