Jauzilariaren –aiurriaren– zioak eta zoriak

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2026-03-13 05:32

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1773376680796

Bide bihurrietan Gogoeta jauzilariak

Elena Martinez Rubio

Alberdania (Saiakera)

Abiaburuan

Bidea ekinez egiten ei da. Harri koskorrak nahiz harritxintxarrak topatzen ditugun bidean barrena bide eginez, alafede. Ez omen dago enbarazurik gabeko biderik. Berbek laguntzen digute bidean, haatik. Lagundu edota traba egin ere. Berbarako, nondik nora enbarazu berba? Hitzen etimologia kontu magikoa duzu-e, nola magikoa hala enigmatikoa. Nola gerta hori ere. Hainbat burutapen ditut abiaburuan, baita burutazio zenbait ere. Burutapen nahiz bururapen. Lan honen izateak zoria merezi du.

(Berben) bide bihurretan barna abiatu naiz, eta aitzina noala, bidaian aski aurreraturik jada, batere erreparatu barik, estropezu egin dut enbarazu hitzarekin. Balio bekigu, etsenplu baten gisara. Erran nahi baitut: zuk ere esperimentatu dezakezu saiakera honek hitzekiko daukan jaidura. Ala jainkoa! Ala jainkosa!

Elena Martinez Rubio idazlearen Bide bihurrietan barrena bide egiteak merezi du, to. Zoria no! Gogoeta jauzilariak egiteko saio oparoa duzu. Oparo adjektiboaren ildoan baina, hainbat adiera edota adierazpen andana kausi dezakezu-e. Ez naiz zurikeriatan ari. Ez nuke gura! No eta to! Larderiaz aritzea litzakete.

Gomendio bat

Deus aitzin, unibertsitatera bidean ari zareten ikasleei: liburu hau duzue gomendio. Galdu ditut institutuetako graduen edota mailen izenak. Ikasleen beren adinak galdu ere. Irakasleei beraz: filosofia, filologia eta literatura ikasgaiak irakasten al dituzue? Bai? Ez? Berdin dio. Eskolaz kanpoko orduetan eman liburu honen berri, faborez. Aintzat hartu, otoi eta arren. Bizitza –bihurria den– ekimen honetan aitzina egiteko, zer egokiagorik gogoeta jauzilariak egitea, ezta?

Bide bihurri luzetan saiatu aldera

Nola kondentsatu saio lagungarri loriatsu hau? Izugarria begitantzen zait gaur egungo liburu-ekoizkina. Ulertu ezazu-e: deitoragarria. Erran nahi baitut: merkatuak, kontsumo gizarteak, nola goraipa dezake “lan” bat edota nola bazterrean laga “lan” hau berau? Ez naiz Elena Martinez Rubioren lan honi ez ikusiarena egin zaiola erran gura. Hain ziur ere, letren bidea egiten hasi berri baita.
     Tira, ulertzen didazu-e halere, ezta?

Liburuaz eta liburugileaz

Saiogileaz behin eta hasteko: Filosofoa. Poliglota. Filologoa…. Emakumea. Azken hitz horren etimologia ezagutu nahi al duzu? Emak umea adierazi nahi al du? Emaztea, ema gaztea al da? Bai ote? Bai zera. Sartu bidean. Bide emankorra baita Elena Martinez Rubiok urratua. Bai horixe. Nola laburtu diezazuket ordea, hamaika bide bihurrietan barna kausitua?

Bidez bide goaz, bide ordokiak tarteko, patarrak patar… Zerk egiten du saioa bideragarria? Bada, hauxe: hitz lau landuetan izkiriatua izatea. Bestela erranik, hori prosa! Prosa galanta! Nork erran dezake euskara ez dela adierazkorra? Hizkuntz mugatua ote? Bai zera! Hara, honatx premisa bat: “Hitzen jatorriaren bila abiatzea lainopean egiten den bidaia bat izaten da askotan”.

Hitzen sexismoaz ikasi nahi? Berben seismoaz jakin ere? Hitzen adieraren nondik norakoez? Bide oparoan barrena ari zara, behin eta saio-liburu honekin enbarazu egin baduzu. Bai horixe! Bide oparoan? Bai. Munduan barreneko ibilbide askotan ibili ere.

Mundu horiek baina badute ardatz biografiko bat. Konparazioenera, idazle honen jatorria ezagutuko duzu, idazleak berak ederto batean aditzera emana. Bidearen amaiera aldean, On Kixotearen bideetan barna, Toboso herrira ailegatuko zara. Baita Tobosoko Marsellesa izenaren zioa ezagutu ere. Zertzera heldu ez zen izen propioa duzu-e Marsellesa delakoa. Alabaina, Elena Martinez Rubioren birraitonak aditzera emanen dizkizu horren zioa eta zoria.

Biografia zantzuak –demagun ere nobela zantzuak– dituen saiakera honek Bilbo du abiapuntu. Ez da estonagarria, bistan da. Bertan jaioa baita, bertan sortu baitzen, “lan” preziagarri honen sortzailea. Benito Pérez Galdós idazle kanariarraren peskizan eraman gaitu idazleak –izen bakar bat eman aldera–, eta penintsulako bidezidorren berri ukan ere. Beno, dagoeneko saiakeraren bukaeraren berri ematen ari natzaizu-e.

Azalean barrena

Atzekoz aurrera ari naiz liburuaren interpretazio hau egitean. Itzul nadin Nader Koochaki Etxeberriaren azaleko irudira. Zer ezkutatzen da mendi-muinoaren ostean? Itsasoa, naski! Ur lurtsua, lur urtsua! diosku erranairuak. Harriak eta hilobiak tartekoak izaki. Iragan mende hastapenean (XX. mendea), Gaztelatik Bizkaiko Golkora arribatu zen bere aitona. Idazle honen amaren aita uhain batek eraman zuen bera, itsasoaren baitara betiko eraman zuena ere: “Itsasoaren hondoa, ordea, ez da hilobi, ezta ibai handi zabalaren hondoa ere…”.

Itsasoa ez da Ama-lurra. Itsasoa bizileku aproposa ote? Itaunak gailentzen dira. Kasurako: norbanakook –gizon, gizaki, gizabanakook– egoitza baten beharra al dugu behin hil eta gero? “Gizon-on” inguruan hamaika pasadizo dituzu obra honetan. Alta bada, ama-lurra duzu langai. Kantauri itsasoko magaleko historian bizitako pasarte soilak edota historiaren bilakabidean sortutako istorioak al dira? Ez horixe! Nobelaren kutsua aditu dezakezu-e, baina ez duzu-e fikziorik atzemango.

Greziarainoko bidaia eginen duzu-e, erromatar inperioaren arrastoan ibili ere bai. Europar lurraldetan barrena joaki. Historiaren bilakabidean agertu eta desagertu diren herrialdeetan eta eratu diren hirialdeetan barrena bide egin ere. Kantauriz harago, Ozeano Atlantikoaren gaindi, bakerik ez den munduan barrena, ozeano baketsuen xerka jardunen duzu-e. Pertsonok zorikoak zein zorigaiztoak garela ohartuko zarete irakurle lagunak.

Zenbat izen, hainbat izan! Ekar ditzagun biga akordura –gainerako izen parrasta aintzat hartuz betiere, noski–: Hannah Arendt eta Italo Calvino. Nazismoaren hutsaltzea ezagutuko duzu batetik. Italo Calvinori esker, berriz, saio honen idazlearen arintasun jardun baitezpadakoaz jabetuko zara. Saiakera honetako jauzilari izaeraren zergatiaz jabetuko ere.

Bi izen eman ditut/ditugu. Izen parrasta duzu-e ezagutzeko, baita ezagutzeke ere. Nazismoaren ingurumarietan paratu zaituztet-gu, matriarkatuaren zergatien bidean barrena, Stalinen patriarkalismoaren berri ere baduzu-e ezagutzea –gura barik ere, baita Iosif, Josepf edo José diktadorearen jatorri georgiarra ezagutu ere.

Amaitu aldera

Iruzkin mugatu honen limitera heldu nauzu-e, ezinbertzean. Hasierak badu amaiera. Momia bihurtze bide-bihurrietako ekai ote gara? Infernu leizetan bakea, zeru lurretan gerra! Itzal hutsak ote gara? Jakintsuen hazta ote gara? Jainkoen esklaboak, akaso? Galderak eta itaunak betiere. Irakasle nahiz ikasle horiek, saio honen harian, amaierarik gabeko bideak urratu ditzakezue, etxeko hormek mugatuak izan arren.
     Ez dago bide egiterik, bide bihurrietan gogoeta jauzilariak egin gabetarik.


Utzi iruzkina: