Algak eta Maskorrak, Jentilak eta Tonbak
Hendaiar askok –hendaiarrak ez direnek are gutxiago– ez dute ezagutzen bertako hondartzaren izena: Ondarraitz. Polita, ezta?
Baten batek pentsatuko du: H-rik gabe? Baiki. Hendaiako euskarazko grafian, iraganean, H-ak ez zuen izaterik. Hendaia Hegoaldeari lotuta dago aspalditik. Seaska ikastolen aldeko mobilizazioetan, Hendaiako ordezkariek manifestazioan zeramaten pankartak Endaia idatzia ageri ohi zuen. Areago, Seaska hitza Iparraldean Sehaska da, hegoaldean bezala, H Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberokoa izaki. Zer dela eta bertako ikastolek Seaska izena eta ez Sehaska? Erran gabe doa, zergatia.
Gaurko sujetua ordea, Ondarraitz hondartza da. Pandemia garai honetan are leku berezia bilakatua. Algak –itsas orbelak ere deituta– eurrez iristen dira ur-ertzera. Hendaian oraindik ere algak biltzen dira, argazkia lekuko, aste honetakoa. Maskorrak ere burrustan ekartzen dituzte olatu biziek.
Ondarraitz paradisua da. Une honetan gainera, bizi dugun egoera berezia dela eta, Mari Jainkosa ager ote litekeen pentsu ohi dut, bertan promenatzen naizenean.
Gure mitoak joan ziren, uxatu genituen, batzuen ustez, modernotasuna goraipatzen dutenek, hobe joan izana esaten dute.
Horiek horrela, galdu genuen herri jakintza eta modernotasuna delakoa jarri nahi ditut kontrastean.
Ondarraitzeko berezitasuna Tonbak dira. Alegia, Abadia eremu aldean dauden harritzar bi horiek. Tonbak izena antigoalean, orain berri berreskuratua. Tonbak, Donbak edo Donbarriak ere. Deux jumeaux deitua, frantsesez.
Herriko seinaletan horrela ageri da: Deux jumeaux / Donbak. Haatik, historia berrian, gure kulturaren desjabetzearen pasadizo bat kontatuko dizuet. Hendaian euskal preso politikoen aldeko elkarte bat izan zen: Bixkiak.
Euskaldun modernoek –ez da afrontu bat– herria euskaldundu nahian, halabeharrez, Deux jumeaux delakoaren itzulpena egin zuten: Bixkiak! Nire aburuan, ez da berreuskalduntzearen ankerkeria bakarra, Hendaian hamaika dira horrelako (egunen batean ekarriko ditut hizpidera).
Zergatik Tonbak? Bada, horra ipuina:
“Antigoalean, euskal jentilak Aia Harria inguruan bizi ziren. Bidasoan eta bere medien inguruan asko dira mairuak edo mairu-baratzak, baita jentil baratze deituak ere, hala nola harrespilak. Bada, omen, itsas handitik zetozen arrotzak geldiarazteko eta gure lurraldetik uxatzeko habailaz baliatzen ziren jentilak".
Ondarraitzeko Tonbak, omen, jentil erraldoi batek habailaz jaurtikiak dira.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: