Juan Sebastian Elkano eta transmisioaren zenita!
Munduari bira eman zion ontzia
Joseba Sarrionandia / Ares
Pamiela, 2022
Munduari bira eman zion ontzia liburua nerabeentzako idatzia duzu. Haatik, gure barruan daramagun nerabeari ere zuzenduta dago. Historia liburua da, baita abenturazkoa ere, eskuarki giza historia istorioz osatuta dago-eta. Munduari bira eman zion ontziaren historian hamaika dira istorioak, beste hainbeste dira ere protagonistak, baita mundu-bira amaitu zuen ontziaz beste barku batzuk izan ere. Bakarra itzuli bazen ere, ontzi bat baino gehiago abiatu zen mundu ezezagunaren barrena. Gaur egungo aireontziak nola halatsu zenbiltzan itsasontziak orduko hartan, irudimentsu errana hori ere.
Marinel anitz menturatu ziren bira luze hartan. Fernando Magallaes izan zen haien burua. Espedizioaren nagusia izan zen, bera ez zen itzuli hala ere. Juan Sebastian Elkano bai ordea: itsasturi euskaldun askoren buruzagia eta munduaren itzuliaren ospea bereganatu zuena.
Nor hobeto balentria hura kontatzeko, nor zaluago Elkano getariarraren peskizan ibiltzeko, nor egokiro orduko marinelen eta ontzien uberan aritzeko? Bada, bi getariar. Horiek dituzu kontakizunaren eramaileak: amama eta biloba. Horien larruan sartu ez ezik, horien baitatik ari zaigu Joseba Sarrionandia idazlea. Pertsonaien barrenetik ari zaigu eta Ares marrazkigileak berriz bidaia-ingurumaria koloreztatu digu. Nabigatzaile haiek ezagutu zuten mutur-muturreko egoera haiek kitzikatuko dute zure imajinazioa. Bidaia haren irudiak aurkituko dituzu, kontinente eta irla ugariren isla.
Liburua objektu bezala hartu eta plazera sentituko duzu atoan. Liburua baina, objektu besterik ez balitz, galbidean legoke eta hortaz “gure” literatura. Izanez ere, liburu eder honen baitan sartu ostean, zapuzgarria litzaizuke edertasuna azalean besterik ez dagoela ohartzea, zure gogoa betetzeko mamia eskasa dela alegia. Ez da kasua, ez horixe. Alderantzizkoa hautemanen duzu. Halakoxea begitandu zait liburu honen zioa, halaxe sentitu dut bere balioa.
Nerabe den irakurle hori ederto batean gidatzen du egileak, izan ginen nerabe hura darama –garamatza– hala berean. Historian abiatu bezain laster, “benetako historia istorioekin hasten dela” gaztigatu digu idazleak. Itsasoan barrena goazela honela ohartarazten gaitu ostera ere: “Irakurketak arriskutsuak dira!”. Irakurtzea baitezpadakoa da, hala behar luke behintzat. Ez ahantzi horregatik oker irakurtzearen ondorioak larriak izan daitezkeela. Premonizio hori berebizikoa da, historiaren eraikitze okerraz jabetu aldera.
Historia, ezagutzen dugun historia, konstruktu bat da. Historiaren benetako historia ekarri ezina da. Istorioek aldiz, historia entelegatzera eraman gaitzakete, begi-zoliz eta tentu handiz irakurririk. Joseba Sarrionandia historia “kontatzean” indigenen aldean paratu ohi da. Bistan da, inor ez da salbu historiaren “interpretazioa” egitetik. Egiari zor, historia beti kontatua –izaten– da menperatzaileen ikuspegitik, euren interesetatik… Sarrionandia kontrakarrean dabilen marinel matxinatua da. Horixe duzu idazle honen bertutea, bertutetako bat. “Nabigatzaileak Brasilgo kostara heldu ziren” diote kontatzaileek… Honatx haren segidako lagin bat: “Bertakoak biluzik zebiltzan eta argi zegoen humanoak zirela”. Mendez mendeko inbasoreen historia irakurtzean ez da hala agertzen. Ez betiere, bederen.
Olha que coisa mas linda! Halakoxea zen itsasoaz beste aldea, ederra, halaxe irudikatzen dugu gaurdanik so eginda, alafede. Besterik merezi zuten indigena haiek. Halaxe adierazi dit liburuak dakarren istorio honek. Liburua gizajaletasunaz hala nola giza gabetasunaz ohartarazten gaitu. Historiaren bilakabidean sinesmen batzuen abaroan babestu gara kontinente zahar honetakook, ustezko indigena haien sinesmenak gutxietsiz, geure sinesmen eta interesen aldean erraz murgilduta.
Horiek adierazirik, apika, ez dut deus berrik ekarri. Liburua hori baino gehiago da, ordea. Joan doan munduaren agerbidea da. Aitatxi-amatxiek eta gurasoek geure ondorengoei ez dezagun “transmisioaren katea galdu” aldarrikatzen du liburuak, aldez edo moldez. Hots, gure jendartearen edota kulturaren transmisioa eskasa da, galera baten galera moduko bat da, galera handia.
Gizateriaren transmisioan ematen ari den etena saihestezina al da? Liburuko amamaren eta biloben mintzoak gogoetagarriak dira uste horren norabidean. Adinekoaren jakintasuna –bizi izanaren jakintza– eta adingabearen jakinmina helarazi dizkit. Amamaren eta bilobaren arteko solasaldia flotagailu bat da irakurtzaileon ozeanoan. Mundu bat badoa eta gure harekin atoian joan ere. Horra liburu honen lezioa.
Geologia eta geopolitika. Herri jakintza edota filosofia. Iraganeko jainko interesatuen aldean, gauza izanen al gara gaurko jainko interesatuen aldean jainko berriak entelegatzeko? Iraganeko eta gaurko jainko “interpretatuen” eskematik at itsasoratzeko? Izanen al gara gauza iraganeko infernutik jalgi eta paradisua infernu honetan dagoela onartzeko? Itaunak eta galderak betiere. Horiek ditugun bitartean, munduko itsasoak Mare nostrum direla amesteko proportzioa gorde genezake.
Liburuaren gainean eta honen azpian gauza anitz daude. Euskaldunon historiaren zati nimiñoa besterik ez dago. Badakit, ez dizut liburuaz ia ezer kontatu, deus gutxi izan ere. Liburua hamabost atalek osatuta dago. Benetako historian abiatuta Elkano eta ontziak atalera arribatu zintezke. Ataletik atalera joan, azkenekoa hasiera duzula aintzat harturik betiere. Munduari bira eman zion ontzia izan zaitezke, izan daiteke zure bidaia. Zuk ere bete dezakezu ontzia.
Anima zaitez irakurle, izanik zahar gazte edo nerabe.
Abiaburuko premisa honek lagundu zaitzake:
– Eta ontzia automatikoa zen?
– Zer?
– Ea ontzi hori berez zebilen ala jendeak mugitzen zuen…
– Jendeak erabili egiten zuen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: