Ikimilikiliklik!
Borroka armatua Euskadin
Emilio Lopez Adan Beltza
Maiatz (Memoria historikoa)
Baga: ez da samurra gure historia iragan berria kontatzea, areago, historia borroka armatuak egindakoa –eta eraginikoa– kontatzekoa bada. Borroka armatua Euskadin dio liburu honen izenburuak. Hona konstatazio bat: euskal herritarrek borroka armatua bultzarazi zuten garaian, 1960ko hamarkadan, Euskadi zuten helburu. 60 urte luze ostean, Euskadi hiru probintzietara murriztuta dago. Euskal Herria ez da nazioa, nazio onartua. Edo ez da horrela izan dadin ongi bideratua izan.
Biga: konstatazio horrek, besteak beste, borroka armatuaren porrota irudika lezake. Hipotesia da. Konplikatuagoa baita zer den garaipena eta zer porrota zehaztea. Dena dela ere, beste konstatazio bat: lan erraldoi hau hiru liburukik –hiru liburu mardul– osatzen dute –hamar urteko lana hartu diote egileari, langile baten zortzi oreneko jornada hain ziur ere–, baina ez du behar bezalako sostengurik ukan argitaratzerakoan. Alde horretatik, Maiatz argitaletxeak –txikia eta margenekoa– argitara eman izana txalogarria da guztiz. Hau da, borroka armatuaren ekimena sustatu zutenek irabazi izan balute, sendotasun gehiagoko beste argitaletxeren batek hartuko zuen bere gain publikatzea. Nire uste zuloan betiere.
Higa: izan ere, nork irakurriko du lan mardul hau osorik? Non hartuko du toki? Egiari zor, eta ahalge amiñi batez hauxe aitortu behar dut: nik ez dut orainokoan lana osorik irakurri, oraingoz bederen. Hiru liburukiek 2.500 orrialde batzen dituzte. 800 luze bakoitzeko eta letra txikiz inprimatuta. Beraz, eman dezagun, lan mardul hau kontsultarako lana dela. Zentzu horretan, bere interesa duzun horri, aholku hau emango nizuke: hiru liburukiak eskuetan izateaz bestera, liburukien PDFak eskura itzazu. Hartara, dataz data, gertaerak gertaera, pertsonak pertsona, protagonisten izenak hartuta, berauek sartu eta gertakari honen, horren edo beste haren berri aurkituko duzu, eta nahi izatera, zuk zerorrek historia osatu edo zehaztu dezakezu –autorearen oniritziarekin batera–.
Laga: laga baina ez utz. Ez etsi, lanak merezi du, egileak ere bai, eta batez ere, herri honek eta 60 urteko historia esperantzagarri bezain lazgarri honetako protagonistek. Hiru tomoak eskuetan, literatura poxi bat ekarri aldera, hiru azaletako irudien araberako ilustrazio bat eginen dut: 1. liburukian (1967-1980) eguzki gailenak argia ematen digu, gorria bizi-bizia da. Aldi itxaropentsua da: Work in progress. 2. liburukiaren irudia (1981-1990) iluna da arrunt, poetak iragarri zuen ekaitzaren zirimolak harrapatu ditu borroka armatua bultzatu zuten iraultzaileak. 3. liburukiaren irudia beltza da partez, gorriaren esperantza du gainean, ilunabarra etsigarria da alta. Edo itxaropentsua? Nork bere begirada baitu, nork bere iritzia.
Dena dela ere, lanaren egileak abiaburuan paratu “Gupidaz eta beldurrez, tragediak xahutzen gaitu” esakunea berebizikoa da lan preziatu hau endelegatu aldera.
Boga: abantean beraz. Aitzina joateko egokiena egilearen eskutik egitea da. “Militanteen duintasun etiko eta iraultzailea defenditu nahi dut”, adierazi izan du berak. Hortxe dago koska. Adierazpen hori, nor eta ETAren historian, haren jarduerarekin kritiko eta zorrotz izan den pertsonarena da. Militantea. Engaiatua. Helburu baten lortzeko, etika iraultzailea zintzo betetzea defendatzen duena. Alabaina, ez naiz ari euskal iraultzaileen historia berria “juzkatzeko”, jatorrizko gasteiztar iraultzaile honek idatzi duen lan eskerga hau “juzkatzeko” baizik.
Sega: sega, hain zuzen ere. Egilearen –eta liburukien– helburu nagusia ekintzak zein izan ziren zehaztea da, berauek egiteko garaiko arrazoi politikoak gogoratzea, baita zein izan diren garaiko protagonisten kontzientzia eta egindakoaren interpretazioa aditzera ematea ere. Xedea zinez eskergarria da. Zeregina baina, ez da aise ez samurra ere. Egia edota erreala “erdiestea” ezinezkoa baita bere osotasunean –nire aburua da, bistan da–. Beraz, premisa hori aintzat harturik egileak arrisku handiak hartu dituelakoan nago, baita ausardia handiz jokatu ere. Izanik ere, ez da erraza “ekintza bakoitzaren azterketa” egitea, ezta “bortxa iraultzailea” epaitzea ere. Nolanahi den ere, borroka armatuaren historiaren parte izaki, egileak berak baino ezin ahal izan du egin, egindakoa.
Zai, zoi, bele: “gerra” irabazten baduzu, irabazleen duintasuna berez gailentzen da. Galtzaileen duintasuna aldarrikatzea besterik da, ordea. Hartara, borroka armatuaren trebetasunak hala nola hutsak –zein diren hutsak zein azertuak zaila baita asmatzea– protagonistek berek behar dituzte –behar lituzkete– aditzera eman. Horixe duzu Emilio Lopez Adanen asmo behinena. Erran nahi baitut, idazleak irakurlea gonbidatzen du –borroka armatuaren egileak edo sostengatzaileak izan direnak berezi– liburua irakurri ahala, okerrak zuzentzera –inork ez baititu denak antzematen ahal– edota agerikoak diren zuloak betetzera. Izan ere, historiaren kontakizuna beti da interesatua eta memoria etoia. Hots, “errelatoa egitea” ez da oroimen ariketa soila, testigantza gauzatzea da, “memoria egitea” da. Iraganari buruzko iritzia izateaz gainera, “errelatoa egitea” informazioa ematea da. Eta hori gauzatzea hagitz konplexua eta sarri askotan mingarria.
Harma tiro pun!: baiki. Egon zain, izan zoin, beleak zozoari ipurbeltz. Ez da aise gure historiaren jabe izatea, ez da bidezkoa borroka armatua duina izan dela onartzea. Alabaina, historia honetan irakurlearen –eta idazlearen– zintzotasunak protagonisten “duintasuna” aldarrika lezake, baldin protagonistak beraiek historiarekin engaiatzen badira, konprometitzen badira. Historia ez da inoiz osorik kontatzen, ezinezkoa da eta. Liburu honen balorea ez da hori egiten saiatzea, funtsean, bere helburu nagusia historian parte hartu duten guztiek kontakizunean parte-hartzea da.
Xirristi-mirristi…: pika, ebats eta fini. Borroka armatua Euskadin lanaren egilearen hitzak dira egitasmoa hobekien zehazten dutena: “Niretzat borroka armatuaren endekatzearen kausa nagusi bat izanik Erakunde barneko [ETA erakundea] diziplina guztiz hierarkikoa, azpikoek buruzagiak babesteko obligazioa aje bat da eta “gainditu” beharko zen, beti kontuan harturik ondorio errepresiboak baztertzeko joka-moldeak. Horrela balitz, esan genezake “errelato”-ko zuloak betetzea terapia pertsonal eta sozial batekin lotu daitekeela”.
Xirristi-mirristi… Gerrena plat. Olio zopa. Kikili salda. Urrup edan edo klik... Ikimilikiliklik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: