Iragana ez da inoiz hiltzen, ezta obsesioak hil ere

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-09-12 06:44

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1757652889007

Iragan atergabea

Julen Belamuno

Elkar, 2025

Zenbait lerro soslaiko

Iruzkintzen dudan hirugarren liburua duzu; Julen Belamunoren hau, alegia. Hutsetik agertu zen. Orain hamar urte jadaneko. Hiru narrazio-sorta eta nobela bat plazaratua da. Prosalari artetsua duzu. Hirugarren honetan ederto berretsi du trebetasun hori. Narrazioak komentatu dizkiot, Gaueko zaintzailea nobela ez. Atx! Irakurri egin behar(ko) dut hori ere.

Julen Belamuno, goitizena(k) d(it)uzu. Belamuno hain segur. Julen ere bai? Julen izan liteke idazlearen izena. Bai ote? Dena dela ere –ez naiz ikertzaile; are gutxiago detektibe–, Julen Belamuno ez da idazle anonimoa. Azpeitiar gasteiztartu-tzat har dezakegu. Eta bere fisonomian erreparatuta –aintzat hartuta– badugu norekin oroitu, baita gogoan nor hartu ere.
    Julen Belamuno idazlea da. Ekonomian eta filosofian ikasia. Irakaskuntzan eta administrazioan aritua. Jubilatua. Bozkarioz idazten duela erranen nuke, serio-demonio idatzi ere.

Liburua soslaiaz

Liburuaren azaleko zubiaren gainean paratu naiz; paratu dut nire imajinazioa, hots. Iñigo Antia Olabe pertsonaiaren gogoa egin dut nire: iragana ez da inoiz hiltzen, eta igaro ere ez da igarotzen; aldaezin geratzen da betiko. Sasoi gordinak gogorarazi dizkit Iñigo gazte heldu lerdenak. Halaz ere, ez idealizatu iragana –pentsatu dut–, ez sobera humanizatu ere.

Zubi azpian aterbe hartzekotan egon naiz instant batez: su-sotil-bare-tipi bat isiotzea eta nire gogoa ibaiko ur goaien zurrumurruen zorira lagatzea –pentsatu dut–. Gogoa zalantza-balantzaka ibili zait. Urrats batzuk eman ditut; ordea, ostera, Iñigoren txirrindua hartu dut –ostu diot– eta ihesari eman.
    Bueno, txirrindua Julenena ere izan daiteke.

Zazpi bekatuei zazpi bertutek aitzi

Iragan atergabea zazpi narraziok osatuta dago. Narraziok irakurri ahala zazpi bekatu kapitalak ibili zaizkit gogoan, gutxi-asko: harrokeria, zekenkeria, lizunkeria, haserrea, gula, inbidia eta nagikeria. “Gure” heziketaren oinarrian dauden eliz katolikoaren “bekatu nagusiak”. Gutxi-asko ere, bekatu berauek zazpi istorio hauetako pertsonaien ezaugarrietan antzeman ditut. Bekatuok nire arimaren grina ziliportatuta jardun dut irakurtzen.

Iraganari aterbe eman beharrean irakurri ohi dut; bertzeak bertze eta gutxi-asko hori ere. Pertsonaiaren baten harrokeriari atzi egiten dionaren umiltasuna antzeman dut. Zekenkeriaren aurrean eskuzabaltasuna kausitu dut bertze pertsonaia batengan. Lizunkeria edota haren lohitasuna garbitzen jakin du hirugarren batek. Gorrotoa egonarriz hartu du laugarrenak. Mizkinkeriak neurritasunez kudeatu ditu hurrenak. Bekaizkeria eta nagikeria arduraz hartuz eta laguntza elkarri emanez ikusi gura izan ditut gainerako biak.

Zazpi narrazio, zeini berea

Zazpi zenbakia espiritualtasunarekin eta egiaren bilaketarekin lotzen da “gure” tradizio erlijiosoan. Tradizio espiritualetan, sarri askotan, zenbaki sakratutzat hartzen da. Perfekzioa eta osotasuna sinbolizatzen ei ditu.

1. Itsas hilerria: elkarren ondoan bizitzera kondenatuta dauden herrietako jendeen gogoek zaputza daramate gordea. Herritar horientzat, istorio horretako Ismael pertsonaiak ez du arima izaterik.
2. Seinale-mutilaren balada: harrokeria eta zangartasuna bateratzea hagitz arriskutsua dugu. Aiherrak emanda bizitzeak duda-mudetan bizitzera kondenatzen gaitu. Kontakizun honetako pertsonaia nagusiaren jitea lausoa da, baita haren kontrakarrean jarri zaionarena ere. Izen propiorik gabeko pertsonak ere izana du.
3. Uraren dohainak: Joxe Artola Zinkunegi pertsonaia lizunari aitzi egin beharrak –gurak eta grinak beharturik nonbait– Txomin pertsonaiari bere zekenkeria hanpatu dio. Astun da gero “kristauok” daramagun gurutzea.
4. Ezaxola sendabide: paradisua edota edena eman zitzaizkigun. Istorioko protagonistek edena asunez bete dute eta Osinarteko finka lorez apaindu. Ezaxola sendabidea dela sinetsarazi nahi ere!
5. Sasoi gordinak gogora: Amaia, Manu, Janire, Imanol eta Elena… Protagonisten izenak dituzu horiek. Irakurleonak izan litezke. Pertsonaia ahulak dira; pertsona ahulak baikara, izanik ere. Apika, horregatik, den-denok, istorio mengelen protagonistak bihurtu gaitezke ere bai.
6. Ahalguztidunaren ezinak: Aita Joakin eta Iñigo Olabe Antia dituzu protagonistak, alafede. Tere Iriondo, Epelde bikarioa eta Ana Mari Loidi tarteko pertsonaiak izaki, hala beharrean horiek ere.
    Ikasbide: “Gure” sortzaile ei den Begirale Handiaren malkoak ditugu mundu honetako ezinen adierazle. Adierazle nagusia eta ezinen egile.
7. Finalistak: anitz dituzu istorio honetako bizizaleak, amaieran baina bi baino ez dira bizi jadaneko. Biak ala biak dira pertsonaia nagusiak zein protagonistak: Gabino eta Otsabi. Lehenarena izen propioa duzu, bigarrenarena izengoitia izan ere. Jainkoaren graziaz: Gabino Zabaleta Arruti eta Anselmo Unanue Aizpuru. Otsabik sua darama bere baitan, Gabinok, berriz, su-emaile-jitea darama bere barnean. Gabino, “gure” infernuen su-amatatzaile izan guran, su-piztaile koldarra bilakatu da hainbertzean. Horratx gizabanakoen paradoxa.
   
    Irakaspena: historian pertsonak nola istoriotan pertsonaia batzuk zaharrak dira eta beste batzuk gazteak. Batzuk lehenago heldu ziren mundura eta bestetzuk ostean. “Bizitza nola badoan eta gu harekin”, pentsatu dut irakurraldian.

Funtsaz edota edukiaz

“Gure” jendartearen kronikak begitandu zaizkit; Julen Belamunok Iragan aterbean paratutako istoriook, alegia. “Gure” kakotx artean idatzi dut, gure jendartearen parte baten gaineko kontakizunak diren aldetik. Kronikak ere idatzi dut, berauek, hogei, hogeita hamar, berrogeita hamar, hirurogeita hamar edo laurogei urteko pertsonen –pertsonaien– perspektibatik idatzita baitaude.

Pertsonaia nagusien jitea “obsesioa” dela erranen nuke. Kontakizunak obsesio batetik ernatuak izaten dira, “gure” obsesioetatik jalgiak nolabait; norbanakoen aiurriaren adierazleak direlarik. Istorioak –obsesioak–, sarri askotan, pertsonaien borondatearen aurka nagusitzen diren burutapenak edota irudiak dira
–kontakizunotako argazkiak lekuko–. Geure gogotik kendu ezin ditugun iraganeko bizipenak dira. Gure ideia edota gogo irmo batek eragindako asaldura animikoak; gure gogo-aldartearen adierazleak. Gogamenari gogor erasotzen diotenak.
    Kontakizunok gizabanakoen obsesioen adierazpen-alderdi ugariren adierazleak dira. Niretzat noski; noski hori ere. Horregatik edo, berauek arimarekin lotu egin izana neronek.

Formaz edota moldeaz

Julen Belamuno prosalari egoki antzo paratu dut. Prosalari iaioa gisa ekarria da; ekarria dugula erran nezake ere. Narraziook euskara noranahiko batean idatzita daude. Horren noranahiko norabidean idatzita daudenez gero, batzuetan, nire irakurketa-gogoa kontakizuna berau gainditzeraino iritsi da; hartaraino iritsi naiz alegia. Hau da, gogo obsesiboak irakurraldia amiñi bat zapuztu dit. Nire gabezia duzu noski; noski baino noskiago hori ere.

Nire usterako, usteak ustel betiere –partez, bedaio–, idazle honen prosan bere formazioaren eragina sano agerikoa duzu. Erran nahi baitut, begi-bistakoa da ekonomialaria eta filosofoa dela. Bere prosari poetikaren zantzu “eskasak” antzeman dizkiot, ordea. Aburu hori –bestera irudi badu ere– ez da gutxiesgarria. Nire gardiz hori ere, izan ere, ez dago kontakizun bati hobekien doitzen zaion prosaren taxua aise baloratzerik; edo egokiro neurtzerik behinik behin.

Narrazioen poetika aipatu dut. Ez alferrik, espero. Izan ere, Iragan atergabea delako honetan ez dituzu poemak eskas. Ez dira nolanahikoak. Poemak ote? Olerkiak, agian! Honatx: batzuk bertsoen tankerakoak dira, bestetzuk lerro libre antzekoak. Noranahikoak izanik ere, batzuk zein bestetzuk, ez dira amen-omenka paratuta. Ez horixe.
   Oharpena: inplizituki nahiz esplizituki, literaturaren gaineko idazlearen aburua edota ikuspegia aurkitu ditzakezu narraziootan bertan.

Post scriptum poetÄ­cus

Uzkur dator ibaia bakarka kantari
lur idorrak bustiak apal xuxurlari. 
Bakezko murmur-hotsa dakarkio opari
haren egia entzun nahi lukeenari.


Utzi iruzkina: