Literatura adimen artifizialaz kargaturiko artefaktua izanen ote

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2024-11-26 08:52

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1732608247074

Dimisioa

Juan Luis Zabala

Susa, 2023

Hainbat premisa

Susa faktoriako Dimisioa liburua dut hizpide, Juan Luis Zabala idazle nabarmenduarena. Hamabost narraziok osatzen dute artefaktua. Liburuak etorkizunera garamatza: distopia molde bat duzu. Utopikoa ote? Niretzat distopikoa da. Deskribatzen duen mundua arbuiagarria baita.
    Dena dela ere, artefaktu honetan bidaiatzeko liburuaren sinopsira jotzea duzu zentzuzkoena:
    “AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren eskuetan gelditu da mundua. Dena da berria: BKS Banakako Konexio Sistema, IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa, ONO Osasun Neurgailu Orokorra, LBG Lurraren Behaketarako Sateliteak, COVID-37 gaitz birikoa…”.

Dimisioa liburuaren arabera gizakiak dimititu egin du. Hala ote? Ez. Hori interpretazio okerra dukezu. Alegia, mundu hori gidatzen duten erakunde horiek sortu zen gizakiek dimititu ostean. Ez da gauza bera, ezta? Interpretazioa funtsezkoa da literaturan, funtsezko bizitza errealean. Zuzen antzo interpretatzea, alafede.

Juan Luis Zabalak eskaintzen digun mundua zientzia-fikzioa da. Blade Runner filmarekin gogoratu zaitezke, ideia baten egiteko. Ez zaude AEBetako Los Angeles hirian, ordea. Donostiako kaleetan zabiltza, probintzian barna eta haratago ibili ere. Konparazioenera, Arbas haranean barrena zoaz, baina bizikletaz hegan. E.T. estralurtarra filma gogoan hori ere. Ilargiraino ere joanen zara. Baita Marten biziko ere. Zara eta gara. Literatura hainbat egileren artean egiten baita: idazlea, editorea, irakurlea eta interpretatzailea, besteak beste. Uneon, ni nauzu interpretatzailea eta zu irakurle posible bat.

Pertsonaiek ez dute galdu Euskal Herriaren ideia. Batzuek ez diote haren independentziaren ideiari uko egin. Areago, Euskal Herria independentean mugituko zara. Halarik ere, etorkizunean aburuak, desirak, norbanakoaren etika eta jendartearen morala interbenituta daude. Zientziak gero eta gehiago eta sakonago interbenituta bizi dira, euren neuronak interbenituta. Gizakien sistema neuronala adimen artifizialaren menpean dago, alegia. Esate baterako, munduaren ordenua androide-polizien eskuetan dago.

Ordenuak ordenu, literaturaren ordenua ere Adimen Artifizialaren (AA) menpeko editorearen esku gera liteke. Bai ote? Mundu teknologiko berri bateko “espazio berri batean” egokitu(ko) da gizaki berria. Ez da arras horrela. Hori guztia ez da egungo mundua, ez da erreala guztiz. Oraingoz. Izanik ere, ez da guztiz irreala.
    Premisak premisa: bizi dugun aro hau, bizi dugun errealitatea, gustuko al dugu? Konforme al gara?

Zenbait maxima

Politika da boterearen administrazioa. Politika da libertatearen espazioa. Definizioz ari naiz. Politika funtsean, berez eta finean, ez da definizio soil bat. Politika da ere guk –pertsonok, jendeok, herritarrok, hiritarrok…– egunero egiten duguna. Egungo politika iraganekoaren ondorioa da. Etorkizunekoa gaurko ardura politikoen ondorioa. Dimisioa, fikziozkoa izateaz gainera, zientzia-fikzioa izaki, etorkizuneko mundua irudikatzeko lanabesa dugu. Literatura halakoa da.

Fikzioa dugu literaturaren funtsezko ezaugarri eta osagarria. Literaturaren bilakabidea garai erabakigarri batera iritsi da. Erran nahi baita, iraganean "fikzioa" zena "erreala" bihurtzen ari da orainean. Iraganean fikzioa zena geroz eta errealagoa da gaur egun. Oraingoan baina –gizaldi baten bilakabidean–, pertsonok ez dugu eraldaketa hori geureganatzeko ahalmenik.

Literatura, berez, aro modernoaz geroztik behintzat, artefaktu suerte bat izan da. Literatura teknika sofistikatuen bitartez egiten baita. Etorkizun hurbilean, gaur egun jada, artefaktu hori, teknologiaren edo adimen artifizialaren arau sortu ahal
–izanen– da. Bai ote?

Adimen artifiziala gizakia laguntzeko al da? Gizakiok ezaugarritzen gaituen askatasunak balore bera izanen al du? Adimen artifizialaren ildoan sortzen ari den gizakia, maitasunaren eta desiraren araberako izakia izanen al da? Izan gaitezke pertsona adimen artifizialaren arau?

Hainbat premisa zenbait maxima

Liburuaren inguruan sorrarazi zaizkidan aburuak izan dituzu orainokoak. Segi dezagun bidaian, narrazioak narrazio, hariz hari, ariaren ariora. Aktibatu dezagun gure sormena, gure neuronen artefaktu neuronala, eta, Dimisioaren sortzaileak ekarri dizkigun hainbat sortzaileen aipuen ariora eman dezadan etorkizunen gaineko nire ikuspegia.

Louis Aragon-i: …antzinako tragediaren eragile erlijiosoa nola –jainko guztiahalduna– filosofia paganoak akuilatu du aro modernoko tragikotasuna. Munduaren bolantea boteretsuen eskuetan dago betiere. Doktrinamendu molde ororenetik askatzeak ekar lezake boterea partekatzea.

Federico Garcia Lorca-ri: …gogora dezagun, Platonek berak egotzi omen zuen poesia –bere– Errepublikatik.

Rosalia de Castro-ri: …arrazoibidearen balaztak, horiexek bihotzaren zalantzen sostengarri.

Pete Sinfield / King Crimson-i: …araurik gabeko jakintza hilgarria da. Jakintza berez ez da adimena. Gizakion patua hainbat zororen esku dago. Adimena denon buruan dago. Adimenaren araua denon esku dago.
    Oharra: gizaki orok King izan nahi dugu. Live like a King / Primeran bizi izan, hots.

Jimmy Destrei / Blondie-ri: …ez dago ordenurik istripurik gabe. Astroen ordenamenduak behatzen eta jagoten du mundua. Astrorik astro, zoro-astro. Astroen desordenamenduari –des-lerrokatzeari– deritza desastrea. Gizakion desordenamendua desastrea da. Quousque tandem..?

Emmanuel Carrere-ri: …Muhammad Yunes boteretsuaren aipua irakurri eta hona nire pikoa: horra morroi baikorra! Ezin bestelakoa izan morroia, noski. Emmanuel Carrere intelektualarenak irakurri behar ditut orain. Hori ere morroia, jakina.

Xabier Lete-ri: …diruak beti lotu gaitu, lotu katigatu estekatu. Gizakiok elkarren artean bihotzez lotzea kimera da dagoeneko. Dirua eta lotzea askatasunaren antonimoak dira. Dirua eta maitasuna ez, ordea.

Josu Jon Imaz-i: “Energia-politikak ideologia gutxiago eta teknologia gehiago behar du”, diosku jeltzaleak. Itaunak inposatzen dira: jeltzale ote? Jeltzaleek ideologiarik ba al dute? Bai, pentsu dut. Josu Jon Imazena eta jeltzaleena ideologia bera al da?
     Imaz aberatsa da: Rich, Welthy. Aberatsek ez dute ideologiarik. Ez dute ideologiaren beharrik.
     Oharra: kasuon, aberatsa ez da eufemismoa.

Olga Tokarczuk-i: …antza denez, munduko oinaze guztia makina batek bakarrik har dezake bere gain. Makina alabaina, gizakiok sortua da.

Maialen Lujanbio-ri: …etorkizuna gure esku egotea beldurgarria bide da. Etorkizunean libreak izanen gara, ordea. Ez gara hemen izanen eta. Artean baina, beldurraz bizi gara.

1. Bihar biharkoak

Iñaki Uriarte-ri: …gure bizitzaren ikus-entzule omen gara, ez egile. Antzina “ez ginen gure baitakoak”. Gaur egun, pentsu dut, gizakiok gure metamorfosiaren jabe izan nahi dugu. Ordea, giza kondizioari ihes egiten segitzen dugu. Ez dugu gure burua ezagutzen. Adimen artifizialaren bidez egiten dugunaren jabe izanen garela pentsatzera heldu gara gizakiok.
    Oharra: egiari zor, batez ere elite boteretsuek pentsatzen dute horrela.

2. N-634

Denise Scott Brown & Robert Venturi-ri: …autobidea gure bizitzetan sartu zenean, dena aldatu zen betiko. Mende bat bete da scalextric horretan bizi garela. AGK delakoak (Agintaritza Global Konputarizatua) justizia poetikoa ekarriko al dio gure zuzenbideari?

3. Munduaren kontrola

“Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona” (Joxean Artze Agirre). Literatura euskarri betiere. Betirako ote poesia?

4. Aitaren isiltasuna

Agintaritza Global Konputarizatuak (AGK) Ilargiko Zerbitzu Estazioa (IZE) abian jarriko duelakoan bizi gara. Lurrean esnatu eta Ilargian bazkalduko dugu laster, edo Marten. Lasai, fikzioa duzu, Dimisioaren presupuestoen harian ari gara. Nolanahi den ere, agintaritza global digitalizatuak aita-amaren, anaia-arrebaren, lankideen eta adiskideen “isiltasuna” konfiskatu du dagoeneko.

5. Iritzilari neuronala

Informazioaren aroaz geroztik –duela mende batetik gaur arterainokoa– gero eta desinformatuago bizi gara. Informazioak formatu beharrean deformatu gaitu. Informazioa eta jakintasuna hitz kidekoak bihurtu ditugu. Baita jakintsua izatea adimentsua izatea dela pentsatzera heldu ere. Gurea ez da urrezko gizaldirik izan. Edo bai? Nork eta nola baloratua den, ezta?

6. Sinbiosia Marten

Txillardegi-ri: …bakardadea zein den ona, norberak aukeratuz gero.

Iñaki Segurola-ri: gizakiok ere –pertsonok jendeok– azken gizaldiaz geroztik, ez gara garaikoak. Alta, bai beti garaikide.

Wislawa Szymborska-ri: …ez da ezer bi aldiz gertatzen, deus izan ezik: Deus, Jainkoa alegia. Ez da egun bera den egunik. Bi dira baina, elkarrengandik urruti izanagatik elkarrengana gehien hurbiltzen direnak: sortze eguna eta heriotza eguna.

Leonard Cohen-i: izan gaitezen izateari uko egin gabe.

Inaziomari Atxukarro-ri: ez dago izaterik inoren menpean, ez dago idazterik gure barneko musika-banda menperatu gabe.

6. 1. Marten gaude, 2124 urte da. Lurra planeta ez dago jada. AGK delakoaren menpe gaude. AGK-k algoritmoen diktadura ezarri du. Bi mila urte Deusen edo Jainkoren menpe bizi ondoren, Adimen Artifizialaren (AA) menpe bizi gara. Historiako ismo guztiak barneratu ditu adimen gabeko demokraziak. Demokraziak Globalizazio Totalitarista abizenak ditu.  
   Oharra: paradoxikoa irudi lezake, baina egungo demokrazia sistemak ez bide du adimena suspertzen. Globalizazioaren totalitarismoa demokraziaren gainean dago. Gure demokrazia suerte (h)onena, prefosta.

6. 2. Jorge Oteizak haurretan bere burua ezkutatzeko hondarretan egiten zuen Hutsarte hura Unibertso osoa bihurtu da. Mundua bera Kosmosa izatea lortu nahi dute boteretsuek.
    Oharra: euskaldunok ere hutsean bizi gara. Hustasun alimaleko batean.

6. 3. Izenak izana du, izanak izena. Marteko hiriek badute ere berea: VM1T. VM2T. VM3T. VM4T. VM5T. VM6T. VM7T. Euskaldunena, hau da, Dimisioako euskal protagonistena: VM5T. Valles Marineris 5th Towm. 7.500 hektarea omen dauka. Ez dago ez itsasorik ez mendirik. Etorkizuneko literatura poetiko-patetikoa begitandu zait.

6. 4. Marten denak ez daude gustura, noski, batzuek diktadura globala faxista dela salatu dute. Ba al dago faxista ez den diktadurarik? Bai, ezta? Nola gerta hori ere. Alegia, gaurdanik begiratuta, 2024an, hainbat demokraziak badute jite faxistarik, itxurako diktadura izan gabe. Ez dezadan nire burua Hutsartean ezkutatu: izan daiteke Errusia, hala AEBak nola Venezuela izan ere.

6. 5. Ama esatean beste zer esanik ez dela kantatu zuen Uztapide bertsolariak. Isil nadin, beraz.

6. 6. Pedro Mari Otaño bertsolariak berriz, globalizazioa ezagutu zuen duela bi mende. Ez ahantz, Marten nago eta: 2124an. Fikziotik irten naiz une batez, 2024n nago berriz ere. Lazkao Txiki bertsolariak nola begiratzen zion Txindoki mendiari, halaxe begiratu nik ere.
   Oharra: egunsentia zer den konturatzen naiz zorionez, Joxe Mielen zoriari esker, alafede.

6. 7. Sinbiosia Marten izenburuko kontakizun honetako narratzaileak honela dio: “Marten bizi garenetik ama dut euskaraz aritzeko solaskide ia-ia bakarra”. Mario bikotekidearekin ere egiten omen du, baina ez amarekin bezainbeste. Ingelesa denek dakite. Ai ama! Marteko kideak poliglotak dira. Hizkuntza guztien egitura oro gero eta elkarren antzekoago omen dira, gero eta homologatuago daude martiztarrak. Izenak izana du. Euskaldunok, 2024n, dagoeneko badakigu hori.

6. 8. Hutsarte Berri elkartean biltzen dira sinbiosian. Elkartea osatzen duten kideak nongoak diren ez dakite ziur. Batzuk Martekoak ei dira, bestetzuk Lurrekoak oraindik ere. Bietakoak ere ba dira. Antza, denek badute zerbait komunean. Ilargian pasatzen dute denbora dezente, komunean jarririk direnean bereziki.

6.9. “Informazioa etengabe eta kantitate ikaragarrietan, zinez sinesgaitzetan, jaso, atxiki eta prozesatzeko gaitasuna da AGKren dohain miresgarrietako bat”. Izenik antzeman ez diodan narratzaile baten hitzak dituzu. Agian, Jone Luisa izena du. Dena dela ere, zabala da. Juan Luis Zabalarentzat ere, nik hala uste, Lazkao Txiki handia gizon zabala zen.

7. Algoritmoak

Salbazioa da giza historia ulertzeko hitz gakoa, gizakia bera ulertzeko baitezpadakoa. Hots, salbazioa hitz gakoa duzu gizakiok betierekoak izan nahi dugulako. Hastapenean jainko guztiahalduna izan genuen gidari eta lagun. Ondoren, salbazioaren ordez askatasuna aldarri bihurtu genuen lurreko paradisuan betikotzeko. XXI. gizaldiaz gero, algoritmoak dira salbaziorako ate posible guztien gakoak.
    Gizakiok baina, –gizonak eta emakumezkoak, heteroak eta homoak, trans delakoak barne–, gure aroko azken bi milurtekoen ostean, loria eta zoria iraunkorraren ezinezkotasuna endelegatzeko adimen mugatutako izakiok izaten segitzen dugu. Supergizakia –supergizona edota superemakumea, edota…– filosofia edota doktrina orotarikoen kimera da, baita lelokeria ere.
    Oharra: Friedrich Nietzscheren supergizakiari buruzko interpretazio bat baino gehiago dago.
    Bustiko naiz –eta ez da euririk ari, ez du euririk ari–: Adimen Artifizialak (AA) egungo gizakia akabatuko du. Dramaturgo delako haren “bizitza ergel batek kontatutako ipuin bat da” delakoa baieztatuko da.  
     Ikaspena: gure burua salbatu ahal izateko nahiak geurezko adimena lausotu digu.

8. Arbasko hegaldia

William S. Burroughs-i: …lehenik hazkuntza izan zen, ondoren haztea lehenetsi genuen hezi beharrean: hazkunde tasa, hazkunde demografikoa, hazkunde ekonomikoa… Dena da hazkunde. Hazteko moldeaz ahaztu gara. Ez dago gizakia heziko duenik, ez balizko jainkoak –ez zerutiarrak ez lurtarrak– ez algoritmoak.
    Ikuspen baikor bat: …eta algoritmoen bitarteko Adimen Artifiziala (AA) salbaziorako bitartekoa bihurtzen badugu? Galderek bigarren bat ekarri ohi dute: salbatzeko zer?

Tom Whallen-i: …ez dago arrazoia izaterik ez kausa justurik. Horiek bilatzen ditugun bitartean egungo jainkoek –Silicon Valley eta Wall-Streeten ostalariek– beren burua hazten segitzen dute. Jainko berrien arteko nagusikeriak ez du etenik, estatubatuarrek edota europarrok ezin ezean, txinatarrek gobernatuko gaituzte. Etorkizuneko gobernuek, demokraziaren izenean, betebeharreko zerbitzu iraunkor bat antolatua dute aspaldidanik: Merkataritza.
    Azken buruan, japoniar politologo estatubatuar delako haren “historiaren amaierara heldu gara” delako premisa baieztatuko dugu.
    Ikaspena: euskaldunok politologoak gara zinez. Logoa polito darabiltzagu eta. Txiste txarra, alors. Zer bestelako umorerik espero daiteke azken gizakiarengandik?
    Oharra: COVID-19 ezagutu genuen. Erreala zen. COVID-37 ezagutu dugu Arbasko hegaldia bitartez. 2020koa erreala zen. 2124koa, fikzioa izanagatik, erreala da ere.
    Ikuspena: errealitatean, urtero txertatzen dugu gure burua, gripe arrunta delakoaren aurka txertatu, baita COVIDaren aurkakoa ere.

9. DRJ EFPn

David Bowie-ri: …zer espero daiteke jainkoaren begiko batengatik, eta gainera ilehoria? Ez adarra jo Bowie! Eiki, zoritxarreko izan zinen, Jesukristo eta Lenin pare jartzea ere. Zure edertasun moldakorra miresgarria izan zen. Tira, Jesukristoren eta Leninen moldakortasunaren parekoa.
    Zorionekoak ikuskizunen kontura bizi direnak, hondamendiaren aurkako borroka etsiari esker bizi baitira.
    Oharra: izenik eman gabe, euskaldunak izanagatik, delako honetaz horretaz hartaz ari nauzue.

10. Munduaren salbazioa

Baiki, Dimisioa delako honen kontakizuna zeharo distopikoa duzu. Denok dakigu futbolak salbatu duela mundua. Messi izena du Mesias berriak. Dimisioako ipuin honen 10 zenbakia bera darama bizkarrean salbatzaileak.
    Oharra: hamargarrenera arte ez naiz ohartu Dimisioa ipuin liburua dela.

11. Lurraren erdigunea Ilargian

Henriette Aire: …ahal banu eta ahal baneza, jainko izan gabe (nire) ama izan ninteke. Izan nezake. Izan nahi nuke.
    Erdigunea: egungo euskaldunon hitz fetitxetako bat da. Bat. Asko dira eta.

12. Arnasarik gabe

AGK delakoak erran barik ere, gizakiok arnasarik gabe gabiltza munduon aspaldi. Denbora eta espazioa hitzak mundu erreala interpretatzeko hitz sotilak besterik ez dira, etorkizun distopiko baten adierazgarri.

13. Marmarra

Ramon Saizarbitoria-ri: …ez dago munduan logikarik gabeko gizakirik. Baliteke hitzek gizakia nahasi izana. Izan ere, jakina hau ere, jakintasun soilak ez du gizakia adimentsu egiten.

Thomas Bernhard-i: “Sorraraziak gara, ez ordea heziak, gure sorrarazleak, beren basakeria guztiarekin, gu sorrarazi ostean gure aurka aritzen dira…” dio aipu delako horren egileak. Jakin min bat daukat: nor dira gure sorrarazleak?    
    Oharra: azken aipu bi hauen egileen hitzak, agian, beren sortzetiko testuinguru batetik at ulertu ditut eta halaxe interpretatu ere.
    Ikaspena: ez kasu egin ere nire marmarrari. Ez guztiz bederen.

14. On beharrez

Natura ez dena kultura da. Gizakiok kultura lantzen hasiz geroztik, on beharrez landu ere, desnaturalizatu egin bide gara. Horra gizakion patua. Pathosa, alors.
    Ikuspena: Adimen Artifiziala (AA) gure adimen emozionalaren ondorio al da?

15. Editoreari omenaldia

Interpretatzaile naizen honen eskaintza: Philip K. Dick idazleari, Gorka Arrese editoreari eta Juan Luis Zabalari eman didaten laguntza oparoa eskertzen dut.

2067an hasi omen zen abentura hau. Hamaseigarrenean ez, hamabosgarrenean a(gi)idanez ohartu naiz, humanitatearen dimisioa ez dela fikziozko kontu bat, ezta Dimisioa ipuin sorta hau ere etorkizunaren iragarle alferrikakoa.   
    Literatura dago jokoan. “Jokoa ez da errenta” delakoa iraganeko lelo lerdo bat besterik ez da. Jokoa literatura da. Jokoa errenta da. Hobeto ulertu aldera: literatura jokoan dago. Alegia, baliteke –literatura kontu hipotetikoa da betiere– literatura errenta bilakatu izana.
     Adibiderako, filosofia gure izatea arautu ahal izateko bitartekoa dugu, gure ideien ordenamendua eratzeko jarduera eta diziplina. Zeren filosofoak garen –edo izan nahi dugun– zehaztea falta zaigu, haatik. Gauza bera ere literaturari gagozkiola. Dimisioa literatura da. Zer literatura suerte den izendatzea falta zaigu, ordea.
     Etorkizuneko editoreak androideak izanen badira, literaturarik izanen ote da? Adimen Artifizialak (AA) lortzen badu etorkizunean literatura sortzea, jarduera hori literatura deitzerik izanen al dugu?
    Ikaspena: bustiko naiz berriz ere –eta ez da euririk ari, ez du euririk ari–: AA delakoak lortzen badu literatura egitea edota orain arte literatura izendatu duguna literatura deitzerik, munduak ez, baina gureak egin du.
    Ikuspena: literatura adimen artifizialez kargaturiko artefaktua izanen ote.
   
   Post Scriptum

“Orain arte literatura izendatu duguna” delako hori zer den etorkizunean definituko dut. Etorkizuna fikziozko kontua edota ipuina da gure buruan.


Utzi iruzkina: