Imajinatu nahi ez dugun historiaren gaineko istorioa
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Erein, 2026
Imajinatu nahi ez dugun historiaren gaineko istorioa
edota jazartzen –segitzen– gaituen nobela
Prologoa (I)
“Prologo duenak epilogoa dauka” edo “Ez dago hiru izaterik bi izan gabe”. Edo “Ene Jesus!” edota “Jainko maitea!”. Ene Jesus edo Jesus, Jesus, Jesus Maria eta Jose, Ramon Saizarbitoriaren hirugarren nobela duzu. 1. argitalpena, 1976 urtekoa. Bigarrena, 1994koa –hau duzu nik irakurri dudana–. Hirugarrena, 2026koa. 50 urte eta bizirik dago. Alajainkoa!
Ez Jesusek ez Ramonek dute azenturik. Ez kamuts, ez zorrotz, ez toniko, ez zirkunflexu. Nobela euskalduna duzu, peto-petoa. Ez digu itzulpenik onartzen –aburu hau nirea duzu, ez egilearen apeta–. Bejondeigula! Euskaldunoi, alegia. Jaungoikoa azalean azaltzen da. Jainkoa Kristo bat eginda –behin azalduta barruan ez zaigu agertuko–. Ez? Edo bai? Ama maitea! Edonola den ere, aita baino presenteago izan ohi da ama pertsonon bizitzan, baita nobelan hala izan ere. Nik hala uste. Aita nola hala jainkoa. Ama maitea nola, hala semea. Kristo bat eginda bada ere. Alajainkoa!
Antton Olariaga eta Jon Zabaletaren eskutik heldu da Kristo hori
–Kristoren lagunak beti lagun. Beti edo. Judas gogoan, diot–. Preso ematen du gaixoak, kamiseta-barraduna irudi. Barrote arteko bere begirada antzeman dezakegu. Nobelako protagonistaren inguruko barroteen i(ra)garle nonbait. Negar malkotan ari da –Kontxako badiaren ur-kolorea irudi–. Azalaren estiloa berdingabea da, paregabea. Donostiarren estilo konpara ezina gogoan.
Egunero hasten delako gaude hemen; munduan, erran nahi dut. Idazlearen beraren lehen nobelari esker egon eta bizi ere bai, naski. Harrezkero, 100 metro ez ezik, metro askoko istorioak –eleberriak, hots– ibili ditugu buruan idazle honen bidean. Ene Jesus delako hau, kasu. Koldo Izagirreren eta Mari Jose Olaziregiren eskutik heldu zitzaigun orduko hartan. Lagunak beti lagun. Jesus Maria eta Jose. Maria beti lagun, agerian edo ezkutuan izanik ere. Kasu!
Ene Jesus edo Jesus, Jesus, Jesus Maria eta Jose ez da istorio bat. Narratzaileak dioenez –Samuel izeneko nerabe-gazteak–, Samuelek historia bat kontatzen du edo kontatu nahi du –bego, kontalariarena gero arakatuko duzu–.
Tira, funtsean ez digu istorio bat kontatzen, aitzitik, historia bat kontatzen digu. Ene Jesus –izenburuak izenburu– ez da istorio-misterio bat, hots, ez da cuento fantástico bat –azentu proparoxitonoa á gainean eramanik ere–. Pentsa, izan, ez duzu ez dugu gaztelaniara itzulia izan ere.
Ez naiz ausartzen Ene Jesus nobela antikristokoa denik. Bego Friedrich Nietzsche, baita haren lagunak ere, Samuel Beckett bertzeak bertze. Alabaina, nobela nihilista da, horregatik beckettianoa. Ez alferrik, ezta debaldetan ere, protagonista Samuel deitzen da-eta. Prefosta, gero ere, nihilismo hitzari atxiki diezaiokegu atzizki hau hori hura edo bertze.
Iruzkina edo interpretazioa (II)
Ene Jesus zaila dela? Zer nahi duzue erratea? Bada, bai. Baina hori jada, Ibon Sarasolak erran zuen 1977an. Zer erran dezaket neronek, nobelaren lagunek eta kritikariek erran dutenaz bertze? –kritikariak, lagunak izanagatik betiere–. Jakin ezazue hauxe: 3. argitalpenaren Joxean Muñoz Otaegi ilustratzaile eta hitzaurregileren testuari itzuri egin diot. Ez dut artean liburu “berria” eskuratu. Izan ere, berau irakurrita, zerbait –gehiago edota diferente– erran al nezake? Bai ote? Ene Jesus! Jainko maitea!
Alta bada. Haatik. Alabaina. Alajainkoa! Poetak erran zuen legez "dena errana dago, baina ez nik errana". Hor nonbait hori ere. Izan ere, bertzenaz, ama maitea, nola bizi –izan– gintezke luzaro! Ene Jesus eleberria nola, nola segi genezake munduan, nola jarraitu negar-ibai honetan? Erran nahi baitut, Samuelek historia konta ahal du, bera historiaren partea baita. Hots, narratzailea Samuel da. Haatik, narratzailea ere bada, naski, nobelagilea. Historia hau Saizarbitoriarena berarena “ere” bada. Noski. Apika edota naski. Ramonen historia dugu Roman izanagatik ere. Ramon Saizarbitoriaren nerabearen historia, hots. Hots, edo. Hor nonbait.
Historia kontatzeak sistematizazio apur bat exijitzen du. Halaxe ere, kasurako, historia honen beraren gainean idaztea. Alegia, idazleak –eleberrigileak– istorio bat beharrean bere historia kontatzen digula erranik ere, bere historia izan arren, historiaren beraren kontaketa ez da inoiz egiazkoa, beraren historia izan arren eta izanagatik –hain ziur– ere. Izanik ere, historia iragan ondoren –gure bizitzan gertatua, kasu–, historia gure imajinazioaren edo asmamenaren kontu fruktiferoa izatera iragan izaten da-eta. Edo. Edo? Ez, ez! Maxima horrek ez du “edo”-rik ametitzen. Halaxe dugu, eta kito!
Imajinatu nahi ez dugun historia
Pertsonak pentsatu nahi ez duen historia istorio edo roman bihurtu ohi du. Edo horrela dela erranen nuke. Areago, pertsona pentsatzera emana denean. Pertsona hori idazlea denean, kasurako. Tira, baita idazle izan gabe, idazlearen istorioa hizpide hartzen duenaren kasuan izan ere. Iruzkingilearen kasuan legez, kasurako ere bai.
Idazlea, funtsean, pertsona neurotikoa da duzu dugu –nire obserbazioa muturrera eramanda betiere–. Egoera emozional ez-egonkorrak izaten ditu idazleak –sakon pentsatzen duen pertsonak, alegia–, egoera horiek dira bere izatearen ezaugarri funtsezkoak. Idazleak –baldin eta literatura idazten badu– ez du errealitatearekiko lotura galtzen, net neurotikoa da-eta. Gainerakoan, fantasiazko istorio kontu edota rollo horiek kontatuko dizkizu edota dizkigu idazleak. Horiek baina ez dira literatura. Nire aburu sotila duzu hori, noski. Auskalo zer dioen Literatura Akademiak.
Ene Jesus imajinatu nahi ez dugun historia da. Horregatik edo, istorio aldrebesa. Historia erreala izanagatik, itxurarik gabeko istorioa bailitzan ari zaigu buruan. Eleberriaren jaiotza 1976koa da; liburu-materiala, alegia. Alta bada, istorioaren historia 1960-62koa dateke, edo hor noizbaitekoa –ama Maria birjina eta Jose senarra lagun–. Artean, ordu hartan, Samuelek –Marta eta Abel lagunak lagun dituena, bertzeak bertze– arrosarioa lagun bizi zuen mundua erretretatzen du –tira, bere mundua–.
Samuel morroi zazpiki bat duzu-dugu. Adibiderako, ordu hartan, Samuelentzat bere historia zazpinaka kontatzen aritzea ez zen edonork pentsa zezakeen zorakeria, ez pentsatu ezta inork egin zezakeen kontua. Horrela kontatzea ez da edonoren esku, historia kontatzea ez dagoen legez, alajaina.
Edonola dela errealitatea, testuingurua alegia, Samuel arrosarioaren korapiloak zazpinaka zenbatzen dituen zazpiki antzo imajina dezakegu. Morroi ipurterre samarra, nonbait. Ez betiere, batzuetan. “Zain egotea” eta “itxaroten egotea” ezberdintzen dituen morroi kakapirria. Alegia, “itxaroterik badago baldin itxaroten hagoen baldin badakik” maxima aintzat hartzeko kontu bat –izan– behar dugu. Tira, beckettiano izan ez ezik –hots, minimalista, biluzia eta sakona ez eze– eleberria kafkiarra ere bada: absurdua, korapilatsua edota zentzugabea. Larria gero, historiaren gaineko istorio hau. Ene Jesus eleberria, alegia.
Istorioa duela 50 urte asmatua bada ere, Ramon Saizarbitoriaren historiak
–istorio honek– dagoeneko 65 urte –larri-larria– bete dituela erranen nuke. Erran nahi baitut: 1980 urtean jaiotako irakurle batek –donostiarra izanda ere–, Red-ox kafetegia, Max taberna edota Novedades zinetokia imajinatu baino ezin ditu egin. Alegia, ingurumari hura ezagutu eta bizi izan gabe, historia imajinatu behar du ezinbestean. Eta egiari men eta gezurrari zor, historiaren istorio hau errekreatzen den garaian jaiotakook ere, ez dugu probintziako hiriburua ezagutzen. Ez diogula tankera –aise– ematerik, erran nahi dut.
Istorioaren historiaz
Ene Jesus roman delakoaren historia frankismoaren urte aurreratuetan gertatzen da –erregimen hartan gertaera nagusiak sucesos izaten ziren, beraz, ulertu hitzaren adiera behar den zentzuan–. Espainiako nazional-katolizismoaren urte helduenetan gertatzen da. Nerabe-gazte kuadrilla baten historia duzu. Maitasunaren maitasuna agerikoa da berean, baita amodioaren amodioagatik ezinezko amodioa agerikoa izan ere. Antzinako grekoen maitasun definizioen ildoan, eros, philia eta agape presente daude nerabe-gazte horien bizitzan. Hartaz eta beraz, nobelan eszenifikatutakoa kultura kristau-greko-latinoaren esponentzialaren islatzat jo daiteke edota jo dezakegu.
Bidenabar errana, hauxe: egungo gizarteko kulturaren oinarria ordukoa bera izaki egun, edo aski antzekoa bederen, egungo eleberrigile batek zein terminotan narratu edo kontatu dezake –lezake– egungo jendartea?
Samuel eta Margaren arteko maitasuna pasionala da, alabaina, bien arteko erakarpena erromantizismoan ahitzen da. Lagunen artekoa, berriz –Abel, Marta ere Samuelen arteko maitasuna–, adiskideen arteko maitasun sendoa bezain hauskorra duzu. Hots, laguna da duzu dugu traizionatu gaitzakeen pertsona bakarra. Hirugarren maitasuna, baldintzarik gabekoa, Samuelen eta amaren arteko maitasuna dugu. Sakrifizioan funtsatua. Espirituala eta altruista, sarritan. Amarengan baino loratzen ez dena. Aitaren kalterako sarri eta usu. Edo. Hor nonbait edo.
Loratzearenak Flora pertsonaia ekarri dit gogora. Bertzerik gabe, nobelako pertsonaia-sorta murritzetako bat erremarkatzearren.
Segi nezake kontatzen. Honetaz, horretaz eta hartaz idazten segi ere. Iruzkintzen, hots. Izan ere, istorioan kontatzen ez dena irakurleok –zuk eta guk, guk geuk– asmatu baitezakegu, asmatu behar(ko) dugu. Edo. Edo horrela gertatu zait niri, bedaio. Ezbairik gabe, ez alferrik, istorio honen historia dela medio, sakoneko kontu sakonak iradoki baitaitezke, baititzakegu. Hots, nobelaren ingurumaria ez da erromantikoa, beckeriartzat ekarri izanagatik ere. Erromantizismo berantiar eta zapuzgarria dela erranen nuke neronek. Nork daki! Agian, beharbada, hirugarren argitalpenaren irakurraldiaren argitan, irakurle-interpretatzaile honek ikus lezake sakon-ilun horien argia, alafede. Batek daki. Gerokoak gero.
Ingurumariaren ingurumariaz
Beckettiano den aldetik kafkiartzat jo dezakegu. Ene Jesus nobela, alegia. Literatura, literatura denean, nekez libratzen da idatz-estiloen –izanen– aniztasunez. Kasurako, istorio honen historiaren ingurumaria kafkiarra da, ingurumari iluna delako, bertzerik gabe –edota niretzat hala duzu, bistan da–. Samuel protagonistaren gela, tetrikoa baita arras. Gelako pareta akoltxatuak begi-bistan izaki, ohe alboko potoa eskura duela eta karillonaren danbada mortalak adigaiak direla tarteko, tetrikoa izan ez ezik nobela tragikoa duzu. Badugu alajainkoa! Ene Jesus imajinatu nahi ez dugun historiaren gaineko istorio bat duzu.
Ezen eta, behin imajinatzen hasiz gero, Samuelek izan duen istripu baten ondorioz, dago dagoenean eta dagoen moduan dago. Hots, Samuel ez da inoiz Abel lagunaren heinekoa izanen, ez du haren maila fisikoa lortuko, ez lagunak Martarengandik jasotzen duen maila afektibo errezibituko.
Imajinatu dezakegu hala berean eta bestalde, hauxe: etxeko bere gelaren paretaren beste aldean hiriburuko badia dagoela, itsas portua ere badagoela, baita itsas zabal eta sakona dagoela ere. Horiek guztiak baina, inalkantzableak dira Samuelentzat, atzemanezinak harrapaezinak. Zinez frustragarriak. Halakoxeak izan ere, era berean, horiek guztiak irakurleentzat: irudi zapuzgarriak.
Epilogoa (III)
Ene Jesus edo Samuelen historia zinez zapuzgarria da. Zaputza horretatik libra gaitzakeen kontu bakarra, historia istorio satisfaktorio bihurtzea da. Roman gogobetegarri bat, alegia. Horixe duzu literaturaren bertutea edota dohaina. Baldin eta literatura bada, bistan da.
Literatura baina ez du idazleak soilik egiten, literatura irakurlearen
laguntzaz fruktifikatzen da. Literatura jarraitu izan ez ezik –beraren ezaugarri bat azaldu aldera–, literatura jazartzen gaituen arte-espresio bat da, espresio-arrazionala betiere. Ene Jesus eleberria segika ibili zait, eta segituko didala sumatzen dut. Ez da esetsi egiten didan Ramon Saizarbitoriaren nobela bakarra. Aurreko honen lehenengo bi nobelek aztoratzen –segitzen– naute zeharo. Geroago, askoz beranduago idatzi(ko) zituen nobelen aldean, aise meheagoak diren hiru horiek. Ez ditut berauek –liburuak fisikoki, diot– aurkitzen apalategietan. Eskuetan izan ditudala ziur nago. Ordea, ziur naiz aurreneko biak taxuz irakurri ez izanaz.
Juan Jose Lasa
Ene Jesus nobelaren epilogoan agertzen den pertsonaia da Juan Jose Lasa; duzu eta dugu. Pertsona estra-literarioa. Hala izanagatik, epilogoaren beraren egilea izaki. Ez da paradoxa bat. Ez dut uste. Demagun paradigmatikoa dela. Ramon Saizarbitoriaren obraren paradigma bat. Ez alferrik, Lasa psikiatra edota psikoanalista da. Idazlearen historian pertsona erreala. Idazlearen historiaren istorioetan agertu eta bilakatu(ko) zen pertsonaia.
Ene Jesus idatzi eta publikatu ostean, idazleak ez zuen deus argitaratu hamabost urtez. Periplo harrez gero, Hamaika pauso nobela kaleratu zuen. Juan Jose Lasa pertsona, pertsonaia bilakatua ari zaigu nobelan. Horixe dut Saizarbitoriari taxuz irakurri nion lehenengo nobela. Zergatik? Daniel Zabalegi protagonista etakide bat zelako, akaso? Zelako eta delako? Etakidea pertsonaia pertsona erreala –oso ezaguna gure historia lazgarrian– izan zelako? Baliteke. Batek daki. Nork daki!
Dena dela ere, nobela irakurri nuen garaian –2000. urtearen bueltan–
nobela eramangaitza bihurtu bide zitzaion idazleari. Hori hala izan zela hautemateko parada izan nuen garaitsu hartan. Idazle donostiar honi herri honen tragedia ezin eramana bihurtu ote zaionez jabetu nintzen ordu hartan, eta idazlearekiko bihozkada –susmoa– hori mantentzen dut gaur egun ere.
Kontu bat bidenabar. Ene Jesus nobelaren pertsonaiaren bueltakoa, Samuelen izaeraren ingurukoa. Badago nobelagilearen inguruan eraiki izan den edo eraiki izan zen kontu bat, eta da: nobela irakurrita, idazle burges-txiki-donostiarra izatearen ustea hautsi zait une honetan. Usteak ustel, sarri askotan eta uxu horiek ere. Tira, baliteke bertze pertsona batzuren erranek kutsatuta, neronek irudi edo uste hori eraiki izana.
Honegatik horregatik edota hargatik, dena zela ere, Hamaika pauso nobelak gatibatu ninduen arras. Daniel Zabalegi pertsonaiaren gatibutasuna dela tarteko, naski. Apika. Agian. Beharbada. Nago Zabalegi pertsonaia hala nola haren historia errealaren inguruko pertsonen jokamoldeek zeharo aztoratuta bizi –izan– dela Saizarbitoria idazlea. Espiritu psikologikoak aztoratuta bizi ostean, bere pertsonaiak sozialagoak ez ezik –Bihotz bi. Gerrako kronikak edota geroko Martutene nobela gogoangarriaren pertsonaiak tarteko eta lekuko–, pertsonaiak dramatikoak ez ezik, pertsonaia tragikoak agertu –eta gertatu– zaizkio bizitzaren bidean, baita idazle ibilbidean ere. Eleberrigile lanen bideetan eta zereginetan, alegia.
Egunero hasten delako
Honaino heldu naiz, bizitza egunero hasten baita. 100 metro baino aise gehiago egin ostean heldu ere. Heldu naiz, istorio honetako Ramon Saizarbitoriaren pertsonaien historia lagun heldu ere, baita historiako pertsonak lagun heldu ere. Lehen bi argitalpenetako pertsona eta lagun zaharrez bestera, lagun zahar berriak agertu zaizkio eta zaizkigu bidera: hala nola, Josu Zabaleta eta Ramon Etxezarreta. Baita manera nabarmenean Joxean Muñoz Otaegi agertu ere. Baliteke, horien ekarpen berrien ildoan –nork daki, batek daki–, argitalpen berria irakurri ostean, Ene Jesus berriaren abaroan bigarren iruzkin-interpretazio bat jalgitzea nire baitatik. Arestian erran bezala, Ene Jesus jazartzen segitzen zaidan nobela baita. Gabriel Arestik jazartzen –segitzen– nauen nola. Kontu bat bidenabar: literatura ez da boutadetatik –edota olgetez– libratzen inolaz ere. Hor nonbait hori ere. Edo.
Post scriptum malapartatuak –ez madarikatuak horregatik–.
Geroko balizko iruzkin hori edota bigarren interpretazio hori egin gabe ere,
artean badira bidean idazleari –iruzkingileari, kasuon– agertzen zaizkion lerroak. Honako hauexek:
– Ene Jesus, idazleak Zeruko Argian idazten zueneko garaitsuan idatzita dago. Edo. Idatzita legoke, alegia. Nik irakurri dudan liburu-materiala, berriz, Argian idatzi nuen garaiaren aurretikoa dukezu(e). Ostu ote nuen alea izan daiteke. Hala ote? Ebatsi al nuen berau? Maileguz hartu eta gero itzuli ez, nonbait. Nonbait edo. Liburuak garai hartako post-it moduko bat itsatsita dauka azal-hegalean; solapan alegia. Hauxe irakur daiteke berean:
1) A: 9’10. Alt: 19 lin. P: 79 / Devolved a Félix.
– Ene Jesus, egileari Sekulorun Sekulotan jazarri(ko) zaion nobela da, baita Patri Urkizu lagunak lagun izaten segitu(ko) duen ageriko fruitua izan ere.
– Larrazkeneko hosto horiek –koloreaz ari nauzue– bidez-bideko gure pausoak –hamaika pauso– trabatzen dizkiguten sasoi honetan, karillona delakoaren danbada mortalak leundu alderako eskaintza bat ekarri dizuet. Honatx Frédéric Chopinen Peace of Mind Nocturno delakoa. Entzunen duzuen esperantzan. Amen!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: