Izan fededun ala izan fedegabe, baina izan aske!

Izan fededun ala izan fedegabe, baina izan aske! Begizolia | 2026-06-18 11:34

Izan fededun ala izan fedegabe, baina izan aske!

Sekularizazioa Euskal Herrian

Joxe Manuel Odriozola

Ediciones Beta

Eskerreko hitzak (I)

Joxe Manuel Odriozolaren Sekularizazioa Euskal Herrian (2023ko Miguel de Unamuno XXIV. Saiakera Saria) iritsi zait berriki –liburu ezezaguna–, baita eskaintza esanguratsu batekin iritsi ere: “Nahi duzuna izan / fededun ala fedegabe / baina, hori bai / izan aske”. Maxima hori hiriburutik heldu zait. Aintzat hartzekoa, edonondik heldua dela ere.

Probintziako Altzoko Erraldoiaren nahietako bat –handia izanagatik, bertzeak bertze– aske izatea izan zela pentsu dut. Altzoko saiogile “erraldoi tipiago” honen askatasuna ere halaxe antzematen dut. Halaxe edo halatsu. Edonola den ere, zinez ahaltsua dugu J. M. Odriozolaren jarduna, hots, altzotar-donostiartu honena.

Sekularizazioaren bidean

Liburuaren azala hagitz adierazgarria begitandu zait. Ibarrean gaindi kausitu dut nire burua. Bidearen banatzean nago dagoeneko, hots, bidegurutzean; gurutze erraldoiaren pean. Saiakera-liburu hau nagusiki euskal sekularizazioaz ari da, alta, fededunaz ere ari duzu. Horiek horrela, aitor dut, fededunen “indarra” sentitu dudala, baita dardara gisako bat sentitu ere. Mendi erraldoietara altxatu dut begirada. Aitzina.

Fedea “galdu” nuen aspaldian, kristau-fedea, alegia. Hartara, nire buruarekiko “konfiantza” atxiki behar izan nuen ezinbestean, eta atxiki beharra daukat baitezpada, behin eta uneon, liburua taxuz interpretatuko badut, baldin eta ustez “sekularra” naizenari eutsiko badiot. Bai ote? Izan ere, ba al dago “sinestuna” izan nintzen hura guztiz deuseztatzerik? Ba al dago laiko izaterik, zure burua laikotzat jo izan arren laikotasunean “sinesten” ez duen jende laikoen artean biziz gero?

Nire burua adarkatzen hasia naiz. Bidean barrena noala/goazela, “jainkozale” ala “sekular” izatea, bitan banatzea, ez da horren sinplea. Inpresio hori bizi izan dut liburua irakurri ostean. Seinale hori liburuarekin batera egin dudan bidean agerikoa da, agerikoa denez.

Mundura etorri, eta, norbanakook determinatuta gatozela pentsu dut. Ez dut horregatik uste, gure burua determinatzeko ahalmenik ez dugula. "Jainkoa"-rengandik askatuz gero, harengandik askatu aldera, gu geu gure buruaren determinatzaileak garela pentsatzen baitut. Auzia nirera ekarriz, baita nire buruaren determinatzailea ni neroni naizela “sinetsi” ere.

Sekularizazioa Euskal Herrian saiakeraz (II)

Abantzu ohartu gabe, bidean bide nindoala, batez ere nire buruaz hitz egiten dudala ohartu naiz, alafede. Ez da aise –ez samurra– nork bere egoa bezatzea. Beraz, saiakeran lantzen diren gaien edo funtsen gaineko nire burutapenak gerorako lagako ditut. Anartean, segidan, saiakerari buruzko aburu zenbait emanen dizkizut.

Joxe Manuel Odriozolak komunitate bateko hainbat partaideren aburuak bildu eta kontrastatu ditu; sekularrenak eta sinestunenak. Baita jaidura biak bizi izan dituztenenak ere. Are, gutiz gehienak halakoak ote diren nago, edo halakoak izan direla. Alegia, sinestunak lehenik eta sinesgabeak gero. Badago bakarren bat edo bertze ere, sinesgabe izatetik sinestuna izatera bidea osatu zuena.

Komunitate hori euskaldunez osatuta dago, aburu guztiak komunitate horretako kideenak ez diren arren. Aburu horiek guztiak –iragan 50 urtetakoak– euskal herritarrek kristau sinemenetik sekularizaziora egindako bidearen testigantzak dira. Saiogilearen ohiko estiloan taxututa daude. Liburu, aldizkari edota egunkarien irakurketa xehearen eta zorrotzaren harian egindako hausnarketa eta gogoeta estimagarriak.

Berea, “iraganeko” iturrietatik bildu eta heldu den “ur berria” duzu. Azalean ageri diren mendi gailurretatik heldu den uretatik ur destilatua. Nekez ulertu dezake inork gaur egungora heldu den euskal jendartearen jaidura, joan deneko mende erdi horretan bizi izandako eraldaketak ezagutu barik. Bada, horra hemen, hori ulertzeko saiakera.

Heldu den jendartea heldutasun moduko batera inoiz iritsiko bada, iragana ulertu ez ezik, berau gogoetatu eta barneratu behar(ko) dugu. Iraganak iragan, konparazioenera, Erdi Aroan eman zen aldaketa erraldoiaren parekoa da gaur egun bizi duguna. Orduan, jainkoarengandik “askatu” beharrez, lurreko haren ordezkari Eliza alboratuz, sortzen hasi ziren Estatuaren magalean bidea egiten “hasi ginen” –hasi bide zen norbanakoa–.

Norbanakook, funtsean, jainkoa “gailendu” beharrean munduan gabiltzan izakiak gara. Mendebaldeko kulturaz eta jendarteaz ari naiz, noski; Europa deritzogun jendarte asegaitz honetaz. Mundua hori baino azkoz gehiago da, jakina, baita tokian tokiko erlijioak eta sinesmenak anitzak eta askotarikoak direla jakin ere.
Anartean, nahi eta nahiez –oraindik ere luzaz–, gizabanakook, oroz gainetik, erromatarren eta greko-judio-kristauen ondorioa izaten segitzen dugu. Ezta hala?

Galdera gisa pausatu dut. Aurreneko gogoeta horiek liburua azaldu nahian jalgi zaizkidan aburuak dituzu. Galdera ttipi gisako horren bitartez, nire aburuak zalantzan jarri nahi ditut. Besterik ez. Labur zurrean: saiakera irakurtzea gomendatzen dizut, zuk zeuk zeure gogoetak egiteaz beste, zure aburuak aditzera eman ditzazun –saiogilearen aburuekin kontrastatuz– eta, ororen buru, euskal komunitatearen aiurria osatzen laguntzeko.

Sekularizazioa Euskal Herrian saiakerako harien ariora (III)

Norbanakoon ezaugarrien artean badago txit ageriko bat, eta da, borrokalaria izatea. Borroka baina ez da gure izatearen arrazoi nagusia, gure izaera osatzeko jite lagungarria. Norbera izateko ez da zertan borrokan jardun beharrik. Alabaina, borroketan eta gerretan dihardugu, borroka pertsonon ezintasunaren adierazle nagusia izaki. Edonola ere den, bortzaren adierazle horiek gure izatearen kanpo aldeko borrokak dituzu. Badago bestelako borroka suerte bat, eta da. Galdera-arrapostua: pentsatzen hasi zenez geroztik –pentsamendua zertu genuenez geroztik– zerekin ari da borrokan pertsona? Bada, bizitza eta heriotzaren arteko “transzendentzia"rekin borrokan ari da.

Agerikoa denez –liburu hau irakurri ahala are agerikoagoa–, norbanakoa ez da gauza bere kautan pentsatzeko bizi izatetik eta hil izatera doan “transzendentzia” delakoa aintzat hartu gabe; ezta bere kabutan izateko gai ere. Milurtekoaz milurteko, mendez mende, Jainkoaren –figuraren– bitartez zertu du transzendentziaren auzia.
     Alabaina, aroz aro, iragan lau mendeetan, transzendentzia deritzogun hori gainditu beharrean Jainkoa ukatu du, Jainkoaren beharra uxatu du.

Aro modernoan jainkozale izateri uko egin zion –zehaztu aldera, alegia, pentsalari eta filosofo zenbaitek–, eta, sinesgabea eta fedegabea bilakatu nahian, sekular edota laikotzat jo ditu bere burua. Euskaldunon kasuan, iragan mendeko erdialdeaz geroztik, Euskaldun fededun izateari laga izan diogu handi-handika. Alta bada, zein da egungo euskaldunaren ezaugarria? Hau da, euskaldun fededun beharrean –geroan euskaldun izatea bera ere, ez da kontu guztiz ziurra– zer gara euskaldunok gaur egunean?

Euskaldun ez-fededun izaterik ez dago –ez luzaz behinik behin–. Izan ere, norbanakoak –euskalduna, kasu– ezin du bere izana zertu –ezin bere burua gauzatu– ukazioaren bitartez, izan garenari uko eginez. Izan genuen fededun izateari erabat uko egin gabe, beste ezaugarri bat, beste izate bat, zertu edo konstruitu behar dugu. Horretarako baina, ezinbestean, norbanakoak "konfiantza" izan behar du bere buruarengan. Ez dago nor izaterik nork bere buruarengan konfiantza izan gabe.

Norberaren kontzientziaren jabe izateko, nork bere buruaren konfiantza izan behar du. Beraz, eman dezagun, konfiantza dugula “jainkoa” izateko modu bat; izateko moduko bat. Gure buruaren jabe izanez gero, bilakatuz gero, “transzendentzia” delako hori gainditu ahal izanen dugu. Tira, agian. Apika. Beharbada hori ere. Kontua da, artean, oraindik ere, ez dugula konfiantza gure buruarengan, ez garela gure kontzientziaren jabe; edo ez guztiz bederen. Horregatik edo, jainkoarengana bihurtzen eta zuzentzen dugu gure burua.

Zein jainko, ordea? Nor da jainko? Bada, bistan da –niretzat, bistan da–: guk geuk gizakiok sortu genuen “figura” hori edota sortzen segitzen dugun irudia dugu "jainkoa". Ezta? Transzendentzia delako hori gainditzeko behar dugun "jainkoa". Horiek horrela, zer dago "jainko" horren guztiaren baitan? Bada, behin eta hasteko: "jainkoa"-rekiko  beldurra. Beldurra dugu, kasurako, borrokaren eragile nagusia. Hala berean ere, edo halatsu sortzen da transzenditzeko beldurra. Gure aiurria beldurrak zertua da, oroz gainetik zertua ere.
     Ez nadin inozoa izan, ordea. Horiek horrela, ezinbestean “jainkoa”-ren bidera itzultzea proposatzen ari natzaizula pentsatu dezakezu– baita sekula santan fededunak izan ez zaretenei ere–. Alegia, guztiz etsita egonik, “jainkoa”-rengan sinestea proposatzen dizudala.

Ordea, kontua ez da, nik hala uste, jainkoarengana itzultzea edo ez. Hots, jainkoarengan sinetsiz, haren araberako sistema batean bizitzea, haren araberako sistemaren aginduen arabera burua makurtu eta etsitzea. Ez eta, aitzitik, haren kontrakarrean sortutako estatuen –Estatuen, maiuskulaz– aginduen eta arauen bizitzea ere, euren menpekotasunera burua makurtuz.

Badago, datu kontu edo izate bat arras esanguratsua: iragan lau mendeetan Eliza eta Estatuen arteko –botere-guneak– aliantzak erabatekoak izan gabe, aliantza berauek baliagarriak izan dira beraien –fededunen eta ateoen– artean konpontzeko. Konpondu edo moldatzeko. Arreglatzeko, alegia. Dena dela ere, agerikoa denez, ez dago humanitatea konpontzerik, aldian aldiko arreglorekin aitzina ari gara, aurrera jarraitzen dugu aldez edo moldez.

Humanitateak ez du hobetzerik, humanook izakari mugatuak garelako. Humanook ez baitugu, guk geuk “asmatu” dugun “jainkoa” izaterik. Horixe gure "kondena". Baita beren burua sekulartzat jotzen duten horientzako "zigorra" ere. Hala moduz, beraien ideologiaren bitartez, “jainko” lurtar bat bilakatu nahi –izan– duten horientzat. Bestera erranik, beren ideologien bitartez “jainko lurtarrak” izan nahi duten horientzat.

Ez dago erlijio bakarra egun, ezta izana ere giza-historian. Ordea –mendebaldeko kristauez ari naiz–, hamaika erlijio-kapila sortu dugu. Hala berean, hamaika dira –erlijioari uko eginda– guk geuk sortutako “ideologiak”. Izan ere, gizakiok sortu dugu "jainkoa", eta ez jainko bakarra. Hamaika jainko baizik, baita haienganako transzenditzeko hamaika manera sortu ere. Halaxe sortu dira ere ideologiak, ez bat ez bi ez hiru, hamaika sortu ere. Nork bereari eutsiz, ideologia horien abarora, “jainko txikiak” bihurtu gara. Tira, bihurtu gura dugu. Jainko txikiak, baina transzendentziaren auzia oraindik trenkatu gabe. Baita, nahikunde horretan, funtsean, sinesgabeak –sekular edota laikoak– transzendentziaren “akolitoak” bihurtu ere.

Sinestunen eta ez-sinestunen –sakro eta laiko– arteko diferentziarik ba al dago? Izan badago, jakina. Badago, halaz ere, euren arteko kidetasunik? Bai, noski. Esate baterako, diruarekiko duten/dugun afinitatea edota antzekotasuna. Dirudun edo boteretsu izateko nahia; nahikeria. Boteretsua, jainko nahi izatea. Euren kontrakarrean edo, laikoak, jainko suerte hori deuseztatu nahian, gizakion nahikeria hori ezabatu nahian, ez dira ohartu –komunismoaz ari naiz; ideologietako bat aipatu aldera– gizakioon “transzendentzia” lurrean hauxe dela: batzuk aberatsak direla –dirudunak eta boteretsuak– eta besteek hala izatera iritsi gura dutela. Dutela eta dugula. 

Jainkoaren ideiaren ariora bizitzea –teistek asmatutako jainkoaren ildoan sortutako idealismo suerte bat– eta ateoek berauek asmatutako ideologien ariora bizitzearen artean ez dago alderik. Ez guztizko alderik. Hala ikusten dut nik, behintzat. Ikusten eta uste dut. Alta bada, usteak ustelak dira sarritan. Sinesmenak hala izaten dira ere, hala izaten dira eta.

Humanoen ildoan edo gizakiok asmatutako humano adieraren ildoan (IV)

Humano hitza erabili ohi dugu, guk geuk –jendeok, pertsonok, gizabanakook, norbanakook– gure burua humanoak legetxe azaltzeko. Berau azaltzen dugu, humanoa izaki aratz eta perfektua bailitzan. Alabaina, humanoak edo humanoagoak bagina, munduan ez leudeke elkarren arteko gerrarik ez zapalketarik –giza-generoen, klaseen eta nazioen arteko zapalkuntzarik–. Alegia, "ez gara aski humano" erran ohi dugu. Hara, humanook inozoak gara gero. Izaki beldurti ergelak. Eta ankerrak ere bai. Eta zitalak. Tira, ez betiere. Aldian-aldian, lantzean behin, gure izaera horri jaregiteko beharra izaten dugu eta. Gure "hobenak" eta "bekatuak" barkatuak izan direla jakin ostean, gure burua berriz ere "berrerosteko" prest gaude eta.

Humano izateak hainbat izateri erreferentzia egiten dio.
Humano hitzak hainbat adiera darama berarekin –liburuan aurkituko dituzu berauek–. Lehenbizikoa hauxe: Homo sapiens delakoa. Milurtekoz milurteko, mendez mende, sapiens adieraren araberako jendeak izan gara, hots, “jende azkarra, jakintsua, zentzuduna, zuhurra” gara. Edo izan bide gara.

Homo sapiens delakoaren ondoren –sinesmenak sinesmen, borrokak borroka, gorabeherak gorabehera– bestelako homo gisako bat bilakatzen ari da/gara, naski: homo economicus eta homo ideologicus. Ezin erran lehenago homo delakoak horrelako ezaugarririk izan ez duenik. Ekonomia eta ideologia baitezpadakoak izan baititugu gaur egun garena izatera heltzeko. Erran nahi baitut, ez dago sapiens bihurtzerik ideiak eta ekonomia aintzat hartu eta horiek landu gabe. Horixe gure patua. Gizakion destinoa.

“Ez dago absoluturik. Absolutu bakarra jainkoa da, ordea, jainkoa ez da existitzen”. Horixe maxima. Nirea. Nirea edo. Maxima horrekin bizi eta berarekin borrokatzen da gizakia. Maxima kontraesankorra duzu, inolaz ere. Gizakiak garen ez gero –hala garen aldetik– halakoxeak gara: kontraesankorrak. Pertsonok "kontraesan bat" gara izatez. Errana gauzatzeko bidean, hitzen bitartez adierazia ekintzaren bidez gauzatu beharrekoa, praxian gauzaezina baita.

Hitza eta ekintza, bitasun ederra. Bai horixe. Euskaldun izatearen grazia. Euskaldun jendearen berezko adierazleak. Hitza eta ekintza, euskarazko adierak. Bikainak. Pertsonon ezaugarri nagusietako bat –orain arte behinik behin– hizkuntza izan da. Humanook “hizkuntzak” gara. Beste ezaugarri bat, arestian aipatua, pertsonok “beldurrak” gara. Pertsonon ezaugarri bi. Beude hor.

Badago, hala berean, saiogileak hizpide duen humanismo immanentista delakoa. Aintzat hartzeko kontzeptu hori ere. Adiera horren arabera, jainkozkoak –dibinoak, alegia– mundu materiala barnean hartzen du edo barne horretan bertan agertzen zaio. Europako izate espiritualak –munduaren bilakaera ikusita, Europarena berarena barne, kasurako– humanismo immanentistan oinarri omen du.

Alabaina, kontua hauxe: immanentziak aurka egiten bide dio transzendentziari –horrela diote adituek edota jakintsuek–. Tira, europarrok erromatarren eta greko-judio-kristauen ondorioa garela idatzi dut arestian, luzaz hala izanen garela idatzi ere. Uneon, baina, kontran edo –globalizazioaren eraginpeko mugimendu migrariek eraginda nonbait–, zalantzan jartzen dut europar komunitate hegemoniko hori izan badagoenik. Edo, gutxienez, europarron izaera komun horrek luzaz iraunen duenik.

Labur zurrean betiere, hauxe irakurketaren ondorioa –ondorioetako bat–: humanismo mundutarrak humanismo jainkotiarra ordezkatu du sekularizazioren ondorioz. Alabaina, zertan datza sekulartasuna? Zein da sekularren
–sekularron– kualitatea? Zein da gaur egungo jendartearen –euskaldunon eta europarron– nolakotasuna? Sekular izaera, laikoen ezaugarriak eta tasunak, guztizkoak al dira? Guztiz aratzak ote? Perfektuak?

Behin eta amaitzeko, hauxek (V)

1. Liburuan ederto batean agertu legez, duela mende erdiko euskal jendartea eta gaur egungoa ez dira berdinak, ezta hurrik emean ere. Ez dira berberak. Alta bada, izan ginelako/zirelako gara. Zer gara baina? Horixe galdera. Izan ere, sekularizazio eman izan den arren, erlijioa jendartearen ADN delakoan nago –DNAn, euskaldunon kasuan–.

2. Hara, zientziarekin egin dugu topo. Zientziaren bilakaerak berak –bere arlo anitzak direla tarte– ez du “jainkoaren ideia” gizakion burutik erauzi ahal izan, ez du ezereztatu ahal izan fededunen aiurria. Baliteke, idealistek
–sekularrek eta laikoek– horretan eragin izana. Baliteke, pertsonok gure existentzia –gure izatea– enigma bat bailitzan planteatzea. Eta baliteke edo badaiteke, enigmarik ez izatea.

3. Erran nahi baitut, jainkoaren ideia edota jainko-ezaren ideia, gizakiok konprenitzera iristen ez garen edo nekez uler edo interpreta dezakegun "errealitatea" edota "gertakaria" izatea. Alegia, gurea, gizakiona, ulertzen iristen ez dugun –ulertzera iristen ez garen– errealitatearen araberako jokamoldea edo portaera izatea. "Errealitatea" helezina den aldetik, "askatasuna" erdiestea ezinezkoa baita.  

4. Bestera erranik ere: jainkoaren ideia hala nola jainkoa-ezaren ideia ebaztea gure ahalmenetik at dagoen kontua da. 

5. Hasmentan adierazi bezala, lagun batek igorritako liburu-saiakera honen bitartez eta lagun beraren eskaintzari esker gauzatu dut gogoeta hau. Eskaintza maximatzat hartu eta titulutzat ipini diot gogoetari berari: “Izan fededun ala izan fedegabe, baina izan aske”.
    Izan liteke arestian idatzitako beste hau ere: “Euskaldun fededun beharrean –beharrean edota ordez– zer gara euskaldunok gaur egunean?”.


Utzi iruzkina: