Izar gorri urratua ari du

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-10-21 08:49

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1603263868663

KAFE ANTZOKIAN

HERTZAINAK Josu Zabala & Gari

Kafe Antzokia, 2019

“Hertzainak: abestien sorbururainoko bidaia”, artikulu oparoa eskaini zigun Iñigo Astiz kazetariak iazko abenduan Berria-n. Kafe Antzokia diskoaren letretan barrena eraman gintuen, eta letretan nola halatsu ibili naiz bidean eta musikan harrezkero, bidaia musikalean. Azkenekoz, berbarako, urriaren 6an, Hendaiatik Pauera.

Letren adieran gogoeta bi eta hainbat aburu:

1. Kanten iraupenak eta ibilerak ematen diote kantari bere taxua, funtsa eta jitea. Irauteak haren sendotasunaren seinalea, ibilerak berriz “benazko” izaera eta esangura. Izan ere, beti ez datoz bat musikariek adierazi nahi dutena eta entzuleek ulertu dutena. Ez du zertan ere. Alabaina, denborak kanta –ona denean, egokia denean– ondu egiten du. Bilboko Kafe Antzokian bizi eta grabatutako disko-emaro honekin halaxe dela uste dut.

01. Si vis pacem, parabellum

Taldekideek biolentziari zioten herraren adierazpena. Kantaren hasierako kadentziak gerran murgilarazi zaitu, odolaren usaina presente duzu. Gitarraren joak eta Gari-ren ahots laztuak atezuan atxikitzen zaituzte. Kanta bera, garaiaren arabera kanta ezberdina izan daiteke.

02. Sigarrillos amariyos

Ahulen aldeko Hertzainak-en istorioa, kantan emana. Zinez eta benaz, ahulen aldekoa bazara, herriko polizia behar duzu izan. Alabaina, ahulena ere putakume eta polizia ankerrena izan daiteke. Josuren soinuaren aireak ahulen aldarteak dituzu.

03. Larru beltzak

Oraindik ere garaiaz gaindi eta aldian aldi, maluruski, denboraren orratzek josten dituzte larru beltzak, bateria jotzailearen –danborren arradek– Itxaro-pena iradokitzen digute haatik.

04. Egunetik egunera

Gitarraren jo azkarrak, soinuaren doiak, baxoaren errimeak, bateriaren dardarak eta ahots urratuak egunetik egunera laguntzen gaituzten bizitzan, apurka eta emeki laguntzen digute herio gure bidelaguna dela onartzen.

05. Ispiluaren aurrean

Ispiluaren aurrean gara garena, gure benazkoa duzu agerian, ispiluak ez du gezurrik esaten. Ispilua karratua edo biribila izan daiteke, kanta hau berriz borobila eta miraila, ontsa inkarnatua.

06. Zoratzen naizela

Hertzainak beren estiloan, Hertzainak-en estilo kanta. Desio dut, grinaz desio ere, amodioaren aurrean euskaldunak ezberdinak izatea gaur gero, ez direla 40 urte iragan alferrik, hots.

07. Ez dago ilusio faltsurik

Ez horixe! Kantaren joak gure itxaropen zoroen solas pausatuetatik iratzarriko gaitu, araiz! (H)ertzainek eskua ematen digute eta kanta sortu zeneko lekura eramaten gaituzte.

08. Esaiok

Maitasunez esana –esan beharra eta esan gura– beste ahots batean emana heldu zaigu, Josuren bestelako ahotsean, bere soinuaren abaroan, xume eta otzan. Esaiok eta esaion, esan diezaiogun elkarri, elkar maitatzen ikasi dugula. Jario ziurrez erran ere, kanta legez.

09. 564

564, MDC edo CLX izan, preso bat aski da milaka taupada eragiteko inperio erromarrean. Taupada itxaropentsua, latza horregatik. Diskoaren ereserkia.

2. Iraupenak zentzua ematen dio izateari, irauli ezin denean iraun. Inperioaren joak mila buru kolpatzen ditu, iraultzak berriz hamaika bihotzak urratzen. Josu Zabala & Gariren (Hertzainak) disko honen azaleko izar gorri urratua berez mintzo da. Zuzen eta artez ari dira musikariak, eta diskoa bere osotasunean posible egin dutenek urratu sakona laga digute.

Urte askotarako!


Utzi iruzkina: