Inor –ez– da Mikel Laboa

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-11-03 11:39

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1699009022763

Ni ez naiz MIKEL LABOA

Iturriaga, Cano, Larratxe

Elkar, 2022

Burutapen zenbait hasmentan

(Nire) burua kokatu aldera, zenbait pena hasteko; hala penak nola loriak. Biografia omen da –genero literariotzat onartzen badugu behintzat– idazteko lanik zailena. Pertsona baten bizitzak badu saiotik (saiatzetik), badu poesiatik (izatetik), badu ipuinetik (fantasiatik), finean bizitza nobela da. Pertsona baten biografia egitea, haren bizitza hitzetan paratzea da. Pertsona baten biografia egitea, pertsona pertsonaia bihurtzen da. Pertsona hil da eta pertsonaia sortu da. Pertsonaia sortu dugu, alegia.

Ni ez naiz MIKEL LABOA liburuan pertsona haren bizitza marraztuta kausituko duzu. Marraztuta, irudikatua, irudiz osatua, hitzetan ez ezik irudietan paratua. Batez ere, irudietan. Alta bada, irudien gibelean edo hauen baitan badago gidoi bat, ezinbestean egon ere. Hots, eleberri grafiko bat duzu eskuetan.
    Ez naiz biografia baten gainean deus erraten ohituta. Areago, ez dut nire burua gai ikusten biografia marraztu baten gainean taxuzko deus errateko. Kasuon, protagonista pertsona baino pertsonaia da nire bizitzan. Pertsonaia hurbila bezain urruna. Ez zait aise (haren) burua kokatzea, Mikel Laboa txori herrari izan baitzen, baita egun halaxe izan ere. Arboladi finko batean bere burua paratu ezin duen hegaztia.

Zena eta dena dela ere, kontua ez da nik Mikel Laboaz deus erratea. Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz MIKEL LABOA lana komentatzea baizik. Alabaina, zaila egiten zait liburua irakurri ahala, Mikel Laboak nire –gure– izatearen baitan utzitako arrastoren bat kontatzearen tentazioari itzuri egitea. Erran nahi baitut, Mikel Laboarekin bizi izan dugunok –Laboaren garaiko euskal kantagintza gure barrenean daramagunez ari naiz, haren soinu bandarekin batera, hots– haren alboan imajinatutako pasadizoren bat edo beste gurekin daramatzagula. Modu batez edo beste, neurri batean edo bestean, denok izan gara edo izan nahi –izan– dugu Mikel Laboa. Haatik, inor –ez– da Mikel Laboa.

Hots, ni –ez– naiz Mikel Laboa. Alabaina, lipar batez, nork ez du Mikel Laboa izan nahi –izan–? Lipar batez diot. Ez betiere. Ez modu iraunkorrean. Guztiok dugu aurpegi eta izate aunitz. Zer esanik ez Mikel Laboak. Mikel Laboa poliedrikoa –izan– baitzen. Beraz, inor –ezin– da Mikel Laboa izan. Mikel Laboa esperimentu –saiakuntza– bat izan zen. Inor –ez– da Mikel Laboa, ezta bera ere. Mikel Laboa bera, ez baitzen beti Mikel Laboa –izan– izaten.

Eleberri grafikoa eskuetan hartu ezazu –azal eta kontrazal lodi eta sendoak haztatuko– eta film baten barruan kausituko duzu zure burua.

Egiantzeko/itxurazko biografia bat (1. atala)

Western batean ari duzu protagonista. Bere bizitzaren berebiziko atala duzu genero hau. Western surrealista batean zaude. Laboaren lagun kuttunen erreferentziak ikusgarri: Charlie Rivel, Atahualpa Yupanqui… Toki izenak ez gutxi: Santimamiña, Barber Shop, Erviti musika denda... Hori marasma-sare. Basamortua. Basamortuaren uherra zilarrez koloreztatu zuen kantaria ageri duzu lehenbiziko atal honetan.
   Quentin Tarantinoren film bat irudiPulp Fiction, naski–. Antzeman daiteke hala berean, David Lynchen film baten giroa edota moldea: Mulholland Drive filmarena, agian. Etorkizuneko Txeroki trostan abian da.

Lili baten hostoen erauzketak tarteko (2. atala)

Jauzi handia ematen du kontakizunak segidan. Zirt eta zart, maitasun (h)istori(o)a duzu kuxian. Brist-brastakoan, baso mortutik hirira aldatu da filma. Lehorretik itsaso aldera. Mikel Laboaren hirira, aisialdia eta lanaldia uztartzen dituen hirira. Haren nortasunaren koloreak dituzu agerian. Lili baten hostoen erauzketak ekarri gaitu atal honetara. Iturengo arotzari arrotza zaio ikaspen arautua.

Zezenak airean, amildegian (3. atala)

Mikel Laboa jostari. Maitasun aitormenaren zirimoletan. Mikel Laboa ikasle ezindua. Bihotz handiko gizonak gaitza handia pairatzen du; medikuaren –izatearen– ideia, ideia baino ez da. Medikua bilakatzea besterik da, ordea. Zurian beltz, zuri-beltzeko mundu koloratua. Arte Ederrak eraikinetik –Bellas Artes– Gaiarre Antzokira bitartean mundu bat dago, mundua leize sakona da Laboarenean. Eszenatokiak amildegirako talaiak izaki. Hiriburutik hiriburura dabil, herritik dakartza berriak. Mundu bat tarteko, jendarte bera gaindu beharreko amildegia da txori-kantariarentzat. Kantuak sendatu beharko du bihotz hauskorra duen gizona.

Baztan: leiho bat mundura (4. atala)

Maitasunaren loratzea Baztango bazterretan. Azken txerokien inarrostea. Unibertsaltasunik ez dago partikulartasunik gabe. Mikel Laboaren bertutea edo dohaina hauxe izaki: partikulartasuna munduan gaindi entzun/antzeman daiteke, tokian tokikoa unibertsala baita.

Lekeitiotik Gernika zeruan (5. atala)

Mikel Laboa: Gernikako bonbek eta sugarrek bihotza urratu zioten txori-kantaria. Euskal mundu birrinduan –erdal munduak itota– euskal errautsen txinpartak biziagotu zituen gizatalde baten hauspoa: Ez dok Amairu. Txoria berea egin nahi, txoria kaiolan. Txoria ezin aske izan alabaina. Komunikatu beharrak eta ezin komunikatzeak txori-kantaria libratu zuten: Mikel Laboa. Kantatzen zekien pertsona, mintzamenez komunikatzeko ezindua.

Aitzina gibelera: Flashback (6. Atala)

Fedea galdu zuen mediku-psikiatra-pedagogoa. Semea-alabak hezitzean jalgitzen dira gure mugak. Mugak eta ezintasunak. Txoriak aske behar. Kaiolatik kantari ari den txori hilak ezin kantari izan. Zumetaren irudien arabera, mutiko izateari inoiz laga ez zion pertsona.

Txoriaren arrastoan (7. Atala)

Poetak lagun. Lizardi, Rimbaud. Xalbador, Aresti, Atxaga… Atahualpa Yupanqui edota Brecht, baita Artze eta Lete –izan– ere. Basamortutik irtetzea basamortura itzultzea da, bizitza etengabeko itzuli-mitzulia baita. Amildegiz amildegi, leizerik leize. Alzheimer. Amnesia. Osin eta zulotara jausten den txori-kantaria. Zilarrezko ahotsa erlasten ari zaion txoria. Jendartea leize-amildegia legez bizi izan zuen pertsona. Jendarte-amildegitik aireratzen zen txori-kantaria. Lagunen abarora hegan jarraitzen duen txori-kantaria.

Aulkia gitarra eta txapela (Auskalo garren atala)

…izan liteke konstelazioa, izan gabe izar.
…izan liteke txoria, baina ezin kaiolan izan.

Post Scriptum

Ni ez naiz MIKEL LABOA liburuak ilustrazioaren euskarazko Euskal Literatura Saria jaso berri du, Joseba Larratxek jaso ere. Liburuak merezi du. Ilustratzaileak ere bai. Unai Iturriaga eta Harkaitz Canorena da (h)istori(o)aren gidoia. Mikel Laboaren mintzamenaren tamainakoa. Neurritsua. Hagitz mugatua. Bizialdi oso baten mintzamolde esanguratsua. Partikularra. Berezia. Hitz gutxitan ederto ilustratutako bizitza.


Utzi iruzkina: