Izenak ez du beti izana adierazten

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-09-23 10:22

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1663922139729

Amaren heriotzak libreago egin ninduen

Mari Luz Esteban

Pamiela, 2013

Atarian

Andrezaharraren manifestuak eman zidana idatzi nuenean, Mari Luz Esteban poetaren Amaren heriotzak libreago egin ninduen lehen poesia liburua irakurriko nuela agindu nion nire buruari, baita halaxe egin ere. Liburu bat fruitu bat da. Berau dastatzeko tenorea ordea, ez da betiere bat etortzen berau ondu den garaiarekin. Horixe izan da ene kasua. Zurea halaxe izan daitekeelakoan, honatx ene dastaren lagina.

Andrezaharraren manifestuaren uztak eskaini zizkidan eleen artean, premisa hau dago: “Gure ama pandemia garaian zendu zen eta mundua laga izanak ez nau libreago egin. Egiari zor, haren hutsuneak denbora zabaldu dit, baina, haren espazioa betetzen ikasten ari naiz oraindik ere”. Hamaika dira poema liburu hau osatzen duten atalak. Fruitu gisara ekarri nahi dut. Fruituak, hainbatetan, atalek osatuta baitaude. Honako hau, halaxe izan ere. Hamaika asko dira, baina kasuon ez dira infinituak. Atalak hamaika dira. Bat gehiagorik ez.

Korridorean

Hutsarte: oraina –esku-ahurren– erien artean joaten zaigu. Oraina kasuon, joan den amaren eta gure artekoaren hutsa da, hutsartea. Hutsunea. Oraina iraganaren ondokoa da, eta orainean ez dago gerorik. Anartean, hutsaren artean, iluntasuna dago, lo-gabeko hutsaldia. Mundua –kalez osaturikoa– hutsik dago. Ama joan ostean, arrotza da/gara gure herrian.

Nor: nor da nor, norbera. Nor?: “Munduari begira zegoen ume triste hura”. Eta pozik dagoenean ere, hainbatetan, haur hark nostalgia du babesleku. Izan ere, amaren presentzia “ausentzia guztien ausentzia” baita. Amaren premia, naski. Liburuko poeta “haragi iraungikorraren” presentziaz jabetu da, amaren ausentzia haragi egin zaio. Amarik ama, aitaren begietan ikasi du askatasuna mingarria izan daitekeela. Amaren eta aitaren begietan dago/gaude, baina funtsean, begiratzen diguten guztien begiradan gaude.
     Haurriderik haurride, ahizparik ahizpa, kasu, maitasuna azal-berritzen da. Demagun, kasuon, semea munduratu denean, une horren ostean. Jaiotza da maitasun ororen neurri eta ispilu. Eta gero, orduantxe, galdetzen dugu –kasuon, Mari Luz Esteban poetak– zer da guraso izatea? Bizitza gelditu egiten da tarteka. Bizitzarako lemak hutsalak izan/bihurtu daitezke. “Izenak duena izana du” dio esaerak. Izenak ez du beti izana adierazten, halaz ere. Aztarnak baina ez ditugu laga(ko), eta kasuon, emakumeak eskapan ibili(ko) dira… Hainbat baimenari uko egin ezean, maiatzeko joera konpultsiboa erauzi ezean eskapan ibiliko dira, emakumea berau berrasmatu ezean. Eta abar eta abar… Enbor bereko abarrak edota ezinak.

Bigarren jaiotza: emakumea bi aldiz jaio ei da. Halaxe adierazia du poeta honek. Maitatzea ikustea da. Maitatzea begiratzea da. Haatik, hautemateko prest egon behar da/dugu. Poeta hau amaren heriotzak libreago egin zuen, baina, orain amaren ausentziari esker bere burua zuritua, libreago denean, “hutsunean eta askatasunean” errenditzean, horiek semearekiko hartu-emanean libratu behar(ko) ditu. Izan ere, semea munduratu ostean, bera berriz ere jaio baita. Lanbro fina ehundu behar(ko) du berriz ere, zerua saretuko bada.

Desira: garena eta izan gura duguna. Anartean, desira. Amildegi ikaragarria, horixe desira. Haragi-gosea eta desirak. Sexu-heziketa isiltasuna izan zen, eta zarata da egun. Askatasuna omen eta ei, sexualitatea alegia. Behiala, gizongaiztoak. Berezkoak dira/gara gaiztoak. Gizonok, diot. Plazera behar dugu eta berau ezagutarazteko ez gara gai, alabaina. Sexu-heziketan dilema bat gailendu izaten da: berandu baina goizegi da jardueran. Poeta honen kasuan, atzeratua. Emakumea izaki. Neuk ere –iruzkin zale honek– hutsaldia sexuarekin taxutzen dut. Zolda. Pikorrak. Horixek desirako ezkatak. Ustekabeko bisitari batek ezkatatu diezaguke desira. Semea bera ere izan daiteke. Semea edo alaba izan ere. Munduko maitalerik onenak izan gaitezke, ohartu barik. Sinets ezazu.

Maite mina: minak min, minantzekoak anitz dira, ez dira beti nahigabe ez bihozmin. Mina distantzian ere badago. Desira amildegia da, bada, baita mina izan ere. “Horrenbeste?”. “Bai”. Eta, hala ere, ez da “nahikoa”. Ezta maitasunik leiala denean, izan daitekeen bezain besteko leialena. Edozein data edota fetxan –2010eko agorrilak 22 dituela ere– gerta daiteke. Orbainak ireki dira. Agorreko uzta da. Herenegun nola etzidamu lora daiteke. Etsirik eta damurik izanagatik ere. Errezel batek estali dezake zauria/orbaina. Maitemina baina ez da agortzen. Emakumeak badaki hori, badaki maitatzen. Haatik, maitasuna eta desira bereizten ikasten jarraitu behar du. Inbidia puntu batez, jarraitu ere. Hizkuntza du lanabes. Maitasuna “bizi-nora-eza” izendatzeko berba bat dela jakitun ere. Bidean bide betiere. Maitasuna beti “eza” baita.

Geografiak: bidean bide, bere geografia erakutsi digu poetak. Premisa bat: hemen edonon izan liteke. Ume-jolas garaian. Umeen loan. Lurrinen lurraldean. Galmendian. Denboraren hausturan: 1 eta 2 eta 3. Nik –iruzkin zale honek– koordenadak eman dizkizu. Dena den, horiek ozeanoz haraindiko seinale antzuak baino ez dirateke. Mundua sentitzeko manerak osatu dezake geografia. Oi geografia! Oi konkistatzaileok, koitaduok, gizonezkook… Euriak zuhaitzak besarkatzen ditu. Euria ari du etxerako bidean, euri txikia badarik ere. Irunberriko arroilan barna. Hodei migrariak bidaide. Une mingarriak lagun.

Bilakatu: eta bidean bide, garena eta izan gura dugunaren arteko amildegian nor garen jakiten dugu/ikasi dugu. Etxean jada, itsas urak bainatzen ditu haren/gure amets gazi-gozoak. Sofan etzanda. Mudantza denbora heldu ohi da baina. Lantuaren etxea bilakaturik, etxearen lantua aditzen du emakume poetak. Literaturak ongarritzen du negarraldi isila. Partekatzen ez den intimitatea. Nork bere pertsonaia eraikitzen du. Gure mozorroa gezurren egiaz ehuntzen dugu. Eta kalera/kanpora goaz, berriz ere. Bizitza berrizendatze etengabea baita.

Maitasunaren arintasuna: eternitatea une batean kabitzen dela gaztigatu digu poetak. Baiki, eternitatean ez da 1 eta 2 eta 3tan kabitzen/sartzen. Sano ziur nago horretaz. Semearen eskua. Amaren eskua. Horiek haztatzen senti dezakezu eternitatea. Benetako familiak diren legez, familia mota asko dira ere. Perfektutasuna –eternitatea?– dantza batean senti dezakezu, baita dantza hori A-8an senti ere. Udazkeneko hosto gorriak dantzan baitira sasoi horretan/honetan: Ezagutza. Maitale-bildumagilea. Bidaldia. Maitasunaren artea. Dena ondo doa. Edo joan daiteke. Eternitatea maitasunaren arintasunean dagoke. Arin zer den baina, horixe ikasgaia. Ikasgarria betiere.

Idatzi: idaztea beti da ikasgarri. Ez zaren idazlea izan zaitezke. Ez etsi. Ez da-eta alferrikakoa. Idaztea alegia. Idazle izan barik ere. Ahotsa antzeman eriden idoro behar duzu. Auto-narrazioa da zurea, poetarena nola. “Idazten dut” diosku poetak. Eta horren arrazoiak eman ere. Jakitun, hizkuntza eskas duela. Idazten hasteko goizegi dela jakitun izan arren, baina sekula ez dela berant jakinik ere.

Agurra: agurra ezinbestekoa dugu, gu ere hilko baikara, denok hil ere. Nola hil, horixe koska. Herioa malenkoniaren usainean sentituz, euriaren usainean? Beharbada! Malenkonia arazo musikala dela, disonantzia dela, erritmo nahastu bat dela ohartu/jakinez gero, agian, malenkoniak ume gineneko amaren ausentzia baretu dezake, eta beraz, berez, helduon gabeziak baretu ere. Amaren ausentzia, kasu.

Isiltasuna: maitasuna bizi den tokian isiltasuna bizi da. Nola deitu otoitz xederik ez duen isiltasun hori? Haurraren esku-ahurrean antzeman dezakegu, naski. Gure baitan daramagun haur horrengan, agian.

Barnean

Kanpoan nengoen. Etxean nago orain, barnean. Bizitza den korridorean ibili naiz Mari Luz Esteban poetaren esku-ahurretik helduta. Heldu izatera iritsi gabe artean. Ama gogoan. Aita ere. Eta semea. Eta alaba –kasurako–. Bizitza badoa, eta gu harekin joan ere. Hamaika bizitza bizi izanda ere, “bizitza ez ote litzateke izango bera” pentsu ohi dut. Bizitza bera, edo antzekoa, bizi-bizia betiere.


Utzi iruzkina: