Itsasoari oda, emakume eta gizonon gorazarre

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-05-17 08:07
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1621232455345

Ni eta Gu. Zazpigarren uhina

Pako Aristi

Erein, 2021 (Poesia)

Pako Aristi, idazlea, poeta heldu zaigu zazpigarrenez, baita heldua ere. Emaro iritsi zaigu, itsaso lain emankorra, eskuzabal… Itsasoa naro eta poeta emaro.

Zazpia da helduaroren adina. Pako Aristik heldutasuna erdietsi du. Zazpigarren uhinean kulunkatu da –behialako arrantzale sufrituen modura eta gaur egungo surfari trebeen gisara– eta poema parrasta laga digu hondarrean.

Lerro-bururik gabeko poemak dituzu, 78 guztira. 77 izan balira are emaitza "biribilagoa" litzateke berea, baina poesia ez da matematika kontua, ez logika hutsa behinik behin. Halaxe ageri duzu Ni eta Gu izeneko oda honetan.

Esan dezagun, eman dezagun, liburuaren izenburua dela poema guztien lerro-burua. Amiñi bat luzatuta honela: “Ni Gu naiz, umetan Gu nintzen bezala”. Funtsean, itsasoa poeta bera da eta Gu dira Josu, Bitoriano, Estanis, Ezenarro, Geoffrey, Ana, Charly, Juanillo, Adel, Doroteo edota Jone. Besteak beste.

Aristi poeta hau ez da Aresti hura, baina klasedun poeta duzu (ere). Klase batekoen poeta (izan ere). Itsasoan murgildu da ausarki, Gabriel nola Pako lotsabako poeta baita. Eta hala izanagatik ere, “barkamen” eske heldu zaigu Urrestillako poeta.

Urrestillako poeta baina ez da daborduko Urrestillakoa, ez soilik bederen. Poeta Zestoakoa ere bada, bada ere Oriokoa, eta kasuon, Getariakoa da oroz gainetik, nahiz –liburuaren– azalekoa (irudia) Oriokoa izan.

Bere ametsak baina, poemak, ez dira Kantaurin soilik itotzen. Galiziaraino –edozein Finistèreraino– heldu ohi dira itsasoaren mugagabetasunean, eta harantzago joatearen arriskuaz oharturik, hitzekiko mesfidantzaz jakitun da poeta.

Poetak, idazleak ere nolabait, galderak eta galderak pausatzen ditu paperean, itsasoak olatuak hondartzan nola. Eta irakurleak –kasuon nik, 402 emakume eta sei gizon despistatuetako bat– leku bat mundua eriden nahian irakurtzen ditu bere berbak.

Leku bat behar dugu munduan, eiki. Alabaina, apika, hobe galderarik behar ez lukeen lekuan –idoro– izatea. Itsasoari begira ikusten dugun horretan desegingo garela onartzen dugunean izanen baikara leku bat munduan!

Ni eta Gu. Zazpigarren uhinak hagitz eman dit, bizirik izaten laguntzen nau. Orduak eta orenak pasa nitzake bere abaroan ele lerroen sortzaile, iruzkingile. Zertarako baina? Oharturik nago isiltasunera iritsiko naizenean guztira iritsiko naizela.

Post Scriptum: P. S. edota literaturaz lekora hainbat burutapen.

1. Zein poesia mota izkiriatuko du Pako Aristik helduaro iritsi ostean? Itauna hau ere.

2. Zer poema motak idatziko ditu? Erran nahi baitut, berak hainbeste maite eta errespetatzen dituen lagun jubilatuen adinean biziko denean? Beste itaun bat hau ere.

3. Iruzkin egile lotsagabe honen itaunez beste, proposamen bat. Bat edo… Pako Aristi poetaz gain, bere hastapeneko nobelagilea nahi nuke irakurri berriz ere. Eleberriaren protagonistak poema liburu honetakoak lirateke. Prosa poetikoz saretua. Guti goiti-beheiti!, hori ere.

4. Erria txikota luke izenburua.

5. Tesia: “Aberatsik ez da euskaldunetan, ala erdaldun bihurtzen da euskalduna aberasten denean?”. Hori ere itauna da. Ez da nirea baina, poetarena duzu eta!

6. Azken aurreko uhina. Arrunt pertsonala da. Abantzu hamar urte dira gure ama eta biok paseatzen gindoazela Getariako portuan. Pako agurtu nuen, agurtu genuen elkar. “Pako Aristi da, idazlea”. Amak atoan: “Bai, iruditu dakit”. Harritu ninduen arras, amak. Batzuek sagua ikusten duten lekuan, nik ikusten dudan baleari so geratu nintzen, eta abantean segitu genuen.

7. Azkenik. Hitzen eta irudien sortzailea –poeta eta argazkilaria– lerro bakar batean errenditu da amarekiko: “Gure ama gaur hil da” duzu poesia liburu emankor honen hondar lerroa, azken alea, hondarra eta harea.


Utzi iruzkina: