Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, atzeak erakusten du egungo gure aurrealdea

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-11-16 08:03

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1605511611660

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1605511135457

 2001ko urriaren 20an borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuen ETAk. Gero beste adierazpen batzuk heldu ziren, hala nola armagabetzea eta beste.

ETAren historian efemeride seinalatuak daude. Nik aipatu datakoa, berriz ere, ilusioz beteta hartu zen nire inguruan. Ni orduan ARGIAko kazetaria nintzen. ETA juzgatzeko izan dudan ikuspegia ez da inoiz alboan izan ditudanen ildokoa ez gustukoa ere.

ETAren erabakiaren harian gai nagusia eraman zuen aldizkaria egin zen. Nik erreportajerako “pieza” bat proposatu nuen erredakzioko politika sailean. Erantzuna erabatekoa izan zen: “Ez, ez dugu behar…. Behar diren atalak ‘itxita’ daude”.

Oraindik ere ez dut ETAren gaia burutik uxatu. Baina gogoa beteko nauen zerbait idazteko, asko pentsatu behar izaten dut. Ordainez, hemerotekara jo dut gaur goizean. 2011ko urrian idatzia da. Hauxe inork gutxik irakurri zuen gogoeta:

Iragan eta gero hurbilari soako sorta

“ETAk behin betiko amaitu du borroka armatua” irakurri genuen urriaren 20an. ETA erakundeak berak horrela erabakita. Berrogeita hamar urte luzeko fenomeno sozio-politiko armatuaren ostean, herri honen iragan eta gero hurbilari hainbat begirada bota diot.

Lizarra-Garaziko Akordioa

Lehen begiradak duela hamabi urte izan zen Lizarra-Garaziko garaira narama. Lizarra-Garaziko prozesua Ipar Irlandako esperientzian funtsatu zen. Alabaina, Ipar Irlandan ez bezala, gurean prozesua ez zen egonkortzera eta han bezala gauzatzera iritsi. Ipar Irlandako gatazka irlandar errepublikarren eta unionisten arteko espresioa da, baita bi estatuen arazoa ere: Irlandako Errepublika eta Erresuma Batuarena.

Lizarra-Garaziko garaiko esperientziak itxaropena ekarri zuen gizartera. Euskal abertzaletasunaren bi kultura politiko nagusien hurrantze moduko bat eman zen. Halaber, gizarteko hainbat mugimendu sozial eta sindikalen arteko harremanak areagotu eta landu ziren.

Helburu politikoak epe laburrean lortzeko prozesu baino gatazka konpontzeko metodoa landu zen. Izan ere, euskal alderdi konstituzionalistak –PP eta PSOE– ez zeuden akordioan. Estatuko beste nazio eta herrialdeen hala nola IUren (gurean EBrena) atxikimendua zeukan.

Gaurtik begiraturik, konstatazio bat: ezker abertzalearen baitan zegoen barne egoera ez zen –gaur egun bezala– umotua. Ez gaur egun bezala, ezta gerora ere Loiolako elkarrizketetan izan zena. Anoetako Adierazpenaren ondoren zabaldu zen bi erraileko metodoa edo prozesua. Errail batetik, gatazkaren ondorioez ETA eta Gobernua mintzatuko dira, eta bestetik, alderdi eta eragile politikoak, baita gizartea ere.

Gaur egun, ETAk borroka armatua bukatu duela esatean, aurreko bi prozesuetan ETAk zeukan nagusitasuna apaldu da. Hau da, orduko ildo armatuaren nagusitasuna ildo politikoak azpiratua izan da orain, nolabait.

Hamarkada luze honetan, bestalde, edo aldi berean, hiru prozesuak lotzen dituen hari eramailea badago: ETAren aldetiko eraso armatu geroz eta indiskriminatuagoak: zinegotzien eta hautetsien aurkakoak, besteak beste. Aldi berean, Espainiako nahiz Frantziako estatuen aldetiko euskal nazionaren zapalketari, zapaltze selektiboa gehitu zen, Europako demokrazien markoan. Hau da, Estatuak etsaiarekiko aiherkundea are izugarriagoa gogortu zuen bere legediaren erabilpen hutsalaren bitartez: espetxe eta zigor legealdi ankerrak ezarri ditu.

Estatuaren biolentziaren monopolio izanik, Espainiako Estatuak espainol gizartearen atxikimendua erantsi dio biolentzia sinboliko horri.

Euskal nazioaren aldarrikapenaren –Estatutik bereizteko– alde jalgitzen den edozein ekimenaren demonizazioa. Horretarako “Dena ETA da” delakoaren tesia ondo baino hobeto landu baitu. ETAren entornoaren tesia. Tesi horren ondorioak lehenik eta batez ere, ezker abertzalekoen gainean erori ziren. Egun, oraindik ere, Arnaldo Otegiren eta bere inguruko kideen gainean ezarria dena. Baina ez bakarrik. Iragan hurbilean, adibidez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarengana, baita Euskal Legebiltzarreko Mahaiaren kideengana iritsi zen jazarpena, besteak beste. Orobat, gizarteko sektore eta pertsonengana iritsi zen. Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako jazarpena gogoan.

Atal honekin amaitzeko: Lizarra-Garaziko prozesuak bi joera abertzale nagusien arteko moldatze ezina azaleratu zuen. ETAk bukatutzat eman zuen zabaldutako prozesua, errua EAJri –EAri barne. Ondo da hau ere gogoratzea – leporatuz ETAk, ordea, ez zuen kontuan hartu, haren jarrerak ezker abertzalearen oinarrietan zabaldu zuen egon ezina.

Anoetako Adierazpena: Loiolako elkarrizketak

Ezker abertzalearen Anoetako adierazpenaren ostean heldu ziren Loiolako elkarrizketak, ezker abertzalearen eta PSOEren arteko negoziazio saio luzeen ondoren heldu ere. Loiolako biltzea azken unean gertatu zen, ezintasunaren ondorioz, eta EAJren azken uneko parte-hartzearekin. Loiolakoa Lizarrako prozesuaren aldean ezberdina izan zen:elkarrizketa prozesua alderdi abertzaleen eta –Espainiako Gobernuan zegoen– PSOEren artean izan zen.

Ordurako, Irlandako gatazka konpontzeko erabili zuten metodoa errotu samar zegoen. Anoetako eta Stormonteko adierazpenak antzekoak dira: estatuek eta talde armatuak gatazkaren ondorioak konpondu behar zituzten/dituzte –memoria, berradiskidetzea, presoen eta biktimen arazoa– eta politikariek arazo politikoa.

Elkarrizketa prozesua abiatua zegoen, baina estatuen aldetiko errepresio eta zapalketak jarraitu zuen. Estatuaren tresneria judizialak ez zuen geratzerik izan: “Dena da ETA”, zioen. Ildo armatuaren nagusitasuna ildo politikoaren gainean zegoela berretsi zuten Estatuetako botere judizialek, indar politiko konstituzionalistek, baita modu batez, EAJk berak ere bai.

Ezker abertzalean Zutik Euskal Herria adierazpenaren ondoren, Gernikako Akordioa heldu zen. Aurreko bi prozesuen ondorengo aldaketa garrantzitsua izan da. Ezker abertzaleak aurreko prozesuen ondorioak aztertu ondoren, ildo politikoak dinamika eta aldaketa garbiak proposatu ditu. Zentzu horretan, estatuen aldetiko errepresioa alferrikakoa izan da. Hau da, Arnaldo Otegiren inguruan jardun duen taldeak adimenez jokatu du –espetxean bukatu arren– eta horrek prozesua bideratzea ekarri du. Ekimenak ezker abertzalearen zatiketa saihestu du, areago, bidea zabaldu eta harago joan da, ezker abertzale berria gauzatzeko aukera bideratu du, indar anitzak Gernikako Akordioan bilduz.

Estatuak prozesua, berriz ere, porrotera bidean sartu nahi izan du. Berriz ere prozesu traumatikoa bilakatzea. Estatuaren probokazio estrategiak (nazioaren zapalkuntza) indarrean segitu baitu. Hots, lema honi jarraitu dio estatuak: “Zatiketa lortzen badugu, mugimendua erabat ahulduko dugu. Terrorismo itsua probokatu behar dugu, ildo armatua eta ildo politikoaren arteko inolako harremanik izan ez dadin. Desastrea”. Estatuak ez du hori lortu, ordea. Edo oraingoz, behintzat.

Aieten abiatutako prozesuaren metodologiaren gakoa

Aurreko prozesuetan ez bezala, oraingoan akatsak uxatzen dituen metodoa landu da. Bake prozesuaren arrakasta ekar dezakeen metodologia, hau da, prozesu honetan ezker abertzaleak hartu du iniziatiba, aldebakartasuna delakoaren bidez, aurreko prozesuetan ez bezala, bilateraltasunetik erantzun beharrean.

Arnaldo Otegiren inguruko taldeak bide horretan segituz gero, Estatua mugitzera behartuko duela sinetsi du. Izan ere, Estatuak ezker abertzalearen ildo politikoa bere probokazioan sartzea bilatu du. “Dena ETA da” delakoaren teoriak ondorio nabaria izan du ezker abertzalean. Ezker abertzalea (Batasuna) sistemaren mekanismoak erabiltzera behartu ditu, esaterako: espetxe sistemaren aurkako helegitea jartzera, Auzitegi Konstituzionalaren babes bila jotzera. Ezker abertzalearen ildo politikoa sistemaren mekanikan sartu da, ezker abertzalearen oinarriak bide hori onartu du nolabait. Aldi berean, ETAren jardueraren jarraipenak proiektu politikoari iraganean ekarri dizkion kalteaz jabetuta, bide hori hobetsi du, neurri batean bederen.

Ezker abertzale oinarri zabalenak pentsatzen du ETAren garaia pasa zela. Estatuarekiko lehian, ETAren derrota militarra asumitu bide du azken bi prozesuen ondoren. Horrek ezker abertzalearen –tradizionalaren– diskurtsoa askatu du. Bere diskurtsoak legitimitate irabazi du. Estatuek (espainolak eta frantsesak) hori ikusirik, prozesu berria gauzatzeari ekiteko prest daude itxura batez. Legitimitate moduko bat eman nahi diote prozesuari, baita ezker abertzalearen ildo politikoari ere. Edo estatuek legitimitate politiko hori ikusten dutela pentsatu behar dugu, bederen.

Bake prozesuetan beti izan da bitartekaritza talde bat: Ipar Irlandan edota Hego Afrikan, kasu. Donostian bildutako politikariek Europako azken gatazka armatua bezala jo dute Euskal Herrikoa. Euskal Herria Europari begira jarri dute. Bake Konferentziak ETAri eta gobernuei elkarrizketa bideratzeko deia egin ondoren, ETAk berehala erantzun du. Desarmea lehenik, eta ondoren, gatazka politiko dira bi hitzetan landu beharreko gaiak.

Epe luzera begira

Bi premisa, bat: Espainiako Estatua ETAko jendea derrotatu bezala ekartzeko tentazioan eror daiteke. “ETAk behin betiko amaitu du borroka armatua” ebazpenaren aurrean hori gauzatzen saiatu liteke.

Bigarren premisa: euskal auzia eta Ipar Irlandakoa alderatzen baditugu diferentzia bat ageri da: Irlandan bi indarrak lehiatzen dira: errepublikarrak eta unionistak. Errepublikarren helburua Ipar Irlanda Irlandako Errepublikan integratzea da. Unionistena Erresuma Handian segitzea.

Han bi estatuak izan badaude, eratuta daude. Hemen ez. Hemen, herri honen parte batek estatu berria sortzeko nahikaria dauka. Hemen epe ertainean ez bada planteatzen ere, helburuetako bat beste estatu bat sortzea da. Espainiako eta Frantziako estatuen ondoan Euskal Estatua. Errealistak izan gaitezen, Ipar Irlandan ez bezala, Europarentzat bi estatuen arteko konponketa zen, hemen ez dago holakorik. Hemen bi estatu nagusien arteko konponketa behar da, eta gero Euskal Estatua –nolabait esanda– sortzeko akordioa behar da. Epe luzera begira ari naiz.

Edonola ere, helburu horren bidean, horretarako lehenik bi euskal kultura nazionalisten arteko oinarrizko akordioa beharrezkoa da. Mundu abertzalean enpatia modukoa badago, edo gatazka armatua gainditurik, orain arte izan ez den elkar ulertzeko abagunea izan behar luke –edo agian, nire desioa eta errealitatea nahasten ditut–. Halaber, nazioarteko bitartekarien taldeak Europari begira planteatu duen bidea baikortasunez ikusi da mundu abertzalean.

Dena den, Euskal Herria ez dago Estatu independentea lortzeko atarian, Europako ekialdean geratu den bezala. Nolanahi ere, bide eta helburu horretan, indar abertzaleek euren arteko oinarrizko akordioa bilatu beharko lukete. Ezker abertzaleak eta EAJk hori lortzeko modua landu beharko lukete. Horretarako trebezia politiko handia behar da, eta denbora. Denbora luze.

Bien bitartean, gatazka armatuak utzitako ondorioak gainditzeaz bestera, indar abertzaleek estatuko beste indar politikoekin –indar konstituzionalistekin barne– beste itun moduko bat lortzea ere lagungarria litzateke. Estatuko indar politikoekin moldatzeko bitartekoak lortu beharko dituzte indar abertzaleek. Izan ere, anartean, estatuek ez dute berehalakoan euskal nazio izaera integrala onartuko. EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak osatutakoa. Biolentziaren monopolioa eta sinbolikoa beren esku daukate. Estatuaren etsaiekiko opresioari eutsiko diote. Euskal nazioaren gutxiengoari betoa ezarriko dio betiere. Ezker abertzale berriak garai berri politikoan egoera hori erauzteko gauza dela erakustea du behin-behineko erronka.

Post Sciptum: 2021 urtea dator, hamar urte beteko ditu ETAren iragarpenak. Nire inguruan ari ziren kazetarien kalkuluetan, hamar urte bete baino askoz lehenago euskal preso guztiak etxean egongo ziren, baita herri honen hainbat eskubide –inguruko estatuek– onartuta ere. Oso baikorrak ziren. ETAren erabakia baina, oso-oso berant heldu zen.

Baliteke urte berriarekin, ETAren bilakaeraz gogoeta berri bat egitea. Anartean baina, ETAren iragan hurbilaz idatzitakoaz hausnatu egin nahi dut.

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, atzeak erakusten du egungo gure aurrealdea.


Utzi iruzkina: