Itzulpenaren penak eta zoriak (loriaz narratuta)

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-11-13 08:08

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1605253520884

Itzuliz usu begiak (Saiakera)

Anjel Lertxundi

Alberdania, 2020

Itzulpenaren penak eta zoriak (loriaz narratuta)

Itzuliz usu begiak saiakera da berez, alabaina, lerro-burutik beretik saiakerari berez ukatu ohi zaion literatur tasuna dario. Saiakera molde hau ez da berria Anjel Lertxundiren lanetan. Idazleak, hor nonbait, bere bitakora kaieran, Berbelitz pertsonaia darama berarekin. Izena bera aski elokuente eta adierazgarria da berez.

Itzulpenaz, itzulpengintzaz eta haren ingurumariaz ari zaigu Berbelitz, hots, Anjel Lertxundi. Oroz gain edo oroz azpian, itzultzaileaz eta itzultzailearen lan gotorraz idatzi du, zenbaitetan “gorrotagarria” ere bihur daitekeen lana. Idazleak dioenez, itzultzaileak adieren pisatzailea behar du izan, horretarako adieren testa egin, itzuli beharreko den obraren idazlearen, idazleen eta itzultzaile lagunen gomendioak bilatu, eta horiek begiak –orriak usu itzuliz– kiskaltzeraino jardun.

Aipuak izan ohi dira Anjel Lertxundiren makuluak bere literaturgintzan. Beraz, adi egon eta kasu eman! Konparazio baterako, aipuen jatortasunean dago itzulpenaren koska, koska eta ertza, aipu bat bere soilean oker itzultzeak obra oso baten desitxuratzea ekar lezake eta. Berbelitzek dioenez, “aipu guztiak nork bere komentura ekarriak izaten dira”.

Aipuak aipu, itzuliz usu begiak aritu naiz liburuaren hostoen artean, irakurtzea artaburuak aletzea bada, liburuak leitzeko lehen zeregina berauek ongi hostokatzea da. Honatx orrikatze zenbait:

Estreinako hau, itzultzailearen suminaren adierazle duzu:

“Itzulpengintzaren arazo handiena irakurleen indiferentzian ikusten dut. Irakurle asko, tartean irakasle asko, itzulpenen kontrako iritzi zaharkituez beteta daude. (Maria Garikano).

Itzultzaileak (ikas)etxean bertan ditu bere lanaren arerioak.

“Jarraitzen dugu barbaroren zain: / gertu daudela badakit orain”. C. P. Kavafisen poema baten lerroburua duzu, Harkaitz Canok itzulia.

Bigarren hau estreinakoaren osagarria izan daiteke. Irakaslea euskalduna da, baina barbaroa edo erdalduna bailitzan jokatzen du euskalgintzan, literaturgintzan.

“Herri oso bat itzultzaile bihurtzeak baditu bere arriskuak, ongi agerikoak gainera” (Koldo Mitxelena).

Administratzaileak euskara administratzeko soilik baliatzen badu, malo.

“Susmoa badut / –ez nago ziur–, / ote daitezen sasoiak ilun…”. (Harkaitz Cano).

Itxi da zirkulua. Edo ez… ! ?

“Itzulpena, Sarrionandiarentzat, literatura egiteko beste modu bat baizik ez da”. (Aiora Jaka).

Itzulgarritasuna beti zalantzan jarri behar ote!? “Badira sekretuak bihotzak ezpainei esan ezin dizkienak”. (Issac Bashevis Singer).

Demagun poesia itzultzeaz ari garela. Walter Benjamin-i kasu eginez, mezua ulertezintzat, sekretutzat, “poetikotzat” hartzen den mezua literatura eginez adierazi dezake itzultzaileak? Itzulgarritasuna zalantzan jarri behar da!

[Itzulpenaren] Literaltasunak egokitzapena izan behar du betiere. Me duele el corazón eta Bihotzan min dut ez dira beti bat eta beti bera. Itzulpen literalari kardiopatia kutsua hartzen dio Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelako pertsonaia batek.

“Non verbum e verbo, sed sensum exprimere de sensu / Ez hitzetik hitza, zentzutik zentzua baizik” (San Jeronimo).

Klasikoak klasiko. Zentzuzko klasikoak, zentzuzko garaikideak betiere.

“Ez dut nik nahi dudana esaten, hizkuntzak nahi duena baizik”[…] (Max Frisch, Homo Faber.

Baita nik ere!

Hasieran Homero zen: “Espero nituen bila nabilela, ez nadin ni galdu”.

Ezta ni ere.

Amaitzeko, nire zirriborroetan bi apunte ditut: liburu honek Tolstoi, Tostoi bihurtu du. F (125). “Guztiz gehien” lokuzioa darabil Berbelitz-ek. Ez ote “gutiz gehien” zuzenagoa, edo hobe?

Liburua Mañen-i eskainia da. Behinola enchanté batez agurtu eta enchanté ezagutu nuen Mari Karmen gogoan!

“Dena itzultzen da […], / dena da itzultzen, / itzultzen da bizitza, heriotza da itzultzen” (Miguel Unamuno).

P. S. Omen, saiakera ez da genero literarioa gisa sailkatzerik. Ordea, Berbelitz-en saiakeretan generoak ez du munta. Erran dezagun berben eta hitzen taxua dela garrantzizkoa, hots, eurak sailkatzea baino, berauek antolatzeko maina izatea, abilezia izatea. Saiakerari literatura tasuna erantsiz.


Utzi iruzkina: