Jite unibertsaleko minaren ingurumarian; edota minarekiko konfrontazioa
Bigarrenetik lehenbizikora
Cayo Hueso eleberria irakurri nion, Ibaiertzeko ipuina honen aitzinetik. Literaturarako aire berriak iradoki zizkidan. Ez alferrik, Oihane Amantegiren berben musikaltasunak leku, aipu edota ohar anitz hartzen baititu bere jardunean. Irakurri eta iruzkindu nuen. Saiogile-poeta batek idazlearen beraren aurreneko lana gomendatu zidan. Lehenbiziko honek areago gogobete zuen lagun hori.
Sei hilabete barik, hemen nauzu, berau iruzkintzeko gertu. Iruzkingile edo kritikari lagun batzuek ipuin nobelatutzat jo dute honako hau. “Kritika”ren marka guztiak hautsi ditu, iruzkin kopuruarengatik eta laudorioengatik. Beti dago “baina”-ren bat edo bertze. On-iritzi ez guztizko bat –edo juzku txar bakarra– irakurri dut. Ez liburu osoari. Ipuinaren pertsonaia baten inguruan baizik. Karonte pertsonaia mitikoaz ari nauzu. Alegia, ez dago guztizko libururik, are gutxiago obra erabatekorik.
Errealismo magikoaren ingurumarian
“Ibai bat, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) hegoaldeko bazter galdu batean, zehazten ez den garai mitiko batean”. Eleberri hipnotikotzat ekarria izan da ipuin hau. Aburuak aburu, lurraldea da idazle honen bi liburuetako adierazle bereizgarri bat. (Bi) istorioak munduan daude, baina ez Euskal Herrian. Ez dute zertan, noski! Edonola ere, aurrekoa legez, AEBetan kokatuta dago hau ere bai. Zergatik hautu hori? Erantzun zehatzik ez dut. Hausnarrean jarrita: kultura eta izate gero eta iparramerikardunagoaren parte garen seinale ote?
Lurraldetasunak ez die pertsonaiei identitate berezi bat ematen, edo izaera markatu bat. Ez bada, amerikarren marka, hots, munduan gaindi lurralde hartara iritsitako migrarien izaera mestizoa. Pertsonaiak halatsu begitandu zaizkit. Protagonistaren gurasoak, kasurako, Georgiara (Ochlockonee ibaiaren ertzera) iritsi ziren. Gazte heldu ziren. Pozarren heldu ere. Lehenago euren osaba bat arribatu zen.
Hainbat ezaugarri, lurraldea definitu aldera: Ochlockonee ibaia; eta ibaiaren ertzak. Haren ingurumaria. Tupelo eztia. Nyssaceae familiako tupelo zuhaitzaren nektarretik jasoa. Georgian heriotzarekiko duten jaidura. Funtsean, ezaugarri unibertsalak dituzu horiek. Erran nahi baitut: ezaugarri unibertsala den minaren ingurumarian sortua duzu istorio hau. Ibaiertzeko ipuina minarekiko konfrontazio moduko bat da.
Errealismo magikoaren ezaugarriak ikusi izan dituzte iruzkingileek ipuin nobelatu honetan, edota nobela guztiz izatera heldu ez den ipuin honetan. Elizak bere maisuak ditu –metafora bat duzu– baita literaturak bereak ere. Ez hartu apaltasun keinutzat, ez nadin harrokerietan urtu. Izan ere, doi-doia irakurri ditut errealismo magikoaren idazleak, haien obrak alegia. Ez dizut, beraz, liburu honen baitan daudekeen ezaugarri horri buruz aparteko juzkurik eginen. Dakienaren arabera, errealismo magikoaren ildoan gauzatutako ipuina kausituko duzu ibai horren ertzetara.
Azaletik hasita
Sarrera luze samar horren ostean, hona segidan nire pototik erauziak, baleko iradokizunik bat edo bertze antzemanen duzun nahikariaz ekarriak. Ezti potoa duzu liburuaren azalean. Eztiak hartzen du potoaren erdia. Potoa erdi beterik eta erdi hutsik ote? Bizitzaren paradigma bezala –pertsonon existentziaren paradigma– hartu dezakezu. Dena dela ere, eztia ez da grabitatearen eraginez hartu behar lukeen moldean ageri, ostera, goian eta beherean erdibitu beharrean, espazioa ezker-eskuin erdibituta dago.
Bitasun horretan antzeman ditut –errealismo magikoak jota nonbait– eleberri-ipuin honetako bi protagonistak. Izenik gabeko protagonista eta kontalaria, eta honen ahizpa bikia. Ez dizut deus gehiago azalduko, kontakizuna zapuztu diezazuket eta. Oihal puskatxo eta sokatxo batez itxia duzu potoa. Liburuaren izenburuak ibaiaren ertz bati egiten dio aipu, ibaiak bi ertz ditu ordea. Ibaiak bi ertz eta liburu honek bost atal.
1. Eztia. Eztia da istorio latz hau gozatzen duena. Latza, alegia, bizitza ipuin latza den legera. Nago, idazle eta liburu honen baitan min handia dagoela. Izan garen haurren poza eta minaren lekukoa duzu. Aldian hutsik aldian beterik bizi dugun mundualdi honen tankeran.
2. Txalupa. Izenik gabeko protagonistak arrazoinamendu garaia erdietsita, mina izaten jarraitzen du. Haren ondoren eta ia batera hilik sortu zen ahizpa, ondo-ondoan sentitzen du. Karonte agertu da ere Ochlockonee ibai ertzera. Karonte eta ahizpa, kontalariaren nahikarien ondorio magikoak dira. Kudzua zer den ere ikasi dugu: Pueraria lobata. Aitaren harmonikari Alabama deritzo.
3. Txanpona. Ahizpa ikusi omen du. Mae Jean eta Rose Marie bikote lagunen abarora babesten du bere burua. Karonte ez da betiere atsegina, edo ez da ahizparen nahietara beti egokitzen. Karonte azpi-munduko txalupa-zaina dela ikasi du. Greziara eramaten gaitu kontalariak, Greziar mitologiako hainbat pertsonaia tarteko. Urrezko txanpona lortu eta ibaira joan ohi da. Udan errazago ei da ahizparekin elkartzea.
4. Ibai izoztuak. Ahizparen erranetan, heriotza ez da hain gaizki ere. Baldin eta bizitza zer den ulertzen badugu, jakina. Omen, heriotzan bizi direnek besterik ulertzen ez duten jakituria badago. Alabamaren "teknika" hobetzen saiatzen da kontalaria, hots, izenik gabeko protagonista. Karonte eta ahizparekiko kontuek inarrosten digute gogoa; Kudzua ingurumarian. Ibai izoztuen berri izan dugu. Ibai bat izozten denean, azala baino ez da izozten. Interpretaziorako aukerak ditugu. Bistan da, bistan denez, Siberia, Venezia, Baltiko edota Kanadako ibaiak ez dira Ochlockonee ibaiaren antzekoak.
5. Agurra. Ochlockonee ibaia ez zen inoiz izozten. Tropikoetatik gertu dauden ibaiak ez baitira izozten. Agian –agian diotsut– ipuin honen kontalariak magia behar du biziko bada, munduan izaten jarraituko badu. Ahizpa bikiak munduan izaten jarraituko badu. Errealismoaren magia suerte bat duzu jite hori, hor nonbait. Ahizpa agurtzeko tenorea heldu zaio, Karonterentzako txanpona sakelan gordeta daramala.
Oharren bat mamiaz; musikaz eta bestez
Ibaiertzeko ipuinaren ingurumariak –hots, lurraldeak– baditu berezko doinuak: Alabama harmonikaren aireak batetik, eta musika anglosaxoiarenak bestetik eta bereziki. Van Morrisonen Tupelo honey kanta ipuinaren doinu kanonikoa da. Ez da bakarra. Bob Dylanen Goin’to Acapulco eta Belfasteko lehoiaren Crazy Love kantek berebiziko munta daukate istorioaren sorkuntzan.
Grazy Loveren karietara, honela diosku Amantegik: “Udako egun batean Morrison eta Dylan Atenasen batu omen ziren (…), Filopasos muinora igo ziren. Antzinako greziarren ustetan, bertan bizi ziren musak, eta begirada paregabea eskaintzen du Akropolira”.
Handik nonbait heldu zen Ochlockonee ibairen ertzera Karonte. Ipuin-eleberri honetako pertsonaia, pertsonaia funtsezkoa, Karonte greziar mitologiako pertsonaia. Hildakoak haren txalupan Akeronte ibaia zeharkatuz garraiatzen zituen Hadesen erresumaraino.
Karontek arimak Estigia ibaian zehar garraitzen zituela esaten da. Erran nahi baita, mitologiak kondaira bat ez ezik, kondaira anitz sorrarazten dituela. Virgiliok Eneida delakoan –iturri gehienen arabera– Pausanias ibaian barrena ibili ohi zen Karonte. Geroago, Dantek benetan Karontek igarotzen zuen ibaia Akeronte zela erran zuen.
Dantek benetan esaten omen zuen. Eta, jakina, Virgilioren egia ere egiazko izango zen. Horiek horrela, ipuinak ipuin, Karonte Ochlockonee ibai ertzera iritsi da Oihane Amantegiren eskutik. Historiaren istorioen artean ipuin-istorio berri bat. Tupelo eztiaz gozatua. Alabama harmonikaren airetan kulunkatua, Kudzuaren sustraiak tarteko.
Historia hamaika istoriok osatuta dago –osatu dugu–. Halakoxea dukezu hau ere. Gustuak gustu, zaporeak zapore, minak min... Irakurle bidaide horrek, zurezko sentierak dituzula, hamaika arrazoibide kausituko dituzu ipuina interpretatzeko. Horixe duzu ene desio eztia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: