Kalaportutik Iurretara. Joseba Sarrionandia irakurriz

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-06-22 11:54

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1655892794261

Kalaportutik Iurretara. Joseba Sarrionandia irakurriz liburuaren  (Pamiela, 2022) aurkezpenaren ostean hedabideetan –prentsa-irrati-telebistan– izandako artikuluak dituzu jarraian:

1/ https://www.kulturklik.euskadi.eus/sorkuntzak/2022/kalaportutik-iurretara-/z12-detalle/eu/

2/ https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/kulturaeus/audioak/osoa/8881072/kultur-leihoa-20220616/

3/ Gaukariaren gaineko bariazioak (Itziar Ugarte Irizar)

https://www.berria.eus/paperekoa/1835/022/001/2022-06-17/gaukarien-gaineko-bariazioak.htm

4/ Sarrionandiaren trilogiaren uretatik edanez ondu ditu bere gogoetak Mikel Asurmendik (Oihane Larretxea)

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia /20220616/sarrionandiaren-uretatik-edanez-ondu-ditu-bere-gogoetak-mikel-asurmendik

5/ Joseba Sarrionandia 'irakurrita' egindako saiakera (Jon Agirre)

https://www.diariovasco.com/culturas/libros/sarrionandia-irakurrita-egindako-20220616173438-nt.html

Horiek horrela, arrazoiak arrazoi, liburuko zazpi atalez beste, argitara eman gabeko pieza bat ekarri nahi dut hona. Isidro Pelaez zumarragarraren Kubaren gaineko testigantza da, "kazetaritza erreportaje" zabal baten partea.

Isidro Pelaez:

“Kubatik ateratzen den kubatarrak beti definitu behar du bere burua,
erregimenarekin bat datorren ala ez aditzera eman”.

Ekonomialaria da. Aholkularitza bulegoa dauka Zumarragan (Gipuzkoa). Kubarekiko harremana duela 30 urte inguru gauzatzen hasi zen, hango bikotekidea eta beren lau seme-alaben ama ezagutu ostean. Kubaren bere erretratu bat duzu jarraian.

“Kubak ondo egituratuta dauka ekonomia. Gaur egungo bere lehen helburua atzerriko kapitala han sartzea da, hau da, inbertitzea eta inbertsio-aukerak deiturikoak kanpora atera ahal izatea. Kubatarrek inbertsio kapitalak deitutakoak. Azken urteetan –erregimenaren zabaltze garai honetan– lege berri bat atera dute euren Sistema tributario cubanoren barruan.

Jendeak, europarrez ari naiz, ez daki Kubako zerga-sistema onaren berri, modernoa da eta gizarte kapitalistarena bezain ona. Kontabilitateko nazioarteko arauetan oinarrituta dago, Europakoekin homologatuta. Enpresek segurtasun juridikoa izan dezaten prestatuta dago bereziki.

2014 urtera arte, Kuban zegoen inbertsioa, inbertsio osoa, enpresa kubatarrei saltzeko baimena zuten espresenak ziren. Baina, funtsean, enpresa horien oinarria ez zeuden han, bertan ez zuten deus ekoizten, bertako enpresak beste modu batean administratzen ziren. 2014 urteaz geroztik, Europan lehenik eta AEBetan gero, hainbat enpresa hasi ziren egokitzen sistema ekonomiko berrira. Baina, tamalez, Donald Trump gobernura iritsi zen eta Kubaren ekonomiarentzat benetako mehatxua izan zen. Iragan hamarkadan ongi abiatu zen ekonomiaren jarduera “ahituta eta blokeatuta dago” orain –Joe Biden presidente berriaren administrazioak hartuko duen politikaren aiduru–. Esaterako, AEBetan Kubako enpresekin harremanak hasi zituzten enpresak zanpatu dituzte. Hitz batez, iparramerikarrek eskubideak birrindu dituzte berriz ere. Europako enpresak, enpresa euskaldunak barne, Trumpen mehatxuen izatera pasa izan dira”.

Horiek horrela, halere, Kuba ezagutu ostean, bertako bizimodua ez dela gurea bezalakoa baieztatu ahal izan dut. Uharteko egoera sozio-ekonomikoa –turista gisara ezagututa betiere– larria da. Nire inozentzian, pentsatu dut: “Injekzio ekonomiko bat emango baliote, Kuba izugarri hobetu liteke”.

“Kontua ez da hori, ordea. Nork emango dizu bultzada ekonomikoa musutruk? Arazoa da, berriz ere, Kuba blokeatuta egotea. 1990eko urteen aldean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) erori ondoren, kubatarrek laguntza suerte guztiak galdu zituzten. Gaur egun, ekoizpen moduak aldatuta, adibide baterako hau ere, Barack Obama Etxe Zurian sartu zenean, turisten kopurua 500.000 izatetik 5.000.000 izatera pasa zen. Kuban aldi berezia deitu izan dena”.

Iraultza ondoko garaietara itzuli dugu begirada, eta berriz ere, teman segitzen dut: azukrea. Nolatan ez du Kubak azukre-kainabera ekoizten? Kukako azukrea oso estimatua izan baitzen munduan. Azukrea kanpoan erosi behar hori harrigarria da gutxienez, alegia, inportatu behar izatea…: “Ez dut uste galera hori hainbesterako izan denik. Azukrearen ekoizpena handia zen, ezin uka. Baina, ez dut uste inportatu behar izatea kudeaketa txarragatik izan denik. Kalitate kontua izan da. Alegia, une batera iritsita, Kubak ezin izan zuen merkatu globalizatuan lehiatu. Ordura arte, azukre gehiena SESBek ondo ordaintzen zuen, azukre-kanabera ez ezik Ron ospetsua ere bai”.

Esportazioa zaildu zen, ez bide zen bideragarria, ezta ondorioz errentagarria ere. Aldaketak horiek ez dira gozoak. Zientzia eta teknologiaren alorrean eman diren aurrerapen zientifikoek ekoizpen moduak aldarazi dituzte eta bestelako elikadurak sustatu. Alabaina, Kubak produktu errentagarriak ekoitziz segitzen du. Botikak, esaterako.

Iraultzaren garaipenaren ostea gogoratu dugu: “Batistaren erregimenaren ondoren Kubako Gobernu berriak hamar urte pasa zuen erabaki zehatz bat hartu gabe. Une batera iritsita, deliberatu behar izan zuen munduan izango zuen tokia: bloke kapitalistan edo bloke komunistan egotea: SESB aukeratu behar izan zuen. Beste erremediorik ez zuen izan! Eta ez dezagun ahaztu, hemen mundu guztiak espekulatzen du, ezkerrean nahiz eskuinean”.

Bill Clinton presidenteak 1996an indarrean jarri zuen Ley Helms-Burton legea deuseztatu nahi izan zuen Trumpek –dio Isidro Pelaezek–, Kubako Askatasunaren eta Elkartasun Demokratikoaren Helms-Burton Legea: “Ni baikorra naiz. Turismoak gora egin du, BPG delakoa ez da erori, aitzitik, gora egin du. 2014z geroztik inbertsio zuzena indarrean dago: negozioak, enpresa mistoak, nazioarteko enpresak –Euskal Herrikoak tarteko– beren programak lantzen ari dira, enpresa horiei balantze onak eskatzen zaizkie. Berezitasun honekin: Kuban ez dago inbertitzailerik, Kuban saltzeko baimena duena izan ezik”.

Kubaren aldekoa da zumarragarra, haren sistemaren defendatzailea. “Bai, esango nuke, sistema bidezkoagoa dela mendebaldekoa baino”. Bai, baina zu hemen bizi zara, mendebaldean, erran diot. “Ni nire esperientziaz ari naiz. Kubaren inguruan esamesa ugari zabaldu ohi dituzte haren kontrarioek. Adibiderako, Kubak ez du zerbitzu militarra ezartzen. Nire semea, adinera iritsita, ez dute hara joateko deitu. Jendeak, oro har, uste du, Kubak zerbitzu militarra, soldadutza, inposatzen duela”.

Kubatarrak Kubako Konstituzioari lotuta daude, bigarren nazionalitatea espainiar, aleman edo japoniar izanda ere.

Leopoldo Padura idazlearen aipu bat gogorarazi digu: El cubano que sale de cuba siempre tiene que definirse si esta de acuerdo o no con el régimen / Kubatik ateratzen den kubatarrak beti definitu behar du bere burua, erregimenarekin bat datorren ala ez adierazi”.

“Bada, ez! Ez du zertan egin behar, kontxo!”.

Kubako Gobernua ahalik eta ongien tratatzen saiatzen da atzerritarra, kanpotik datorrenari abegi ona eginez. Eta bertakoak kanpora ateratzen direnean, nire kasuan, emaztea eta semea-alabak, legearen barruan mugitzen dira. Kanpo harremanetarako beharrak denak osatuta dauzka Kubak”.

Batistaren putetxea, AEBak eta Europar Batasuna (EB)

Kuba Fulgencio Batistaren burdela bilakatu omen zen, AEBei salduta, orain berriz, EBren putetxea izatera pasa omen da.

“Hori Kubaren aurkako propagandan doa. Gaur egun, aberastasuna Batistaren garaian baina askoz hobeto partekatuta dago. Baina, noski, ez alderatu EBko eta Kubako egoera ekonomikoak, ezta europarrek eta kubatarrek duten erosteko ahalmena ere. Haatik, Kuban inor ez da gosez hiltzen, eta Europan bai. Kubak bere gabeziak ditu, baina baditu alde konpentsagarriak, konparazio baterako, osasunean eta hezkuntzan.

Kubako sistemaren aurkakoek Kuba eta mendebaldeko potentzia ekonomikoak alderatzen dituzte, ez dute adibidez Panamarekin konparatzen. Doazela oporretara Panamara Kubara joan beharrean, konta dezaten hango esperientzia”.

Kubako karriketan arnasten den segurtasuna aipatzea ezin izan dugu saihestu… “…

Hego eta Ertain Ameriketako herrialde gehienetan eguzkia ostentzen denean ibil zaitez kontuz! Turista gehienak garaiz itzultzen dira hotelera. Non dago aldea? Bada, heziketan. Hartu ditzagun Kubako Estatuari buruz mendebaldeko mass-media kapitalistek zabaltzen dituzten informazioak, ez dituzte hilketak, lapurretak eta bortxaketen gaineko estatistikak aipatzen. EBko herrialdeetan ematen diren azpitik daude, tira azpitik ez, alderatzerik ez dago eta”.

Kubako Estatuak gauza handi bat egin du: “Lehen eta bigarren hezkuntza maila bermatzea, maila onekoak dira. Hemengoak baino hobeagoak izan daiteke. Baina, arrazoiak arrazoi, adibidez, osasungintzan, medikuek beste funtzio bat betetzen dute. Medikuak Afrikako hainbat estatuetan ari dira lanean, Angolan esaterako, Kubako esportazio gorenaren eragileak dira eta dibisen sarreren iturri berebizikoak”.

Herrialdeak alderatzean euren bilakabide historikoa kontuan behar da, baita, zein “merkatutan” jokatu behar duzun edo jokatzera “behartuta” zauden: “Jende askok maila ona dauka, nire emazteak ikasketa-maila ona dauka, baina ez du balio jendarte honetarako; edo sistema lehiakor honetan zailagoa du bide egitea”.

Dibisak hizpide

“Kubako Estatua ETT (Empresa de trabajo temporal / Aldi baterako lan bateko enpresa) moduko bat da. Kubatar langile guztiek ‘ETT bat balira bezala’ funtzionatzen dute, nolabait esanda. Estatuak baldintza batzuk jartzen dizkie, lanaren indarra eskaintzen die, eta hauek betetzen dute. Estatuak atzerriko enpresa horiei kobratzen die eta ordaindu egiten die langileei”.

Pizgarriak ere badira, baina kontrolatuta daude. Kontua da inor ez dadin modu oso nabarmenean inoren gainetik izan. Adibidez, oso esanguratsua da jarduera hori babesteko La Ley Mancera deritzona, Mexikon du jatorria”. Estatu instantzietan ustelkeria dagoela esaten da, agintarien bidegabekeriak bolo-bolo zabaltzen dira. Zertan daude funtsatuta, baina?

“Enpresaburu bihur daitezkeen ministro asko daude. Baina ez dagokiena hartu dutenean, kartzelatik pasa dira. Herritarrak berehala ohartzen dira beren ahalmenen gainetik bizi badira: beren carroa nabarmentzen bada, etxetresna elektriko asko badute, edota urrezko kateak eta eraztunak arrunt agerian badira. Baina, kontuz, ez da erraza pertsonak katalogatzea. Ministroa izan zirenean bete zuten kargutik ateratzen dute hori guztia?”.

Militarrez mintzo gara segidan: “Kuban segurtasun militarraren gaia bitxia da. Etika edo portaera eredugarria dute, castro familia eta castristak dauden edota izango diren bitartean behintzat”.

Gringos, yanquis eta jumas: “Kuban, jumas, kanpotik goazen pertsonak gara. Bada, hona datu bat: militarrek ezin dute harremana landu jumekin, nirekin adibidez. Barne Ministerioko agente bazara, militarra edo ofiziala bazara, eta familia Miami, Venezuela edota Espainian baduzu, nahiz eta amaren etxera bisitaz nahi duten joan, ez diete uzten, besteok bezalakoak dira. Espainiarrak izanda ere, Kubako oroimen historikoaren legearen ondorioz, ez dute eskubide berezirik. Esan nahi baitut, militarrek ez dutela sarritan aipatzen den aparteko pribilegiorik”.

Klase pribilegiatuak

“Kuban izan zaitezke medikua, ministroa, edo dena delakoa, baina ez zaude ordainduta hemen bezala. Jakina da, bistakoa, ekonomiak ez du ematen hemen adina. Ekonomatuak daude, baina ez daude gureak bezalako mailako zerbitzuak. Lanaren ‘bilaketa’ deitzen dena dago, jendearekiko estimuaren ondorioa. Adibidez, jendeak badauka medikuekiko estimua eta lagundu egiten die.

Lana ez dago behar bezala ordenatuta, egia da. Jendeak ez du Estatuarentzat lan egin nahi. Bizitza atera ohi dute modu pribatuan, etxeak konpontzen edo bestelako lanak egiten, eta gero, ez bazaie dirua iristen Estatuarentzat lan egiten dute. Badago kontrola, auzoko poliziak egina. Sektore bakoitzeko Comités de Defensa de la Revolución (CDR) delakoak daude. Poliziak kontuan hartzen ditu lan egiten ez dutenak. Halaz ere, Kuban ‘daukanaren’ eta ez ‘daukanaren’ artean ez dago gizarte kapitalistan dagoen aldea, begi-bistan da hori ere”.

Espresio askatasunaz bi hitz: “Gogoak ematen dizuna esan dezakezu, baina ezin duzu hori adierazi pankarta batekin. Adierazpen gisa, bai. Jendea espresatzen da funtzionatzen ez duten gauzen inguruan. Zentzu horretan, Internetek herritarrak esnarazi ditu, kubatarrek mundua nola dabilen ikusten dutelako. Hori esanda ere, zerbait zapaltzailea bada, Internet da. Herritarren datuak biltzeko eta erabiltzeko sistema aparta. Estatuak argi du –ez Kubak bakarrik, bistan da–, Estatuak datu horien kontrola dauka. Eta badakigu, eta arazoa da, hain zuzen ere Estatuak gizabanakooz dena dakiela...”.

Amets amerikarraz: “Amets amerikarra kaka putza da. Orain gutxi jakin dut, 20 urteko mutiko batek AEBetan ezin izan ditu ikasketak beste ikasleek bezala gauzatu haren gurasoak banandu direlako. AEBetan dirurik ez baduzu, ez zara unibertsitatera sartzen. Kuban bai”.

Erregimenaren aurka gogor ari diren Gusanada deitutakoen gainean ari zaigu solaskidea: “Gusanoek AEBetan lan egin nahi dute eta diru pixka bat egindakoan Kubara itzuli espekulatzeko. Miamin daudenek egun osoa pasatzen dute telefonoa belarrian, Interneten bidez dirua ateratzen ari dira, eta horregatik deitzen dute etengabe. Internet oso garestia da eta bere egiturak finantzatzen ari dira. Aldi batez, hemen daudenen datuak kontrolatzen dizkizute. Gaur egun, esan bezala, zure datuak eta mugimenduak kontrolatzen badizkizute, ez zara zu, ez zara aske. Nork nahi du kontrolpean egon? Gusanoek dena kritikatzen dute, baina gogotsu daude liberalismo gogorrean erabat murgiltzeko.

Isidro Pelaezi ongi ulertzera, herritar askoren jarrera ez da jaidura horretatik at: “Kubatarren jarrera oso pasiboa da. Telebistaren aurrean mendebaldean hartu dugun geldotasun txatxuaren berdina. Espiritu kritikoa moteltzeko berealdiko gailua da telebista: kubatarra telebistaren oso zalea da. Telebista nahi du ohearen aurrean eta tamalez gizendu egiten dute”.

Hau da, gorputza handiagoa eta burmuina txikiagoa.

“Kultura horrek legez kanpoan aritzea dakar, legez at dauden antenak jartzea. Jendeak Internetetik jaisten dituzten modan dauden telesailak. Bada, orain, Espainian Allí abajo telefilma arrakastatsua dela! Bada, lortu arte, jo eta ke! Kultura hori areago zabaldu du Internetek, baina horrez gain, hori ona edo txarra den epaitu gabe, txarrena da auzokideek salaketak elkarri jartzen dizkietela. Isunak heltzen dira eta horrek jendearen arteko mesfidantza eta ikusiezina sortu ditu”.

Kubatarrei izugarri gustatzen omen zaie telesailen inguruan saltsatzea: “Ikusi hau, hori eta bestea. Saltsa arrosa ez bada, gorria. Abeslari hau eta hori. Nobela telebistan oso genero zabaldua eta sonatua da. Barack Obamaren agintaldiak kubatarrak kanpora ateratzea eta berriz ere itzultzea erraztu zuen. Kubatar guztiek uhartera itzuli nahi dute, baita gusanoek ere. Kuban bizi nahi dute eta gusano horiek are gehiago. Kubatarrek kateak, lepokoak eta parafernali horiek erakutsi nahi dituzte, urrea hitz batez. Kubatarrek ongi garbituta eta lurrinduta kaleratzea maite dute. Lore baten gisara, usaintsua eta koloretsua. Ez da jite txarra, zertan txarra izan behar!? Osasuna oso garrantzitsua da Kuban. Karibeko kulturaren ondorioa da, berotik datoz, usaina uxatu nahi dute. Kuban munduko osasun indize onenak ditu”.

Erlijioa gaia ezin izan dugu saihetsi. La santería da afrikar-kubatarren berezko kultua. Kolonialismo garaian, esklaboak izan zirenean, beren arbasoek sustatutako erlijio moldea. Kuban bereziki kristau-katolizismoarekin sinkretizatu zena. Espainiako Monarkiak sinkretismoa babestu eta sustatu zuen. Gaur egun ere indarrean dago: “Nire seme-alabek egina dute beren santua, ez harritu beraz”.

Dena den –adierazi digu irribarrez–, “nire seme-alabak sinestunak dira, baina beti itxaron dute beste zerbait: loteria tokatzea, administrazioarekiko ‘paperak’ beste batek konpontzea, hots, bizitzaren traben aurrean rollo ona izatea. Guk mendebaldarrok, euren ustetan, ezin dugu gehiago eskatu, nahikoa eta sobera dugu. Tira, hori hautematen dut. Kultura kontua da”.

Isidrok, nire harridurarako, katolikotzat du bere burua: “Beti izan naiz eta jardun dut”. Isidrok atxikimendua dio Fidelek ekarri zuen iraultzari: “Kubaren baloreak elizaren doktrina sozialean daude”.

Che Guevara ere ez du ahaztekoa. Opari bat eman dit. Iraultza ondorengo hamar pesoko billete bat: BANCO NACIONAL DE CUBA. Billetea oso maiztuta dago “Begira ezazu, Mikel, Begira nork sinatua den!”. Bankuko lehendakaria letra tipien azpian Che idatzita dago, eskuz idatzita.

Iraultzak emititu zuen lehen billetea da.

 

OHARRA: solasaldia 2019ko udaberri aldean izan zen.


Utzi iruzkina: