Kafe Antzokian posible da!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-10-14 07:39

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1602654704780

KAFE ANTZOKIAN

Ruper Ordorika

Kafe Antzokia, 2018

(2019n argitaratua)

Hamar t’erditan diskoa dut eskuetan, maiztuta. Kafe Antzokian Zuzenean hura ere grabatua (Elkar, 2008). Tapa lodiko CD eta DVDak. Hosto lodiak ditu ere barne-liburuxkak, erabiltzearen erabiltzeak tapetatik erauzia. Kontuek ez badidate traditzen, bigarren zuzenekoa zen, lehenbizikoa Gaur izan zen (Esan Ozenki records, 2000). Honako hau hirugarrena: Kafe Antzokian izenekoa.

Kafe Antzokian izenburua “arrunta” izan daiteke, eta halaber zigilu berebizikoa. Hamar t'erditan hartako Alberto eta Nando de la Casa anaiak, Dani Pérez ez daude oraingo honetan. Orduko Arkaitz Miner eta David Soler badaude, baita Fernando Lutxo Neira eta Hasier Oleaga ere.

Publikoa ere badago, noski. Ez dakit zenbat jende dago aurreko hartatik oraingoan, nago ez direla gutxi izango. Eta horregatik, publiko berria dagoela sumatu ere. Eta nahi luketen guztiak ez daudela sumatu ere. 1980ko Hautsi da Anphora hartatik, lehenbiziko hartatik 40 urte iragan dira. Nago, Mikel Laboa edota Benito Lertxundiren kasuan nola –barka nazala Ruperrek alderaketa–, Ordorikak denbora, garaia eta belaunaldian gain bide egin duen musikaria da. Dugu.

Musikaria eta letra egile. Hamalau kantak osatzen dute Kafe Antzokian hau, eta horietako hamabien letrak berak idatziak dira. Bi kontzezio: Dionisio Cañasen Zerutik gertu ez da ondo egoten eta Joseba Sarrionandiaren Lera zakurren balada. Ondo justifikatuta biak ala biak. Hirugarren bat ere badago: Zazpi nobio herri kanta. Ez da salbuespena. Besterik irudi arren –ene irudipena, naski–, Ruper Ordorika letra egile oparo zaildua eta egokia da. Hala begitandu zait.

Erran nahi baitut, bere kanten berbak eta musikak ongi baino hobeto “enpastatuta” izaten dira –bere betaurrekoak nola–, derradan: harmonizatuta. Agian, belarriak baino, begiak ditut adituagoak. Egia da.

01. Egia da. Kanta entzuten dudan aldiro berresten dut errana, egunero berresten baita argia.

02. Bizitza eder denean taupadak dantzut, konpas sinkronizatuak. Isilean nago. Kanta laguna da eta aski zait kanta. Oh, Oh, oh… aski zait bizitza musika denean.

03. Zure etxera noa erritmo apalean emana, gakoa da soiltasuna, itxaropenaren igarle da kanta, kantuan egin dezagun goxoki, munduak baitu onik.

04. Esan gabeko arrazoia karrankaria da, kanta hau nola. Egiazko ipuinetan arrazoia erran gabe doa. Sekretua orrialdeak egiazki hostokatzean datza, kantaren notak hostotik hostora egokitzean, ozenki joz, isiltasuna hautsi barik.

05. Zerutik gertu ez da ondo egoten. Zeru urrunetik heldu dira notak, zeruko zuloetatik erotzen diren tantak legez. Zerutik gertu izan gura gabe, zerua sentitu dut. Demagun, zerua lurra dela. Eta ni zomorro aditua.

06. Hargiñenean. Kanta bat goiz berriendako, kanta bat bizi pozaren alde. Amaia eta Anjel lagunak, anaia gogoan. Zumeta koloretsua eta Pellot ausarta, Biba Festa! Malloak, Hargiñenea-n, musikaren magalean.

07. Zazpi nobio, musikaren kulunkan eta kirrikan. Gure nahi irriki eta karien nota kulunkariak.

08. Lera zakurren balada kanta Lagun izoztua-ren berbak ez eze, proletarioen balada dukezu. Bankiseko leren kirrinkak oihan epeletan uluka sentitzen dira, edo halaxe aditzen ditut Ruperren ahotsean, musikari lagunen akordetan.

09. Hemen nago, baita ni ere… Nago. Adi eta zoli, bidaztiak nola, ahotsen eta musikaren notetan kulunka nago. Ñeaooooo… oooo.

10. Ahots urrunak deika ari zaizkigu, kantak aingura zaharrak jasotzen laguntzen didate: entzun entzun entzun… Arin arin arin! Ez nago bakarrik!

11. Belauniko, aspaldiko kanta baten doinuak ekarri dizkit, Kaliforniako kantariren batenak naski. Nor ote musikari hura? Berdin dio. Betiko Coca Cola anuntzioaren lekuan gaude. Negua da. Kantaren epelean babestu naiz.

12. Nirekin geratu. Goxo-goxo hartu dizut errezil sagarra, eta gustura eman ere ene paltoa. Hodeien azpian, sasien gainean, izara zurietan, bihotza bahituta. Gitarraren soinu suabeak aski ditut neure ametsak sortzeko.

13. Beltzarana: Zazpi planetak, zazpi jainkoak, zazpi puntako izarrak, zazpi izara odoleztatuak, zazpi zeruak, den denak kabitzen dira kantuan.

14. Ez da posible. Bai, posible da! Baita, tamalez, posibilitate makurra betetzen denean ere. Zoriz edo maluraz, Ez da posible kanta, posible da!

Hamalau kanta hamalau honek iruzkinduta. Eskerrik asko haundixa denoi: kantari lagunak mer(e)zi! Musikariek ere bai, baita diskoa posible egin dutenek ere!


Utzi iruzkina: