Izadia eta gizadia batzen dituen eleberri poetikoa
Sar hitza(k)
Sar hitza! Sartu “hitza” eta sakatu! Sakatu hitzaren zenbait adiera aditu ditzakezu liburu honetan. Hitza adina adigarri duzu sakatuaren hotsa. Zein genero hitzean sakatu behar dugu, ordea? Hara, Wikipediak nobela gisara ekarri du berau. Bai ote? Narrugorrik nobela bat? “Beno, nobela ez, baina eleberria izan liteke”, pentsatu dut. Hori eskarnioa! Nirea, diot.
Narratzaileak dioena aintzat hartzera, “liburuan ez dago protagonistarik”. Ez naiz horretaz ziur. Tira, ez guztiz. Ez dut Narrugorrik horrela bizi izan. Narratzaileak erritmoa eta soinua hartzen ditu liburuaren eroaletzat. Eroale eroa izaki, naski. Baiki, oroz gainetik, liburuaren irakurketa eleen soinura eta erritmora kulunkatzen baita. Alabaina, protagonista-narratzaileaz bestera pertsonaiak ere izan badaude, aunitz izan ere.
Oharra: “Egia”-ri zor, nobelatzat ez ezik, poesia genero gisara ere ekarria da Wikipedian.
Ez da usaiako liburua, alta bada, idazleak aspaldi hartu zuen bideetan barna ildokatzen dela erranen nuke. Honen aurretiko Beltzuria gogoan, diot. Zer da baina Narrugorrik? Bada, ez da aise zer den adierazten, ez da samurra erraten, alafede. Hara, liburua izan samurra duzu. Eta samurra izanagatik, hauskorra. Erran nahi baitut: hostoen kraskek hotsak dakartzate bidez bide. Adibide baterako, diot.
Sakatu eta sartu ondoren
Narrugorrik izena du –liburu hitzaz izendatzeak kirrinka sortzen dit–, baina izenda liteke Larrubitxik. Edota Larrugorri Larruhas Biluzik Pikarri eta Bülüzgorri. Zortzi lerroburu liburu bererako, alegia. Izenburu horiek guztiak izadiari atxikiriko adjektibotzat hartu ditzakezu. Bai ote? Bai. Halakotzat har daitezke. Haatik, izadiari ez ezik gizadiari dagozkion adjektiboak dituzu. Gizakiari. Izakioi, hots.
“Izadia eta gizadia bat egiten dituen eleberri poetikoa” izendatzea bururatu zait. Izadian eta gizadian gorantz joaki jasoa den emaria. Emari hori hautemateko premisa bat: Narrugorrik arnasten den opari bat da. Opariak zinezkoak direnean –ulertu eraginkorrak– ezin asmatuzkoak izaten dira, ordea. Ulergaitzak zenbaitetan. Halaxe emari hau ere. Narrugorrik, berau arnasten ari den narratzailearen lerroetan hausnartu behar duzu. Hots, Ixiar Rozasen ildoan. Hark arnasten duena arnastu behar duzu. Eleberrigileak arnasten duen emari hau arnasten den zerbait gisara har ezan, har ezak, har ezazu.
I. Biluzik
Ahotsak aterpea bilatzen du biluzik daudenentzat. Halaxe egin ere emari honen a-hotsek. Biluzik izaki, biluzik izanagatik çara g-izaki. Ura, lurra, airea eta zu haien artean pilox. Hots, biluzik, bilorik gabea. Izadian larru-has zoaz. Natura-has: piloxik. Joan Perez Lazarragakoaren eleen ildoan zoaz, joan ere: Piloxic jaio çinen. Eleak iraganetik heldu zaizkizu –zaizkigu– erresonantzian eta kontsonantzian.
Izakion lengoaia sistema oso baten bortizkeriaren zeinu ezkutuak bide dira, eta, a(l)di batez, agerikoak. Sistemaren maparen ildoan zoaz, alta bada, mapek ez dizute paisaia islatzen. Hitzen hotsek eta erresonantziek higatzen dute paisaiaren erliebea. Hitzen erabilerak eta euren aldaerek egiten dute paisaia. Paisaia baina, eginda dago zu abiatu aurrez, zu ibilian joan aitzinetik. Gizakiek animaliek basoek errekek egina izan ere. Berau aditzea duzu kontua. Kontua eta zioa. Aditzen al duzu erliebeen dardara? Bai? Bai, naski.
II. Larrubixik
Ahotsak mintza eratzen du larrubixik daudenentzat. Lanbroa heldu da mendialdera, itsasertzetik dator, aitzurrari atxur esaten zioten garaitik heldu da. Artean, atx ur zen, hats ur da. Gero, aitzurra aiztoaren moldera erabilia, giza moldera egokitua, gizakion aztoramena bihurtu da: hats eta hots. Haitz eta hitz. Harkaitz eta hitz. Horregatik edo, bel-arra-rekin moztu zaitezke, odoldu egin zaitezke. Izan ere, e-me-taliko biziak mozten du. Larru-bizia moztu ere. Lurra ura eta larrua bat eginik.
Bederatzi bat urteko alaba çinen. Haurtzaroan beltzuriak ikusi zituen maizter bateko alaba. Hori ere izan çinen, izan çara eta izanen çara. Lasarten, latsa artean, erreka abandonatuan, pantone (h)Orian hezia eta hazia. Anonimoa(k) çine(te)n. Piloxic etorri çine(te)n eta piloxik joan, biluzik. Joan izaiteko joan ere. Lengoaiaren gerran hazitako belaunaldia bilakatu çine(te)n. Bizitzaren kontrako gerra. Zerendako? Izaiteko.
III. Narrugorrik
Hegaztiek hegaldatzen gaituzte narrugorrik gaudenean. Ortziaren mugara joan nahian, horizontea entzun-muga izaki hegan joan nahian. Narru gorrian negu gorrian garrasika ibilki. Idiek begiak estalita nola, halatsu ibilki, itsurik ibili ere. Ibaiaren jarioa eta errepide nazionalaren hotsak erresonantzian entzunez ibilki, kontsonantzian ibilki eta adituz. Hots e-me-talikoak entzunez eta erantzunez. Andere erdi zauritu hura argi hura gogora ekarri nahian ibilki çara. Arnas hari meheari eusten dion emea çara gaur egun ere.
Denbora eten eta gorritze batean egiten da argia. Hura harrapatu nahian ari çara egun. Behin izan çinen hura, hura bera izaki, (h)ura bera ekarri nahian belarrira. Kantauriko laino hezea, (h)ura bera, haize lehorrarekin solasean aditzen duzu gaur egun ere. Hitz bakoitza soinu erreka izaki. Izateko. Izaiteko. Argi inklinatu hura bera. Gorantz zihoana. Aditzen zenuen hura gogamenean aditzen duzu egun. Gorputz biloxia larrutzen ari zaizu orain ere. Itsas haizeak dena nahasten du ordea, egun çarena eta izan çinena nahastuz. Sistole bat oinatz bakoitzean, diastole bat oinaze bakoitzean. Zerendako? Berrirakurria izaiteko, eta gero, berridatzia izaiteko.
IIII. Biloxik
Gure bizitza biloxiak kontrolatu nahi izatea da egungo eromena. Izan ere, norantz ua billoxik? Norantz goaz billoxik gagozelako? Zu joan eta gero, billoxik. Norantz guaz?
IIIII. Larruhas
Zerendako izadia elez deskribatzea irudi biluziak berez mintzo direnean?
IIIIII. Larrugorrin
Balakuak aterpea biltzen du larrugorrin daudenentzat. Batzuer mehatxua, bertzer balakua, batzuer larderia, bertzer lausengua. Larru gorrik, larru gorrin, larru gorintz larru intz. Larru mintz, larru aintz, larru aiz, larru az, larru has. Behin animalia izan zinen. Behin arnastu zenuen azala, arnasten zenuela arnasten bizi izan zinen. Lau zango izateko lau-sengua. Izaiteko. Izatekotan.
“Atzapar luzeekin aur negarti larrugorrizkoak artzen ditu, ta bere adarretan eramaten”. Beltza, beltzuri, belcebú. Izaki makurra. Bat çinen. Eta bat çara egun ere. Bat, iluntasunean eta argiaren aldaketan bat. Soinua biluztasunean, argia iluntasunean, hitza isiltasunean, bizitza heriotzean çara zu. Irasagar, oreina, zuhaitza izan ere. Bizitza guztiak sartzen dira zure kontzientzian. Mihia mi(azk)atzen duzu horizontea behatzean. Behatza behatzean, eriari so egitean, hatzak behatuz betiere. Estuenetik zabalenera joaki, kakofonia disonanteak aditzen dituzu, eufonia aditzea helburu. Helburu eta muga aldi berean. Arnasketa zaildua eta estua entzuten dizugu. Laino arteko enborra, hezurra eta harriaren hausnarketak aditu nahi dituzu. Arnasten duten zerbait aditu nahiz ari çara. Zerendako? Izaitekoz!
IIIIIII. Pikarri
Izaki bat esperoan, esperoaren esperoan.
Izaki bat uluka, izaki bat ilunabarrean.
Izaki bat zu joaten biloxik.
Izaki bana, hainbat, urritzen.
Izaki baina, hainbat, bizitzaren kontrako gerrari ezezkoan.
Izaki bat badaezpada, badaezpada ere.
Izaki bana, hainbat, eros aditza bat da.
Izaki bana, hainbat, horizontea jan nahian entzun-mugan.
Izaki bana, hainbat, grabitateak erabat janda izateari emana(k).
Izaki bana, hainbat, arrunt biluziko çara.
Izaki bana, hainbat, desagertzear dagoen zerbaiten aztarna.
Izaki bana, hainbat, emari, izaki bana, Izakia baina.
IIIIIIII. Bülüzgorri
Oinatzak elurretan, animali(ar)en erreinuan. Soinu korapilotsuak. Norabidearen ildoan, erritmoen segidan. Mugimendua. Hazia. Energia. Agerian edo, horiek guztiak. Arnas haria biltzekoak. Irudimena intuizioaren mende izaiteko, irudimena sena izan dadin. Zerendako? Gogamena hedatzeko. Mugimenduaren hotsak eratzen beste soinuak eta fonemak lotsagabeki konposatuz. Paisaia bezain bülüz joaiteko, bülüzik ibiltzeko: Bülüzgorri duen zerbait izaiteko.
Zure hotsak adituko dituen izakiren bat egongo da, araiz. Sistoleak eta diastoleak errepikapenean. Erritmoak eta arritmiak erre pika penetan. Testu poetikoa arnasten hausnartzen duen (g)izakia izaki baiçara. Baikara. Soinu eta hitz bülüzgorri horiek izaki baikara. Lur eta ur ertz gorritan, urrituz doazen hotsak nola. Zure gorputzaren arrakaletan eta poroetan urtzen diren hotsak. Hotsak. Hutsak. Hitzak.
Belarrira erranak ere ele gutti batzuk baina ez dira. Arnasa bera, hitza izatera iritsi gabeko hots batzuk. Sonemak hitzak baino lehenagokoak izaki, fonemak baino lehenagokoak. Testuinguruaren araberako hitzak dituzu fonemak, horregatik sonemak izan ere. Hitzak erabat esaten diren arte, fonemak bilakatzen diren arte, hitzek ez dute izaterik. Hitzak metonimiak dira. Elurra elur da. Lurra lur da. Ura ur da. Lurretan pausatzen diren oinatzak, elurretan emanen dituzun oinazeak, uretan urtuko diren arnasketak. Hausnarketak. Animali(ar)en erreinuan oinatzak, (g)izakion errebidean oinazeak.
Izaki batzuek, bertze zenbaitek, zure ahots izateari utzi zioten bil hutsik, bilocik, bilorik gabe. Pikarrai, bigarra, bi garra edo lau garra. Garra eta garraisia. Garrasika inolaz ere. Bitan gorputz, birritan birrindua. Lau zatitan bi ttantta. Bertze hamaikak biluzdura egiten dute, errainu egiten dute itzalean itzalian. (H)errariak nola, arimak dabiltza basoan: Adi-adi zu. Arreta hor emana. Sistoleak eta diastoleak aditzen dituzu, bi hotsak biderkatuta, gorputza destolestuta engoitik orain.
Horra argi hori, argi biguna, belusatua. Argiaren sintaxia. Aspaldiko sua. Kolorea argiaren lengoaiaren sintaxia izaki dela diozu. Eta, erran, itzali dela erran ere. Eguna amaitu aurretik erran ere. Erreinua itzali dela erran ere. Erre (h)errena doala. Herren goazela. Maingu eta maki gabiltzala. Izan ere, hitzen itzalak beste kualitate bat dauka: oszilazioarena. Hizkuntz hori osatzen bide dute hitzen soinuek. Bülüzdura hori.
Erran zenuen, ezin dela gorputzik gabe idatzi, eta hori baietsi duzu, gorputz guztiarekin baietsi ere. Gorputz guzti(ar)ekin. Ez çara bakarra. Grabitateak hartzen du gorputza, gorantz joaki doan gorputza: lurretik gorantz, pisutik arintasunera. Erran zenuen ere, ezin dela kontzientziarik gabe idatzi. Baita hori baietsi ere.
Erran dezagun denbora dela esaldien segida berrirakurriak izateko, baita erritmoen segida izan ere. Gero berridatzia izateko. Izaiteko! Izatekotan!
VIII eta gero IX
Ixiar Rozasen Narrugorrik honetako herriak eta hiriak paisaian kamuflatzen dira. Itsasotik ez urrun, mendi arteko latsetan eta etxe-larre artean. (H)Orian nola Berdean. Hainbat dira pertsonaiak: aita ama. Osaba izeba. Anaiaren bat ere, naski. Lagunak mordoxka. Berarekin batera, bera protagonista izaki, den-denak subjektuak. Abantzu eta ia-ia adjektibo gabeko eleberria duzu. Adjektiborik gabeko poema liburua. Aditzik gabeko emaria.
Honatx ele-hitz eta berben hots artean heldu zaizkidan hotsak:
Gure hizkuntza –euskara, kasu– biluztu beharra daukagu. Kimatu, inausi, biluztu behin eta berriz, biloxik laga, bilorik gabe, alegia. Alegia eta hots. Behin eta berriz, birritan, lauetan, hitz ele hots kimu berriak arnasten hasiko garelakoan, nor izaitekotan.
Kontatu didatenez, aditu dudanez, Erreinuaren eta Probintziako antzoki zaharretan, hiriko eta herrietako 14 eta 12 karriken kantoietan, negu gorrian, emakume batek gauero aterbea bilatzen du biloxik daudenentzat. Otoika eskatzen omen dio jendeari jendearendako aterbe. Jendartea baina, ez da era horretan aditzen ohitzen. Ohitzen? Aditzen? Aditzen ohitzen!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: