Izan batekiko promesa betea
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Susa, 2025
Lotsagabeki
Hedoi Etxarteren Izen baten promesa irakurri osteko hainbat burutapen ditut abiaburuan. Honatx, zirt eta zart: eleak irakurri ez ezik, “eleak jan ditut”. Txindilak bailiran. Hiruzpalau ekinalditan, liburua hasi eta buka. Horregatik edo, apunte gutxi hartu dut. Azpimarratuak ugari dira, haatik. Apunte bat: liburua nobelatzat jo daiteke. Liburuaren erreferentziak hartzeko unean, Literatura Susa webgunean, nobelatzat joa dela ohartu naiz. Biografiatzat joa nuen hasmentan. Biografia-korala. Biografiaren parte-nagusia, Aitor Etxarte Berezibarri dagokio. Alabaina,
biografia –tipi– askok osatzen dute Izen baten promesa nobela biografiko hau.
Izen baten promesa Aitor zenaren biografia osatu beharra daukan Hedoiren biografia ere bada. Osatu gabea Aitor aitarena, hala nola Hedoi semearena, noski. Gaztea baita Hedoi. Aitor ere gazte hil zen. Aitor hiltzeko gaztea zela konturatzeko (64 urterekin zendua), bizi beharra duzu irakurle lagun horrek. Aitor bizi izan zen intentsitatearekin eta entusioasmoarekin bizi ere. Hots, mundua iraultzeko grina esperimentatu beharra dago, behar hori biziko baduzu.
Ez naiz mundua “eraldatzeko grinarekin” idazten ausartu. Izan ere, norbanakook ez dugu mundua aldatzeko ahalmenik, izatekotan, munduak gu aldatzen gaitu. Mundutik iragan eta bizi-grinaren ondorioz aldatu zarenez jabetzea, horixe soilik, bertzerik gabe, lorpen handia begitantzen zait. Tira, hori duzu nobela honek aditzera eman didana. Hori eta beste kontu eta bizipen anitz ere bai. Aletu ditzadan berauek, bada.
1. Hasteko eta behin, inoiz sumatu edo hauteman dudan 70garren hamarkadako Iruñea –fisikoa– osatu dut. Ongi osatu ere. Irudien bitartez, eta Aitor zenaren Ligako burkideen kontakizunen bitartez. Hedoi Etxartek egindako landa-lana txalotzekoa duzu. Estimagarria. Dei diezaiogun ere hiri-lana. Hiriak hiri, biografia-nobela honek Bartzelonara eramaten gaitu. Eta diodan horretan ez dago literaturarik. Bai Iruñea bai Bartzelona hirien arkitekturari buruzko saio-tipi moduko bat duzu. Nafarroako hiriburuaz, batez ere. Handi-handika, ari naiz.
2. Aitor berezia zen, Berezibar izaki. Ez dizut ele-joko erraz eta zozoa egin gura. Pilar, haren ama, Hedoiren amona, "berezia" baitzen. Aitatxi ere bai: Emiliano Etxarte. Baina, tira, bertze molde batekoa. Hau da, neurri batean idealismoaz futitzen zen aitatxi. Guztiz beharrezko kontua –munduaz eta iraultzaz futitzea, alegia–, iraultzan murgildu den familia batek errealitatea ez dezan bere begiradatik galdu sikiera. Istorioz osatutako historia-nobelatzat ere jo dut liburua.
3. Nobela honen ezaugarri gako bat: Izen baten promesa narratzailearen gaztaroko ametsak zein neurrian diren errealak edo zein neurrian asmatuak xerkatzeko ahalegin-saioa duzu. Aitor da ametsen iturria eta emailea. Baina gazte hil zen. Aitorrek, zahartzaroan, biloben abarora, hil bitartean kontatuko zizkion ametsak ezagutzea amestu izan du Hedoik. Aitorren –aitaren– ametsak kontatzeko fidel izango ote zen arduratua bizi da Hedoi –semea–.
4. Alex, Laura, Txabi, Patxi, Judith, Juan, Angela, Josep… Horratx historia-nobela-biografia honetako pertsonaiak, bertzeak bertze horiek ere. Horien kontakizunak irakurtzean –narratzailearen kafesnearen aroma aditzen dudala– nobela bat irakurtzen ari nintzenez jabetu naiz. Hainbat pasarte, bortxazkoak bereziki, irrealak direla irudi baitute gaur egun. Mende erdia joan da nobelako gertakari eta bizipen haiez geroztik, baina, hara, pertsona horietako asko oraindik ere bizirik daudela pentsatzen dudanean –tira, sano bizirik daudela pentsu dut–, euren eboluzioa da gehien kitzikatu nauena. Bizi izan zutena, gaurdanik kontatu eta gogoetatu izanak “txunditu” nau zinez.
5. Ez ditut pertsona horiek “jainkotu” nahi, inola ere. Aitzitik, nago, euren gurasoen jainkoaren kontrakarrean, “jainkoen” ahalmena esperimentatu nahi izatean, neurri gabeko “ego” bat ez ote zuten garatu. Garatu behar izan zutela diot, “ego” delakoa pertsonon “jainko” suerte bat delakoan. Aldian "jainko" aldian "deabru". Kontrolagaitza, edozein dela ere. Izan ere, Aitor protagonistaren ideologiaren ildoko garaikideak iraultzan murgildu baitziren “jainko eta deabru” absolutuaren doktrinen ildoan. Nire aburua besterik ez duzu. Aburuak ez dira errealitatera iristen, ez dute errealitatea erdiesten.
Pentsatzen baduzu, norbanako horiek gutxiesten ari naizela, oker zaude. Ostera, Aitorren ildokoak –edo euren ondokoen ildokoak– izan ziren moduko pertsonak izan ziren historiako determinismoaren araberakoak izan zirelako pentsu dut. Alegia, militanteak. Guztizko militanteak. Niri, ordea, militantismoa (*) hastio zait. Nork bere determinazioaren araberako ondorioak bizi ditu. Horregatik beragatik, militantzia mota horretako pertsona horiek aintzat hartzen ditut edota ez ditut aintzat hartzen aldi berean. Hots, preziatzen ditut eta ez ditut preziatzen. Hara, ez ditudala idolatratzen ez miretsi egiten ere.
(*) Militantismoa I: kausa, ideal, ideologia edo alderdi politiko baten aldeko babes aktiboa.
(*) Militantismoa II. Aurreneko lerro horri, hauxe gehitzen diot: baldintzarik gabeko babes aktiboa, jarraitzaile "leial-zintzo"-en aktibismoa. Zakurraren putza!
6. Izen baten promesa nobela, iraganean gertatua lehenaldian kontatua da. Oroitu ahal izateko ahaztu behar omen da, nonbait. Ez naiz horretaz horren ziur. Mundua –berau apur bat ezagutzen dugunaz geroztik– borborka dagoen lapiko handi bat da. Nagusiek lapikoa kudeatzen dute, euren gurarira kudeatu ere. Horregatik edo, nire abururako, klase-borrokak ez du pertsonaren zioa izan behar. Ez zio absolutua, bederen. Edozein dela borroka mota, borrokak ez luke pertsonaren zioa izan behar. Alegia, borroka ez da pertsona izan ahal izateko arrazoi nagusia, ez bakarra ere. Ezta genero-borroka denean ere. Ezta sexualitatea tartean delarik ere. Ez eta nazio-identitate-borroka denean ere. Eta ez dut ukatzen borroka suerte horien beharra, ez eta berauek gaitzesten ere. Ezin dugu gutxietsi giza-eboluzioan borroka horiek pertsonari aportatu diotena, jakina. Ez horixe! Alta bada, gizabanakoa ez da libre izateko iaioa. Norbanakoa borrokatzeko jaioa da. Borrokatu behar izatea da bere kondena.
7. Bitxia egin zait, iragan bost hamarkadatan herri hau zeharkatu duen ETA fenomenoak horren leku gutxi izatea nobelan. Bistan da, ez da zertan leku gehiago izan behar. Ez da nobelaren zioa. Halarik ere, konstatazio bat: Liga horietako pertsonei –liga suerte guztiko komunista horiek, maoista eta troskistak–, iraultzaile horiei zeinen kontsiderazio gutxi izan zaien Euskal Herria delako honetan. Historiaren kontakizunean zein presentzia gutxi hartu duten. Areago, kontuan hartzen badugu fenomenotzat jotzen dudan ETAren ildoak anitz izan zirela, baita bere espresioak anitz izan ere. LKI ere –Ligen ildokoa– fenomeno horren barnean kokatu dezakegu, ezta?
8. Agian, Ligetako tendentzia politikoetako militanteen arrastoa 80eko hamarkadaren galdu zen –Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna-ren eraispenarekin batera–, baita militante haiek beren ildoko nahiz ondoko ildoen militanteekiko zuten begirunea –heterodoxia gisako bat– galdu ere. Tira, horixe helarazi dit nobelak. Bertzeak bertze eta halaber, mundua irauli nahi dutenak ortodoxo arbuiagarriak bilakatzen direla erakutsi dit. Ziur aski ere, bizitzak erakutsi didanak eragin du apreziazio horretan.
9. Giza-eboluzioan –herri baten eboluzioan, kasu– iraultzaile-erreboltari horien ekarpena ezin dugu guztiz gutxietsi, bistan da. Alabaina, jendarteak iraultzen ondorioz ordaindu behar izaten dituen gabeziak larregiak iruditzen zaizkit –gabezien ardura ez da soilik beraiek eraginda, noski–. Izan ere, ez naiz ziur “balizko iraultza” horietaz gero, pertsonak osatuagoak eta libreagoak jalgitzen direnik. Nago, adierazpen hauek ez doazela Hedoi Etxarte idazlearen ildoan. Ez dute zertan. Jakina, ez ditut bere jitea eta ideologia horregatik arbuiatzen, ez horixe! Bera da, neurri batean berak izan nahi duena. Baina, liburuan ageri denez –nire ikuspegia duzu, noski–, bera ere historiak –eta familiak– determinatuta izan da.
10. “Bizitza ez da aski eta horren aitorpena da literatura” (Fernando Pessoa). Ados. Baina, bizitzeko ez dago literaturaren beharrik. Lan egin beharra bai, ordea. Literaturaren aitzinetik, pertsonak baditu (bete)behar asko. Pessoa idazleak berak aitortu bezala, poeta edo idazlea, itxuratia da. Literatura bizitzaren aitorpen itxuratua da. Alta bada, ezin uka –ni betiere kontrakarrean–, liburu honetan bai pentsamenduaren bai literaturaren bai musikaren inguruan Aitorren belaunaldikoek izan zituzten gustuak eta preferentziak bikainak direnik. Kulturaren balio handiko espresioak 70 eta 80ko hamarkadatan.
11. Nobela honek hogeitazazpi atal ditu. Neronek dekalogo moduko bat osatu dut haren ariora dagoeneko. Liburua hondo gabeko putzu bat da. Altxor bat bere sakontasunean. Gabriel Aresti poeta komunistak euskara "putzu sakon eta ilun" legez deskribatu zuen. Baiki, Aitorren ildokoen kultura-ezagutza sakona izan zen, bizipenen putzu betea. Hedoik putzu ilunari argia ipini dio.
Arkitektura aipatu dut. Artearen inguruaren eta arteari buruzko saio-tipi-bizia duzu Hedoik gauzatua. Erran nahi baitut, Aitorrek eta bere hainbat lagunek artearen inguruan bizi izaten zuten esperientzia ezagutzeak, bizitzaren zioa klase-borrokaz harago doala erakutsiko dizu. Duela mende erdi luzeko euskal artisten arteko harremanak ezagutuko dituzu, Jorge Oteizaren eta Aitor Etxarteren artekoa, kasu.
12. Iraultzaile horiek –70-80 hamarkadakoak– sexualitatea ulertzeko eta bizitzeko esperientzia ezagutu dezakezu. Esperientzia onuragarriak bezain arriskugarriak. Maitasuna, inon edo edonola, gure izate mugatuak zedarrituta dagoela erakusten digu bizitzak, baita historia-biografia-nobela honek ere. Tira, idealisten eta utopikoen kasuez ari naizenez gero, bertze aburu bat: idealistak frakasora kondenatuta daude. Iraultza guztiak idealistak diren aldetik, iraultza guztiak tradituak izateko jaioak dira. Jendartetik jalgi diren iraultza-handiak hala nola jendeon eguneroko iraultza-tipiak. Izan ere, traizioa min-txertatua da gizabanakoaren aiurrian. Traizioa norbanakoaren izaeraren jatorrian dago.
Agerikoa duzu: nire kristau heziketaren eragina gainetik kendu ezinik bizi eta ari naiz oraindik ere.
13. Oteizak Oteiza. Etxartek Etxarte. Aitorrek Aitor. Hedoik Hedoi. Badok hamahiru. Malefizioa ez da hautsi. Ez dut Hedoi Etxarte ezagutzen. Poeta gisa ezagutu dut eta haren poesiaren ildoan hori edo bertze erran ere. Aitor berezia dela aitortu dut. Hedoi –hedabideen edo komunikabideen mundu burugabe eta txolin honen bitartez baino ez dut ezagutzen– pertsona “arraroa” iruditu zitzaidan “ezagutu” nuenean. Komunismoaren porrotaren garaian jaioa, doktrina komunisten ildoan azaltzen zuen bere burua. “Arraroa” horregatik. Bitxia ere, Aitorren gisara, euskaraz espresatzen zelako, ganoraz espresatu ere. Eta ez, Euskal Herriaren apologia egiten duten anitzen moldean. Itxurakeriatan, alegia.
14. Hamahirutan errenditu ezinean, hamalau baten gisara jardun beharrean ari izan nauzue, lotsagabeki jardun ere. Hedoik Aitorren promesa bete duelakoan nago. Sineskeriak eta kredoak alde batera lagata: ederto bete du. Izen baten promesa historia-biografia-nobela generoa izateaz gainera dolu-saioa da. Literatura suerte bat. Hildakoekiko dolua gauzatu ezinean bizi gara gaur egun, hartara, literaturak lagun gaitzake joan direnekiko gorazarrea gauzatzen.
Gugan bego, Aitor! Beude hemen, bere senitartekoak, bere lagunak eta haren ildoko kideak!
P. S. : oso zorioneko herentzia izan barik, dolu-eguneroko suerte bat da liburua. Izen baten promesa nobela, izan batekiko promesa betea baita.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: