Humanoon pentsamendu konplexua argitzeko gida(ria)
Leçons d´un siècle de vie
Edgar Morin
Denoël, 2021
Edgar Morin soziologo eta filosofoak –beraz, politologoa– 100 urte bete berri du. Bere bizitzaren hainbat ikasbide eskaini digu Leçons d’un siècle de vie liburuan. Lezioak baino ikaspenak dituzu, orobat, bere obrara hurbiltzeko gida moduko saioa ere bada.
Frantziar idazle hau, 1921ean Parisen jaioa izaki, frantziar identitate askotariko moldearen etsenplua da. XX. garren mendeko gizakion izatearen lagina. Pertsonon nortasuna ez da bat eta bakarra, halaxe duzu ere Edgar Morinena.
Lehen Mundu Gerra amaitu eta hiru urtera sortu zen –orduko Parisen jaioa izaki, munduan jaio ere–. 2021ean, berriz, COVID-19ren pandemia izendatu izan ostean, bere bizitza-esperientzia paratu digu lan xume soil honen bidez. Munduko bi gerra haundien aldiak ezagutu zituen, Espainiako Gerra Zibila engaiatu zen 13 urte zituela; baita nazien aurkako erresistentzian (Bigarren Mundu Gerra:1939-1945) parte hartu ere; 18 urterekin. Alegia, deus ez.
Gerra “tipiak” ere ezagutu ditu –ez dago gerra tipirik, halarik ere–, baina batez ere, gizakion barne gerrak bizi izan ditu, eta bereziki, ideologia suerte guztiek gure baitan pizten dituzten “gerrak”.
Liburu hau, bere txikian –bere obra handiaren aldean– giza kondizioaren erretratu sublimea da. Liburuari begira jartzean, mendebaldeko emakume-gizonaren burua –mende bateko joanaldian– islaturik ikusten duzu. Hein batean, “izan garenaren” ispilua da, miraila, eta Edgar Morinen kasuan, miraria. Bere obraren peskizan abiatzeko liburua paregabea duzu. Hona hainbat zertzelada eta lerro:
1. Lehenik eta behin, La Méthode da bere obraren enborra, berean aurkitu dezakegu bere bizitzaren uberan nabigatzeko kartografia nagusia. 1977-2004 artean idatzitako sei liburu. Gure bizitzak metodo bat behar du, bizitza gerra da eta bitakora munduan nabigatzeko gure bizitzako armairua.
2. Bizitzak badu zerbait miraritik. Bizitza maitasuna da (Eros), bizitza gerra (Polémos) ere bada, eta nola ez, bizitza heriotza (Thanatos) da. Maitasunik gabe ez dago bizitzerik, maitasuna ez da aski, ordea. Gerra saihestezina da, eta berarekin bizitzen ikastea baitezpadakoa. Heriotza bizitzaren osagaia izaki.
3. Bizitza “miraria” legez bizitzeko hauxe arrazoiak. Bizitzea arriskatzea da. Bizitzea libre sentitzea da eta libre sentitzeko egunero arriskatu behar da. Bizitza bide bat da. Abentura da. Bizitza ezagutzaren ezagutza da. Ezagutza ez da eraikitzen erratu gabe. Bizitzea ideiak lantzea da, baina ideiak, gure ilusioak diren aldetik, gezurrak dira. Ideiak hegazti errariak legetxe dira ideiak. Bide berrien urratzaileak.
4. Haatik, ez dugu gure kontzientzia eraikitzerik erratu barik. Pertsonok izatekotan gure kontzientzia gara. Gu gara tronpatzaileak eta tronpatuak aldi berean –engainatzaile eta engainatuak–.
5. Bizitza abentura da, betiere ziurgabea, ezezaguna. Espero ez duguna baina ezin dugu itxaron. Itxaropena ustekabekoaren itxaron aldia da. Zentzu eta norabide horretan, kutsu arriskutsua duen oro deuseztatzea bizitza ukatzea da.
6. XXI. mendea berehalakotasunaren gizaldia da. Gizakiok “berehalakoa” behar dugu instantean, denborari eta espazioari aurrea –zientziari esker– hartu nahi diogu. Alta, erreala iritsi ezina da. Erreala –errealitatea– errealitate anitzen gibelean ezkutatzen da.
Sei puntu dituzu, baina hitz gako, lerro eta paragrafo elemenia dituzu liburuan, zein baina zein esanguratsuagoak. Arestian erran gisan, ez dira lezioak, ikaspenak baizik. Hona niretzat nagusiak, liburuko zenbait hitzetan funtsatuta:
Koronavirusa: COVID-19aren krisia modernitatearen ikuskera baten krisia da, gizakiaren etorkizuna natura menderatzea eta munduaren jabe bihurtzea nahi izanaren ideian eraikia.
Autokritika: autokritika gure buruaren higiene fisiko esentziala da, baita gorputzarena ere bai. Funtsean, burua eta gorputza bat-bedera baitira. Konplexutasun humanoa: humanismoa –Egard Morinen leymotiva– humanoon konplexutasunaren ezagutzan oinarritzen da, baita eraiki ere.
Gogoeta bat finitzeko: milurtekoetan espiritualtasunean murgildurik bizi ostean, ia itotzeraino murgilduta ere, Argien Mendearen ostean (XVII. eta XVIII. mendeetako Ilustrazioaren ondoren), arrazionalismoak eta zientziak pulunpatuta nabigatzen dugu nora ezean. Jainkoaren ideia berritu ez ezik, Karl Marxenak ere berrikusi behar ditugu. Gizakion gure ezagutza eta gure pentsamendu konplexua argitzeko pentsamendu politiko berri bat pentsatu behar dugu –ezagutza berrietan funtsatu–, bizitzeko galderak eta printzipioak aurkitu ahal izateko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: