Honetatik harago
Fito Rodriguez
Besatari argitaletxea
Mort aux Rois liburu singularra da, Fito Rodriguez idazlea nola. Singularra da ere Besatari argitaletxea. Haren webgunearen esteka xerkatu dudan arren, eta dut eriden.
Liburu singularra izanagatik, hiru hizkuntzatan emana dator. Euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz. Une batez pentsatu dut, galegoz idatzia baletor, Galeusca osatu ez ezik, Gabriel Aresti poetak menturatzen zuen espainiartasun motaren etsenplua litzateke.
Mort aux Rois liburua halaber, zaila da sailkatzen, idazlea sailkatzen nola. Liburuaren azpiko izenak honela dio: Noruegako independentziari eskainia. Ruper Ordorikaren Ni Ez Naiz Noruegako Errege diskoarekin akordatu naiz. Ez galdetu zergatik? Asmatzekorik ez!
Nola nahi den ere, Noruegak badu munta ipuinean, Suediak ere bai, hala Gustav IV.a nola Karl XIII.a erregeak, baita Jean-Baptiste printzea ere. Azken hau istorio honetako protagonista, narratzailearen izatean funtsezkoa delarik.
Liburu honen egilea, idazlea, nolakotasun askotarikoa duzu: filosofoa, irakaslea, narratzailea, saiolaria, poeta edota historialaria. Eruditua. Haatik, bere liburuak laburrak izaten dira. Honako hauxe halaxe duzu, laburra. Ipuin gisa ekarria. Alta bada, ez ote doa ipuinaz harago? Doa edo? Historiaren labirintoan garatua izaki.
Ipuina idazlearen bi hizkuntz berezkoetan idatzita dago, katalanezkoa berriz Daniel Lujanek itzulia da. Luzamenduetan jardun barik, Isidor Consulen berbak profitatuko ditut liburura hurbiltzeko: “Mort aux Rois ipuin hau ez da literatura politikoki zuzena, narratzailearen bortxaketarekin hasten baita Erill la Valleko elizan. Eta haratago doa”.
Horixe beraz, zu zeu ere, irakurle, harago joan zaitezke.
Pre Data: Honetatik harago lerroburuko iruzkinaz harago menturatu naiz. Gauzatzen ari naizen Eguneroko-ra jo dut eta Fito Rodriguez idazlearen (h)arian idatzitako bi ale ekarri ditut. Honatx.
Apirilak 14
Euskal literaturaren paisaia
Fito Rodriguezen Adostutako Tenorean (ADHARA) dut esku artean. Berriz ere, generoari dagokionez, sailkatzen zaila den liburua. Alternatiba erromantikoa atalean “literatur kritikari zaildutzat” ekarria naiz. Apur bat aztoratu nau idazleak.
Nire literatur kritikak, 288 gaur arte, ia guztiak esango nuke, armiarma.eus-en dituzu. Gogoeta nauzu eta hauxe bururatu zait: irakurri ditudan liburu guztiak ez ditut iruzkindu. Are, batzuek nire iruzkinak izan dituzte, eta beste batzuek iruzkinez haragoko nire kritika jaso ere. Irakurri ditudan guztiak ez ditut iruzkindu edota kritikatu horregatik.
Galdera jalgi zait: zergatik horiek? Zergatik ez, mahaian eta apalategian dauden beste batzuk, beste asko? Esaldi topikoa ernatu zait: “Ez daude guztiak, ia ezinezkoa izaki bistan da, eta ziur aski dauden guztiak ez dira nire guztizkoak”.
Orduan? Bada, nire lanbidean, hainbat argitaletxeri esker, liburuan hautan –izan– ditut. Batzuetan, liburuak aliritzira aukeratu ditut. Horrek norberaren jarduerari jite gisako bat ematen dio, erran nahi baitut, oilaskoak zizareen xerka nola, halaxe nabilela liburuen inguruan. Txitean-pitean, hainbat idazlerengana ez naizela iritsi orainokoan pentsu dut, hainbat liburu eskuratzeko zain ditudala.
Euskal literaturaren paisaiaz ari nauzu, haragoko larretara joan barik. Artean, pentsu dut, gai andana dastatu gabe, kolore parrasta ikusteke!
Maiatzak 14
Fito eta Adostutako tenorean
Fito Rodriguezen Adostutako Tenorean liburua irakurri ostean, ezin izan diot iruzkinari ekin. Ez da lehen aldia, baina horiek liburu bakanak izan dira iruzkingile zereginean. Bi lerroburu burutu zaizkit liburua leitu eta aletu ahala: Totum revolutum edota “Kaka” esplikatzen. Lehena behin erabili nuen, bigarrena “erabili” izanaz ez naiz ziur.
Horrenbestez, etsi dut. Fito lagunarekiko errespetuz, prefosta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: